2018-11-15

ITAKA_Irakur Tertulia Erraldoia Beasainen_2018-11-10

Irati irakurtzen?


Herri Ekimena, herria saretzen ari dena, anitza, inklusiboa, eraginkorra, irakunkorra, parte hartzailea, kutsu didaktikoa duena, sormenetik sortua sormenari tira eta bultza egiten diona, elkarbizitza indartzen duena, euskara aberasten duena, plazerezko guneak sortzen ari dena...

Euskaraldiari ekarpena egin asmoz, herri ekimenez, proiektu zoragarri hau jarri genuen abian Beasainen orain dela bi hilabete eta erdi luze. Asmo  nagusia herritarrak irakurtzen jartzea eta abenduaren 1ean solas-tertulia espazioak sortzea herriko txoko ezberdinetan irakurritako liburuez solasean aritzeko. 

Irakurgai bi liburu: "Jenisjoplin" (Uxue Alberdi) eta "Kafka eta panpina bidaiaria" (Jordi Sierra i Fabra - Juan Kruz Igerabidek itzulia). 

Erronka: 111 herritar irakurtzen jarri eta herritar horiek abenduaren 1ean 11 gunetan sortutako txokoetan solasean aritzea. 

Gaur-gaurkoz 228 herritar ari dira liburu bat edo bestea irakurtzen eta asko dira biak irakurtzen ari direnak. Abenduaren 1eko tertulietarako dagoeneko 102 herritarrek eman dute izena, tartean dira ikastetxeak, lantegiak, kirolariak, politikariak, liburuzainak, dendariak, elkarte ezberdinetako kideak, udaltzainak,  sortzaileak... 

Abenduaren 1eko egitaraua:
16:30ean irakur tertuliak herriko 11 gunetan.
18:00etan solasaldi bateratua Uxue Alberdi eta Juan Kruz Igerabiderekin Igartzan.
Ekitaldi horretan bertan literatur saio txiki bat izango da eta herritar talde bat omendu-txalotuko da (bertan jakingo da nor). 

Honatx proiektuaren aurkezpen bideoa: 



Pasa den larunbateko irratsaioan Uxue eta Juan Kruzekin solasean aritu ginen, eskerrik asko bioi gure artean egoteko azaldutako borondatearengatik!


2018-11-08

HAURREN JOLAS EROTIKOAK




Eleder jolasean


Iritziak iritzi, usteak uste, hipotesiak hipotesi, ez dago bertatik bertara bizitako errealitatea kontatzea bezalakorik. Hor ez dago tranparik, ikusitakoa esan. Bai, noski, begiak zabalik izan behar dira horretarako.

Bi urte ditu Elederrek, hau da, zero eta sei urte bitarteko adin tartean dago. Eleder bat eta bakarra da, gainerako mundutar guztiok halaxe garen bezala, baina ez dut uste bere nahi, jolas eta ohituretan bere adinkideengandik ezberdina denik.

Eleder izan zitekeen, beraz, Ane, Juan, Pablo, Izei edo Laura. Eleder jaio zitekeen ezkerreko, eskuineko, goiko edo beheko familia batean, baina ez dut uste horregatik bere nahi,  jolas eta ohitura naturalak, berezkoak, asko aldatuko liratekeenik. Oin, esku, buru eta gogoak (bai, irudimena) libre uztea komeni horretarako.

Neure bizipenekin ikusi eta frogatua; Elederrek maite du:

-          Ipuin liburuak amaren altzoan zukutzea.
-          Amaren titi-buru bat ahoan sartu eta bestea hatz arteko jostailu bihurtzea.
-          Bainatu bitartean bere gorputz atalak identifikatzea.
-          Hegan egiten duela irudikatzea.
-          Ipurdia aitaren sorbalden gainean jartzea.
-          Hitzak esan, bota eta errepikatzea.
-          Belaun, pitilin eta tripatxoa esku jolasekin garbitzea.
-          Platanoak eta mandarinak jatea.
-          Dorre altu-altuak eraikitzea.
-          Egin dezakeen guztia berak bakarrik egitea.
-          Haur Eskolako Ane laztantzea.
-          Mikel eta Noari ezpainetan muxu ematea.
-          Egin ezin dezakeena egiten saiatzea.
-          Aitatxoren beso, lepo, hanka eta zakilari begira egotea.
-          Amatxoren sudur, alu, esku eta izterrei begira egotea.
-          Zuhaitzak besarkatzea.
-         

Elederrek maite du jolas egitea; egurrezko piezekin, panpinekin, autoekin, bere gorputzarekin, baloiarekin, animaliekin, bere lagunen gorputzarekin, amaren titiekin, aitonaren sudurrarekin, bizikletarekin, aitaren ipurdiarekin, udazkenarekin, amonaren ahoarekin, margoekin, osabaren belarritakoekin…

Imajinatzen dut antzekoak egiten dituztela Ane, Juan, Pablo, Izei edo Laura izenekoek, ezkerreko, eskuineko, goiko edota beheko familietan jaiotakoek. Hori da egiten duena eta hori da askatasunez egitea ahalbidetzen dioguna.

Bere nahi, jolas eta ohiturek ez dute ordutegi jakinik. Etxekoak kalean, parkean eta haur eskolan izaten du jarraipena. Umeak hori egiten du natural, berezko, mutilaziorik gabe. Deitu jolas, erotismo, sexualitate. Non dago arazoa? Umeak hori egiten du natural, berezko, mutilaziorik gabe. Zer egiten dugu helduok?


Euskalerria Irratiko irrintzirako prestatutako gogoeta da. Audioa. 



2018-11-05

ITAKA_Ama Alu Lur_2018-10-20

Imanol Arabaolaza, May Gorostiaga eta Ekaitz Goikoetxea Segura Irratian_2018-10-20

2018/2019 Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketak "Ama Alu Lur" proiektua aukeratu du. Sorgin baten ametsak biltzen dituen lana Beatriz Larrañaga eta May Gorostiagak sortu eta papereratu dute Imanol Arabaolaza eta Ekaitz Goikoetxearen laguntzarekin. 2019ko otsailean Donostiako auzo ezberdinetara iritsiko antzezlana Beatrizen eta Itziar Saenz de Ojerren eskutik. 

Urriaren 20an May, Imanol eta Ekaitz proiektuaz hizketan aritu ziren Itakan. Bea eta Itziar ere oso presente izan genituen. 

Bai. Ausartu ginen. Ausartu ginen! Ausartu ginen alu hitza irratiko uhinetan zabaltzen, lotsagorritu gabe, tripak uzkurtu gabe. Bai. Ausartu ginen... ALU, ALU, ALU eta ondo pasa genuen, ausartu izanaren sentipenik izan ez genuelako. 

Zorionak ekipo!