ATEAREN BESTALDEAN ZER DAGOEN JAKIN NAHI BADUZU JO ALDABA LASAI.
Urbasako gainik altuena: Dulantz (1239 m). Lizarragako mendatearen eta Abarzuza artean dagoen Zunbeltz gunetik gora heldu genion mendiari asteartean. Pago artean gora bide itzaltsua du gozagai. Bide erdi aldera Irantzutik gora doan bidearekin egiten du bat, eta hortik aurrera arrasto zuri-horiek eramaten zaituzte ttonttorreraino. Gainetik ikusteko asko: Urbasa, Lokiz, Andia, Deierri eta Gesalaz bailarak...
Dulantz, gaur besarkatu
dugu zure gaina,
Zunbeltz parean hartu
dizugu tamaina,
baso itzaltsuetan
freskura bikaina,
aurrez aurre Urbasa
duzu alajaina!
Gailurrean tontorrik
ez daukazu baina,
baduzu motiborik
harrotzeko aina!
Hirurak aldera Irantzuko monastegira jaitsi eta Irantzu errekan gora ibilbide labur, baina, plazerez betea egiteko aukera izan genuen. Paradisua bilatzen duenak aurkitzen du, eta guk aurkitu genuen ur putzu eder batean. Bi aldiz pentsatu gabe biluztu eta uretan barrura sartu ginen; bost izarreko jakuzzia, astearte eguerdian gozatu genuena.
tartean gu
biluzik, soinekorik gabe,
baina urtsu.
Begiak itxi eta koadro bat marraztearen parekoa da,
eta zure burua irudikatzea, biluzik
bainu-ontzi batean,
eta harriz zuriz margotzea
eta ura urdinez,
eta sinestea munduko margolaririk onena zarela;
begiak zabaltzean
bainu-ontzi bat ikusten duzulako
eta harria zuri
eta ura urdin, edo berde
eta bainu-ontzian zu, biluzik.
Eta konturatzen zara koadro perfektua dela marraztu duzuna.
Errealitatea bera delako koadro bihurtu duzuna.
Inguruak altxor asko zituela eta ostegunean berriro itzuli ginen Deierri eta Gesalaz bailaretara. Lezaun-Iturgoiengo Trinitate- Iturgoien ibilbidea egin eta eguerdian Allozko urtegira joan ginen bainutxo bat hartzera.
NATURAREN ALDABA BETI TOPATUKO DUZU ESKURA; ATEAREN BESTALDEAN ZER DAGOEN JAKIN NAHI BADUZU...
Urbasa mendatea beti majikoa iruditu zait. Badago gauza bat izugarri laketzen zaidan: Urbasak klima kontrolatu dezakela. Kantauri aldetik dena berde eta hezetasun nabaritua. Bertze aldean, berriz, dena horia eta haizea lehorra. Agitz polita eta hunkigarria, ezta?
ResponderEliminarAgurrak, Irati.
Polita, hunkigarria... zoragarria! Nafarroaren aniztasunari argazkia ateratzen diona. Pasa den igandean Urbasako beste tontor bat ere ezagutu genuen: Maiza. Ederra hau ere!
ResponderEliminarBesarkada bat Juli! Noizbait zoko galduren baten berri eman nahi badidazu gustura jasoko dut zure ekarpena. Laster arte!