Ate atzean ezkutatu eta kanpoan zer dagoen begiratu nahi denean kopeta estu bat azaltzen da ez nago hemen! oihukatu nahiko balu bezala. Hantxe dago kopeta estua, harkaitzen puntan, puntaren puntan, begira dagoenari mingaina ateraz. San Adrian ermita da, Lizarraga gainean San Adrian tontorrean (1113 m) dagoena.
Handik aurrera, Urbasako bizkarraldeetako batean ibili ginen Maiza gaineraino.
Haizearen orrazia
eguzkiaren kantuari tiraka,
adats luzea da mendiarena,
adats hautsia harkaitzarena,
tiraka,
eguzkiaren kantuari
haizearen orrazia.
San Adrianek
mingaina ateratzen dio Lizarragari
eta guk bidea egiten dugu,
mingainean ez baina, eztarrian gora.
Maizaren iturburuak
aseko dizkigulako,
bustiko dizkigulako,
haizearen orraziak nahastutako adatsak
jolasean korapilatzen zaizkigunak.
Eguzkiak kantari jarraitzen du.
Beherakoan Lizarragako labadero berrituari egin genion bisita, emakume langileen oroimenez 2003an berritu zuten labaderoari, eta une batez nire burua imajinatu nuen, hizketan eta kantari, kontu jaten. Idatzi eder bi eta bertso sorta polit bat daude zintzilik labaderoko horman, bertako euskara oso aberatsean idatziak.
"Gure amak eta amen amak argittu baino len txanda ezin harrapatu lixube jotzen ibiltzen zian, uda eta negu labadorien..."
No hay comentarios:
Publicar un comentario