2013-12-19

Waxapeatzen






Ez sinestekoak dira kontuak. Zer pentsatu hura kontatu. Zer ikusi hura kontatu. Zer sentitu hura kontatu. Zer ukitu hura kontatu. Zer gertatu hura kontatu. Eta ia pentsatu baino lehen, ikusi baino lehen, sentitu baino lehen, ukitu baino lehen. Kontatzearena diot. Gaur egun munduak jakin badaki. Mundua jakinaren gainean dago. Sekretuak ere ezin dira kontatu. Sekretuak ere ezagutzen dituelako. Munduak. Ezin sekretu ttiki bat begietara begira kontatzeko adrenalinarik sentitu. Saiatu eta hozkatuko dizu mingaina norbaitek. Eta izoztuko zaizu irribarre pikardia. 

Astelehenean Oskarrek eta biok bat egin genuen autobusean. Ni lanetik etxera bidean nintzen, Oskar aitarengana zihoan. Zer moduz, Oskar? Ongi. Ostegunean matematika azterketa dugu. Ari zara prestatzen? Bai. Ongi finkatuta dituzu ideia guztiak? Bai. Ea ba... lau bider minus zortzi. Minus hogeita hamabi. Minus hamasei zati  bi. Minus zortzi. Primeran, Oskar. Ea azterketa ongi borobiltzen duzun! Eskerrik asko. Hamar minutuz aritu ginen hizketan. Gustura. Pozik. Agur, Oskar! Agur, Irati!

Asteartean nire txikitxoekin matematika klasean nintzela  biharamuneko azterketa prestatzen, klasearen erdialdera flash! Oskarren irudia etorri zitzaidan burura eta ikasleak hurrengo eguneko azterketa zela eta pixka bat zirikatu nahian... ez bat eta ez bi, halaxe kontatu nien: Oskar izugarri ari da lanean, ederki, oso landuta du gaia, ea zuek ere bere parean jartzen zareten. Eta panpoxo, panpoxo, ez zidan ba ikasle batek, hark ere ez bat eta ez bi, "bai, Irati, badakigu" erantzun. Badakizue, zer? hori nik inuxente-inuxente. Atzo Oskarrekin egin zenuela autobuseko bidea. Eta nola dakizue ba? Gelako waxapean zabaldu zuen zurekin hizketan joan zela eta matematika errepasatzen egon zinetela. Eta nik inuxente-inuxente: gelako waxapean? Nik sekretu txiki bat kontatu nahi eta zuek ia-ia sekretua niri gertatu baino lehen jakin? Gelako waxapean?

Bai, orduan konturatu nintzen, bezperan Oskarrek esku ttikien artean jolasean zeraman mugikorraz...

Barregarriak izanda ere, ez sinestekoak dira kontuak. 

2013-12-09

non zaude, Irati?


Lagun handi baten mezua jaso dut. "Non zaude Irati? Maitasunak bahituta akaso? Horrela bada, ongi,  bestelakoan...Agian izotzak izoztuta zaude...Baina, nola da posible zure jarraitzaileak noizbehinkako izpiriturako elikadura gabe utzi? Bromak aparte, espero dezagun dena ongi egotea eta atseden baino ez izatea. Goraintziak."

Non zaude, Irati? Eta nik, "hemen nago, hemen nago" erantzun diot, Tartalo ipuineko eraztunak oihukatzen zuen bezala, "hemen nago, hemen nago". Ez nuke nahi maitasunak bahitzea, ez nuke nahi izotzak izoztea; besterik da maitasunarekin emozionatzea, izotzetan berotzen jakitea. 

