2012-04-26

Aitor eta Irati. 25 minutu.






25 minutu. Tentsio pittin bat. Begirada dirdiraz beteak. Bost irribarre eta laurden. Algara txikiak. Haserraldi puskatu bat. Proposamen bat baino gehiago. 25 minutu... nahikoa izan zen apenas ezagutzen nuen insittutuko ikasle bat lagun egiteko. Jarritako hezkuntza neurriarengatik (zigorrak neurri bihurtu dira, neurria zein unitatetan neurtu behar den erabakitzen izaten ditugu komeriak orain!) haserre hurbildu zitzaidan. Eta hitz egin genuen. 25 minutuz. 25 mintutan idatzi zidan bere etorkizunaren tesia. Idatzi, ahoz. Ongi, kezkati, zentzuz, koherente, kritiko, indartsu... hamazazpi urteko mutiko batek egin behar duen eran. Pozik bukatu genuen hizketaldia. Eta proposamena luzatu nion: esan dizkidazunak zergatik ez dituzu ipuin batean biltzen? Hortxe duzu aitzakia polita: institutuko literatur lehiaketa.

Apirilaren 24a. Institutuko Lengua eta Literatura Mintegiak literatur lehiaketaren sari banaketa antolatu du seigarren saiorako. Parte hartu duten guztiak (100 bat ikasle, bejondeizuela!) daude aretoan, tartean Aitor.  Hiru hilabete pasa dira 25 minutuko hizketaldi hartatik. Hiru hilabete bizitza oso bat da 1200 ikasleko zentro batean. Egunero gertatzen diren guztiak alez ale bata bestearen ondoan jarriko banitu munduari bira emango genioke. Hiru hilabete mundu oso bat da 1200  ikasleko zentro batean. Pasabidean gurutzatu izan dut Aitor, zer moduz dabilen ere galdetu izan diot, baina, 25 minutu haiek hor nonbait galduak nituen, munduari bira ematen, Ozeano Bare inguruan edo. Aretoan ikusi dut Aitor. Ezustean harrapatu nau. Batxilergoko mailan lehenengo saria jaso du. Puy irakaslea ari da bere ipuina irakurtzen. Ikasle bat psikologoaren bulegoan dago. Hizketan ari dira. Kolore arrosez margotutako etorkizunaz hizketan. Ezagunak zaizkit ikaslearen hitzak. Ezagunak zaizkit psikologoaren hitzak. Ezaguna zait elkarrizketa. Ipuinaren irakurraldiak iraun duen bost minutuan pasatako hiru hilabeteak korapilatu zaizkit. Laxo polita osatu du korapiloak. Ekitaldia bukatu denean, zain gelditu naiz. Parte hartzaile txikienen buruen gainetik eskua eman diot Aitorri. Zorionak. Begia kliskatu dit. Irribarre egin diot. "Zerbaitetarako balio izan zuen, eskerrik asko" esan dit. Lan bikaina idatzi du. Esperientzia ipuin bihurtu du, eta ipuina errealitate. Sekulako ilusioa egin dit. Literatura bizitzari hozkaka dabilen suge txiki jolastia dela frogatu diot neure buruari. Beste behin. Lan bikaina egin du Aitorrek. 25 minutu. Horixe ipuinari jarri dion izenburua. Bai, Aitorrek badaki bere etorkizunaren tesiak 25 minutuko neurria duela. Eta 25 minutu asko da. Bizitza oso bat.



2012-04-25

ITAKA (Joseba Lozano_2012-4-14)



Zulo batzuk handiak izaten dira eta beste batzuk txikiak. Oso txikiak. Zulo batzuetan oihartzunak hankaz gora egiten du irrist. Isiltasuna hanka puntetan ibiltzen da beste zulo batzuetan. Zulo batzuk begiak ixten ditugunean sortzen dira, beste zulo batzuk ez dira existitzen, iluntasun huts dira. 

Argi txiki batekin jolasean zebilen mutilaz oroitu naiz gaur. Argi txikia zulo handi batean sartu zuen eta zuloa estali zuen gero. Eta begira gelditu zitzaion zulo estaliari eta barruko argiari. Amari esan zion gero, hiru orduz zulo estaliari eta barruko argiari begira egon ostean, amari esan zion: "zain egoten ikasi dut". Eta amak ulertu zuen zain egotea estalitako zulo baten barruko argiari begira egotea zela, eta berak ere ikasi beharko zuela zain egoten. Argi handi bat zulo txiki baten barnean sartzen saiatu zen orduan. Ama amondu egin da eta mutikoa gizondu. Amak ez du sekula zain egoten ikasi. Argia atera egiten zaio zulotik. Semeak ez dio esan zulo handiago bat aurkitu beharko duela  eta amari ez zaio bururatu. Ordularirik gabe bizi dira biak, badaezpada ere. 





