2009-12-29
ZERI BURUZ ARI DA OLERKI EDER HAU?
2009-12-21
ZORTE ON!!!
Azken hilabeteotan loteria izaten da hizpide nagusietako bat. Loteria erosten du bizilagunak, loteria erosten du lankideak, loteria erosten du lagunak... Eta nik ez dut ulertzen nork bere borondatez nola ematen dion dirua urte osoan zehar hainbeste kritikatzen duen monarkiari, hainbesteko mina eragiten dio ejerzitoari edo ikusi ere egin ezin duen elizari. Estatura baitoa loteria erostean gastatutako dirua, eta estatuak bideratzen baititu hainbesteko kexak eta burukominak eragiten dizkiguten erakundeetara. Nik halakoetan koherentzia pittin bat botatzen dut faltan. Monarkiari ez diot zentzurik topatzen, eta elizaren gezurretatik urruti egongo den armarik gabeko mundu bat ezagutu nahiko nuke. Ez, nik ez diet dirurik ematen; ez behintzat nire borondatez. Nik ez dut loteriarik erosten. Nire buruarekin fidel izaten saiatzen naiz. "Bai, baina, ilusioa egiten du..." esaten didate askok. Eta nik ilusioz begiratzen diet, ilusioak bizi nazan saiatzen naizelako, abenduaren 22ari begira egon beharrik gabe. Nor bere buruarekin koherente izatea, hori da aitak irakatsi didan irakasgairik aberatsena. Eta ni horrek egiten nau zoriontsu. Horrek bizi nau aberats. Gero eta gutxiago jasaten ditut kexa antzuak.
Sentimendu ederra da, aldamenekoaren pozagatik norberak sentitzen duen zoriona. Bihar, ordea, inor gutxi sentituko da pozik, inor gutxi poztuko du aldamenekoaren zorionak, norberak irabazi ez duen seinale izango baita.
Sentimendu ederra da, aldamenekoaren pozagatik norberak sentitzen duen zoriona. Nik, bihar ere, topatuko dut zoriontsu sentitzeko arrazoirik. Tokatzen zaionari tokatzen zaiola, ni bihar poztu egingo naiz beragatik. ZORTE ON DENOI!
2009-12-18
EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(VI)
Haizea zintzilik,
elurra zintzilik,
negua zintzilik.
Zintzilik,
begiak zintzilik,
arnasa zintzilik,
gogoa zintzilik.
Zintzilik. Edo...
Haizea airean,
elurra airean,
negua airean.
Airean,
begiak airean,
arnasa airean,
gogoa airean.
Airean. Edo...
Begiaren arabera, gogoaren arabera, haizearen arabera. Zintzilik, edo airean egotea. Guztia delako erlatiboa. Erlatiboa? Guztia? ... Einsteinek zer zion?
EINSTEINEN ZIRKULUKOA ZARA?
Zintzilik edo airean ez dakit nola, baina, Einsteinek ekarri digu seigarren problema. Opor tarte guztia daukazue berarekin jolasteko!
Einsteinek garatutako problema hau saiatzen diren %2k bakarrik lortzen du Einsteinek berak egin zuen moduan ebaztea. Zu ote zara %2 horietako bat? Heldu gogotsu!
Deskribapena:
1.- 5 kolore ezberdinetako 5 etxe ditugu.
2.- Etxe bakoitzean nazionalitate ezberdineko pertsona bat bizi da.
3.- Bost jabe horiek edari ezberdinak edaten dituzte, elikagai ezberdinak dituzte gustuko eta maskota ezberdinak dituzte.
Datuak:
1.- Ingelesa etxe gorrian bizi da.
2.- Suediarraren maskota txakurra da.
3.- Danimarkarrak tea edaten du.
4.- Etxe berdea etxe zuriaren ezkerraldean dagoen hurrengo etxea da.
5.- Etxe berdeko jabeak kafea edaten du.
6.- Ogia gustuko duenak txoriak hazten ditu.
7.- Etxe horiko jabeak marrubiak ditu gustuko.
8.- Erdiko etxean bizi denak esnea edaten du.
9.- Norbegiarra lehenengo etxean bizi da.
10.-Txokolatea gustuko duen pertsona katuak dituenaren ondoan bizi da.
11.-Zaldiak dituen pertsona marrubiak gustuko dituenaren ondoan bizi da.
12.-Makarroiak gustuko dituenak laranja zukua edaten du.
13.-Alemaniarrak arraina du gustuko.