Ez naiz zuetaz ahaztu, ez naiz neure buruaz ahaztu, neure buruarekin egiten dudan hausnarketetako bat baita txoko hau, neure buruarekin izaten dudan hitzorduetako bat. Batzuetan, ordea, ihes egiten digu buruak (eta denborak). Eta konturatzerako ezdakitnora joaten zaigu hilabetea. Eskerrak, Julen, zu bezalako lagunak ditudan, burua lepo gainean itsasten didatenak, eskerrak Gorka bezalako ikasleak ditudan, institutuan egunero elkarren berri izan arren, blogean noiz idatzi behar dudan galdetzen didatenak. Itaka saio asko ditut zintzilikatzeko, zero-kontu asko ditu kontatzeko, emozio asko zuekin partekatzeko (Salamanka, Ken7, Nelson Mandela...)... gaur, ordea, opari hauxe dakarkizuet. Larunbatean irratian lehenengoz jarri genuen kantua, oraintxe behin eta berriz entzuten ari naizena eta zuei opari eman nahi dizuedana. Proiektu ederra, kuadrila, beste behin martxan jarri duzuena. 

Julen muxu handi bat. Zuri ere bai, Gorka. 


2013-10-29

ZENBAKI ARROAK


Bai, h-rik gabe! H-rik gabe... harroak idaztea ez zelako bere asmoa;  h-rik gabe... arroak idaztea ez zelako bere asmoa; h-rik gabe... zerbait idazteko asmoa izan eta beste zerbait idaztean horrelako zelebrekeria sortzea ez zelako bere asmoa. Eta... zenbat maite ditudan horrelako zelebrekeriak! Jolaserako eta buruari eragiteko aitzakia politak dira. Oraingo zelebrekeria-aitzakia hau Gorkak (eskerrik asko!) oparitu digu 1K-ko ikasleoi.  

Bigarren gaiko koadernoak ditut mahai gainean zuzentzeko. Hala dio Gorkaren koadernoko azalak. "Berreturak eta zenbaki arroak". 


Harrapazan, Irati! Mundialak ditun hire ikasle hauek! Boteprontoan galdetu diezu: zuen ustez zein da zenbakirik harroena? Eta hor sortu da saltsa! (ez da askorik behar saltsa sortzeko; galdera berezi bat nahikoa da erdi lo zegoena esnatzeko, begiak irten beharrean jolas pixka bat egiteko).

Baten batek 7 dela aipatu du, tente-tente eta txapelarekin ibiltzen delako. Beste batek zenbakirik harroena 13 dela esan du bera azaltzen den guztietan besteen aurrean nabarmen gelditu nahi izaten duelako...

"Beintizinko" baino dotoreago joan gara denok etxera, matematika saioa zukutu dugun sentipenarekin. Gustura. Harro.

Baina, galdera zintzilik gelditu da: zuen ustez zein da zenbakirik harroena?


2013-10-25

ITAKA_Iñigo Ibarguren_2013-10-12




Guatxapa: Iñigo, eskerrik asko urriaren 12ko saioa edertzen laguntzeagatik!
Guatxapa: Ez horregatik, Irati! Hurrengora arte!

Horrela buka zitekeen mugikorra duten bi lagunen arteko solasaldia. Meritua, ordea, mugikorrik ez duten bi lagunen arteko solasaldia horrela bukatzean dago. 
Matematika konturik ez genuen izan, baina, triangeluez aritu ginen hizketan; ipurdikorik ez genuen hartu, baina, irristatzeaz aritu ginen hizketan.



Urriaren 12an Iñigo Ibarguren idazle azpeitiarrarekin aritu ginen solasean. "Triangelu irristakorra" eleberriaz eta triangelu irristakorrak ez diren kontuez. Ezkaratzetik Izaskun Egiguren aritu zen Ataungo jan ohiturez, Joxe Goikoetxeak artearen enborrean marraztu zigun sestra hitza eta Mandiotik ni neu aritu nintzen itzaletik itzalera Gerizpez hizketan, burua joateaz.


2013-10-21

ITAKA_Lourdes Oñederra_2013-10-5




Lourdes Oñederra


"Hil artean bizi, ta ahal dala ondo!" Lourdesen amonak Lourdesi esana, eta Lourdesek guri. Halaxe bukatu zen urriaren 5eko solasaldia. Irribarre batekin. Telefonoa tarteko eman daitekeen besarkadarik gozoenarekin. Ordubetean Intemperies aritu ginen, babes bila, eta elkarren ahotsean topatu genuen momentuak uneari zor dion babes moduko hori. Patxadaz aritu ginen, jardun, bagindoazela sentituz. Aurrera gindoazela ustez. 




