2010-10-29

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (VII)



Sugeak buztanean buru itxura izango balu, sugea ere animalia kapikua edo palindromoa litzateke. Kapikua diren zenbakiak aspalditik nituen ezagunak palindromoak orain gutxi (urtebete, urte erdi...) ezagutu ditut. Pertsona batzuk ia nahigabe azaldu ohi dira gure bizitzetan. Hala ezagutu nuen Markos, ia nahigabe. Palindromoekin lanean aritzen da Markos, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen diren hitz eta esaldiak dira palindromoak. Adibidez, aza; adibidez, atara zarata. Adibide eta ariketa asko ditu Markosek
bere blogean
(merezi du bisitatxo bat egitea).

Ba horixe, gaurko problemarekin ere atzekoz aurrera eta aurrekoz atzera ibiliko garela!

KILOMETROAK KONTATZEN...

Santik, hiru egun jai dituela probestuz, bidaia luze bat egin nahi du bere motorrean. Bidaia hastera doanean kilometro kontagailuari begiratu, eta motorrak 13 931 kilometro dituela eginak konturatu da. Bi orduz abiadura konstantean ibili ondoren, gasolindegi batean gelditu da gasolina hartzen, eta... kasualitatea! Kilometro kontagailuari begiratu dionean kapikua den hurrengo zenbakiarekin egin du topo.

Bi ordu horietan zenbateko abiaduran ibili da Santi? Kontuz! Azkarregi ibiltzeak bere arriskuak ditu eta...

2010-10-28

ARRAROA


Zuria da azala. Grisa ere izan zitekeen. Arrastoak ditu; ia nabari ez direnak. Bi izen ageri dira azalean eta txakur txiki zuri mutur beltz bat. Tarteka deabru itxura hartzen duena. Las Meninas koadroko artzain txakurraren antz handirik ez du. Lukasi beldurra ematen dio Las Meninas koadroko artzain txakurrak. Margolaria da Lukas, edo margolaria izan nahi du. Umetan ere marrazkiak margotzen zizkion andereñoari eta andereñoak beretzat gordetzen zituen Lukasek marraztutako txakurrak. Erakusketa bat prestatu du; Martinek lagundu dio zeregin horretan. Martin itxaron-gela batean ezagutu du. Arraroa jarri dio Lukasek erakusketari izena. Martinek uste du arraroa dela ezagutu berri duen laguna.




Zuria da azala. Grisa ere izan zitekeen. Arrastoak ditu; ia nabari ez direnak. Bi izen ageri dira azalean eta txakur txiki zuri mutur beltz bat. ARRAROA du album-ak izenburu. Araiz Mesanza Iturritxa eta Irati Goikoetxea Asurabarrena dira izenak, eta txakur txiki zuri mutur beltza Lukasek ikasle txiki zela marraztu zuena da.


Igandean Markina-Xemeingo (bai, Markinak Xemein du atzetik bultzaka, hori Mari Eliri ikasi diot) udaletxean izan nintzen. Gero argitaletxeak album berria argitaratu du eta igandean egin zuen aurkezpena. Peru Abarka ipuin lehiaketako lan saritua da albumean dagoena. Ilustraziodun ipuina da; ilustrazio lehiaketa irabazi duen lanak jantzi du ipuina. Araiz Mesanza da ilustrazio egilea eta Irati Goikoetxea ipuina idatzi duena. Igandean Markina-Xemeinen izan ginen biok; albuma aurkeztu eta bertaratutakoei albumak sinatzen.




Esperientzia zoragarria izan da. Pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut (Iratxe eta Igor euskara teknikariak; Mari Eli Gero argitaletxeko editorea, distantziarik gabe eskua eta bihotza luzatzen dituen emakumea; Araiz ilustratzailea, gehien maite duen horretatik bizitzeko borroka egiten ari den neska bikaina...), nire ipuin batek formatu oso ederrean argia ikusteko aukera izan du, amonaren jaioterria bertatik bertara ezagutu dut...