 


Joseba  Lozano -> Zer den liburu bati hozka egin nahi eta liburuak berak zu hozkatzea. Argiarekin edo argirik gabe, kontua erreinua zure egin nahi izatea. Asmatu ezean, biak, argia eta erreinua, Josebak jarri dizkigu eskura. Idazle gasteiztarra "Argiaren erreinua" bere lehen eleberria hartuta etorri zen Itakara apirilaren 14an eta gu pozik, Itakako erreinuari argi berri bat zintzilikatu geniolako.


Imajinatu zure burua Pragan lainope ilun misterioz betean. Imajinatu zure burua kale estuetan barna korrika, atzetik nor dabilen oso garbi izan gabe... Imajinatu zure burua liburuko orriei atximur egiten beldurra, jakin-mina, ezustea... bultzak ari zaizuna zer den oso garbi izan gabe...  Imajinatu zure burua "Argiaren erreinua" liburuaren baitan,  apirilaren 14ko irratsaioa entzun bitartean... gustatuko zaizkizu... biak... Josebaren liburua eta Josebaren solasaldia...

Egin klik!

2012-04-24

GALDU




Galtzen dira, adibidez, orratzak. Sekula existitu ez, eta bat-batean azaltzen diren zirrikituetan galtzen dira orratzak. Eta hariak solte gelditzen dira galdutako aorratzen bila hasteko gogo handirik gabe. Galdutako orratzak galdu egiten dira eta kitto. Zirrikituak itxi egiten dira eta kitto. Erraza da galdutako orratzez ahanztea.

Galtzen dira, adibidez, futbol partidak. Belaun arteko ubelduretan galtzen dira puntuak. Galtzea da, ez irabaztea; bularra bularraren aurka estutzeko aukerarik ez izatea, futbol zelai batean inurri sentitzea. Galdutako futbol partidekin egunkarietako orriak gizendu egiten dira. Puntuak galtzea da kiloak irabaztea. Hiru puntu hiru kilo.

Galtzen dira, adibidez, aukerak. Ezerezetik sortutako bidegurutzeetan nora ezak irensten dituen tren geltokietan galtzen dira aukerak. Eta jkin-mina zintzilik gelditzen da hautatu gabeko gozokien inbidiz. Galdutako aukerek arnas-bideak itotzeko baino ez dute balio. Galdutako aukerak birziklatu egin beharko genituzke.

Galtzen da, adibidez, burua. Haize bolada ekaitz, tximista, euriz beteetan galtzen da burua. Burua galtzen denean, izugarrizko arindua sentitzen da. Ederra da burua galduta ibiltzea. Buruz behera ezin eta hankaz gora ibiltzen garelako burua galtzen dugunean. 

Galtzen da, adibidez, birjintasuna. Eta bitxia da, aurkitu eta galdu sinonimo bihurtzen dituelako sexuak. Birjintasuna galtzea zuloak egitea baino zuloak betetzea da. Poltsikoetan nabari da galdutako birjintasunen arrastoa. Galtzetako poltsikoetako zuloetan galtzen da batez ere birjintasuna.

Baina, haria galdu baino lehen esan nahi nuena, aurreko batean kartapazioa (estutxea) galdu nuela kalean, barruko arkatz, boligrafo eta USB-ekin. Haria galdu baino lehen esan nahi nuena, azterketak eta ipuinak eta olrkiak eta idatziak galdu nituela kalean. Eta ipuinetako protagonistak irudikatu nituela azterketetako matematika ariketekin batera lekuz kanpo euren nora ezean galduta. Eta haiekin batera galduta sentitu nintzela ni ere. 

Galduta sentitzea da norbaitek aurkituko zaituen esperantzarik ez izatea. Esperantza, ordea, galtzen den azkena izaten omen da. Eta eskerrak. Ipuinetako protagonistek eta azterketetako matematika ariketek gau zoro bat galduta egin arren, itzulerako bidea egiten asmatzen dutelako orratzek eta futbol partidek eta aukerek eta buruak eta birjintasunak ez bezala. 