Urriaren 5eko elkarrizketa nagusia Lourdes Oñederrari egin genion. Ezkaratzetik Ainhoa Mujika aritu zen euskarari zirika, euskararekin xirrika; Joxe Goikoetxeak kezkaren zama pagotik zintzilik jarri zuen eta Mandiotik ma(ha)i su-ka Ekaitz Goikoetxeak begirada ikasgela barruka irribarreei kateatu zien.        


       

2013-10-09

ITAKA_Koldo Zubeldia_2013-9-28




Beti da gozoa Koldo Zubeldiarekin Itaka saio bat partekatzea. Beti da gozoa aurrez aurre eseri eta irribarreak elkarri oparitzea, muxuak gorriaraztea, ikastea, orrien zalapartan olerki harrapaketan jolasean ibiltzea. 

Irailaren hondarrean lau urte bete genituen lehenengoz Koldorekin jolasean aritu ginenetik. Eta ez gara aspertzen; alderantziz, elkartzen garen aldiko gehiago gozatzera iristen gara. Horratx froga: pertsonen ezagutzen ez dago mugarik.




 Ezkaratzetik atalean Asier Iriondo aritu zen Ederlantzen-en inguruan. Koxk egiten badiozue ez zarete damutuko. Lana bizi eta biziarazteko modu bat, lana edertzekoa.



Joxe Goikoetxeak mahatsondoetatik zintzilik basherria hitza kulunkatu zigun...


eta Mandiotik atalean ni neu aritu nintzen autobus-bideetan neure egindakoez.



2013-10-03

Begiradaz harago




Hauxe topatu dut. Bi eraikuntza. Egiptoko txokoren batean ateratako argazkia omen da. Begira daramatzat hamar minutu eta hogei... ordu erdi daramat bi eraikuntzetako zein dagoen bestearen aurrean erabaki nahian. 

Sarri ez da aski begiratzea. Begiak betzuloetatik atera eta nola begiratu asmatzea ezinbestekoa da. Distantzia, neurriak, forma, itxura, geometria... jolas honen lekuko isila matematika da. Ilusio optiko bat izan daiteke. Badenaren eta dirudienaren arteko borroka baketsua. Izan ala ez izan. Aurrean egon edo atzean. Argi-izpien bihurrikeria. 

Gerturatzearen gerturatzeaz ia ordenagailuko pantaila irentsi dut. Ezer argitu ez eta sudurreko galanta hartu dut! Horrelakoetan distantzia hartzea izaten omen da onena, distantziatik begiratzea. Eta nik zuen eta nire arteko distantzia aukeratu dut. Lagunduko didazue erdizka argituta dagoen argazkiaren misterioa argitzen? Bi eraikuntzetako zein dago bestearen aurrean?


2013-09-30

ITAKA_ Alberto Ladron Arana_2013-9-21





Ikasturteko lehenengo Itaka saioa Alberto Ladron Arana idazle iruindarrarekin osatu genuen. Piztiaren begiak nobela beltzaz aritu ginen solasean.

Joxe Goikoetxea mandio hitzaz dilindan aritu zen zuhaitz adarretatik zintzilik.

Ezkaratzetik ataleko aurtengo solaskidea Iñaki Zubeldia; udazkeneko kolorez jantzi zigun goiza.

Eta atal berriak Ekaitz Goikoetxeak estrainatu zuen loaz hizketan lorik hartu gabe.

Zuhaitzetatik dilindan Joxe Goikoetxea:

Ezkaratzetik Iñaki Zubeldia:




Alberto Ladron Aranarekin solasean:



Mandiotik Ekaitz Goikoetxea:

2013-09-26

BAIETZ ETA EZETZ

Izugarri gustatzen zait elkarrizketa-solasaldiak nola bukatuko diren ez jakitea. Azken puntua irribarre batekin idazten saiatzen naiz, eta bai (sorgina ni!), batzuetan elkarrizketaren nondik norakoak bideratzeko ahalegina egiten dut. Dena irribarre batengatik. Merezi duelakoan nago.