Arraroa jarri diot lanari izenburu. Besteengandik ezberdin egiten gaituen horrek arraro bihurtzen gaituelako. Arraro bihurtzen gaituen hori delako besteengandik ezberdintzen gaituena. Ezberdintasunak aberasten duelako gizartea.

Ipuina idatzi eta saritua izan ondoren izan nuen Benjamin Prado idazle handiaren Raro liburuaren berri. Hori da argitaratu zuen lehen liburua. Kasualitate polita da. Arraroa balitz bide oparo baten hasiera...

Ekaitzi, argi eta bide. Albumaren lehen orrialdean jartzen du. Ekaitzi eskaini diot ipuina. Bera izan dudalako beti argi eta bide. Nire argi eta nire bide izaten jarraitzen duelako. Bera delako aholkuak ematen dizkidana, bultza egiten didana, nirekin haserretu eta niregatik kezkatzen dena. Nire ilusio guztiak bere sentitzen dituelako.

Goierriko Hitzan argitaratutako elkarrizketa.

2010-10-27

ITAKA (Peru Abarka album lehiaketa_2010-10-23)



Bazen behin arratslde euritsuak panpinei ahotsa jarriz arintzen zituen neska txiki-luze bat. Irakurtzen irakasten zien tarteka, buruketak ebazten inoiz, bizitza ulertzen beti. Haserretu egiten zitzaien galdera bat egin eta isilik geratzen zitzizkionean; tristetu bokalak kontrako eztarrian trabatzen zitzaizkienean. Neska txiki-luze hura neska handi-luzea egin da egun, panpinekin jolasteari utzi gabe, hamabi-hamahiru-hamalau-hamabost-hamasei urteko neraeei problemak maitatzen irakasten diena, numeroekin literatura egiten. Goizetan irakasle, arratsaldetan ikasle, gauetan idazle, larunbat goizetan irrati esatari. Txikiagoa zenean handitan zoriontsu izan nahi zuela esaten zuen. Hogeita bost urterekin aski handi bada, eta zoriontsua dela dirudi. (Ekaitzek larunbateko irratsaioko elkarrizketan egindako sarrera)

Igandeko sari banaketaren harira solasean aritu ginen lan sarituaz Ekaitz eta biok; eta solasean aritu ginen Araiz eta biok. Araiz Mesanza lagun berria dut, Peru Abarka album lehiaketan ilustrazioen atala irabazi duen neska zoragarria. Eta horretaz gain (bihar idatziko ditut sariaz zenbait kontu)...

Saioari, astero bezala, Patxi Ezkiagaren olerki samur batekin eman genion hasiera.
Joxe Goikoetxea sehaska hitzarekin jolasean aritu zitzaigun.
Ezkaratzetik Rufino Iraolak zaldibiarrek Jose Garmendiari egingo dioten omenaldiaren berri eman zigun.
Iñigo Apaolazak El tiempo entre costuras, María Dueñas idazlearen liburua gomendatu zigun.
Zu errotari atalaean... Aiora Sampedro Beasaingo Txindoki-Alkartasuna insitutuko ikasleak idatzi bikaina oparitu zigun. Zuhaitzak nekez uzten du bere sorlekua...
Eta... Barricada taldearen Es una carta abestiarekin pastelari ginda gozoa jarri zion Ekaitzek.

Irratsaio ederra larunbatekoa. Gose bazara... egin koxk!

Eta jaitsi nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-peruAbarka119.mp3

2010-10-25

Aiiiiiiiiii.....


HITZA: TITARE

Bazen behin josten ari zela orratzarekin hatza ziztatu, lurrera ziplo erori eta lo gelditu zen neskatila bat.

