2015-02-24

Bazen behin...

Vielhan_2015-2-15_Koko-Kiki-Kuku eta nire eskua


Bazen behin esku ahurra. Eta irakurtzen ikasi zuten. 


2015-02-23

ITAKA_Koldo Zubeldia_2015-2-14

Koldo Zubeldia Segura Irratian_2015-2-14



Hamazazpigarrenean aidanez; inoiz baino indartsuago, inoiz baino umoretsuago, inoiz baino erotikoago, inoiz baino gertuago... Aldiko, aldiko, milimetroka-milimetroka laburtzen da bion arteko distantzia. Mozorrotuta ibili ginen sudur gorri eta begi bakar. Ongi pasa genuen; batez ere, ongi pasa genuen. Eta ikasi, asko ikasi genuen. 

Mila esker, Koldo! Beste behin, plazera izan zen. 


2015-02-12

ITAKA_Ana Gisasola_2015-12-30

Ana Gisasola Segura Irratian_2015-1-30



Indarra. Barne ohiartzunen garrasia, begirada distiraz beteen sakontasuna, pauso ibiltariak korrika. Indarra.  Bazen behin paper zuri baten gainean indarra marraztu zuen emakume bat. Marraztu zuen zirkulu bat, eta zirkuluaren barruan irudikatu zituen esku bi. Ispilu aurrean itsatsi zuen marrazkia eta behin eta bi aldiz errepikatu zion bere buruari: hau nire indarra da. Ispilua pitzatu egin zen  eta kristal txikien ttinttirrin hotsak behin eta bi aldiz errepikatu zuen: hau nire indarra da. Hau nire indarra da. Emakumeak banan-banan itsatsi zuen kristal hautsi bakoitza; ispilua berreraiki zuen eta ispiluaren xuxurla goxoak  behin eta bi aldiz errepikatu zion: Hau zure indarra da. Hau zure indarra da. Emakumeak marrazki asko egin ditu azken urteetan. Marrazki horietan ez dago marrarik, ez dago arrastorik, ez dago margorik paper zurietan.  Ezer ez simulatuak mundua islatzen dio. Ez du ispilurik behar. Badaki indarra berea dela. 





Indarra sartu genuen poltsikoan Ana Gisasolarekin batera. Orain gutxi argitaratu du "La fuerza está en tu interior" liburua eta dagoeneko bigarren argitaralpenarekin aurrera doa. Zorionak, Ana eta eskerrik asko urtarrilaren 30ean emandako ikasgaiengatik. 


2015-02-11

ITAKA_Mikel Alvarez_2015-1-17

Mikel Alvarez Segura Irratian_2015-1-17

Maleta bat egitea erraza da, maleta bat betetzea zaila. Maleta batean sar daitezke bost jertse eta hiru galtza, sei galtzerdi pare eta zortzi kulero Maleta batean sar daitezke hiru kezka eta bi oroitzapen, lau iritzi eta bost irribarre.  Maleta batean sar daitezke beldurrak eta irrikak, izerdiak eta korapiloak, lotsak eta isiltasunak. Maleta bat kobazulo bat da, sumendi bat, lurjauzi bat. Maleta batekin mundua konkista daiteke eta burua galdu. Maleta bat egitea erraza da. maleta bat betetzea zaila. Zure baitango zirrizkuak kabituko dira beti. Maleta batek infinitu zulo ditu. 




Mikel Alvarez gazte beasaindarrarekin aritu ginen solasean urtarrilaren 17an. Atalka-atalka "Finlandia" liburua argitaratzen ari da, internet bidez eta liburu forman. Maleta esku artean, ederra Txomin eta Mikelekin egin genuen bidaia. 

Txominek, Finlandia-ko protagonistak, kantu bat oparitzen-lotzen die inguruko pertsonei. Mikeli saioaren bukaeran Itakari kantu bat oparitzeko eskatu nion. Hauxe tatuatu zigun itakazaleoi eta uste dut bete-betean asmatu zuela. Mila esker!





2015-02-10

ITAKA_Toti Martinez de Lezea_2015-1-10


Zer da hilabete denbora tarte horretan oroitzapen gozoen zukua indartu egiten bada? Urtarrilaren 5ean Toti eta Albertoren etxean egoteko zoriona izan genuen. Goizean Mañariartik Mugarrarako irteera zoragarriaz gozatu ondoren, bazkalostea goz(x)atzera joan ginen Larrabetzura. Toti eta Albertoren etxeak beso zabalik hartu gintuen. Hitz egin, solastu, jolastu genuen eta emozionatu egin ginen. Etxera grabagailua Totiren ahots potentearekin jantzita eraman genuen; hala osatu genuen urtarrilaren 10eko Itaka saioa: Totiren ahotsarekin, eta presentziarekin. Esperientzia zoragarria izan zen eta adiskidetasun-harreman eder baten hasiera. Eskerrik asko, bikote!



Totiren etxean urtarrilaren 5ean. Argazki Alberto Albaizarrek ateratakoa da. 

Laino arteko elurretan begiradak izozten diren ezpainarteetan istorioak kontatzen dira iraganeko koadro behe lainoz beteei buruz. Zaldiak datoz trostan, indarrez, kolpeka-kolpeka, lurra esnarazi nahiko balute bezala. Sorgin baten kantu-irri-hitzetan herensugeak dantzan dabiltza jentilen arnas-hotsen erritmora. Lamiek begiak itxi dituzte eta badatoz, badatoz haizetan ito ziren isiltasunak, beso mutilatuz marraztutako besarkadak. Badatoz, badatoz, sustrai bihurtu ziren itzalak. 






Plazer bat izan zen, plazer bat izaten ari da! Eskerrik asko!


2015-02-09

Entzun isiltasuna

Izaspira bidean. Jon Esnaola izaldarraren argazkia

Bost lagunen arteko isiltasuna mundu zuri bat da (eta garrasika ari da)