Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? Zer pentsatua eman dit gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak. Nik umetan mahai gainean pilatutako ogi apurrak zenbatzen nituen eta lo hartu ondoren amets egiten hasi bitarteko segundoak eta sukar egunetako izerdi-tantak eta ezpainei hozka egindako aldiak. Nik umetan irakurri gabeko liburuetako orrialdeak zenbatzen nituen eta etxetik dentistarenganaino emandako pausoak eta erabili gabeko arkatzaren hasperen oihuak eta edalontzietan pilatutako ur-tantak. Nik umetan astebetean ikasitako hitzak zenbatzen nituen eta izarapean itsatsitako beldurrak eta urrutiko baserrietako zaunka hotsak eta irentsitako txokolate gramoak.
Inoiz inork galdetu izan dit zergatik ikasi nuen unibertsitatean matematika zenbatu baino kontatu egiten badut gehiago. Eta erantzuna gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak eman dit. Orain ideia kolpeak zenbatzen ditut eta zainetan sentitutako tirakadak eta bururatu eta baztertutako hitzak eta poltsikoan lehertutako metaforak. Orain aulkian eseri aurreko segundoak zenbatzen ditut, eta hatz puntetan desegindako ilunpe argiak eta korapilatutako tinta arrastoak eta zintzilik utzitako harridura ikurrak.
Orain ipuin bati hasiera emateko beharrezkoak ditudan amaiera guztiak zenbatzen ditut eta bukatzen ausartzen ez naizen amaiera hankamotzak eta lo arrastoen bestaldetik lapurtutako urrezko zirriborroak eta lerroarte zuriak. Orain kontatutakoak zenbatu ordez, zenbatutakoak kontagai bihurtzen ditut.
Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? galdetu dit gehienetan isilik egoten den ikasleak. BAI erantzun du isildu ere egiten ez den lehenengo lerroko ikasleak. Eta nik EZ erantzun nahi izan diot. Baina, isilik gelditu naiz. Beste behin. Maite ditut. Maite ditut ikasleen aurrean isilik egonarazten nauten instanteak. Zenbatu egiten ditut, ipuin-kontu bihurtzekoak izaten direlako.