Bazen behin josteko titare bat jantzi eta titarea hatzari kateatuta gelditu zitzaion mutiko bat. Titarea ezin kendu, eta sustoaren sustoz lurrera ziplo erori eta lo gelditu zen mutikoa.

Bazen behin amets bat lo zegoen neskato bat eta lo zegoen mutiko bat protagonistatzat zituen.a Ametsak ehun urteko iraupena izan zuen.; neskatilaren begirada mutikoaren titareak harrapatu zuen arte. Ametsaren baitan neskatoak mutilari titarea eskatu zion egunean...






AFORISMOA: "Hainbeste aditz aukeran eta larrua ere jo egin behar."


Harrapazank! "Jo" horretan zegoen aforismoaren xarma... zorioneko interneten usnaka hasi eta larrua jo = jugar la piel topatu dudan arte. Nonbait jotzea eta jolastea laztanean korapilatzen ditu maitasunak (bai, edo sexuak; a bai, maitasunik gabeko sexua ere badela...). Ba horixe, txortan egin, larrutan egin, ñaka egin, txotxoka egin... barrua urtu... jo beharrik gabe, larruarekin jolastu egiten dugula. Jolastu egin beharko genukeela.

2010-10-22

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (VI)


Messiren jokoari adibidez, 10 jarriko nioke. Zergatik ez? Perfekzioa lortzea ezinezkoa dela? Niri gustatzen zait 10-ak jartzea, nahiz eta borobiltasunaren erdian arrasto-ertz gorriren batek ukitu txikiren bat egin.

Eskolarteko kirolean bizkarrean eraman beharreko zenbakiak eskuan margotuta izaten genituen. Hamabi urterekin 13 zenbakia bizkarreratu nuen. Ez pentsa zorte txarra eman zidanik! Halere zortziaren aldeko apustua egin nuen bigarren urtetik aurrera (aitak Julen Gerrerorengatik zela esaten zidan, seko enamoratuta zauzka! esaten zidan; baina ez dut uste!). Betidanik gustatu izan zait zortzi zenbakia. Zortzi zenbakiarekin jolastu izan dut ordutik.


ZENBAKIAK BIZKARREAN


Kirol-talde bateko sei kamisetetan zenbakiak margotzeko agindua eman dizute. Hori egiteko hamar plantila dituzu, 0-tik 9-ra doazen zenbakiekin, baina, zuk ahalik eta plantila gutxien erabili nahi duzu. Kamiseta bakoitzean bi zifrarentzako tokia baino ez badago, zein da erabili dezakezun plantila kopuru txikiena sei kamisetak margotu ahal izateko?

2010-10-19

ITAKA (Irati Jimenezekin solasean_2010-10-16)


"Bazen behin neskatila bat paper gainean arrastoak eginez eguna pasatzen zuena. "Eta hori zertarako?" galdetzen zioten etxean. "Eta hori zertarako?" galdetzen zioten lagunek. Eta berak psss erantzun eta marrazten jarraitzen zuen. Ez zekien zergatik egiten zuen; atera egiten zitzaion. Hasieran kolore berdinaz margotzen zituen arrasto guztiak; kolorez aldatzen hasi zen gero. Hasieran zuzen trazatzen zituen arrasto guztiak; bihurguneak egiten hasi zen gero. Hogeita bi urterekin arrasto guztiak bildu eta bata bestearen ondoan itsatsi zituen.

Egunero pauso bat ematen du aurrera arrastoaren gainean. Emakumetuta dago aspaldian. Pauso bat ematen du egunero. Pauso bat arrastoaren gainean. "Eta hori zertarako?" galdetzen diote etxekoek eta lagunek. Eta berak ez du oso garbi, baina nora doan jakin dezan egiten duela uste du. "

Udan irakurri nuen Nora ez dakizun hori liburua eta izugarri gustatu zitzaidan. Barru-barruan egin zidan hozka. Arin irakurri nuen (ia irentsi nuen hiru egunetan), baina, era berean irakurritakoak pisua (pisu gozoa) utzi zidan barruan. Aspalditik gogo berezia banuen ere, liburua irakurri orduko erabaki nuen: berandu baino lehen Irati Jimenezi elkarrizketa egingo diot irratian. Eta egin nion. Larunbatean. Eskerrik asko Irati, zure hausnarketen itsasoan igeri egiten uzteagatik!

