2011-08-22

PLAZERA...



Nekearen arrastoei begira egotea...
Infinituak zenbat neur dezakeen kalkulatzea...
Postontzian uzteko bertsoaren oinen bila harkaitz arte urrunetan ibiltzea...



Hodei zurixken artean lo kuluxka bat egin dezakezula sinestea...
Ipurdiaren pisuak non eseria topatzea...
Gainari gainetik begia luzatzea...
Borobildutako bertsoari ahotsa hegan jartzea...

CASTILLO DE ACHER (2390 m)

Infernurako ahoan barna
irrika ezin lasaitu,
basoan gora eguzki printzek
ahalegina dute blaitu,
borrokan gogor saiatu arren,
tontorrak gaitu epaitu,
bihotz begiak aske uzteak
ondorio hori baitu,
guk gaztelua konkistatu ordez,
berak konkistatu gaitu.




Argazkiari argazkia ateratzea...
Behi otzanekin jolasean aritzea...
Mendiaren baitan tximeleta bat bizi dela irudikatzea...
Gorriari berdea margotzea eta zuriari urdina marraztea...



Trikuharripean iratxoak aurkitzea...
Errekastoaren (Aguas Tuertas) bihurrikeriekin liluratuta gelditzea...



Kikerekin batera afaltzea...
Erbiaren begirada ehizatzea...
Izar artean lo egitea ("izar azpian mundua dago izarapean zerua..."Joxerra Gartzia-Imanol Larzabal)...
Gauaren iraupenari hozka egin eta goizak denbora geldiarazten duela sentitzea...



Aldaparen inklinazioa erregela zuzen batekin trazatzea...
Aldapan gora ondoan bultza egiten dizun indarra daramazula sumatzea...
Arnas hotsarekin ezkutaketetan jolastea...



Maitasunari idaztea...
Emakume frantsesak bertsoaren nondik norakoak ulertu dituela ikustea...
Postontzirik topatu ez eta papera harri bihurtzea...

BISAURIN (2670 m)

Gabarditotik gora
indarrei eragin,
higanako bidean
eginaz ahalegink,
harkaitz aldea zuri,
zeru gaina urdin,
behin hi ezagututa
ezer ez duk berdin,
bat-batean bihotzak
salto zidak egin,
seko maiteminduta
utzi nauk Bisaurin!




Pausoa arrastaka eramatea...
Jositako bideari tira egitea...
Bizkarrean bi begi eranstea...




Plazera... Hecho bailaran bi egun eta erdiko egonaldia Joxe eta Ikerrekin konpartitzea...
Plazera... ahaleginarena.


3 comentarios:

  1. Noiz amaitzen dira udako oporrak? Institutuko ordenagailuan idatzitako lehenengo sarrerarekin batera? Mendi gain batetik ikusitako azken ilunabarrarekin? Ikasleek etxeko txirrina azkenekoz jotzen dutenean?

    Uste dut amaitu direla. Sentitzen dut amaitu direla. Eta zapaldutako mendi bakarra kontzerturako prestatzeko igo beharreko maldaren ondoren kontzertuan, aulkitik, ikusten den paisaiak ezkutatzen duena izan da.

    Ez dugu mendirik zapaldu elkarrekin. Gasteiz zapalduko dugu? Izugarri gustatuko litzaidake zuek etortzea. Iosunek dio etorri behar duzuela, Hondarribin izan ez zinetelako. Nik laguntza behar dut biologo-matematika irakasle bati filologo jauna lapurtzeko. Igoko duzu mendi hau nirekin?

    Muxu potolo eta erdi.

    ResponderEliminar
  2. Lanean hasteak ez omen du esan nahi oporrak amaitu direnik... hori ere ikasi dugu aurten! Beraz, ziur naiz elkarrekin igo beharreko mendi horrek hor jarraitzen duela. Nik behintzat hanka-bihotz-gogoak prest ditut.

    Aiiiiiiiiiiiiii Gasteiz... Tontorra ikusi eta hanka luzatzea batzuetan ez da nahikoa izaten gainera iristeko... azterketak, zuzenketak, zerrendak, bilerak... nahiko bide luzea Gasteizera zuzenean iritsi nahi izateko. Zuen ondoan egoteko gogoa izugarria, baina...

    Muxu erdi potolo bat (erdiaren pisuak pisu handia du e!)

    ResponderEliminar
  3. Aupa Leire!
    Niri ere izugarri gustatuko litzaidake zuekin egotea, baina oraingoan ere ez da posible izango. Iraileko azterketak ditugu, ebaluazioak, ordutegiak moldatu beharra, ikasturte hasiera antolatu beharra... Dena den, hitz ematen dizut hurrengoan han izango naizela, ez baitut zalantzarik hurrengorik izango dela, urtea amaitzerako gainera. Ah! Eta gure institututik hiru lagun zoaztenez Bretainiara, hiruron artean hitzez eta irudi-argazkiz ondutako erreportai bat egitea nahi nahi nuke gero gure webgunean zintzilikatzeko, inbidia hezurretaraino sartzen dizuten horietakoa., badakizu. Bidaian joan aurretik bisitatxo bat egin nahi badidazu badakizu non aurkituko nauzun, etortzen bazara, gustura hartuko dut tarte bat zuretzat. Bestela, ondo-ondo pasa Bretainian eta heldu den urtean ahizparekin itzultzeko gogoz itzuli.jeje.

    Muxu handi bat!

    ResponderEliminar