Bertsoak idatzi ditugu, erantzunak jaso ditugu, erori egin gara, belaunak urratu ditugu, irribarreak barruak lehertu dizkigu, galdu eta geure burua bilatzen ikasi dugu eta batez ere, batez ere, batez ere... gozatu egin dugu. Orain uda joan denean, argazkiak eta bertsoak geratzen zaizkigu (eta belaunetako arrastoak), baina, batez ere, batez ere, batez ere... bizitako gozoa da geratzen zaiguna... eta gozo gehiago bizitzeko gogoa.
JENTILBARATZA (460 m) _2012-7-8
Batzuetan gora egiteko behera egiten ikasi behar da. Batzuetan gora nahi eta behera eginarazten du aldapak. Batzuetan baratzak han egoten dira, puntaren puntan.
Leienda, mito ta istorio
eder askoren ardatza,
Joxe Mielen pausoei esker
iritsi gara honantza,
txoko basati ta malkartsuan
historiaren lorratza;
hara harkaitzen artean azti
jentil ta sorginen dantza,
akelartoki ta jolasleku
majikoa da Baratza.
GRAN FACHA (3005 m)_ 2012-7-14
Txanpaina ordaindu behar izaten omen da lehenengo hiru milakoa egiten denean. Tabernarik, ordea, ez genuen topatu zeruko atearen ondoan.
ANAYET (2574 m) _ 2012-7-15 eta 2012-8-7
Kate batzuek lotu ez baina askarazi egiten gaituzte.Bakoitzak bere burua askatzeko adrenalina lotu egin behar da? Bi aldiz egin diot bisita udan, hurbilduko naiz gehiagotan ere.
Barne sentipen gozoenentzat
hau da opari edarra!
Ibon onboan begiz jo dugu
Ibon onboan begiz jo dugu
Anayeteko bizkarra,
pausoa ziur botaz lasaitu
dugu barreneko harra,
txoko hauetan lehertzen zaigunez
bizitzak duen indarra,
behin etorrita bertan galtzeko
ez da bate toki txarra.
AIZKORRI (1528 m) _ 2012-7-17
Postontzian bi bertso sartzen badira, zergatik ez egin bi? Aizkorrik hori eta gehiago merezi du. Aurtengo udan gertuan sentitu zaitut, oso gertuan.
Iratik:
Xendari pausoz pauso
diogu jarraitu,
Aizkorrik erakarpen
berezia baitu,
nahiz ta aldapan gora
indarrak ahitu,
zenbat eta gehiago
izerdiak blaitu,
orduan ta gehiago
maitemintzen gaitu.
Ekaitzek:
Eguzkiaren argitasuna
indartzen hasi denean,
Otzaurten ginen Aizkorriraino
igotzeko afanean,
kobazuloa maite genuen
umeago ginenean,
gaur kanpotik zuzenean,
amildegiei bizkar emanez
heldu gara azkenean,
bide guztiak dira ederrak
helmuga zu zarenean.
MANDOEGI (1045 m) ETA UREPEL (1056m)
Heldu sorbaldatik fuerte. Nor da mandoa eta nor da astoa? Urepelen ez genuen Xalbador topatu... akaso begiak pittin bat gehiago estututa irits daiteke Nafarroatik Behe Nafarrora.
MANDOEGI:
Mandoegi gainetik
Urepel paretsu,
ederresteko gutxi
direnez bost zentzu,
Gipuzku ta Nafarro
artean zaude zu,
harago itsasoa
uki dezakezu,
abereen pentsu,
Van Gogh-en errezu
biderako mezu,
zirku koloretsu,
koadro borobil bat ematen dezu.
UREPEL (1056 m)
Adarra eta Saioa tente
ezker eta eskuinean,
Urepel dugu atsedentoki
nekearen ordainean,
zauri zaharrak sentigai daude
tumuluen orbainean,
iragana zut jartzen zaigunez
harriz harri orainean,
bizitzak indar berezia du
heriotzaren gainean.
GORBEA (1481 m) _ 2012-7-31
Hartu gogoan: Baias erreka. Gozoa gozatzeko baldintza bakarra: biluzik bainatu behar da.
Pagomakurre ta Muruatik
iraganeko fereka,
Barazarretik ere keinuka
aritu gara tarteka,
gaur Sarriatik gora heltzea
zen gure barne apeta,
aldamenean erreka,
aldapa eta ordeka,
Gorbea jaioberrien begiz
jartzen dizugu arreta,
urtero bide berri batekin
harritzen gaituzu eta.
IREBER (1206 m) eta ERNAITZU (1203 m) _2012-8-2
Muxu handi bat Berueteko neske-mutil kuadrilari! Ireberreko bertsoaren atzetik guganaino iritsi zirenei! Zer dute berezia Otzolako zelaiek?
Beruetetik bide maldari
koxk egin diogu laister,
Iontzako zelai zabal berdeak
eskura ditugu eder,
natura baino politagorik
ba ote da beste ezer?
gaur ere alai sentitzen gara
mendi buelta honi esker,
goiz pasa eder honen lekuko
izan delako Ireber.
GARMO NEGRO (3066 m) _2012-8-8
Eskuekin zerua ukitu genuenekoa. Zeruaz harago zer egon daitekeen imajinatu genuenekoa.
ORKATZATEGI (874 m)_2012-8-14
Emozionatzen garenean... muxuka hasten garenean...
... bertsoa hor nonbait galtzen zaigu... muxu artean?
ANBOTO (1331 m) eta BESAIDE eta TEILAMENDI eta LURGORRI_2012-8-26
Bai! Ikusi nuen! Mari! Eta mutiko txiki bat ere bai, aitari nik postontzian utzitako bertsoa kantatzen!
Udalan barna, Besaide pasa
eta Zabalaundin adi,
harkaitz arteko erakarpena
nonahitik dugu nabari,
hirugarrenez eman diogu
muxu Anboto gainari,
mendi inguru sorgindu hontan
bilakatu zara Mari,
zugan sinesten dugun guztion
jolaslagun ta zaindari.
INFERNUAK (3087 m) _2012-9-15
Zenbat pauso daude infernuaren eta zeruaren artean? Hiru lagun eta hiru lagun... sei lagun dira?
ASPE (2645 m)_2012-9-16
Deskribatzeko hitzik topatzen ez denean, gomendio bakarra egin daiteke: bertaratu eta gozatu.
Ezezagunak beti sortzen du
emozioa, zirrara,
zelai ta harkaitz artean eder
Aisa barneko bailara,
Aspe zuregan hasi daiteke
gozamenerantz hegada,
Anie, Mahaia ta Petretxema,
Bisaurin eskura hara!
Midi, Balaitus eta Gran Facha
Anayet ta Collarada,
Infernutara begira jarriz
zeruan sentitzen gara!
Udari esan... datorren udara arte... ea bitartean emozio txiki (eta handi) gehiago bizitzen ditugun...