2009-07-27

ANDUTZ

Mendiaren eta itsasoaren artean arrasto bat dago, batzuetan ttonttorrak jaiotzen dira arrasto horietan gora. Itziartik gora bada mendi bide zoragarri bat, haizeak eta urak elkarri eztarria bustitzen dioten lekuan. Inoiz egin al duzue froga? Garrasi egitea, ahalik eta ozenen. Andutz gainean botatako garrasia ito egiten da itsaso parera iristen denean, eta oihartzuna belauntzi bihurtzen. Andutz-610 metro. Ordu erdiko bidea. Ibilia luzatu nahi duenak (gu hala ibiltzen gara beti, tira eta tira), badu Saltsamendiraino joateko aukera, eta handik Lasturrera, eta handik Itziarra bueltan. Gu hala ibili ginen pasa den ostegunean. Auzo bitxia da Lastur; frontoia, taberna, aterpea, bi landaetxe, errota eta zezen plaza (kultur etxe bat ere bai?). Zezenketarik ez genuen ikusi, guk zezenak mendian ikustea dugu maite. Zezenkote ederra topatu genuen mendi bizkarrean etzanda. Mantso, otzan. Eskerrak!


Itziar inguruan

baldin bazaude zu,

paisaia barrenduko

zaizu zentzuz zentzu,

dena plazer iturri

dena koloretsu,

ANDUTZ-eko gailurra

igotzen badezu,

menditik itsasoa

goza dezakezu.
Zezenak postontzian muturra sartu eta irentsi ez badu, Ekaitzek egindako bertso eder hau topatuko duzue.

No hay comentarios:

Publicar un comentario