2011-04-23

AIZKORRI (1528 m)-ELURTZULO (1430 m)-ARATZ(1446 m)




Zalantzak berarekin ekartzen dituen opariak... Hasierako asmoa Aizkorri igo eta jaistea zen. Aizkorriko gainean erabaki dugu ohiko bidetik jaitsi ordez, eta Urbiako buelta luzetxo egingo zitzaigula iritzita, Oltza aldera jaistea. Txabolagune ederra da Oltzakoa, ez dut uste inoiz bertaratu garenik (beti zuzenean Urbia aldera egin izan dugu) eta aukera polita iruditu zaigu gure ibilia luzatuz bertaratzea. Baina, beherakoan asmatu ez, eta bidegurutzeak ihes egin digula ohartzean (bidegurutzeak ihesbide), erabakia braustakoan hartu dugu... goazen Aratza! Aspaldiko urteetan egon gabea, oso gustura heldu diot gorako bideari. Aizkorrin utzi ez dudan bertsoaren arantzari tira egitea nuen helburu, eta goiza hobeto zukutzea, eta Arabako lautadari begia luzatzea, eta bidean berriro Kukua kantari harrapatzea, eta... jolas berri baten arrastoa harkaitz artean uztea. Espero ez nuena... Aratza bidean Elurtzulorekin topo egitea.



Laino artean eguzki printza
masailetan irristari,
pago gerriak besarkatuaz
naturak jarri nau adi,
Kuku kantuak ezkututikan
ipini gaitu dantzari,
Aizkorri gainai muxu emanda
Aratz zugana kantari,
maitasun grima hartzen baitiot
zure besoarteari.


Bertsoarekin arantzari tira egin diot, Arabako lautadari begia luzatu diot, Aratz gainean Kukuak berriro egin dit ku-ku eta... bai, jolas berri bati hasiera ere eman diogu. Bizitza jolas bihurtzen saiatzen garelako, uneoroko gozamen. Bi paper zati utzi ditut Aratz gaineko postontzian; bat bertsoarekin eta bestea bertso puntu batekin. Eta hortxe jolasa... bertso puntua erantzuten duenari liburu bat oparituko diot. Badakizue, mendi zoragarri bat ezagutu eta bertsoari heltzen badiozue... zain izango nauzue...

"Berriro itzuliko
al zara Aratza?
.........................
........................."


2011-04-19

ELKARRI ZIRIKA


Hamabostean behin ikusten du argia Goierritarra aldizkariak. Tarteka bertan idaztea egokitzen zaigu Ekaitzi eta bioi, gai bat aukeratu eta gai horri tiraka aritzen gara. Hauxe azkeneko aleari egin diogun ekarpena; sormena, politika, ingurumena...:


Aupa Irati!

Lurre ez ezik, lurtarrak e ikeauta gailtzen aspaldin. Hilaete zaamanau lurrei lur ematen, hilaete bizihusten, gorpu, hiltzeko denborik bae. Japonen lurreatzea eabaki ziñan itsasok, gueganaño hurreatzea ikarak. Hitzen morfologi ta semantikek e nekez eusten zieten etenbaeko moimendu sismikoi, natur indarren uneoroko zimikoi ta bokalak jun-etorrin zailtzen kontsonante arteko amildegitan, eskolak eskala ta eskalak eskela bihurtzeaino. Bai, Richter-enean be, elkartasunen eskalan ondutako azken aurrek ikasgelatako paetatan zintzilikauta ein nahi izan zienau guk lurrek lurpeautako anai-arrebai omen.

Sorminetan gailtzen, bai, hamasei-hamazazpi urteko ikaslekin; goizero berrik munduatzen dien zerupe hontan mundue berrittu nahien, ta Miayagi, Iwate ta Fukushima zeharkau ondoenen, Lazkao, Ordizi, Zizur ta Burlatan barna luzau nahi izan diñau bidaia literarioa ikasgelan landue ikasgelako lau paetatatik kanpoa eta, ta adinkide ditteun neska-mutikokin konpartitzea aberasbide deula sinestuta, akordeoi, zeharkako txirula ta biolontxelon konpañin, guk ondutako ipui, olerki, elkarrizketa ta melodik ezautaraztea helburu. Biden, ertzak leundu ta mundue 360ºko angelun boroiltzen ikasi diñau, gorputz bereko atal izaten, alkarrengana arrimatzen, herrimatzen.