Arratsaldeko 15:30ean Luborekin (noizbait eman dizuet bere berri, insitutuko garbitzaile-arduraduna da, bulgariarra) elkartu naiz irakasle gelan. Askotan partekatzen dugu bazkalordua. Askotan aritzen gara elkarri zirika. 

- Badakizu Irati, gaur hizkuntzen eguna da?
- Bai, zerbait irakurri dut bai, Hizkuntzen Europako eguna omen da. Bulgariera nolako hizkuntza da, Lubo?
- Zaila eta bakarra (único esan du berak)
- Bakarra?
- Bai, Bulgarian bakarrik hitz egiten da. Zaila da, Irati, oso zaila.
- Denek hitz egiten dute bulgariera? Eta ze beste hizkuntza ikasten da eskola eta insitutuetan?
- Frantsesa eta errusiera.
- Badakizu frantsesez?
- Ez...
- Eta hori?
- Ez nintzen ikasle ona izan... ez nion arretarik jartzen irakasleak esandakoari...
- Eta besterik Lubo? Beste bitxikeriarik?
- Ba... ez... zaila eta bakarra da...
- Eta besterik Lubo? Beste bitxikeriarik?
- Ba... ez... zaila eta bakarra da...
- Eta besterik Lubo? Beste bitxikeriarik?

Eta berak ezetz. Eta nik berriro galdetu diot. Tira egin diot. Mingainari tira hizkuntzen egunean. Eta berak ezetz. Eta nik kontatzeko beste zerbait (sorgina ni! Bai, baina, lortu dut nahi nuena). Handik hamar minutura... isilik, egunkari bana irakurtzen ari ginela:

- Badakizu, Irati? Bulgariarrak dira burua alderantziz mugitzen duten bakarrak!
- Burua alderantziz mugitu? 
- Bai, baietz esateko burua ezker-eskuin mugitzen dute eta ezetz esateko goitik behera. Munduan bakarrak.
- Ez dizut sinesten!
- Baietz, neska!
- Ez dizut sinesten!
...
Makarroiak erdi janean utzi eta ordenagailu aurrera joan naiz. Eta to! Halaxe da! 

Istorio, leienda, ipuina, jatorria... bitxia da, oso bitxia. 

Ba, begira... gaur ere non hasi eta non bukatu dugun solasaldia. Baiezka eta ezezka; buruari eta batez ere mingainari tiraka. 

 



2013-09-19

...burua joatea...


Irati atzo Iruñeako kaleetan lotsaren lotsaz masailak gorrituta

Polita da tarteka burua joatea (eta nora joaten den ez jakitea) eta itzultzen denean, zeure buruarekin lotsa-barrezka aritzea. Atzo Iruñeako kaleetan gertatu zitzaidana; halaxe, gertatu bezalaxe:

Atzetik bost gazte hurbildu zitzaizkidan. Korrika zihoazen kalean behera, kirola egiten. Haietako bat ondoan gelditu zitzaidan:

- Irati, ze muz zailtze?
- Ondo-ondo, ta zu?

(To, bi muxu! Ta zeini eman dizkioten ez dakit!) 

- Earki, hementxe kirol pixkat itten! Zizurren ondo?
- Bai, oaintxe buru-belarri lanen, kurtso hasiera finkatzeko azkeneko zirrikituk ixten. 

(zeinekin demoniokin ai naiz hizketan? Gorka ote da? Baino ez dittu begi urdinek. Ta hizkerea? Iruña inguruko hizkeratio gutxi dauke horrek... Goierri ingurukoa behar do izan. Baino, zein da? Bertsolarin bat? Ekaitzen launen bat? Ahots hori ta tono hori ta bixkortasun hori ezaunek itten zaizkit ba. Ta ezagunegie badala re esango nuke; nola esango diot ba ez detela ezautu, ez dakitela zeinekin ai naizen hizketan! Ai ama, zein da! )

- Etxe aldea?
- Bai, garaie re bada ta! Zu bai earki, kirola inez! 