Irati Jimenez ->Manchesterren bat, bi... zenbatzen ikasi zuen. Laranja azalari negarra eragin zion, eta bideei korapiloak egiten dizkien banpiroak asmatu zizkion irudimenari. Orain "Atsekabe zaitut" (Txalaparta) esaten irakatsi die txakurrei eta katuei.


Irati Jimenezen elkarrizketa ez zen, ordea, larunbateko saioaren osagai bakarra izan. Astero bezala, Patxi Ezkiagaren olerki sakon batekin eman genion saioari hasiera; Manex Aranburu ezkaratzetik etorkinez, migrazioaz, elkarrekin lan egiteaz... aritu zitzaigun hizketan; Joxe Goikoetxea "ezkaratz" hitzarekin aritu zen jolasean; Pello Urretabizkaiak irakurtzen dituen aldizkarien berri eman zigun; eta Leire Alonsok baldosei begira jarri gintuen. Eta entzuleei Asier Serranoren Oroimen kantu ederrarekin esan genien agur (mila esker Ekaitz, abestia zukutzeagatik).

Atal berriak, lagun eta solaskide berriak eta ilusio berriak, Itakak ikasturte berriarekin ekarri dizkigunak. Egin koxk beldurrik gabe!

Saioa jaitsi nahi izanez gero: http://blip.tv/file/get/Irati-IratiJimenez212.mp3

2010-10-18

Loa, loa ttunttulun berde



HITZA: SEHASKA

Lo toki, amets leku. Gogoan dut oraindik sehaskan lo egiten nuela (ez dut gogoan sehaskatik ohera noiz egin nuen salto) zutik jarri eta amari oihu nola egiten nion ogi eske. Gosea nuelako, ez. Ama, aita eta Ekaitz sukaldean edo egongelan hizketan egoten zirelako eta nik haien kontuak entzun nahi izaten nituelako. Ogia ez eta haien kontuak jan nahi izaten nituelako. Kontua da amak, edo aitak, edo Ekaitzek ogia ekarri eta nik ogia jaten nuela (jan edo jan beharrekoa lardaskatu) eta.... Ba horixe, sehaska osoa ogi apurrez betetzen zitzaidala. Eta gero lorik ezin egin. Ez ogi eta ez kontu, apur artean lo egiten ikasi nuen artean sehaskatik ohera salto egin ez nuen garaian.




AFORISMOA: "Ontasunak aberasten gaitu."

Bazen behin txanpon eta biletez jositako jantzi batekin kalean ibiltzen zen gizon bat. "Bihotza ere diruzkoa dut" esaten zuen harro-harro. "Ukitu, ukitu" eta bularra harro puzten zuen. Euri haizete indartsu batek harrapatu zuen arte. Ez bilete eta ez txanpon, ondasunik eta ontasunik gabe gelditu zen, bihotza bera ere mela-mela blai eginda gelditu baitzitzaion. Biluzik ibiltzen ikasi omen zuen. Ordutik dirua gordetzeko ere poltsikorik gabe bizi da.

2010-10-15

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (V)


Opari bat. Aste honetan jaso dut. Ikusten dudan bakoitzean emozionatu egiten naiz. Pikardia, goxotasuna, jolasteko gogoa, maitasuna... nabari da. Eskura dugun edertasunaren ispilua begien aurrean jarri digute (Bejondaiela Iñaki Goikoetxea eta proiektua aurrera eraman duen taldeari). Bai! Emozionatu egiten naiz, izugarri maite dudalako inguru hau, nire inguruaz gozatzen ikasi dudalako; bizipen ederrak eskaini dizkidatelako txoko horietako askok, nire ere sentitzen ditudalako. Aniztasunaren irudi, beso zabalik magalean goxo hartu nahi gaituen lurraldea.

