Euskalerria irratirako prestatutako astearteko irrintzia:
Ostiralean autobusa hartu nuen goizerdian
Berriozarrera joateko. Lan kontuak. Beteta zegoen eta erdialdean gelditu
nintzen zutik. Atzetik ezagutzen ez nuen emakume batek sorbaldan ukitu, nik
gorputza jiratu eta irribarre lagunkoi batekin esan zidan: “Tienes la mochila
abierta”. Eta nik ustekabean: “A, eskerrik asko!”.
Aitortzen dut, inoiz presaka ibiltzen naizenean,
zipirri-zaparra, motxila erdi irekian ixten dudala. Emakumea begira gelditu
zitzaidan eta esker onez edo bere hurbiltze keinuari errespetuz, motxila
sorbaldan zintzilikatu eta begiratu egin nuen irekia zegoena ixteko asmoz.
Zentimetro bat, askoz gehiago ez. Akaso gutxiago. Gutxi gorabehera zentimetroko
irekiera zuen motxilak. Grazia egin zidan emakumearen kezkak eta lagundu beharrak.
Neurekiko barre egin nion egoerari, eta irribarre txiki bat munduari.
Estetikagatik esango zidan agian, baina uste dut norbaitek motxilan eskua sar
ziezadakeelako esan zidala. Laneko koaderno apuntez betea, hiru-lau boligrafo,
pare bat konpresa, platano bat eta bi mandarina eta bi euro solte hor nonbait
eroriak. A, eta “Ama-Alu-Lur” antzerki-lanaren informazio orri bat. Bakarren
batek zerbait hartzeko asmoz eskua sartuko balu horixe topatuko luke. Barre
egin nuen. Motxila irekita eramatea ez da inoiz kezka izan niretzat, batek
baino gehiagok ohartarazi izan dit, ordea: “E, motxila irekita daramazu”.
Ez nuen motxila itxi. Gehiago ireki nuen. Sar
zítezela ingurukoen begirada, barre, kezka, ilusio eta beldurrak, sar zitezela
isiltasun, hasperen eta xuxurlak. Pisutsu sentitu nuen motxila eta aldi berean
arin sentitu nintzen. Eta gustura.
Gurea babestu behar horrek sarri besteena ezagutzea
galarazten digu. Hori dute zuloek xarma. Zulo berak irteteko eta sartzeko balio
duela. Itxita dagoen zuloak, ordea, beltza, ez du besterik kolore.
Justu-justu harrapatu nuen emakumea autobusetik
jaisten hasi zenean: “Hau zuretzat. Oso harrera ona izaten ari da. Ea Nafarrora
ere etortzen diren” esan nion. Ama-Alu-Lur antzezlaneko informazio orria
motxilatik hartu eta eman egin nion. “Gogoratu. Ama-Alu-Lur” esan nion
berriro. Alua, alua, alua. Beste zulo
bat gehiago. Ez beltz eta ez kolore. Itxi-itxi-itxi eta ezkutarazi duguna.
Existitzen denik ere! Bea, Itziar, May eta kuadrila, bejondeizuela egiten ari
zareten lanagatik. Ama-Alu-Lur, ea Nafarrora etortzen zareten, sorgin baten
ametsak hemen ere ipuin bihur daitezen.
Irratiko audioa: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1572360519063-irati-goikoetxea-urriak-29