2009-11-02

GAUR NI BIHAR ZU; heriotza mintzagai

Hala agintzen du, edo gogorarazten, edo iradokitzen du Gaintzako hilerriko sarrerak: Gaur ni bihar zu. Atzo bazkalorduan mintzagai izan genuen gaia, beste askotan bezala: heriotza. Bai, heriotza, hizki xeheez. Zergatik eman bizitza berak duen garrantzia baino handiagoa! Ez naiz bizi heriotzari begira, bizitza bera da bizitzeko dudan arrazoia, heriotza bizitzari jartzen diogun azken puntua besterik ez baita.

Ez dut uste aterik zeharkatuko dudanik, egunsentiak dira bizitzari zabaltzen dizkiodan ateak, horregatik saiatzen naiz une eta gune bakoitza zukutzen (oraingo hau bezalaxe), heriotzari ez baina, bizitzari begira bizi naizelako.


Gustatzen zait hildakoez hitz egitea, gure solasaldietan bizirik daudela sentitzea, oroitzapenei irribarreak marraztea; gustatzen zait amonaren etxean pilota partidak ikusten ditugunean aitonaren esaerak hizketagai izatea, gustatzen zait baserrian zintzilik dagoen aiton-amonen koadroari begira egotea, gustatzen zait Itakako saioaren hasieran Igorren xuxurla entzutea, gustatzen zait Imanolekin batera kantuan aritzea, gustatzen zait...


Gustatzen zait duela sei urte Gipuzkoako Txapelketan Ekaitzek aitonari kantatu zizkion hiru bertso ederrak lanera bidean Ekaitzekin batera abestea:

1.- Zur eta lur, sor eta lor,

bizitzak heriotza zor,

erdi ziraun, erdi sator

malko bat saltoka dator.
Eguzkiaren azken hatsean,

ilunabarrez berankor

kanposantuko leihatilari

doiki eman diot amor:

Goikoetxea Mujika Patxi,
halaxe ageri da hor,

lore arteko zeremonira
larrosa batekin jator,
lehen zurekin etortzen nintzen
orain zuregana nator.


2.- Minbizia min igurtzi,

etsipena zen nagusi,

errosario ta guzi
ni otoitzean Jesusi!
Aitona maite zu bezalako
gaixorik ez dut ikusi,
dama beltzaren igitai hitsak

zaztatu arren itsusi
irribarrea erditzeari
inoiz ez zenion utzi,
zure indarrak, zure bihotzak,
zuk zenidan erakutsi,
ez hiltzen zenbat saiatzen garen

eta bizitzen ze gutxi.



3.- Hondoa jota, desditxan,
argi gabeko gerizan

hilkor diraugu bizitzan

zoriontsu ezin izan.
Zu hil beharra premiazko al zen
sentipenok senti nitzan?

Gaurko egunez kanposantura

etortzea komeni zan;

oraindik nire oroimenean

bizirik nola zabiltzan,
arrosari lur emango diot

zuri eman nizuen gisan,

nire malkoak xurgatuz zure

masailak laztandu ditzan.



Heriotza izan genuen mintzagai atzo bazkalorduan, elkarren errautsak non eta nola banatuko ditugun kontatzen aritu ginen elkarri. Nire azken puntua elizkizunetatik urrun. Errautsak, Murumendi, Aralar, Aizkorri eta San Donaton; olerki errezitaldi eta musika (Imanol, Lete...) artean, lagun giroan.

4 comentarios:

  1. zure jarraitzaile sutsuena5 de noviembre de 2009, 16:13

    Kriston bertso politak egiten dituzue, eta primeran hitz egiten duzu. Benetan anaia-arreba paregabeak zarete!
    tripan tximeleta bat sortu didate hitzok eta bizitza probesteko goga sentitzen dut.
    Irati, mila esker niregan euskara erabiltzeko goga pizteagatik, benetan eskertzen dizut.

    ResponderEliminar
  2. Mila esker zuri, tximeleta horren hegaldia txoko honetara bideratzeagatik. Mila esker nire tximeletei zureekin jolas egiteko aukera emateagatik. Muxu bat!

    ResponderEliminar
  3. Didaktikoa, ederra, baloreetan blai, hezigarri- a,samurra, entretenigarria...halaxe ikusten dut zure bloga eta, ni erabat harrapatuta nauka.
    Gogoan ditut Ekaitzek txapelketan botatako ber- tso haiek, pentsatzeak bakarrik bapatean bota- tako bertsoak direla, sinisgaitza egiten za- it,oraindik orain, mundialak , benetan.
    "Heriotza bizitzaren parte bat balitz bezala bi-
    zi dut. Nire ustez, heriotza ez da beste bizirako atea, bukaera baizik. Horregatik, ahalik eta ondoen, bizitza ahalik eta sakonkien bizitzen saiatzen naiz" zion Koldok, eta ni bat nator. Ongi izan. MENDIGAIN

    ResponderEliminar
  4. Bertso zirraragarriak kantatu zituen bai Ekaitzek. Oso momentu majikoa izan zen Hernanin orain dela sei urte bizi izan genuena. Aitona Patxik hori eta gehiago merezi zuen!

    Segi bizitzari zukua ateratzen mendirik mendi, gainik gain!

    ResponderEliminar