Jaso dudan bezalaxe oparitzen dizuet. Gozatu! Eta azti ibili gaurko problema bideoarekin lotuta dago eta!







ERRALDOIAK?

Jostun lanean jarri nahi zaituztet aste honetan; neurketak egiten. Bideoa ongi aztertu, bilatu problema ebazteko beharko dituzuen bi irudiak eta...

  1. Bardeetako (Nafarroako basamortu ikusgarria) Piskerra mendiak zenbat neurtzen duen kalkulatu. Argazkian ageri den bikoteak 1,78 m-ko altuera du.
  2. Altzoko Erraldoiaren altuera kalkulatu. Altzo´ko Aundiya Migel Joakin Eleizegi Ateaga 1818an jaio zen. Bere handitasunak akromegalia gaixotasunean omen zuen jatorria. Bizargabea eta argala. Altzo Azpiko San Salbador elizaren atarian joan ziren zizelkatzen haren neurri eta zabalerak. Jan eta edateko gutxienez hiru pertsona elikatzeko adina beharko zuela kalkulatu da. Kontuak kontu, horixe da galdera; zenbat neurtzen zuen Altzoko Erraldoiak? Bideoko irudian erraldoiaren aldamenean dagoen mutilak 1,82 m neurtzen du. Estatua neurrira egina dago.

2010-10-14

ITAKA (Eguraldiaz hizketan 2010-10-2)


Nori entzun nion lehengoan? ... euria eguzkiaren malkoak omen dira. Ezkutuan egotera behartzen duten (nork behartzen ote du?) egunean egiten omen du eguzkiak negar.

Nori entzun nion lehengoan? Trumoiak jotzen duenean hasten omen da haizea dantzari. Tximistak dantzalekuko argiak omen dira. Haizea indartsu dabilenean bikote bila aritzen omen da; horregatik mugiarazten gaitu batetik bestera.

Nori entzun nion lehengoan? Hodeiak izarren oheak omen dira. Horregatik ez omen ditugu egunez izarrak ikusten, laino artean gozo egoten direlako (lainorik ez dagoen egunetan zer gertatzen den? Hori ez zidan kontatu... ). Izarrek egunez egiten dute lo eta gauean esnatzen dira. Bai, badakit eguzkia ere izarra dela. Eguzkiak ez omen du sekula lorik egiten. Gauetan ere ez.

Urriaren 2an eguraldiaz hizketan aritu ginen irratian Jaione Munarriz metereologarekin. Ingurumen Zientziak ikastera joan zen Jaione Salamancara; Fisikak bideratu zuen Bartzelonara eta azkenean eguraldiak harrapatu zuen. Eguraldiarekin maitemindu ote zen? Ez dakit, eguraldiaren sekretu txikiak behintzat kontatu zizkigun.

Urriaren 2an eguraldiaz hizketan aritu ginen; eta sagarrez (Ramon Aseginolazarekin), eta tximeleta eta sorgin-orratzez (Iñaki Mezquitarekin), eta behiez (Maixux Insaustirekin). Eguraldiak sagar, intsektu eta behiengan duen eraginaz aritu ginen. Ederra izan zen urriaren 2ko goiza; mila esker laukote! Ordukoak berritu nahi badituzue... egin koxk beldurrik gabe!

Irratsaioa jaitsi nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-JaioneMunarriz155.mp3


2010-10-13

EZKARATZEAN IRRIAK SALGAI



HITZA: EZKARATZ (amak ezkatze)

Baserrietako ataria, sarreran dagoen toki zabala; sukaldea baserri askotan.