Bai, maiatzan hoitabiere ai den arrimatzen, baño usteñat guri gehixeo kostauko zaiula herrimatzen. Bat gatozenen ezin batea jun ta batea jun nahi deunen ezin bat etorri, nola deitzen zaion horri? Garai, amets, bide ta aukera berrik dizkiñau, baño badakiñ, pausok ematen dienen urratsak nahi ta bestela jai. Eta asko ez danen aski, gaizki. Ta ze nahi den esatea, nik sortu nahi diñat.

Ekaitz Goikoetxea


Aupa Ekaitz!

360º… beti gustau izan zaiak zirkunferentzik (bakik matematikarion burun borobilek zirkunferentzi itxurea hartze´ik) trazatzea, ziurrenea behiñe ondo ateatzen ez zaizkialako, ta ikaslek parre itten dielako. Gustatze zaizkiak algara une hoik, eskue arbelea eaman, tiza-hautsei astiñaldi bat eman ta algarak baretzeako beti lortzen baitiat zirkunferentzi zirkunferentzigo bat ittea. Saiatzea dek kontue. Ta bakik; pierreberbi. Zenbat ta zirkunferentzi zirkunferentzigoa in, zikulun azalerea ordunda haundigoa izango´ek, ta zirkulun azalerea haundigoa badek, bakik... hi ta ni kaitzen gean tokin hue re sartuko´ek.

Sartzeko sortu in behar dala alegie… o … e´neok oso ziur, sortzeko sartu in beharko´ek akaso… baiño igual tziok, guk alkarrekin baiño leno ikasiko die ta ak eta ok hitz beren alkarbizitzen. Sortu ta sartu ta bildu. Bai, herri hontan aurreapausok ematen ta etorkizune sortzen jarraittu (hasi, badek garaie!) behar badiau, ez zeok zirkulun barrua sartu ta bildu ta sortu beste erremedioik. Dan-dan- danok; zirkuluk ez dik eta ezker ta eskuin, gain ta azpiz ulertzen. Zirkunferentzik e hasi ta bukau beti ez diela toki beren itten sinisten hasi beharko diau noizbait!

Mundue re norbean zilborren hasi ta bukatze ez dan bezela. Japonia, Garoña, nuklearrak, eolikok… Beldur nauk Garoñan itxierea gure gertuko arrisku-zirkulun barrun sartzen dalako soilik eskatzen dala. Ez al zaik miserablea iruitzen? Igual tziuk Japonik o Frantzik su hartzen badie re. O igual tzaigula erakusten die behiñipiñ gure euneroko eikerek, gobernu, enpresa erraldoi ta interes danan gaiñetio gu geu baikaittuk nuklearrai tira itten diounak. Eak baditek ean ardurea, ta ez gutxi gaiñea, baiño, norbean ohitturak aldatzen hasten ez gean bittarten, gaiñeako eztabaida danak antzuk ta indarrik pekok ittuk. Ta nik ez diat esan nahi XX.mende hasierako zaldi-gurdita bueltau behar geanik; zurie ez dana ez dek beltza, ta beltza ez dana ez dek zurie. Egoera bakoitzek bee erdigunea dik ta ez badik sortu in beharko diau. Sortu ta bildu, herrie ta mundue zaku beren.

Bitarten, sormen on!

Irati Goikoetxea

2011-04-18

UBERA GOSE



HITZA: UBERA

Ubera da... kantu baten arrastoa, kantu baten esanahia,
pianoaren dantzaldia, Pello Irizarren hatzen itzala, Benito Lertxundiren diskoetako baten esentzia.

Ubera da begiak itxi eta sentitzea, sabel biluziaren gainean
itsasertz gaziaren laztana sentitzea. Ubera da igerian ikasi duen hari bat, uraren infinitu amaigabean nekatu gabe itotzen dena.

Ubera txalupa baten heriotza da, joanak
atzean uzten duen oroimena. Ubera gelditzen dena da.

