2011-10-21

...eta.


Autoan harrapatu ninduen albisteak atzo. Eta negarrez hasi nintzen. Ia nahigabean sentitu nituen malkoak masailetan irristan. Eta bat-batean oroitzapenak busti zitzaizkidan…

Urtebete nuen Yoyes hil zutenean; hiru urterik ez Hipercorreko eztandak inozentzia urratu zidanean; Abaigartik bueltan nintzen, udalekuetatik bueltan, hamabost egun zoriontsu igarotzetik bueltan… autobusean jakin nuen Miguel Ángel Blanco hil zutela. Errepidean erre zitzaidan irribarrea. Zenbat urte nituen? Hamahiru?; bizkarzainarekin ikusi zintudanean, bihotza uzkurtu zitzaidan…; saskibaloiko entrenamendura bidean harrapatu ninduten arratsalde hartako tiro hotsek… Beasainen bi hertzaina hil zituzten… arratsalde hartan, arratsalde hartan ere, Beasaingo plazari arrakalatu nion nire isiltasun arrastoa, nire bake-oihua…

Ia nahigabean sentitu ditut malkoak masailetan irristan. Eta bat-batean oroitzapenak busti zaizkit biktimak gogoan. Azken belaunaldiok tiro hots, eztanda, mehatxu, irain, ezinikusi artean jaio… eta… hazi gara. Gaur elkarbizitza baketsu eta aske batekin egiten dugu amets.

Biharamuna argitsu esnatu da. Hotz egiten du, arnasberritzen ari da eguna, egunberritzen. Izotz ondoko eguzkia bero dator, ordea. Egunak berotuko du, berotuko gaitu. Eguna berotzeko gai izango gara. Pozik nago, oso pozik.

5 comentarios:

  1. Bazen garaia! Zenbat sufrimendu, zenbat txikizio, zenbat gorroto...Atzoko albistea, mundiala, aparta, zoragarria, aspaldiko urtetan, herri honetan, eman izan den hoberena.
    Aurrera...eguazkiak majo berotzen segiko du eta guretariko bakoitza hortxe egongo da adiskidentza lanean elkarbizitza josten.

    ResponderEliminar
  2. Aukeratu duzun argazkia oso ondo dator bizi dugun egoerarekin; eguzkiak urtu ditzala gure artean sortu diren hesiak, hormak, murruak...gorrotoak.
    ALBISTEA, behar gendun, zain geunden, aspàldidanik.BAZEN GARAIE!

    ResponderEliminar
  3. Eguzkiak berotuko al gaitu? Dena den, ahaztu al dituzue beste aldeko biktimak? Zuk aipatutakoak soilik al dira biktima? Bakerako bidean lan asko egin behar da oraindik, eta estatuek dute pilota haien teilatuan

    ResponderEliminar
  4. Arratsalde on!

    Osteguneko momentu puntuala ETAk emaniko pausoarena izanik, ETAk urte luzetan sortu duen sufrimendu eta minari erantzun eta idatzi nahi izan nion ostiralean.

    Beste momentu eta gune askotan, ahoz nahiz idatziz, beti gogoan izan ditut eta gogoratzen ditut biktima guztiak (ETArenak, GALenak, eskuindar erradikalenak, torturak, dispertsioak...), indarkeria arrasto txikiena ere salagarria eta kondenagarria iruditzen zaidalako.

    Asko dago egiteko, bai, bakerako bidean biktima guztiak errekonozitzeaz gain (ez dut uste hori nahikoa denik), biktima guztien ondoan egoten, berotasuna eta babesa eskaintzen asmatu beharko genukeela uste dut.

    Pilota herritar guztion gainean dagoela pentsatu nahi dut, bakerako bidean eman den lehenengo pauso honi tiraka, elkarbizitza aberats, osasuntsu eta anitz baterako urratsak eman nahiko nituzke nik... adibidez... zuri eskua emanda.

    Muxu potolo bat!

    ResponderEliminar
  5. Zalantzarik gabe biktima moeta asko dago, baina orain, ETAren momentua da, eta altu, oso altu esan eta onartu beharrean gaude, berrogehita hamar urte hauetan erakunde armatuaren (terroristaren) makinariak min eta sufrimendu asko, ikaragarria, zabaldu duela; beraz, BAZEN GARAIA! amaitu da eta kitto.
    Aurrera, denoi dagokigu bakearen eta askatasunaren aberria egitea, denoi esaten dudanean, denok esaten ditut, Kredo eta pentsamolde politiko guztietarikoak: abertzaleak eta ez abertzaleak, nazionalistak eta ez nazionalistak..., kolore batekoak ala bestekoak izan.Eta bat nator "Anonimoarekin" esaten duenean bi estatuak mugitzen hasi beharrean direla; presoen aferari heldu behar zaio: indultoak, hurbilketak... partiduen legea indargabetu behar da eta "Sortu" edo dena delakoa, legeztatu behar da. Itxaropenez, iragana ahaztu gabe, bizi oraina geroa egiteko.

    ResponderEliminar