2011-11-01

7.000.000 - 1



Eragiketa bera egin eta hiru emaitza ezberdin atera zaizkit:

a) 7.000.000 -1 = 6.999.999
b) 7.000.000 -1 = 7.111.111
c) 7.000.000 -1 = heriotz jaio berria = bizitzaren absurdoa= zer egiten dugu hemen?

Eta orain komeriak! Bizitza matematika zela (edo matematika bizitza zela esan zenidan?) esan zenidanean, ez zenidan heriotzaz hitz egin. "Irati, ez ahaztu sekula matematikaren zehaztasunaz" bota (bai, horrelako esaldiak bota egiten dira... paperezko bolatxoak zakarrontzira botatzen diren modu bertsuan) zenidan gainera ikusi zintudan azken egunean; fakultateko atzeko atetik atera ginen, nora gindoazen oso ongi jakin gabe.

Eta orain bizitzarekin topo egiten ez dudanetan, saiatzen naiz ez ahazteaz gogoratzen. Horregatik joaten zaizkit zehaztasun guztiak hankaz gora... eta non ote zabiltzan galdetzen diot neure buruari, matematikaren itzal... bizitzaren heriotz bihurtu ote zinen... Zazpi milioi galdera jarriko nizkizuke pentsamendu pinportetan zintzilik eta Filipinetara joateko eskatuko nizuke; bizitza matematika bada (bai?), harako bideak bakarra beharko lukeelako izan.

Ez galdetu zergatik, baina, bat (eta bakarra, zehaztasunez) aukeratzekotan nik b) erantzunari helduko diot. Eta ez galdetu zergatik, baina... beldurra ematen dit, b) aukeratzeak baino beste biak aukeratu ezinak.



2 comentarios:

  1. 7.000.000-1= matematikariak erromatarrak baino txoroago daude. Hala ere, niri ipuin kontalariak gustatzen zaizkidanez, gora eromena!

    1+1= bi masailentzako adina muxu (behintzat)

    ResponderEliminar
  2. Anonimo + anonimo = mozorroa agerian! ;-) Matematikarien txoro-haizearekin eta ipuin kontalarien eromenarekin jolasean dabilena blog honen laguna izan behar derrigor!

    ResponderEliminar