Begiak itxi eta
entzun bazoazela.

http://www.goear.com/listen/b58ead7/uhera-benito-lertxundi




AFORISMOA:
"Tripa-zorriak izan eta buruari hazka egin."


Goseari hazka egin zorriek sabela ase dezaten... Gosea... lau zomorro ttikiren jolasa; gosea... hazkura hazkagaitza; gosea ozpin txorroten azpian lasaitzen ez den mina; gosea zorri-festa.

Gosea pentsamendu kateatua da.



2011-04-16

ITAKA (Lazkao Txiki_2011-4-9)



LAZKAO TXIKIRI KANTARI

... eta Abaliñen eguzkiak eztanda egin zuen, irriari bizitza oparituz...

Baserri zaharrean ikasi nuen amaren bularretik maitasuna edaten, zure kantuaren goxoaz zoriona irudikatzen.

Baserri zaharrean ikasi nuen zure begirada irakurtzen, egunaren haurtzaroa kulunkatuz egunsentia miresten, baserri zaharrari bihotz barrenean minik ez eragiten.

Baserri zaharrean ikasi nuen kukuak ez duela kalendario beharrik noiz etorri eta noiz joan jakiteko.
Baserri zaharrean ikasi nuen, zuk irakatsi zenidan bezala...

... eta Abaliñen urretxindorrak sentimenduei abestu zien, zure ezpainartetik.

Udaberriaz erditu ziren zure muxugorriak, apaltasunaz zure bihotza. Arkume jaio berriaren pikardia, iluntasun galduaren argia. Errekasto bihurriaren uretan zipriztindutako sorgin ttiki maitagarria.

Umorea zerien zure errota jostarian ehotutako hitz landuei. Udaberria erein zenuen izotz ondoko belardietan malkoa irri artean loratuz.


Baina ilargitik zintzilikatutako kantuari ahotsa isiltzen zaionean, amapolaren esentzia odol malkotan urtzen da.

Geroztik, goizero jartzen natzaio ispiluari begira, ximurtzen hasitako azala zure ateraldiekin leundu nahian.

Geroztik, gauero egiten dut hegan izara artetik izar artera, zu esnatuko zaituen iratzargailuaren xerka; ilargitik zintzilikatutako kantuari ez baitzaio abesten ahaztu baserri zaharreko egunsentietan.


Lazkao Txikiz aritu ginen apirilaren bederatzian irratian solasean; bere heriotzaren hemezortzigarren urteurrenaren bueltan omen egin nahi izan genion bere bertso eta kontuak gogora ekarriz. Iñaki Murua bertsolariak, Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga gai-jartzaileek eta Nerea Barandiaran ilobak Lazkao Txikiren marrazki ezberdin irribarrez beteak margotu zizkiguten. Ekaitzek bere zenbait bertso kantatu zizkigun eta Joxe Goikoetxeak Joxemielen bizitzaren nondik norakoak kontatu zizkigun. Andoni Egañaren Tximeletak Sabelean diskoko "Lazkao Txiki" kantuarekin eman genion saioari amaiera. Halere, saioa amaitu aurretik Ordiziako Oianguren institutuko Itziar Zabalegi ikaslea errotari lanetan fin aritu zen. Eta ezin ahaztu Patxi Ezkiagak saioari hasiera emateko oparitutako olerki ederra.

Saio zoragarria apirilaren bederatzikoa, oroimenaren zulotxoak irribarrez janzten dituen horietakoa. Mila esker koadrila Lazkao Txikirekin batera kantuan aritzeko aukera emateagatik!

Saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk! Eta ordenagailuan jaso nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-ITAKALazkaoTxiki_201149729.mp3

2011-04-15

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (XXV)


Pentsatzen dut beraz, banaiz. Naizelako pentsatzen dut? Zerk egiten dio bultza zeri, aurretik doanak atzekoari edo atzekoak aurrekoari? Hau absurdua bada, honen atzetik datorren guztia ere absurdua da? Nik zuri zerbait ematen badizut, zuk ere beste zerbait bueltan emango didazun ziurtasuna ba al dut? Hau gertatzen da baldin eta soilik baldin hori gertatzen bada. Horrek esan nahi du hau gertatzen bada, hori ere gertatzen dela. Orduan... lainoak badaude euria egingo du? Ez, noski! Euria ari badu, ordea, lainoak daudelako izango da... Zer? Ero punttuak emanda al nabilen?