Aitari entzun diot Mekola Bordako ezkaratzean egurrezko kutxa handiak egoten zirela. Eta hortxe nire jakin-nahia; baserrietako ezkaratzetako egurrezko kutxa handietan... zer gordetzen ote zuten...





AFORISMOA: "Irritik barrera irribarrea"


Aitak beldurrik gabe irribarre egiteko eskatzen zion. "Egiten dut!" eta ezpainak zimurtzen zituen alabak zorionari lotsa lapurtzeko beldurrez edo, "egiten dut!". Eta aitak irribarre egiteko eskatzen zion berriro. Alabak ezpainak baino ez zituen zimurtzen. "Bihotza zimurtu behar duzu" esaten zion aitak. "Ezin dut! Noiz ikasiko dut irribarre egiten, aita?". Eta aitak ispilu bat oparitu zion. "Barrua beldurrik gabe erakusten ausartzen zarenean".

Ispiluarekin jolasean dabil aspaldian alaba. Barrez igarotzen du egun osoa. Irribarre egiten ikasi aurretik bere buruaz barre egiten ikasi du.

2010-10-08

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (IV)



Goseak badaki itxaroten? Goseari korrika mantsoago egiteko esanez gero... ulertuko luke? Ezagutzen dut lagun bat sabela marruka hasten zaionean, sabelarekin hizketan hasten dena. Ez dut uste ados jartzen direnik; sabelak irabazten du gehienetan. Egoskorra da sabela.

ZALDUNEK PRESA DUTE (eta gosea ere bai)

Hiru zalduni erregerekin berehala biltzeko deialdia egin diote, eta bidaia luze bat tarteko bidean dira. Nekatuta daudela eta, atseden pixka bat hartu asmoz, ostatu batean gelditu dira zerbait jan eta indarrak berritzeko. Zaldunek xerra bana eskatu diote ostatuko arduradunari eta hogeita hamar minutuan prest izateko eskatu, denboraz justu dabiltzala eta.

Ostatuko arduraduna larritu egin da. Momentu berean bi xerra bakarrik egin ditzake, eta xerra bakoitzak alde bakoitzeko hamar minutuz egon behar du sutan ongi egingo bada. Beraz, bi xerra egiteko hogei minutu beharko lituzke, eta hirugarren xerra egiteko beste hogei minutu.

Nola lortuko du sukaldariak hogeita hamar minutuak pasatzerako hiru xerrak mahai gainean egotea?

2010-10-07

TALAIA; Pasaiatik Hondarribira


Hondarribira bidean behean
utzi ondoren Pasaia,
deskantsurako aprobetxatuz
ogitarteko garaia,
lagunartean kontu-kontari
osatu dugu bidaia,
itsaslabarrak eskaintzen digu
paregabeko paisaia,
beso zabalik hartzen zaituen
ingurua da Talaia.


Abiapuntua: Pasaia. Pasai Donibane.
Helmuga: Hondarribi.
Tartean: Jaizkibelgo gaina (547 m inguru).
Kontu-kontari: neska-mutiko gaztetxoekin, guraso gazteekin, irakasle helduagoekin... Lagunartea: Izalgo Aita Iparragirre eskolako ikasle, guraso, irakasle eta mendi sailaren arduradunak.
Itsaslabarra: urak lurrari muxu ematen dion tokia.
Talaia: Ibilbideari jarri dioten izena. Begiratoki, zelatagune ederra da; bai itsaso aldera, bai barne, mendi, hirigune aldera.


Hilean behin elkartzen dira Aita Iparragirre Herri Eskolako zenbait ikasle, guraso eta irakasle naturari eskua eman eta mendiaz gozatzeko asmoz. Ekimen txalogarria benetan eta ume eta guraso artean bertaratzeko modua dugunontzat aukera zoragarria. Ikasturteko lehenengo irteera izan zen pasa den igandean Talaiara egindakoa. Pasaia eta Hondarribi arteko bideak 23 bat kilometro eder ditu tartean. Itsasoaren indarrak mendiari tira egiten dio Jaizkibelen. Oraingo honetan esku artean paperik ez eta bertsoa haizeari kantatu genion.
Argazkiak Jon Esnaolak eta Gillermo Urrestarazuk ateratakoak dira. Mila esker!

