Ahanztea
gogoratzea baino zailagoa da esan zuen noizbait norbaitek, ziur aski zerbait gogoratu
behar zuela ahantzi nahi izan zuen batean edo... auskalo! Horrelako esaldi
borobilak ahanzteko sortzen dira.
Igande goizaldean ordulariari begiratu behar niola
gogoratu eta ordua aurreratu behar nuela ahantzi zitzaidan. Eta ordubetez
atzeratuta ibili nintzen egun osoz. Ibili, korrika, atzeratuta dabilenak
korrikarik egin ezean, nekez harrapatzen dituelako aurrekoak. Eta aurrean
doazenak dira eguzkia eta egunkariak eta okinak eta begietan pilatutako
makarrak eta dutxatik atera berritan bainugelan utzitako putzu txikiak.
Ordubete atzetik ibiltzen denari begietan ordubeteko makarrak pilatzen zaizkio,
egunkarietako albisteak ordubetez zaharkitzen zaizkio eta bainugelan utzitako
putzu txikiak igerileku bihurtzen zaizkio. Ordubete ordubete da; asko.
Bazkalosteko siesta gozo baten tamaina edo matematika ariketa zoro baten
neurria. Ordubete asko da; atzetik doanarentzat gehiegi.
Kontua da igande goizaldean ordulariari begiratu
behar niola gogoratu eta ordua aurreratu behar nuela ahantzi zitzaidala. Goizeko
zazpietan nuen hitzordua Villabonako plazan jarria. Aizkardi mendi elkarteak
44.ez antolatutako mendi ibilaldi luzerako izena emana nuen. Hitzordua: goizeko
zazpiak. Eta ni goizeko zortzietan iritsi nintzen zazpiak zirelakoan. Goiza
ordubete aurreratua zebilen ordurako eta
ni pausoa bizkortzeko aukerarik gabe, joandako ordubeteak ordularietan
baino existitzen ez direla artean ikasteke.
Kontua da ibilbide motza egin nahi zutenekin egin
nuela topo eta uholde haren korronteetan neure burua eta nire ordubeteak
itotzen uztea erabaki nuela. Kontua da orain pentsatzen jarrita ez nukeela
ezeren truke aldatuko atzeratutako ordubete hura, sentsazioa baitut unea eta
gunea ezberdinak izanik, goizeko hamaikak eta hamarrean ez nuela kukua
entzuteko aukerarik izango, goizeko hamarrak eta hogeian zangalatrabaka ia
lurrera erori zen emakumeari ez niola eror ez zedin eskua luzatuko eta
ibilaldiak iraun zuen lau ordu eta erdian ez nintzela Ikerrekin kontu-kontari
Shangai, Pekin eta Taiwan artean ibiliko. Ordubete lehenago beste
zerbaitetarako aukera izango nuen, seguru, baina, halakorik ez nuen egingo,
seguru.
Eta bizitza horixe dela otu zait bat-batean, uneek
eta guneek emandako momentuen pilaketa. Uneak eta guneak ahaztu daitezke,
baina, momentuak gogoratzeko izaten dira.