14.-Norbegiarra etxe urdinaren ondoan bizi da.
15.-Txokolatea gustuko duenak ura edaten duen bizilaguna dauka.
Galdera: Zeinek ditu arrainak etxean?
2009-12-14
ORITZA
HOR-HITZA, ORITZA.
Larunbaterako behien inguruko saioa prestatu nuen irratsaiorako. Lazkaomendiko Iztueta Azpiko Maixux eta Ainitze izan ziren irratian. 45 esne-behik ekoizten du esnea egunero beraien baserrian. Aurretik Manexek lagundu zidan saioa janzten eta hari ikasi nion oritza hitza. Gero, Ainitzeren hitzetan entzun nuenean paper gainean baino goxoagoa, beteagoa iruditu zitzaidan. Oso irratsaio ederra izan zen Santa Lutzi bezperakoa. Hitz berri bat ikasita joan nintzen gainera etxera. ORITZA, bizitzarako indar, bizitzarako babes. Lehen ahokadan hor hitza, oritza, amak alabari ematen diona.
Hortik aurrera, hor hitza, hizkuntza jolas, hizkuntza gose, hizkuntza mami bihurtzeko.
Ah! Bejondeizula Maialen! Ahokada hitz oparitzeagatik, bertsoaren damak oritza ematen jarrai dezala bi-hiru egunetik harago.
2009-12-11
EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (V)
ILUNTASUNARI BELDURRA DIOZU?
Bi kandela ditugu. Badakigu kandelek ordubeteko iraupena dutela (argizaria ordubetean ezerezean gelditzen da) eta biei aldi berean amaitzen zaiela argizaria. Nola neurtuko ditugu 15 minutu?
tik, tak, tik, tak, tik, tak... denbora bukatzen ari zaizu! Animo! Eta erre gabe ibili!
2009-12-09
24 EGUN
Basamortua hotz dago,
hondar ale gorrizten itsasoan mutu.
Azken egunotan Aminatu Haidar-ek jarri dio borrokari ahotsa. Bere herriak bizi duen borroka mundu guztira zabaltzea eta entzuna izatea nahi du. Indarkeriarik gabe, modu baketsuan, oihartzun bihurtu du beren askatasun eza. Eredugarria da Aminatu azaltzen ari den kemena eta adorea, eta lotsagarria aurrerapausorik eman nahi ez dutenen jarrera.
Jateari utzi dio Aminatuk. Askatasun gosez bizi den herriaren irudi bihurtu da.
Basamortua hotz dago,
hondar ale gorrizten itsasoan mutu.
2009-11-30
EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (IV)
LEHENAK: Bat zenbakiarekin eta bere buruarekin soilik zatitu daitezkeen zenbakiak. Adb: 13
KAPIKUAK: Ezkerretik eskuinera nahiz eskuinetik ezkerrera irakurriz gero zenbaki bera topatzen dugunean zenbaki horri kapikua dela esango diogu. Adb: 123321
Eta biak elkartzean... saltsa ederra sortzen dena!
LEHENAK ETA KAPIKUAK
2009-11-25
ZU ZARA ZURE BURUAREN JABE
Begiradak
lokarri bakarrean urtzen direnean malkoek etorkizuna ureztatzen dute.
Azaroaren 25ari besarkada bat marraztu nahi izan diogu, ez ditugulako zaplaztekoak maite.
Arratsaldean Beasainen egingo den kontzentrazioan Ekaitz eta biok ezingo dugu egon. Hitzak, ordea, badu behar hainbat indar, behar hainbat botere une, eta gune guztietara iristeko. Olerkia badoa hegan Burlatatik Beasaina.
ZENBAT ALDIZ?
Zenbat aldiz esan didazu leiho ertzean pilatzen diren malkoek gortinak odoltzen dituztela?
Negar egitea debekatu zenidan gauean ametsak izerditan ito zenizkidan,
malkoak galduta bizi zaizkit ordutik
eta bihotza lehor daukat, zimur, iharturik.
Begi niniak txalupa zulatuak dira
eta niri ahaztu egin zait igeri egitea zer den.
Itsasorik ez du nire egunsentiak.
Zenbat aldiz esan didazu zure esku arantzez beteei heldu behar diedala?
Bularra ziztatu zenidan gauean arnasa izotz artean korapilatu zenidan,
taupadak astun ditut ordutik,
eta maitasuna umezurtz dabil kaleen bihurgunean.