Logikarekin ari dira batxilergoko ikasleak. Ez, tamalez, Matematika ikasgaian ez, Filosofiaren barne-atal gisa ari dira Logikaren trikimailuak ikasten. Logikak (baita Logikak ere) estu lotzen ditu bi jakintzagaiak, Matematika eta Filosofia. Orduan... Matematika gustuko dut baldin eta soilik baldin Filosofia gustuko badut? ;-)

Bo, burua nahasten hasi aurretik to gaurko problema filosofiko-matematiko-logikoa:


MAHAI GAINEKO KARTAK


Mahai gainean lau karta daude. Ahalik eta mugimendu gutxien eginda, ondoko baieztapena egiazkoa den erabaki behar da:

"D bakoitzaren atzean 5eko bat dago"

Mahai gainean dauden kartak horrela ikusten dira:

D 2 A 5

Egindakoarekin ziur egon zaitezke?


Animo! Eta ez ahaztu, naizelako pentsatu beharko nuke.

2011-04-14

PAUSO BAT baino ez




Pauso bat...
isiltasunaren garrasia herren doa

bide erorian gora.

Pauso bat...

zapirik gabeko begiradek

itsu egiten dute bidearen marrazkia.

Pauso bat...
duintasuna zulo artean bizi da;
zulo artean bideak ur-putzutan bizi dira.

Pauso bat...
memoria hegan doa.


Pauso bat baino ez.

Pauso bat ondoan egoten jakitea da, ez besterik.



Iruñeko Golem zinemetan izan nintzen atzo "A un paso" dokumentalaren aurkezpenean. Txabi Ruizek zuzendutako dokumentala Nafarroako Memoria Historikoari buruzkoa da. Dokumentalak ahotsa jarri nahi izan die aspaldian isiltasunaren oihartzun mutu bihurtuta zeuden sentimendu eta oroitzapenei. Biktimen zuzeneko ahotsa jasotzeaz gain, esparru ezberdinek (psikologia, hezkuntza, zinema, historia, musika, soziologia) gaiarekiko duten iritzia ere bildu nahi izan dute. Emaitza: bikaina.

Ordubete pasatxoan ikusi, entzun eta hausnartzeko tartea izan nuen. Gainezka zegoen zinema-aretoa. Atze-atzeko aulki batean esertzeko zortea izan nuen. Tarteka pantailari eta tarteka aurrean nituen buru txiki guztiei begiratzen nien. Zirraragarria. Batez besteko adina hirurogei urtetik gorakoa izango zen. Gazteak ere baziren inguruan. Eta buru txiki horien itzalean seme-alabak eta bilobak ikusi nituen. Eta buru txiki horien itzalean oroitzapenak berpiztu dituen gorpuen duintasuna ikusi nuen. Helena Tabernak "La buena nueva" pelikulan ongi adierazten zuen bezala... "Zertarako egiten duzu hau?" "Ez ditugu berpiztuko, baina, ahanzturak berriro erail ez ditzan, horregatik egiten dut. "

2011-04-11

ASPERDURA IDAURRAN KATEATUTA


HITZA: IDAUR

Izugarri gustatzen zaizkit ama-hizkuntzak poltsikoan ezkutatuta izaten dituen hitzak. Umetan ikasi ez, eta ustekabean ahoa gozatzen dizuten horiek. Amak gutxien uste duenean umeari poltsikotik gozoki bat ateratzen dionean, umeak sentitzen duenaren parekoa da hogeita sei urterekin zure barne-hiztegian zure ama-hizkuntzari toki txiki bat gehiago egitea.


Larunbatean izan nuen
idaur hitza ezagutzeko aukera. Irratian solaskide izan nuen Iñaki Murua bertsolaria eta hark Lazkao Txikiri entzun zion hitza ikasi nion larunbatean Iñakiri: idaur. Lazkao Txikik bera baino gazteagoak ziren bertsolari batzuei esan omen zien; "zuek euskerea asko bai, gora ta behera, baino idaurrea zer dan oaindio ez dezue jakingo." Aletzeko edo garai bateko artilezko koltxoiak jotzeko erabiltzen d(z)en tresna da idaurra, sokatxoz loturiko egurrezko bi makilek osatua.