(zein demonio da hola korrika aitzeko!)

- Ba, etzazula pentsa! Berrogei bat minutu eskas. Gogo haundik ez dau gaur.
- Indarra bai, baino gogoik ez?
- Indarra re gutxi, Irati!
- Ez da izango! Bueno, segi lasai, lagunek aurrea dijozte ta!
- Bai, ondo ibili ta hurrena arte!
- Aio!

(Aupa Irati! Mundiala haiz! Bi muxu eman dizkion, hire betiko laune balitz bezela hizketan aittu haiz ta ez dakin zein dan. Esango zinan, gorrittu in haiz gainea! Konturau ote den ez denala ezautu!)


Sei minutu. Sei minutuz aritu nintzen neure buruarekin borrokan. Ahots hori, ahots hori, ahots hori... sei urtetan ezagututako irakasle guztien errepasoa egin nuen. Sei minutu. Iruñean topa ditzakedan pertsonen errepasoa egin nuen. Sei minutu. Eta buruari tira eta tira eta tira eta tira egin nionean, etsitzeko ausardiarik izango ez nuela neure buruari onartu nionean... GERIZPE! Baino nola ezkutatu haiz bixera horren azpin, ile-tximak moztuta ta pittin bat argalduta! Ez haut ezautu! Ahotsa! Ze ederra den pertsonen ahotsen arrastoari usnaka aritzea. 

Eta ondorengo sei minutuak barrez egin nituen. Kalean behera barrez. Neure buruari egin nion barre, egoerari, gaizki pasatako momentuari eta burua neure onera itzulita hartutako lasaituari. Ez da gozoa burua joaten zaigunean, berriro aurkituko dugun ziurtasunik izan gabe buruaren bila aritzea. Niri askotan joaten zait; zorionez beti itzuli da bere txokora. Eta itzuliko bada, aurrerantzean ere joaten jarrai dezala; neure buruari barre egiten jarraitzeko aitzakia polita izaten da! 


2013-09-17

MIHISE ARTEKO ZALAPARTA HASPERENTSUAK




HITZA: MIHISE  

"Izara artean kukutu da". 
"Maindire artean kukutu da".
"Mihise artean kukutu da".                            Hiru kukutzeak ez dakit berdinak diren. Ez dakit maindirearen samurtasunak izararen ziztada artean lekurik topatzen ote duen. Ez dakit mihisea-ri falta zaion "zer hori" (h hizkiak hitza zulatu duela dirudi) maindireak bete dezakeen. Ez dakit izara artean eta maindire artean eta mihise artean egindako loaldi berak amets berak loratzen dituen. Hiru silabako ohean zurrungak zintzilik gelditzen dira, ohearen luze-zabalean sartu ezinda. Zurrungak lo gaudela egiten ditugun galderak dira. Edo hala direla esatea otu zait.                                                                                                              

                                                                          AFORISMOA: Zalapartak beti harrapatzen gaitu erdian.                                                                                                                                        Zinez saiatuko bagina ez genuke asmatuko geure burua erdirago ikusten. Beti gaude zalapartaren erdian, zaparradaren erdian, liskarraren erdian,  problemaren erdian...                                                                                     Ertzak arriskutsuagoak direla, hori da kontuan hartzen ez dugun bakarra. Dena. 



HAIKUA:

Isil-isilik
begiak hasperenka 
zituen baina.




2013-09-11

GORBATA


Atal berri bat sortzea otu zait: "autobusekoak" ez dago azalpen handirik eman beharrik zertaz ariko naiz ulertzeko, ezta? ;-D 


Iruñeatik Zizurrera. Irailaren 9an.Goizeko zazpiak eta erdietan.