Eskuak laztan hilak dira
eta niri ahaztu egin zait besarkada baten esanahia ulertzea zer den.
Nora ezean bizi dira nire egunsentiak.
Zenbat aldiz esan didazu ispiluko emakumeari irain egiteko?
Duintasuna lapurtu zenidan gauean nire argazki guztiak puskatu zenizkidan,
bizitza hautsita dabilkit ordutik,
eta bakardadea minbera daukat, beldurrez.
Gorputza panpina hila da
eta niri ahaztu egin zait jolastea zer den.
Ilusiorik ez du nire egunsentiak.
Zenbat aldiz…
Zenbat aldiz esan behar dizut…
Gaur ere saiatuko naiz; entzungo ote duzu nire oihartzuna!
Gaur ere saiatuko naiz nire egunsentiak marrazten.
Gaur ere saiatuko naiz.
2009-11-20
EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (III)
Bai, matematika eta filosofia beti egon dira elkarri estu lotuta; beste batean hitz egingo dugu horri buruz. Gaur Ordiziko azokara joateko gonbita luzatu nahi dizuet. Ea nork laguntzen dion Ixabeli!
AZOKARA BIDEAN
Ixabel astero-astero joaten da Ordiziko azokara arrautzak eramatera. Asteazkenean, ordea, azokara bidean lurrera erori zitzaion saskia. Eta noski, arrautzarik gabe geratu zen Ixabel gajoa.
- Zenbat arrautza zeneramatzan? - galdetu zion Juanek.
- Ez dakit, gogoan dut 2, 3, 4 eta 5-eko taldetan biltzean, 1, 2, 3 eta 4 soberan gelditzen zirela hurrenez hurren.
-->Zenbat arrautza zituen Ixabelek?
2009-11-19
DENBORA ZAIN EGOTEN DENEAN...
- Nekatuta al zaude?
Eta orratz txikiak hasperen eginez erantzun zion:
- Ez, aspertuta nago zure zain egoteaz.
- Ah.- Eta orratz handia eseri eta idazten hasi zen. "Denbora zain egoten denean" jarri zion idazlanari izenburua. Eta berak ere bere buruaren zain egotea erabaki zuen.
Horrelakoetan ordulariak gelditu egiten dira, atzo nirea gelditu zen bezalaxe. Orain ordurik gabe bizi naiz, eta denborak zizta egiten dit ipurdian. Ez, denbora ez da zain egoten (horregatik dago orratz handiaren ipuina zuri), denborak egunero egiten du ekialdetik mendebalderako bidea, Txindokitik Aizkorrirakoa (hala ikasi genuen umetan!). Portzierto, non daude Iruñean ekialdea eta mendebaldea? Denbora gelditu ez, batzuetan nahastu egiten da.
2009-11-13
EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (II)
EGIAK GEZURRA ESATEN DUENEAN; ORDUAN ZER?
Hara hemen aste honetako problema, Einsteinek berak poltsikoan sartu didana. Lagunduko didazue ebazten?
- Hamar galdera hauetatik zeinek dio egia?
- Hamar esaldi hauetatik batek gezurra dio.
- Hamar esaldi hauetatik bik gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik hiruk gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik lauk gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik bostek gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik seik gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik zazpik gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik zortzik gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatik bederatzik gezurra diote.
- Hamar esaldi hauetatk hamarrek gezurra diote.
Ez utzi mingaina ateratzeari! Erantzunak datorren ostirala bitartean jasoko ditut!
2009-11-12
ZURE BIZILAGUNA
Lehengo batean Roberto orientatzailearen bulegoan nengoen zain, bera telefonoz hizketan ari zen bitartean. Begiekin jolasean hasi nintzen, zer topatuko, zer harrapatuko. Zer harrapatuko... eta paretan zintzilik duen poster batek harrapatu ninduen ni. SOS Arrazakeriak sinatutako olerki esanguratsu honekin egin nuen topo.
Zuekin partekatu nahi izan dut, nonbait zain zaudeten bitartean hausnarketagai izan dezazuen.
Zure jainkoa judutarra bada,
zure autoa Japoniakoa bada,
zure pizza Italiakoa bada,
zure gasa Aljeriakoa bada,
zure kafea Brasilgoa bada,
zure oporrak Marokon pasatzen badituzu,
zure zenbakia arabiarrak badira,
zure letrak latindarrak badira...
Nola ausartzen zara zure bizilaguna atzerritarra dela esaten?