AFORISMOA: "Asperdura bakardadearen lagunik onena, eta lagunartearen etsairik handiena da."


Bi begi aspertuk betaurrekoak jantzi ditzakete, baina, hogeita hamar begi aspertuk itsutasuna baino ez dute etorkizun.



Bi begi aspertuk zuritasun osoa dute margotzeko, baina, hogeita hamar begi aspertuk beltzez janzten dute beren ikusmena.


Bi begi aspertu elkarren maitale bihur daitezke, baina, hogeita hamar begiren maitasunak bihotz hrratuak baino ezin ditu taupatu.

2011-04-08

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (XXIV)



Bai, bai... problemekin dantzan dabilenari erlojua batzuetan nekatu egiten zaio. Erlojua geldirik izan dut bi astean eta horregatik problemen isiltasuna... Ordua aldatu behar genuen asteburuan ziplo gelditu zen dantzaria eta... azken bi asteotan indarberritze-lanetan aritu da. Ordulari kontuekin natorkizue gaur eta eguraldiari dagokionez, aste zoragarria egin duenez, ordulariari hondartza ukitua ematea erabaki dut.


HAREAZKO ORDULARIAK

Bi ordulari egin ditut Zumaiako Itzurun hondartzako hondarrarekin. Ordulari batek 7 minutuko denbora tartea neurtzen du, eta besteak 11 minutukoa. Etxera bazkaltzera gonbidatu ditudan ikasleei entsalada eder bat prestatu nahi diet. Arrautzak egosi nahi ditut eta hondarrezko bi ordulariak erabiliz, arrautzak ongi egosteko behar ditudan hamabost minutuak ongi neurtu behar ditut. Zein da bi ordulariak erabili eta hamabost minutu horiek kontrolatzeko metodorik azkarrena? Lagundu ezean... bazkaririk ez dago...

2011-04-07

PERRITO GUARDIAN



Perrito guardián, perrito guardián... haurtzaroak zaunka egin zidan atzo erosketak egitera nindoala. Ume koadrila bat jolasean ari zen etxe pareko plazan, ezkutaketetan jolasean. Ezkutatuta zegoen neskatila oihuka hasi zen bat-batean haren ondotik pasa nintzen momentuan: perrito guardián, perrito guardián!!! Belarriek danba egin zidaten, danba gozo, eta nire ahotsa sumatu nuen perrito guardiánka. Hamalau urte pasako ziren? Akaso hamasei... azkenekoz ezkutaketetan jolastu nuenetik, azkenekoz perrito guardianarekin haserretu nintzenetik, azkenekoz perrito guardianarena egin nuenetik.

Guk euskaraz jolasten genuen ezkutaketetan, baina, ezkutatuta zeudenen bila ibili behar zuena bere etxetxotik bi pauso harago mugitzen ez bazen, perrito guardianka, perrito guardianka ateratzen ginen gure ezkutalekuetatik. Etxeak zaintzen dituzten zakurrek ez dute nonbait euskara ikasten. Baina, bitxia egin zaidana zera da; hainbeste urteren ondoren, Beasainen eta Iruñean esapide eta jolas berdin-berdin-berdinak erabiltzea. Polita iruditzen zait hori, ilusioa egiten dit, nik izaten nuen gozamen aurpegi bera (izugarri gustatzen zaizkit kale-jolas horiek) ikusi bainion neskatilari.

Eta bitxia egin zaidana zera da; orduan eta orain umeari (eta helduari) arriskatzea horrenbeste kostatzea. Pausoa berun bihurtzea. Galtzeko beldurra irabazteko irrika baino indartsuagoa izatea.

2011-04-06

ITAKA (Jon Cadierno_2011-4-2)


Garestiegia zela esan zion bezeroak saltzaileari. Saltoki huts baten erdian zeuden biak, ia ikusezin. Lau horma zuri, ez zegoen besterik. Lau horma zuri, saltzailearen irribarrea eta bezeroaren kezka aurpegia. Garestiegia zela esan zion berriro, ez al zegoen irudimena erosteko beste modurik. Eta saltzaileak ezetz, irudimena bereganatu nahi bazuen mila argazki eder egiteko gai izan beharko zuela.

Denboraren garestitasunaz ari zen bezeroa, berak ez zuela mila argazki eder egiteko adina denborarik. Saltzaileak irribarre egin zion berriro eta sorbaldak goratu zituen gero. Ihesi joan zen lau horma zurietan aurrera, bezeroa bakarrik utzita. Argazki makina zahar bat, ez zion besterik utzi. Eta bezeroak zazpi egun eta zazpi gau egin zituen lau horma zuri haien erdian, harik eta zortzigarren egunean eskuetan argazki makina hartzea otu zitzaion arte. Lau horma zuri, lau argazki. Minutu bat nahikoa izan zuen bezero gazteak lau argazki zuri haiekin nahikoa izango zuela ohartzeko. Lau horma zuri, lau argazki. Mila argazki ederren beharrik gabe, irudimenaren jabe sentitu zuen gazteak bere burua.


Jon Cadierno -> Bi pausok lau urrats eman ditzaketela, hori ikasi diot; eta zakurrek bertigorik ez dutela eta metro bidaietan idazleak malkoak idazten eta maitasuna irakurtzen aritzen direla eta hiltzen diren umeak zirkuetara joaten direla, hori ere ikasi diot Zumarragako idazle gazteari. 21 baino ez ditu eta ipuin liburu eder batek azalean bere izena darama.

Minutus Creatio... liburu ederra, pisu handia duena, irribarreak orri artean ezkutatzen dituena... idazlea Jon Cadierno, larunbateko Itaka saioan lagun izan eta orain lagun egin duguna. Bisita egin nahi badiozue... blog zoragarri bat ere badauka http://neakameni.blogspot.com/

Dantza egin genuen, Gasolez (bai, bai, buruarekin zerua ukitzen duen mutila) mozorrotu ginen, Bilbo eta Gasteiz artean zubiak eraiki genituen eta literaturaz hitz egiteaz gain... argazkiak ere atera genituen. Argazkigintza gustuko duela eta zegoen lekutik argazki bat ateratzeko eskatu nion Joni eta hauxe egin zuen artelana... hiru mikrofono... hiru ihesbide... hiru elkargune...




Eta Jon Cadiernoz gain, Patxi Ezkiagak bisita poetikoa egin zigun astero bezala, eta Joxe Goikoetxeak kukuaren atzetik jarri gintuen korrika, Elixabete Garmendiarekin Ordiziaraino joan ginen arteaz gozatzera eta Itsaso Palaciosek aitari ipuinak kontatzeko eskatu zion. Azken kantuan Imuntzo eta Beloki kantari jarri zituen Ekaitzek, Lazkanoren amona kantu ederrarekin (bertso bikainak dira) eman genion amaiera larunbateko saioari. Mila esker kuadrila!

Saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk; eta saltoka-saltoka entzun eta gorde nahi izanez gero, http://blip.tv/file/get/Irati-ITAKAJonCadierno_201142271.mp3

2011-04-04

BURUA EDAN



HITZA: ANTOXIN

Sekula ez litzaidake antoxinetik txokolate beroa edatea otuko. Antoxinetik ur freskoa edaten da. Ur freskoa... eztarrian behera "zirriak eginez" igarotzen dena.

Antoxinetik ura edatea ezpainetan hotzikara gozoak sentitzea da... hortz-doinuekin kantuan aritzea... ahoari ahoa ematea. Aho zabaleko metalezko ontzia da antoxina, sarri mendi bideetako ezkutuko iturrietan kate bati lotuta topatzen duguna.

Antoxinetik edatea bizitza zurrupatzearen parekoa da.


AFORISMOA: "Burua galdu, gorputza aurkitzeko?"

Galdu eta aurkitzen saiatu... edo ezkutaketan jolastu... galdutako buruarekin.

Ona da tarteka-tarteka amets eroen itzalean buruari gal dadin agintzea.

Ona da tarteka-tarteka (edo maiz-maiz) nor bere buruaren bila aritzea... eta gorputza aurkitzea.

Galtzeko beldurra aurkitzeko beldurra baino txikiagoa denean... orduan izango da bilaketa arrakastatsua.