Goizeko zazpiak eta erdi. Autobus geralekuan bi lagunek topo egin dute. Hirugarren bat barruan zuten zain. Hirugarrenaren ondoko eserlekuan eseri naiz ni. Libre zegoen. Zutik gelditu diren bi lagunetako bat dotore jantzita dago: galtza zuriak, alkandora beltza eta lepoaren bueltan aske daraman gorbata zuri bat. Lan elkarrizketa bat izango du... (hori neurekiko). Gorbatarekin korapiloa nola egiten ez dakiela esan die bi lagunei. Barre egin dute bi lagunek eta aitortu haiek ere ez dakitela asko gorbata kontuez. Ezer ez. Ez dio axola, gaur egun ezer ez jakitea dena jakitearen parekoa da baldin eta mugikor bat eskura izanez gero (hori ere neurekiko). 

Lagunetako bat jaitsi egin da. Bigarren lagunak, esku bat mugikorrean eta bestea lagunaren lepoan, asmatu du, kosta bazaio ere, korapilo txukun bat egiten. Ez dago gaizki. 8,5 altu bat. Dotore dago. Arkatza eta papera hartu ditut burutapenok idazteko... eta konturatu naizenerako gorbataduna falta. Arrastoaren bila leihotik kanpora begiratu eta...

Ni lan elkarrizketa batera zihoalakoan. Neska panpox bat zuen kalean zain. Muxu eman diote elkarri. Eta niri bi zalantza sortu zaizkit:

1.- Neskak janztea hainbeste kosta zaion gorbataz ezer esan ote dion.
2.- Kalean dabiltzanak (gabiltzanok) inoiz pentsatzen jartzen ote diren kalean dabiltzanen (gabiltzanon) istorio-iturri bihurtzen direla. 


2013-09-05

UDAN GOZATUTAKOAK (gozatutako batzuk)


ARATZ (1446 m) eta Elurzulo



Uztailaren 9an Araiatik.
Aspalditik ezagutu eta aspaldian ikusi gabeko laguna besarkatzearen parekoa. 


GORBEA (1482 m)



Uztailaren 16an Barazartik.
Trumoi hotsa poltsikoan gordeta igo ginen. Aterpean itxaroten ikasten da horrelakoetan. Pazientzia=kilo erdi fruitu lehor=kaloria mordoxka bat=gozamen hutsa.
Beraz, ondorioz, hortaz,
pazientzia = gozamen hutsa


RINCON DE ALANO (2357 m)


Uztailaren 30ean Zurizatik.
Eztarri zuloan behera mingain luze bat. Eta ni kanpaia, garrasi egiteko gogoz. 


HIRU ERREGEEN MAHAIA (2444 m ) eta PETRETXEMA (2371 m)




















Uztailaren 31n Linzatik
Goizean goiz mahaian eseri eta bazkari eder bat egitearen parekorik ez dago!




Atzeko orratzarekin gaueko festarako soinekoa josi genuen!




Han bat eta han bi. Mendian, ordea, 1 + 1 > 4 
beti?


bai, beti

ATXERITO (2378 m)


Abuztuaren 1ean Linzatik.
Inork askatzerik balu ondoko ekuazioa?
lau orkatz + edertasuna * edertasuna = ezagutu dudan mendi buelta ederrenetako - x


ORDESA-PUNTA ACUTA (2245m)-GORIZ-COLA DE CABALLO




Abuztuaren 10ean Torlatik.
Ezerezean zulatutako leihoetatik guztia ikusten da. 


TAILLON (3144 m)



Abuztuaren 11n San Nicolás de Bujaruelo-tik.
Metro koadroko arnastokia zerua sudurzuloetatik sartzen zaitun lekuan.



Metro koadroko ikuspegia infinitua kabitzen den argazkiaren erdian.



Behin zupatu eta gordetako gozokia, denborak azukretan iraun dezan luze. 


TOZAL DEL MALLO (2254 m)



Abuztuaren 12an Torlatik.
Zintzilik ibiltzen saiatu ginen, mundua burupean egoteko jaioa ez dela konturatu gabe. 


2013-09-03

Bada garaia!!!





