2011-08-29

Patxintxi bustiak


Sarak sei urte ditu eta laranja koloreko soineko bat. Bular parean lore txiki bat dauka soinekoak. Titi txikiak ditu Sarak, oso txikiak, ikusi ere ez dira egiten ia. Alexenak ere izan zitezkeen Sararen titiak. Bi patxintxi esaten dio Alexek hondartzara joaten direnean. Eta Sarari ez zaio hori entzutea gustatzen; Sarari ez zaizkio patxintxiak gustatzen.

Alexek zazpi urte ditu eta izugarri maite duen kolore gorriko kamiseta bat. Hartz handi bat dauka kamisetak bizkarrean. Horregatik eramaten du Alexek bizkarra okertuta... berak dio hartzak asko pisatzen duela. Hamabost kilo. Eskolarako prestatzen duen motxilak baino dezente gehiago.




ALEX: Zergatik ari zara negarrez?
SARA: Edalontzia betetzeko gai naizen ikusi nahi nuen...
ALEX: Eta?
SARA: Begiak mindu zaizkit...
ALEX: Eta?
SARA: 1285 malko zenbatu ditut...
ALEX: Eta?
SARA: Edalontziaren hamarrena ere ez dut bete...
ALEX: Eta zenbat da hori?
SARA: Zortzi min eta erdiko zuloa...
ALEX: Eta zulo horrek egarririk asetzen du?
SARA: Zuloak gosearentzako izaten dira...
ALEX: Edan dezaket...
SARA: Zer?
ALEX: Zure min hamarrena...
SARA: ...
ALEX: Badakizu zer, Sara?
SARA: ...
ALEX: Edalontzia betetzeko gai zaren ikusi behar zenuke...
SARA: ...
ALEX: ... baina, irribarrez... irribarrez bete behar zenituzke edalontziak... edalontziek gainezka egin arte...
SARA: Patxintxirik nahi duzu?
ALEX: Hartzarentzako?


2 comentarios:

  1. Gogoratzen, txikitan patxintxiak jaten genituen garaiak? Jeje, niri izugarri gustatzen zitzaizkidan. Patxintxiak.

    Elkarrizketa polita, Irati!

    ResponderEliminar
  2. Ia konturatu gabe jaten direnak (edo zirenak... orain ere izango dira, ezta?). Zenbat jan beharko ote ditu hamabost kiloko hartzak aseko bada?

    Patxintxiak... sofapean galtzen diren altxor txiki horietakoak... akaso, oraindik, bakarren bat... bila hasi behar, Ekaitz!

    ResponderEliminar