2019-10-31

ZULOAK AGERIAN


Euskalerria irratirako prestatutako astearteko irrintzia: 


Ostiralean autobusa hartu nuen goizerdian Berriozarrera joateko. Lan kontuak. Beteta zegoen eta erdialdean gelditu nintzen zutik. Atzetik ezagutzen ez nuen emakume batek sorbaldan ukitu, nik gorputza jiratu eta irribarre lagunkoi batekin esan zidan: “Tienes la mochila abierta”. Eta nik ustekabean: “A, eskerrik asko!”.

Aitortzen dut, inoiz presaka ibiltzen naizenean, zipirri-zaparra, motxila erdi irekian ixten dudala. Emakumea begira gelditu zitzaidan eta esker onez edo bere hurbiltze keinuari errespetuz, motxila sorbaldan zintzilikatu eta begiratu egin nuen irekia zegoena ixteko asmoz. Zentimetro bat, askoz gehiago ez. Akaso gutxiago. Gutxi gorabehera zentimetroko irekiera zuen motxilak. Grazia egin zidan emakumearen kezkak eta lagundu beharrak. Neurekiko barre egin nion egoerari, eta irribarre txiki bat munduari. Estetikagatik esango zidan agian, baina uste dut norbaitek motxilan eskua sar ziezadakeelako esan zidala. Laneko koaderno apuntez betea, hiru-lau boligrafo, pare bat konpresa, platano bat eta bi mandarina eta bi euro solte hor nonbait eroriak. A, eta “Ama-Alu-Lur” antzerki-lanaren informazio orri bat. Bakarren batek zerbait hartzeko asmoz eskua sartuko balu horixe topatuko luke. Barre egin nuen. Motxila irekita eramatea ez da inoiz kezka izan niretzat, batek baino gehiagok ohartarazi izan dit, ordea: “E, motxila irekita daramazu”.

Ez nuen motxila itxi. Gehiago ireki nuen. Sar zítezela ingurukoen begirada, barre, kezka, ilusio eta beldurrak, sar zitezela isiltasun, hasperen eta xuxurlak. Pisutsu sentitu nuen motxila eta aldi berean arin sentitu nintzen. Eta gustura.

Gurea babestu behar horrek sarri besteena ezagutzea galarazten digu. Hori dute zuloek xarma. Zulo berak irteteko eta sartzeko balio duela. Itxita dagoen zuloak, ordea, beltza, ez du besterik kolore.

Justu-justu harrapatu nuen emakumea autobusetik jaisten hasi zenean: “Hau zuretzat. Oso harrera ona izaten ari da. Ea Nafarrora ere etortzen diren” esan nion. Ama-Alu-Lur antzezlaneko informazio orria motxilatik hartu eta eman egin nion. “Gogoratu. Ama-Alu-Lur” esan nion berriro.  Alua, alua, alua. Beste zulo bat gehiago. Ez beltz eta ez kolore. Itxi-itxi-itxi eta ezkutarazi duguna. Existitzen denik ere! Bea, Itziar, May eta kuadrila, bejondeizuela egiten ari zareten lanagatik. Ama-Alu-Lur, ea Nafarrora etortzen zareten, sorgin baten ametsak hemen ere ipuin bihur daitezen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario