2009-10-30

NIRI EZ DIT JOTZEN


Atzo atzetik oihuka harrapatu ninduen Loreak, institutuko idazkari laguntzaileak: Irati, Irati! Momentutxo bat! Zerbaitetan lagundu niezaiokeela pentsatzeak poztu egin ninduen, eman ez baina, laguntza hartu egiten baitiot gehienetan. Begira Irati, datuak eguneratzen aritu gara eta zure sakelako telefonoaren zenbakirik ez dugula konturatu naiz. Emango zenidake? Eta hara! Oraingo honetan ere Iratik ezin Loreari lagundu, ez behintzat, hutsunea betetzen. Zera Lorea, ez, nik ez daukat sakelako telefonorik, ez dut sekula izan eta oraingoz behintzat izateko asmorik ere ez dut. Irribarretsu joan zen 80 langileko ikastetxean mugikorrik ez zuen bakarra nintzela esanez, eta jarraitzeko luzaroan horrela. Eta noski, ni ere irribarretsu joan nintzen orain urtebete idatzitako olerki bat gogoan:

NIRI EZ DIT JOTZEN


Areto publikoetan ez nau ustekabeak harrapatzen,

kalean noanean ez ditut bizilagunaren begiak behaztopatzen,

autobusean ez dut lotsatzen nauen bakarrizketarik antzeztu beharrik izaten,

eta izter ondoko maitale esku-luzerik uxatzen ere ez dut lanik izaten.

(Lurrikarak neuk aurkeratzen ditut, noiz eta non).

Ez, nire hizkuntzak ez du hitz zorabiaturik irabiatzen,

bokalik gabeko aho-soinu ulergaitzik marrazten.


Ez, nire postontziak ez du inor gogaitzeko asmorik izaten,
nire prestutasuna ez da itzalita egoten.


Ez, ez ditut abestiak gupida gabe doinu zorrotzekin ebakitzen,
eskuko hatz gizena ez dut ariketa fisikoa egitera behartzen,
begiak ez zaizkit aurpegirik ez duten hizketaldietan lainotzen.


Niri ez dit jotzen. Ez, niri ez dit adarrik jotzen.

...

Barkatu, ez da nirea; sakelako telefonoa hoska ari zaizu.


Bakarren batek noizbait esan izan dit: Que feliciana! Bai, ni horrelaxe bizi naiz, zoriontsu, sakelakorik gabe.

2009-10-28

ITSAS HAIZEA, NON DA?


Non da, non da zure begien taupada?
Hotz dago, ahots isilen balada,
maitasun izoztuen bidean galduta.

Non da, non da zure ilargi betea?
Lo dago gau mutuen izerdia,
maitasun zirraren erdian geldo.

Non da, non da zure masailen margoa?
itsu dago, bihotz hautsien gogoa,
maitasun lotsatuen atzean uzkur.

Non da? Itsas haizea non da?
Zin egin zenidan,
zin egin nizun;
eta itota nabil ordutik.

Non da?
Zure begien katea,
ez dut besterik ikusten.

2009-10-23

ASMUBE

Asmube Beasaingo Emakumeen Elkartea da. Ikastaro askoren artean kantu tailerra ere badute, abesbatza. Urtean zehar saio ezberdinak egiten dituzte , horietako bat garaitsu honetan, Beasaingo Udazken kulturalean. Gaur saio bat eskainiko dute Beasaingo batzar aretoan arratsaldeko zazpietan eta Ekaitz eta biok ere han izango gara. Saioa janzten lagunduko al genien galdetu ziguten, eta guk baietz. Abestuko dituzten kantuen atzean zer dagoen aztertu eta olerki, ipuin eta elkarrizketak prestatu ditugu. Literaturaz eta kantuaz gozatu nahi duenak, aukera badu gaur, arratsaldeko zazpietan Beasaingo batzar aretoan.

Non da? Non da zure begien taupada?
Hotz dago, ahots isilen balada,
maitasun izoztuen bidean galduta.

Non da? Non da zure ilargi betea?
Lo dago, gau mutuen izerdia,

...
...
...

2009-10-20

HAURTZAROA SUDUR ZULOETAN


Begiak itxi eta iluntasuna arnasten duzunean haurtzaroa usaintzen duzu.

Nik haurtzaindegiko jantokiaren usaina hartzen diet oroitzapen urrunei, eguerdian jan gabe gelditu eta askaritan jan behar izaten nituen garbantzuena. Aitak Mekola bordako oporrei egiten die arnas, eta Beñatek Iruñeko gari soroei.

Askotan hala uste arren, haurtzaroak ihes egiten ez digun seinale. Haurtzaroa sudur ileetan gelditzen zaigu
kateatua.

2009-10-15

KOLDO

Koldo Pla institutuko lankidea dut, azken bi urte hauen joanean lagun min egin dudana. Aurreko asteko ostegunean eskutitz bat jaso zuen etxean. Mehatxatu egin dute falangistek, azken urte luze hauetan lurrak ezkutatu duena haizeari oparitu nahian lanean ari delako. 1936ko gerran hil eta lurperatu zituzten desagertuen bila lanean ari da, isilarazitako sufrimenduari oihartzun bideak eraikiz. Familia askok iraganari begietara begiratu diezaiokete egun, Koldori eta Koldoren antzera lanean ari diren lagunei eskerrak.

Lehengo asteko ostiralean elkarretaratze txiki bat egin genuen institutuan ikasleekin batera, Koldori gure babesa adierazteko. Gogorra da 12-13-14-15... gaztetxoei zer gertatzen den adieraztea, ulertzea zaila egiten baitzaie; ulertzea zaila egiten baitzaigu. Isiltasunari Ekaitzek egindako bertso bat kantatu , eta Koldori eskua luzatu genion, gu beti aldamenean izango gaituelako.

Gerra Zibiletik hona

Pasa da hainbat urte,

Zoritxarrez memorian

Dena ez da azukre,

Borondatez jardun zara

Bihotz bete bertute,

Baina askatasunean

Muga jartzen dizute,

Babesik gabe utziko

Zaitugunik ez uste,

Zu mehatxatzean denok

Mehatxatzen gaituzte.


2009-10-13

KATU BELTZAK


Irratiak esan duen arte ez naiz konturatu gaur astearteak hamahiru dituela. Une honetan Charles Darwinek botatako (bai, halako esaldi potoloak bota egiten dira, isilean gordetzeko pisu gehiegi dute) esaldi eder baten aurrean nago:

"Matematikaria logela ilun batean dagoen itsua da. Logelan ez dagoen katu beltz bat bilatzen ari da."
Charles Darwin


Gaur inoiz baino gehiago sentitzen naiz matematikari; katu beltzen maitale.

2009-10-09

GOZOKIAK IRRIBARREETAN


Irribarre batek 5 gozoki balio ditu. Bost gozokietatik lau oparitu egin dizkidate eta bosgarrenaren bila nabil. Diruz ez dira erosten horrelako gozokiak. Non topa dezaket bosgarren gozokia?


Matematikako azterketa batean proposa nezake problema. Einsteinek ere esan zuen, irudimena jakintza bera baino garrantzitsuagoa dela. Gozokia topatzen lagunduko didazu?

Asteburua gozo-gozo pasa eta ez utzi irribarre egiteari!

2009-10-07

KATEKESIA

- Ama, ez dut katekesira joan nahi.
- Joan beharra daukazu.

Atzo Hizkuntza Eskolara bidean ama-alaba batzuei entzun nizkien hitzak. Handik aurrera pentsakor egin nuen hogei minutuko bidea. Alabak katekesira joan nahi ez izateko arrazoiak zerrendatzen saiatu nintzen, zentzuzkoena berari galdetzea izango zen arren. Amak galdetu izan balio sikira.

- Jainkoarengan sinesten ez duelako.
- Elizarengan sinesten ez duelako.
- Oraindik Jainkoarengan sinesten irakatsi ez diotelako.
- Oraindik Jainkoarengan sinesten ikasi ez duelako.
- Sinestea zer den ulertzen ez duelako.
- Jainkoa ikusi nahi eta ikusten ez duelako.
- Eliza baino jolasgune askeagoak nahiago dituelako.
- Beste bi lagunekin zegoen, eta ziur aski haiekin jolasean jarraitu nahi zuelako.



Ni ez nintzen sekula katekesira joan;
ez nien sekula gurasoei katekesira joan nahi ez nuenik esan.
Joan nahi nuenik ere ez.

2009-10-02

10 000 METROTAN TXAPELDUN!



Izugarri gustatzen zait telebistaz atletismoko txapelketa nagusiak ikustea. Usain, Bekele, Marta, Isinvayeva... mundialak dira! Matematika ikasgaia atletismoko frogekin parekatuko nuke. Korrika distantzia motzean egin dezakezu (beharko egin, denbora jakin batean ariketa erraldoiak egiteko gai izan behar baduzu), edo joanean luze ibil zaitezke (luze eta zabal). Ikasgelan nahiz etxean nahikoa ariketa egiten ditugu (100 metroko froga egiteko nahi adina prestatzen ditugu ikasleak, edo horretan saiatzen gara behintzat!), baina, hormak zurrunegi finkatzen ditugu, eta matematika hortxe itotzen zaigu, barruan, lau pareten artean. Aurten beraz, distantzia luzeari heldu nahi diot, luze korrika aritzeak norbere jakintza aberasteko aukera ematen duelako. Testu liburuaren mugetatik at, kultura matematikoari ateak zabaldu nahi dizkiogu. Zabaldu dakizun hori lemapean ikasitako kontzeptuen gehigarriak eta bitxikeriak argitaratuko dituzte Batxilergoko ikasleek eurek. Txokoa hortxe egin diot, ezkerraldean, Itakaren atalaren gainaldean. Zapaldu lasai argazkiaren gainean!

Logaritmoak zertarako, e zenbakia, Pitagoras, Urrezko zenbakia... horiek argitaratuko ditugun lehen lanak.

Egin hozka beldurrik gabe, eta aberastu zuk ere gure txokoa, zurea ere senti dezazun!

Gu Bekeleren erritmoan 10 000koa osatzen saiatuko gara, gure bidea egin nahi dugulako.

Gure pausoa jarraitzen ausartuko zara?

2009-10-01

ARGIA


Esku ahurra zabaldu eta hormari musuka ari zitzaion argia harrapatzen saiatu zen.

Gaua iritsi zenean ere ez zuen ulertu, argia bera baino azkarragoa zela.