2009-11-09
4 METRO
Lotsaren murruek lotsarazten ez gaituzten bitartean, bekokia ubeldurez beteko zaigu. Mina, ordea, beste batzuek pairatzen dute.
2009-11-05
LEPO GAINEAN BURUA!
Asko dira azkenaldian problemen atala berriro martxan noiz jarriko nuen galdetuz hurbildu zaizkidanak. Hortxe ba lehenengoa. Aurtengo ikasturtean astebetean pilatuko ditut soluzioak, eta astebete igarotzean argitaratuko ditut zuek bidalitako erantzunak emaitza zuzenarekin batera.
DBH 1eko ikasleak ere zurrunbilo zoro honetan sartu nahi ditut; ea zoratu gabe iristen garen ikasturte amaierara. Bitartean, heldu jokoari eta ez ahaztu, pausoek egiten dutela bidea eta burua dela lepo gainean dinbili-danbala darabilguna!
Zuen erantzunen esperoan izango naiz!
EGIN APUSTU ZURE BURUARI!
Aztertu ongi jarraian zerrendatutako berreketei.
71 = 7
72 = 49
73 = 343
74 = 2 401
76 = 117 649
77 = 823 543
78 = 5 764 801
Zein da 72 006 berreketaren emaitzaren azken zifra?
GAZTEA IZATEA
Proiektuek bizi naute ni ere, eta adin biologikoari begira oraindik gaztea naizen arren, hemendik urte batzuetara ere gauza bera esan nahiko nuke. 84an jaio nintzen, baina, oraindik gaztea naiz, oroitzapenak baino proiektu gehiago ditudalako.
2009-11-02
GAUR NI BIHAR ZU; heriotza mintzagai
Ez dut uste aterik zeharkatuko dudanik, egunsentiak dira bizitzari zabaltzen dizkiodan ateak, horregatik saiatzen naiz une eta gune bakoitza zukutzen (oraingo hau bezalaxe), heriotzari ez baina, bizitzari begira bizi naizelako.
Gustatzen zait hildakoez hitz egitea, gure solasaldietan bizirik daudela sentitzea, oroitzapenei irribarreak marraztea; gustatzen zait amonaren etxean pilota partidak ikusten ditugunean aitonaren esaerak hizketagai izatea, gustatzen zait baserrian zintzilik dagoen aiton-amonen koadroari begira egotea, gustatzen zait Itakako saioaren hasieran Igorren xuxurla entzutea, gustatzen zait Imanolekin batera kantuan aritzea, gustatzen zait...
Gustatzen zait duela sei urte Gipuzkoako Txapelketan Ekaitzek aitonari kantatu zizkion hiru bertso ederrak lanera bidean Ekaitzekin batera abestea:
1.- Zur eta lur, sor eta lor,
bizitzak heriotza zor,
erdi ziraun, erdi sator
malko bat saltoka dator.
Eguzkiaren azken hatsean,
ilunabarrez berankor
kanposantuko leihatilari
doiki eman diot amor:
Goikoetxea Mujika Patxi,
halaxe ageri da hor,
lore arteko zeremonira
larrosa batekin jator,
lehen zurekin etortzen nintzen
orain zuregana nator.
2.- Minbizia min igurtzi,
etsipena zen nagusi,
errosario ta guzi
ni otoitzean Jesusi!
Aitona maite zu bezalako
gaixorik ez dut ikusi,
dama beltzaren igitai hitsak
zaztatu arren itsusi
irribarrea erditzeari
inoiz ez zenion utzi,
zure indarrak, zure bihotzak,
zuk zenidan erakutsi,
ez hiltzen zenbat saiatzen garen
eta bizitzen ze gutxi.
3.- Hondoa jota, desditxan,
argi gabeko gerizan
hilkor diraugu bizitzan
zoriontsu ezin izan.
Zu hil beharra premiazko al zen
sentipenok senti nitzan?
Gaurko egunez kanposantura
etortzea komeni zan;
oraindik nire oroimenean
bizirik nola zabiltzan,
arrosari lur emango diot
zuri eman nizuen gisan,
nire malkoak xurgatuz zure
masailak laztandu ditzan.
Heriotza izan genuen mintzagai atzo bazkalorduan, elkarren errautsak non eta nola banatuko ditugun kontatzen aritu ginen elkarri. Nire azken puntua elizkizunetatik urrun. Errautsak, Murumendi, Aralar, Aizkorri eta San Donaton; olerki errezitaldi eta musika (Imanol, Lete...) artean, lagun giroan.
2009-10-30
NIRI EZ DIT JOTZEN
NIRI EZ DIT JOTZEN
Areto publikoetan ez nau ustekabeak harrapatzen,
kalean noanean ez ditut bizilagunaren begiak behaztopatzen,
autobusean ez dut lotsatzen nauen bakarrizketarik antzeztu beharrik izaten,
eta izter ondoko maitale esku-luzerik uxatzen ere ez dut lanik izaten.
(Lurrikarak neuk aurkeratzen ditut, noiz eta non).
Ez, nire hizkuntzak ez du hitz zorabiaturik irabiatzen,
bokalik gabeko aho-soinu ulergaitzik marrazten.
Ez, nire postontziak ez du inor gogaitzeko asmorik izaten,
nire prestutasuna ez da itzalita egoten.
Ez, ez ditut abestiak gupida gabe doinu zorrotzekin ebakitzen,
eskuko hatz gizena ez dut ariketa fisikoa egitera behartzen,
begiak ez zaizkit aurpegirik ez duten hizketaldietan lainotzen.
Niri ez dit jotzen. Ez, niri ez dit adarrik jotzen.
...
Barkatu, ez da nirea; sakelako telefonoa hoska ari zaizu.
Bakarren batek noizbait esan izan dit: Que feliciana! Bai, ni horrelaxe bizi naiz, zoriontsu, sakelakorik gabe.
2009-10-28
ITSAS HAIZEA, NON DA?
Non da, non da zure begien taupada?
Hotz dago, ahots isilen balada,
maitasun izoztuen bidean galduta.
Non da, non da zure ilargi betea?
Lo dago gau mutuen izerdia,
maitasun zirraren erdian geldo.
Non da, non da zure masailen margoa?
itsu dago, bihotz hautsien gogoa,
maitasun lotsatuen atzean uzkur.
Non da? Itsas haizea non da?
Zin egin zenidan,
zin egin nizun;
eta itota nabil ordutik.
Non da?
Zure begien katea,
ez dut besterik ikusten.
2009-10-23
ASMUBE
Non da? Non da zure begien taupada?
Hotz dago, ahots isilen balada,
maitasun izoztuen bidean galduta.
Non da? Non da zure ilargi betea?
Lo dago, gau mutuen izerdia,
...
...
...
2009-10-20
HAURTZAROA SUDUR ZULOETAN
Begiak itxi eta iluntasuna arnasten duzunean haurtzaroa usaintzen duzu.
Nik haurtzaindegiko jantokiaren usaina hartzen diet oroitzapen urrunei, eguerdian jan gabe gelditu eta askaritan jan behar izaten nituen garbantzuena. Aitak Mekola bordako oporrei egiten die arnas, eta Beñatek Iruñeko gari soroei.
Askotan hala uste arren, haurtzaroak ihes egiten ez digun seinale. Haurtzaroa sudur ileetan gelditzen zaigu kateatua.
2009-10-15
KOLDO
Lehengo asteko ostiralean elkarretaratze txiki bat egin genuen institutuan ikasleekin batera, Koldori gure babesa adierazteko. Gogorra da 12-13-14-15... gaztetxoei zer gertatzen den adieraztea, ulertzea zaila egiten baitzaie; ulertzea zaila egiten baitzaigu. Isiltasunari Ekaitzek egindako bertso bat kantatu , eta Koldori eskua luzatu genion, gu beti aldamenean izango gaituelako.
Gerra Zibiletik hona
Pasa da hainbat urte,
Zoritxarrez memorian
Dena ez da azukre,
Borondatez jardun zara
Bihotz bete bertute,
Baina askatasunean
Muga jartzen dizute,
Babesik gabe utziko
Zaitugunik ez uste,
Zu mehatxatzean denok
2009-10-13
KATU BELTZAK
"Matematikaria logela ilun batean dagoen itsua da. Logelan ez dagoen katu beltz bat bilatzen ari da."
Gaur inoiz baino gehiago sentitzen naiz matematikari; katu beltzen maitale.
2009-10-09
GOZOKIAK IRRIBARREETAN
Matematikako azterketa batean proposa nezake problema. Einsteinek ere esan zuen, irudimena jakintza bera baino garrantzitsuagoa dela. Gozokia topatzen lagunduko didazu?
Asteburua gozo-gozo pasa eta ez utzi irribarre egiteari!
2009-10-07
KATEKESIA
- Joan beharra daukazu.
Atzo Hizkuntza Eskolara bidean ama-alaba batzuei entzun nizkien hitzak. Handik aurrera pentsakor egin nuen hogei minutuko bidea. Alabak katekesira joan nahi ez izateko arrazoiak zerrendatzen saiatu nintzen, zentzuzkoena berari galdetzea izango zen arren. Amak galdetu izan balio sikira.
- Jainkoarengan sinesten ez duelako.
- Elizarengan sinesten ez duelako.
- Oraindik Jainkoarengan sinesten irakatsi ez diotelako.
- Oraindik Jainkoarengan sinesten ikasi ez duelako.
- Sinestea zer den ulertzen ez duelako.
- Jainkoa ikusi nahi eta ikusten ez duelako.
- Eliza baino jolasgune askeagoak nahiago dituelako.
- Beste bi lagunekin zegoen, eta ziur aski haiekin jolasean jarraitu nahi zuelako.
Ni ez nintzen sekula katekesira joan;
ez nien sekula gurasoei katekesira joan nahi ez nuenik esan.
Joan nahi nuenik ere ez.
2009-10-02
10 000 METROTAN TXAPELDUN!
Logaritmoak zertarako, e zenbakia, Pitagoras, Urrezko zenbakia... horiek argitaratuko ditugun lehen lanak.
Egin hozka beldurrik gabe, eta aberastu zuk ere gure txokoa, zurea ere senti dezazun!
Gu Bekeleren erritmoan 10 000koa osatzen saiatuko gara, gure bidea egin nahi dugulako.
Gure pausoa jarraitzen ausartuko zara?
2009-10-01
ARGIA
2009-09-29
2009-09-25
Ni B + (Baikorra eta positiboa)
Astelehen gauean negarrez oheratu nintzen, triste, eta une batez malko gorriak isurtzen nituela egin nuen amets lo hartu aurretik. Hiru aldiz odola eman eta bost urtez odola eman gabe egon ondoren, berriro ematen hasteko garaia zela erabaki nuen.
Ilusio handiz hurbildu ginen odol-emaileen zentrora aita, Ekaitz eta hirurok. Astelehenekoa ez zen amaren txanda. Ilusio handiz hurbildu nintzen, batez ere Ekaitzengatik, halakorik egiten zuen lehenengo aldia zelako. Errenteriako Olatz, unibertsitateko ikaskidea, etortzen zitzaidan behin eta berriro burura, eta berarekin lehenengo aldiz odola ematera joan nintzen aldia.
Tentsioa ongi, burdin-maila zer esanik ez, eta medikuaren galdeketa ezezkoz beteta, bai, odola emateko prest nengoen.
Hotzarekin uzkurtu egiten omen dira zainak. Oso-oso zain finak dituzu, erizainak; eta nik irribarre. Oso-oso-oso finak, orratza bera baino finagoak, erizainak. Eta nik irribarre zabalagoa. Irribarreak ezkutatzen omen ditu urduritasuna, beldurra, mina eta tristura. Ezkutatu nahi direnean, noski! Bestela, negar egitea onena. Saiatu, saiatu zen erizaina, bi hoditxo odol ere atera zizkidan, baina, zaina bera ere beldurtu egin zen, nonbait, orratzaren dimentsioekin eta puskatu azkenean. Hurrengoan izango da erizainak, beharbada bero egiten duen egunen batean. Eta nik irribarre. Zer moduz zaude? galdetu zidan erizainak, zorabiatuta? Eta nik ezetz, triste nengoela; ezin izan nion ezkutatu triste nengoela. Aitak eta Ekaitzek nahi bezain azkar bete zituzten euren poltsak; hainbestean!
Zauri txikiak eraginda aterako zitzaidan ubeldua zaintze aldera erizainak ukendu bat eman bitartean, nire hariei lotuta egon zen odol-poltsa hutsa olerki hitzez betetzea izango zela onena otu zitzaidan.
Odolbideek hiru orratz dituzte;
nahiarena,
ezinarena, eta
nahi eta ezinarena.
Niri mingarrienak egin dit
zizt
baina, ez zait odolik atera.
Zer moduz zaude? erizainak berriro; eta nik, ongi. Oraingoan bera izan zen irribarre egin zidana. Odol-zainak hustu ez banituen ere, barrua behintzat hustu nuen, eta ikasi, olerkiak ez direla puskatzen. Asmoak ere ez.