2010-10-06

WIKIA: zi(z)urtasunezmate



Ikasturteko erronka berria: wikia. Idazle asko dituen koadernoa da wikia; esku, itzal, ilusio asko dituena. Idazle taldea argazkiko kuadrila zoragarria da, Zizur BHI-ko batxilergoko lehenengo mailako K taldeko zientzialariek osatutakoa. Beraiek izango dira wikia jantziko dutenak. Ikasi, ikusi, ezagutu eta irakurri duguna zuei erakustea dugu helburu. Kontatuko duguna... ardatza matematika izango da; matematikari lotutako historia, istorioak, gogoetak, bitxikeriak, jolasak...

Blogean txoko bat egin diot, hortxe, ezkerreko aldean. Egin hozka eta bisitatu gure txokoa. Eta txokoari buruz proposamenen bat egin nahi badiguzue... idatzi iruzkinen bat hementxe.

Guk gure jakintza aberastu nahi dugu, eta bide batez zuena aberastea lortzen badugu...

2010-10-04

DENBORA ZELATAN


HITZA: TALAIA


Zelatan egoteko tokia. Begia luzatu eta ikusten duzun hura irensteko leku aproposa. Urrutikoari tira egin eta harrapatutakoa esku ahurrean (edo bihotzean, edo poltsikoan, edo betileen artean...) gordetzeko aukera ematen dizuna.

Talaia jarri diote izena Hondarribitik Pasaira arteko ibilbideari. Ez naiz harritzen! Begiek edalontzi itxura hartuko balute, Jaizkibel gainetik itsasoa begietan sartu ahalko genukeela sinetsiko nuke.






AFORISMOA: "Anek aitari: aitte! Noiz da bihar?"

Aitak ordulari bat oparitu dio Aneri. Bi orratzen erdian hirugarren bat aurkitzen duzunean... orduan da bihar esan dio aitak.

Eta Ane zain dago orain. Ordulariari begira. Zelatan dagoela dirudi. Talaiari ona zinateke! pentsatu du aitak.

Eta Anek zain jarraituko du. Bihar guztiak gaur direla konturatu gabe. Uste dut hori esan nahi ziola aitak.


2010-10-01

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (III)



Gune honetan ez dago erretzerik. Keak pantaila zinkintzen duelako, ordenagailuaren arnasbideak ixten dituelako, saguaren eztula eragiten duelako... Tranpa egiterik ez dago, hemen bestaldetik berehala antzemango baitizut erretzen ari zaren edo ez. Zigarroaren kea berehala atzematen duen sudur fina da nirea. Aitortzen dut... gorroto ditut zigarroak eta gorroto dut zigarroaren keak sortzen duen giroa.


JOSEFINAREN ZIGARROAK

Urte asko pasa ditu Josefinak erretzen. Erretzaile sutsua izan da hamazazpi urterekin lehenengo zigarroa ezpainetaratu zuenetik. Berrogeita sei urterekin bere burua pattal samar sumatzen du eta azkenean erabai du: erretzeari utziko dio. Geldtzen zaizkidan hogeita zazpi zigarroak erre eta ez dut berriro sekula erreko.

Josefinaren ohitura zigarroen bi herenak erretzea izan da beti. Azkarra da Josefina, eta ez zuen asko behar izan itsasgarri berezi batekin hiru zigarrokin itsatsi eta zigarro berri bat egin zezakeela konturatzeko.

Gelditzen zaizkion hogeita zazpi zigarrorekin, zenbat zigarro erre ditzake erretzeari betiko utzi baino lehen?