2009-11-25

ZU ZARA ZURE BURUAREN JABE






Begiradak

lokarri bakarrean urtzen direnean malkoek etorkizuna ureztatzen dute.


Azaroaren 25ari besarkada bat marraztu nahi izan diogu, ez ditugulako zaplaztekoak maite.

Azaroaren 25ari hitz goxoak idatzi nahi izan dizkiogu, ez ditugulako irainak maite.

Azaroaren 25ari begirada umilak margotu nahi izan dizkiogu, ez ditugulako mesprezuak maite.

Gaurko emanaldi xumea Nagoreri eskaini diogu, eta Mari Puyri eta Mikeli eta Martari eta Aitorri eta Aneri eta Xabiri eta Saioari eta Asierri eta Leireri eta...

Gaurko emanaldia etorkizunari eskaini nahi izan diogu.

Gu garelako etorkizuna, guk marraztu behar ditugulako besarkadak,guk idatzi behar ditugulako hitz goxoak, gureak izango direlako etorkizuneko begiradak.


Gaur asko ikasi dugu institutuan, sufrimenduari eskua luzatzen ikasi dugu, etorkizunaren ardura guregain hartzen, enpatia lan bat egiten, adierazten, entzuten. Gaur atsedenaldiko ordua ikasgai bihurtu dugu eta inoiz baino gehiago ikasi dugu.


Nagore Laffageren hiru lehengusina eta osaba Patxi izan dira institutuan Nagoreri eta indarkeria jasan duten eta jasaten ari diren guztiei egin nahi izan diegun omenaldi xumean. Hunkigarria eta hezigarria izan da familiakideen parte hartzea. Mila esker Ainhoa, Arantzazu eta Izaskuni, eta mila esker Patxiri. Mila esker Asun Casasolari, gaur gure artean egon ez den arren, gure artean izateko erakutsi duen borondatearengatik. Mila esker familia osoari gizarteari begiak pittin bat gehiago zabaltzen laguntzeagatik.



Arratsaldean Beasainen egingo den kontzentrazioan Ekaitz eta biok ezingo dugu egon. Hitzak, ordea, badu behar hainbat indar, behar hainbat botere une, eta gune guztietara iristeko. Olerkia badoa hegan Burlatatik Beasaina.



ZENBAT ALDIZ?

Zenbat aldiz esan didazu leiho ertzean pilatzen diren malkoek gortinak odoltzen dituztela?

Negar egitea debekatu zenidan gauean ametsak izerditan ito zenizkidan,

malkoak galduta bizi zaizkit ordutik

eta bihotza lehor daukat, zimur, iharturik.

Begi niniak txalupa zulatuak dira

eta niri ahaztu egin zait igeri egitea zer den.

Itsasorik ez du nire egunsentiak.



Zenbat aldiz esan didazu zure esku arantzez beteei heldu behar diedala?

Bularra ziztatu zenidan gauean arnasa izotz artean korapilatu zenidan,

taupadak astun ditut ordutik,

eta maitasuna umezurtz dabil kaleen bihurgunean.

Eskuak laztan hilak dira

eta niri ahaztu egin zait besarkada baten esanahia ulertzea zer den.

Nora ezean bizi dira nire egunsentiak.



Zenbat aldiz esan didazu ispiluko emakumeari irain egiteko?

Duintasuna lapurtu zenidan gauean nire argazki guztiak puskatu zenizkidan,

bizitza hautsita dabilkit ordutik,

eta bakardadea minbera daukat, beldurrez.

Gorputza panpina hila da

eta niri ahaztu egin zait jolastea zer den.

Ilusiorik ez du nire egunsentiak.



Zenbat aldiz…

Zenbat aldiz esan behar dizut…

Gaur ere saiatuko naiz; entzungo ote duzu nire oihartzuna!

Gaur ere saiatuko naiz nire egunsentiak marrazten.

Gaur ere saiatuko naiz.

7 comentarios:

  1. Ikaragarria izan da gaur goizekoa. Azken hiru asteotan sekulako lana egin dugu ikasle eta irakasleok emakumeek pairatzen dituzten tratu txarren inguruan. Hausnartu, oldoztu eta sentimenduak ahoz nahiz idatziz azaleratu. Indar ikaragarria zegoen ahoskatutako hitz eta gauzatutako mugimendu bakoitzean, baita ikusten eta entzuten egon diren seiehundik gora ikasle, irakasle eta gurasoen isiltasun eta txalo zaparradetan. Egun ahaztezina izan da gaurkoa ere, eta batzu-batzuk badaramatzagu (eta etortzeko daudenak!). Mila esker ikasle, irakasle, guraso eta Nagoreren senitartekoei. Zorionak eta bejondeigula!

    Ekaitz

    ResponderEliminar
  2. Gaurkoan hunkitu egin zara, eta, beste behin, entzun ahal izan zaitugun ikasle, irakasle, lehengusina... guztiak ere hunkitu gaituzu.
    Eskerrik asko institutura hitz zoragarri horiek ekartzeagatik, hainbeste irakasteagatik, malko atseginak botarazteagatik.
    Eta, beste behin, zorionak, lan bikaina egiten duzue egunero.

    ResponderEliminar
  3. Gure asmoa zuei bidea zabalaraztea da, Leire. Zuek zarete oinez zabiltzatenak. Sekulako heldutasuna erakutsi zenuten atzo. Benetan plazer bat da horrelako gaztetxoekin lan egitea.

    ResponderEliminar
  4. Ikusgarria da egiten ari zareten lana, ni, guraso bezala, oso lasai eta harro nengoke, nire alaba eta semea zuen eskuetan baleude. Nik eskola horrela ulertzen dut,eduki eta helburu akademikoaz gain, bizia, konprometitua, elkarbizitza eta baloreetan eragiten duena.
    Segi horrela,modu iraunkorrean,atzo,gaur eta bihar.
    Ilargi

    ResponderEliminar
  5. Bejondaizuela! Atzoko partez, zuen institutuan bildu eta lanean aritu zineten guztioi.
    Bertan bildu eta indarkeriari ezetz esateagatik.
    Bertan bildu eta beldurrari aurrera eginez, indarkeria salatu egin behar dela azaltzeagatik.
    Bertan bildu eta biktimekin batera zuen elkartasuna, bihotza, emozio eta sentimenduak partekatzeagatik.
    Bertan bildu eta matematika, fisika, plastika,
    historia, musika... ikasi eta lantzeaz gain, gai zaretela gizarte, gai eta arazoetan sartu, behatu eta konpromezuak hartzeko.
    Bertan bildu eta bizitzari eta egungo egoerari argi izpi bat pizteagatik.
    Bertan bildu, bertan bildu... eta hain zoragarriak izateagatik.
    BEJONDAIZUELA, BEJONDAIZUELA, BEHIN ETA
    BERRIRO!

    Amets

    ResponderEliminar
  6. Kuxkuxero samarra naiz eta bloga desberdinak begiztatzeko aukera izen dut, baina, zurea bezalakorik ez da oraindik nire begi parean jarri. ZORAGARRIA!
    Nagoreren sendiari zer esan: beraien testigutza oso eredugarria izaten ari dela, eta irakasgai ederra jasotzen ari garela,guztiok.Besarkada bero - bero batekin, adorea eta zoriona bete-betea, etorkizunean.
    Haritza

    ResponderEliminar