2011-10-24

oinak txalo bide


HITZA: HINKI-HANKA



Zenbat? Zortzi milimetro? Zentimetro baten milimetro erdia (?¿)? Zenbatekoa da zalantzarako tarterik uzten ez duen soka baten gerri buelta? Zenbatekoa da soka horren gerri bueltaren gainean zalantzak zutik iraungo duen denbora tartea? Zalantzak oinak lurrean eta burua airean izateko gaitasunik badu? Eta oinek hinki eta oinek hanka eginez gero, hinki-hanka (dudan) dagoen zalantzak zenbateko aukera du burua lurrean eta oinak airean... zintzilik ez gelditzeko?





AFORISMOA: "Txalo artean harrapatu du isiltasuna"

Bazen behin baso barne zarata hotsez beteetan inguruari txalo eginez ibiltzen zen (bizilagun bat?).
Birigarroak zer kantatuko... txaloz luzatzen zion kanturako gonbita...
Sugeak zer narrastuko... txaloz egiten zion bide arrastoetara bultza...
Kattagorriak zer dantzatuko... txaloz eskaintzen zion melodia gozoen musika...

Goiz hartan isiltasuna harrapatu zuen zuhaitz artean ezkutaleku bila. Txalo jo zuen bizilagunak, isiltasunak ezkutaleurik onena esku ahurren artean topatuko zuela konturatu gabe. Geroztik... isiltasunak dira bizilagunak txalotzen dituenak.







HAIKUA

Udazkenean
hostogabetzen dira
biluztasunak.




4 comentarios:

  1. Ez nuen ostiraleko problema aurrean izan arte irribarre egiteko asmorik (nork esan zuen txirrinaren hotsari errespetua zor zaiola?). Baina... ezin izan dut. Ezin izan diot hortz zuri handiak erakusteko gogoari eutsi. Soka estuaren gainean hanka puntetan dabilen irudimena. Biluztasun hostogabetua. Bai, txalo. Zarata handia egiten duten txalo horietako bat. Gaurkoan merezi zenuen txaloa! (isiltasunaren gainean hanka puntetan ibiltzen ikasten duenak merezi du).

    Goierrirako kotxeren batean zulotxo bat aurkitzen badidazu (xagu lotsatia sartzeko moduko zuloren bat edo), han izango nauzue. Hala ere... kosta egiten zait mendian gora egitea. Badakizu, asma, Addison jauna... agian eskuren bat behar izango dut ondoan tiraka (Joxeri gustatzen zaizkion sorgin horietakoren batena edo).

    Muxu isil bat.

    ResponderEliminar
  2. Ez dakit ba, ez dakit ba...
    Ixiltasuna haizea bezain iheskorra ez ote den.

    Earra aforismoa!

    ResponderEliminar
  3. Orokorrean blogari oso pozik heltzen diot, bereziki, atal hau, oso gustukoa dut: aikua, aforismoak bikainak izaten dira, eta asteroko hitza bere komentarioarekin. BEJONDAIZULA!
    Muxutxo bat.

    ResponderEliminar
  4. Udazken koloreetan murgildurik hauxe atera zait:

    Muxarren loak

    ez du etenik bere

    loaldietan.

    Besarkada bat eta eskerrikasko sormen/solas bideetara ekartzeagatik.

    ResponderEliminar