Ez dakit blogek lorik egiten ote duten...
... lo-zorrorako garaia uda ote duten...
... ametsak begiak zabalik edo itxita egiten ote dituzten...
... ardiak zenbatzen ote dituzten...
... iratzargailurik behar ote duten...

Ez dakit oilarrek blogak iratzartzeko gaitasunik ote duten...
... blogetako egunsentiak antzematen dituzten...

Ez dakit iraila ote den esnatzeko garairik onena...
... asmo berrieti tiraka hasteko unerik egokiena...

Ez dakit... 
baina bada garaia...
...eta...
saiatuko naiz...
bloga lo-zorroan eror ez dadin,
begiak zabalik amestu dezagun,
blogeko egunsentiak oilarrekin partekatu ditzagun,
...saiatuko naiz
ni neu neure kukurrukuen iratzargailu izaten.

Ze demontre, bada eta garaia!

2013-06-24

Bizkarretik heltzea da...


Joxe eta Irati_2013-5-19

... urduritasun-irrikak partekatzen asmatzea...
... nik zurekin eta zuk nirekin egon nahi izatea...
... pausoa elkarri ematea...
... une hau eta hauxe gure egitea...
... bi zenbaki eta zerbait gehiago garela sinestea...
... errealitateari mingaina ateratzea...
... belarria belarri truk sekretuak xuxurlatzea...
...


... bizkarretik heltzea da "Aita maite zaitut" esatea

... eskerrik asko Lavilla Cerdán familiari Erribera-Moncayo inguru eder haietan asteburu zoragarri hura oparitzeagatik!

ITAKA (Koldo Zubeldia_2013-6-15)



Tarteko kristala izango da; edo Zaldibiko autobus geralekuak duen xarma; autoaren ispiluan gurutzatutako irribarreak akaso. Gorritutako masailak izango dira; edo oparitutako liburua; kantu berri horrekin egindako dantzaldia akaso. 

Hamaikagarrenez eseri gara bata bestearen parean. Tartean bi mikrofono; eta kristala. Besterik ez. Hamaikagarrenez eseri gara bata bestearen parean eta ez gara isilik gelditu. Hamaikagarrenez eseri gara bata bestearen parean eta solasak ez du isilunerik izan, irribarreak gorabehera, masaila lotsatiak gorabehera. 

Hamaikagarrenez eseri gara bata bestearen parean; eta plazerra izan da Koldo beste behin ordubetea zurekin partekatzea. 

Hamaikagarrenez... hirugarren eskuarekin hasi gara elkarrekin egindako saioak zenbatzen...


Koldo Zubeldia

2013-06-05

ARTEARI ATXIMUR EGITEN DIOGUNEAN



GONBIDATUTA ZAUDETE!!

Batxilergoko lehenengo mailako Ane Martinez De Lucok egina










Zer da artea?

Begi bistan argiak ezkutatzen duena?



Zer da artea?

Itzalek eguzkitan erakusten dutena?

Bularraldearen erritmoa?

Edo bizkar biluzien hotzikara?



Zer da artea?

Begiak ixtea edo eskuak zabaltzea?

Betaurreko beltzei areto honetan erreserba egitea?

Edo zuri begira itsutu nahi ez dudala konturatzea?





Zer da artea?

Poltsikoan giltza bat galtzen uztea?

Hots lehor bat, hots hotz bat, hots gor bat…

Zer da artea?

Iratiko basoa margotzea?

Iratiko basoa musikatzea?

Iratiko basoa idaztea?

Zer da artea?








Zer da artea?

Eraiki eta suntsitzea?

Bihotz bakartiei maitaleak oparitzea?

Betileak izerdiz bustitzea?

Irribarreak txokolate berotan aurki ditzakegula sinestea?

Sudurra zikintzea?

zer da artea?

Sudurra zikintzea?

Zer da artea?

 Bizitzari barre egitea?

Zer da artea?

Sudurra zikintzea?






Zer da artea?

Segundoak lapurtzea?

Une batez zure buruaren ikusle bihurtzea?

Isiltasunari argazkiak ateratzea?



Zer da artea?