2014-02-27

IPARRAGIRRE 2013


Polita da 2014an 2013ko Iparragirre sariak banatzea. Polita da 2013an idatziak 2014an liburu panpox batean bilduak ikustea. Polita da 2013an itsu-itsuan epaitutako lanen egileen aurpegiak 2014an ezagutzea. Polita da 2013an hausnartutakoak 2014an kontatzea. Polita da 2013an bakarka egindako lana 2014an talde argazki bihurtzea.

Bi deialdi daramatzat Iparragirre sarietan epaimahai gisa lanean; bi deialdi esperientzi aberasgarri honetaz gozatzen; bi deialdi  ikasten, hazten, hezten, jakin-minari hazka egiten, beste behin zorionekoa naizela konturatzen. Bi deialdi Patxi Ezkiaga idazle handiarekin batera ilusio zipriztinak irakurtzen.

Otsailaren 21ean banatu ziren 2013ko Iparragirre sariak. Eredugarria da Urretxu eta Zumarragako udalek elkarrekin kulturaren alde egiten duten apustua, eredugarria Felix Marañak sariketari oparitzen dion goxotasuna eta mimoa, eta Bermingham argitaletxeak saritutako lanak liburu eder batean argitaratzeko egiten duen ahalegina. 

Iparragirre abila zela askori diot entzuna; Iparragirre sariak ere bereziak direla askori diot entzuna, mahai horren bueltan esertzeko zortea izan dugun guztiei diet entzuna. Horrek esan nahi du zerbait; horrek esan nahi du asko. 

Aurtengo lan sarituengatik zorionak Alex, Mikel, Dario, Alberto, Aitor eta Iñigori!



2014ko otsailaren 21ean Urretxuko Udaletxean





2014-02-18

ITAKA_SAHARA_2014-1-25


Urtarrilaren 25ean Segura Irratian

Hori, lehor, bero... eta haizea... haizea hara, eta haizea hona. Hemengoak hara eraman eta hangoak hona ekartzeko. Urtarrilaren 25ean hizki larriz aritu ginen, ikusteko moduan, entzuteko moduan, ordukoak biharamunean ere bidea egiten jarrai zezan. Gaur ere jarrai dezan. Urtarrilaren 25ean hizki larriz; ikusteko moduan, entzuteko moduan... sentitzeko moduan: SAHARA. Hangoak hemen ere arrastoa uzten duelako, asko direlako hara begira daudenak, hango begiradak hemengoekin aberasten dituztenak, eta... asko direlako hangoekin beren osotasunean aberasten direnak. 




Patxi, Marimar, Naroa, Lurdes, Remi, Xabier, Edde, Iñaki,  Argiñe mila esker zuen ahotsei oihartzun bideak zabaltzeagatik!