2012-04-23

Ura leitu


HITZA: LE(I)(LO)TU 



Liburuak le(i)(lo)tzeko lagunak dira; leitzeko (letzeko zenbait herritan), lotarako edota lelotzeko adiskideak. Liburuei eskua ematen edo atximur egiten zaie; liburuak busti eta zimurtu egiten dira, denboran galdu eta zahartu; liburuekin lelotu egin zaitezke, hitzekin maitemindu, pertsonaiekin haserratu eta idazleekin oheratu. 

Letzea, leitzea, irakurtzea (hau da, liburu bati ipurditik heltzea) plazera da. Idazlearen garrasiekin zeure isiltasunak gozatzen ikastea.







AFORISMOA: "Urpekaria kuxkuxean uretan zuloak egiten."



Bazen behin guraizeak hartu eta itsasoan txuloak (ez, zuloak) egiten zituen (bizilagun bat?). Ikusteko bakarrik, ikusteko uraren bestaldean zer egon daitekeen (zer dagoen ezagutzen zuelako).

Urteak daramatza txuloak egin eta txuloak egin itsasoa bera zulo handi bat dela konturatu gabe.

Denbora tarte honetan itsasoa hartu du kuxkuxerako lagun. Itsasoaren zurrumurruak maitemindu zuen behin.





HAIKUA:

"Liburuaren
azalean hezur ta
mami guztiak"



2012-04-18

ITAKA (Migel Anjel Mintegi_2012-12-24)


"Elur gaineko arrasto birjina begirada beltzak irentsi du.

Badira hiru aste tontorrerako bidea izotzak irristan eraman duenetik, eta pausoak uholdeka-uholdeka bertan itotzen dira. Postontzia dago mendiaren tontorrean, eta liburu bat postontziaren barnean. Liburua da elur gaineko arrasto birjinen lekuko bakarra. Negua ez balitz, edonork pentsatuko luke elur gaineko arrasto birjinaren belztasuna inurri talde baten prozesio sigi-sagatia dela, baina, neguak parean harrapatu du elurra eta arrastoak ez dira inurrienak. Norbait dago atezuan, haran elurtuko oihartzun galduen bilduma egiten; norbaitenak dira uholdeak, norbaitenak dira itotzen ari diren pausoak. Norbaitena da postontziko liburua, baina, hain dago geldi ingurua... hain dago zuri... eta ni ezereza beltza zelakoan, heriotza bezalaxe."

- Mendiko postontzi batean, Migel Anjel, zer utziko zenuke?

Horrela hasi genuen abenduaren 24 urruti hartako (sentitzen dut atzerapena... baina... denborak urrutikoa bihurtzen ote da?) solasaldia...



 


Migel Anjel Mintegi -> Donostia Hiria Lehiaketa. Irun Hiria Lehiaketa. Hogei urte. Hamar liburu eder. Gazte literatura. Heldu literatura. Igande goizetan, goxo-goxo, herriko frontoi txikira hurbiltzen den idazlea. Larunbat goizetan halako musika ederrak aukeratzen dituena. Eta... irratira iritsita... irrati esatariari kulero salatzaileak oparitzen dizkiona. Zergatik? Auskalo!

- Zergatik Migel Anjelek Iratirentzako kulero salatzaileak?

Horrela egiten du aurrera solasaldiak... 

Kuleroekin eta literaturarekin jolasean aritu nahi izanez gero... egin koxk, abenduaren 24an egin genuen saioari!



2012-04-17

MUNDUA eta gu



Apirilaren 15a, bazkal ordua Beasainen, mahai inguruan parez pare Ekaitz eta Irati, beste askotan bezala:


- Mundua bukatuko omen da abenduan...
- Berriro?
- Egunkarian irakurri dut.
- Bi aldiz buka daiteke zerbait?
- Bukatuta bizi gara?
- Umetan negarrez ikusi zintudan...
- Nik ez nuen mundua buka zedin nahi.
- Nik esan nizun...
- Anaia zaharrak beti izan zarete fantasma samarrak.
- Gogoratzen? Arratsaldeko bostak eta erdietan bukatu behar zuen...
- Eta bukatu zen?
- Nik esango nuke baietz.
- Mundua bukatzea zer da?
- Egutegiko orrialdea erauztea.
- Ah.
- Negar egingo duzu berriro?
- Nire ondoan egongo zara?
- Noiz?
- Mundua bukatzen denean...
- Bukatu daiteke bukatuta dagoen zerbait?
- Mamuak existitzen dira?
- Eta arreba txikiak? Existitzen dira arreba txikiak?

2012-04-16

Egia ausiki


HITZA: AUSIKI

"Txakur zaunkaria ez da ausikilaria." 

Hozka umeak egiten du edo zakurrak edo maiteminduak edo urduri dagoenak.  Hozka itsasoari egin diezaiokezu edo zintzilik jolasean dabilen armiarma sareari.

Ausikitzen duenak paretak hausten ditu eta paretak hausten dituenak sekula ez du ikusten bestaldean dagoena. Ausikitzen duenak paretak hausten ditu eta paretak hausten dituenak paretak bere baitan duena ezagutzen du.

  

 AFORISMOA: "Umeek eta mozkorrek esaten dute egia. Eta entzun? Nork entzuten du egia?"

Bazen behin egia gordinen bilduma egiten zuen (bizilagun bat?). Egia gordinak sukaldatu gabeak dira, urez betetako lapikoetan irakin beharrik gabe bizirauten ikasi dutenak.

Egia gordinak ezpain ertzetan pilatzen dira zauri txiki bihurtzen diren arte. 

Bizilagunaren bilduman ezpainak ikusten dira egiak baino gehiago.

HAIKUA:

"Simaur artean
usaimena igeri
crol estiloan"



2012-04-03

ITAKA (Lehiaketak_2012-3-10)



Ume baten begiradak ezinezko ipuinak kontatzen ditu. Ume baten begiradak hankaz gora jartzen du irudimena. Ume baten begirada hiztegi ibiltaria da, amaitzen ez den jolasa, araurik ez duen kaosa. Ume baten begirada irakur daitekeen libururik ederrena da, ukitu daitekeen haize boladarik indartsuena. Martxoaren hamarrean Itsasne eta Ixiar Saavedra Baztarrika amatxo Idoiarekin Segura Irratian izan ziren. Maddi Aiestaran Iparragirre aitatxo Benitorekin etorri zen. Eta ongi pasa genuen. Ongi ez, primeran! Kontari eta kantari aritzeaz gain, Maddonarekin, Manu Chaorekin, Itoitzekin... dantza egiteko aukera ere izan genuen. Haur kozkortzen hasiak badu, badu zerbait berezia. 

Beasaingo idazlan lehiaketa izan genuen hizpide. Hirukotearekin batera Lierni Garmendia ordiziarrarekin, helduen mailan poesia eta prosa alorrean lehenengo saria jaso duen idazle gaztearekin, solasean aritu eta Pakistanerainoko joan-etorria egiteko aukera izan genuen. 

Goizeko beste gonbidatuetako bat Joxe Mari Iparragirre izan zen, abila zela (Joxe Mari) Aitor Albistur eta Iñigo Legorburuk kontatu ziguten. Iparragirre sarietan saridun atera den bikoteak. 

Martxoaren 10eko irratsaioa irribarre pilaketa bat da, eta irribarre pilaketen gainaldean badakizue zer egoten den... ez dakizuela? Saioa entzutea onena, orduan!



2012-04-02

ITAXURA ETA HIRUSTA. Nork zirikatzen du nor?



HITZA: ITAXURA

Esandakoak poltsikoan sartzen ditut nik. Imajinatu itokin bat poltsikoan. Imajinatu etengabeko ur jarioa; tantaka-tantaka bai, baina, etengabekoa. Etengabeko tantek haria sortzen dute.

 Imajinatu poltsikoan urezko hari bat. Tan eta tan. Imajinatu putzu bat. Poltsikoan. Eta poltsikoan gordetako guztiak igerian. Flotagailuarekin.

Esandakoak poltsikoan sartzen ditut nik gogoan hartu baino lehen. Nahiago dut itaxura poltsikoan buruan baino.

AFORISMOA: "Lautada soilduaren erdian hirusta bat harro"

Bazen behin lau hostoko hirustaren bila hasi eta hiru hostokorik topatu ez zuen (bizilagun bat?). 

Bila dabilenak eskura duena ahanzteko joera izaten du sarri. Bila aritzen ez denak eskura duena galtzeko joera izaten du sarri.

Besterik ez dagonean, dagoenak itsutu egiten gaitu. Eta dagoenak itsutzen duena galduta ibiltzen da bere buruaren bila hasten denean batez ere. 

Horretarako dira onak lautadak; bila aritu beharrik gabe "zerbait" aurkitzeko. Bizilaguna (bizilaguna?) aurkitu ostean hasi da bila.


HAIKUA

"Zirikatzaile
on baten eskuetan
orratz kamutsak"