Mostrando entradas con la etiqueta HITZA/AFORISMOA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta HITZA/AFORISMOA. Mostrar todas las entradas

2011-07-12

TXONDORRA JOSTEN



HITZA: TXONDOR

Kateek nahi adina begi izaten dituzte. Ez naiz katezale, begiak lotuzale. Begiei, ordea, tira egiten diet... eta tira egin eta tira egin kateak osatzen ditut sarri, hitz kateak gehienetan.

Esanahia ezagutu arren, jakin-minak (zer ginatekeen jakin-minik gabe...) hiztegira eraman nau. Txondor: ....... eta bigarren adiera: gangaren erpina. To, bigarren begia: ganga. Emozionatu egin naiz, hitz berri bat niretzako. T-S-R-Q-P-O-Ñ-N-M-L-K-J-I-H-G. Ganga: basamortuko hegaztia edo arkua edo minerala inguratzen duen substantzia edo merkealdi garaiotan... ba horixe, badakizue... ganga. Lau begi gehiago kateari. Nahigabe (nahastuta ibili naiz eta...) gangar hitzera iritsi naiz. To, zazpigarren begia-> gangar: gandor.

Txondor-ganga-hegazti-arku-mineral-gandor. Segi begiko lepokoa. Nahigabean-nahigabean errima berdineko bi hitz lotu ditut bi muturretan. Magia! Ez, ibilian ibiltzea kateatu gabe.

Argazkia zertara datorren? Urbasa gainean txondor eder bat dago ikusgai. Txondor-ikazkin-txabol. Txabola bistan txondorra zuen irudimenerako. Ikazkina? Izan nintekeen ni, baina, ez dut uste ikatz-lanetarako itxura denik hori.



AFORISMOA: "Telebista hari-mataza bat da. Jokoa? Jostorratza non ezkutatuta dagoen asmatzea."


Eta josi nork egiten duen? Ez dakit, begiak edo begiradak...

Eta korapiloak nork egiten dituen? Ez dakit, kanpoak edo barruak...

Eta tira nork egiten duen? Ez dakit, hariak edo matazak...

2011-07-04

KRISKITIN KRASKITIN



HITZA: ARRABITA

Demagun ikasturtea ez dela oraindik amaitu, izan daiteke astearte bat, arratsaldeko zazpi eta erdiak direla demagun eta kanpoan bero-zapa egiten duela. Beroa izan daiteke 37 gradukoa edo... batek daki! Demagun egun osoa institutu barruan egin duzula eta kanpora irteteko irrika bizi duzula... bai, nahiz eta 37 gradu egin kanpoan, akaso izan zitezkeen 39ºC... Demagun atezain hiztuna dela institutu horretakoa, jatorra bai, oso jatorra, baina, hiztuna eta goizean goiz hitz egitea asko gustatzen zaiola eta eguerdian ere izugarri hitz egiten duela, baina, batez ere arratsaldeetan, kanpora irteteko irrikaz zaudenetan (bero-zapa, 39ºC egi arren), hitz egiten duela gehien. Eta orri zuriak hitzez eta toki-izenez eta datez eta musika emanaldien hitzorduez... betetzen dizkizula. Eta beroa eta irrika eta zazpiak eta erdiak izanda ere, izugarri eskertzen diozula irakasten dizun guztia. Demagun azkenean zu zarela hitz-solasari tira eta tira egiten diona.

Irati, harira! Demagun astearte sargori arratsalde luzatzen hasian hitz berri bat ikasi duzula: arrabita. Eta kontu bitxi asko dakizkien atezainak irakatsitako hitza dela hori. Demagun biolinaren bikia edo arreba edo anaia edo ahizpa izan daitekeela arrabita. Demagun oso antzekoak izan arren, ez direla berdin-berdinak (zer da berdin-berdina izatea?). Demagun XIX.mendean zaudela eta badakizula XXI.mendeko egun sargori batean baten batek zutaz hitz egingo dizula.





AFORISMOA: "Zoriona HAU da"

Filologo batek akaso gomendatuko lidake erakusleari distantzia emateko. Marrazkiak hartu du bere distantzia... bost milimetro?

Baina, niri berdina zait (edo ez, baina tira!) filologoek esaten dutena!

Esku ahurraren baitan zoriona hartu egiten da eta eman. Esku ahurraren baitan zoriona ukitu egiten da, laztandu eta irristatu eta zorabiatu eta estutu eta... Esku ahurraren baitan zoriona islatu egiten da.

Nik gertuko erakusleak maite ditut. Hau eta hemen.

2011-06-27

KALE KANTOIKO GALDERAK


HITZA: KARKABA

Kalezulo estuak dira karkabak, etxe-eraikinek hiribilduak sortu eta gerora kaleari espazioa jan eta gelditu ziren zirrikituak.

Begi azti sakonak dira karkabak, pausoa hots eta hotsa oihartzun bihurtzen dutenak.

Harri hotzen akelarreak dira karkabak, gaueko xuxurla isilak irentsi eta gauerdiko izuaren kantu bihurtzen dituztenak.







AFORISMOA: "Zergatien bila arrazoiak galtzen ditugu."


Egiten dugun galdera bakoitzak norabait hurbiltzen gaituen neurrian urruntzen gaitu nonbaitetik.

Egiten dugun galdera bakoitzak ispilu bat hautsarazten digu beste bat aurkituko dugun esperantzarik eman gabe.

Egiten dugun galdera bakoitzak infinituago egiten du geure burua zehaztasuna galdera ikur baten azken puntu (ia ikusezina, zintzilik, ia erorian marrazten duguna) lokartzen hasia dela oraindik ulertu gabe.

2011-06-06

BELDARRA IZAN EDO TXIMELETA IZAN. NON DAGO KOXKA?


HITZA: BELDAR

Beldarra izan daiteke... hasiera...
beldarra izan daiteke... begirada epeltzen hasi berria...
beldarra izan daiteke... oraindik zintzilik dabilen loa...
beldarra izan daiteke... arrasto bat, aurrera egiten ikasten ari dena...
beldarra izan daiteke... egunsentiaren lehen sualdia...

Bere gorputzari tiraka dabilen har jaio berria da beldarra. Tximeleta pinpirin bihurtu aurreko izaki luzanga (luzanga!) ... Iratiren bizkarrean behera... zirrara sortzailea...

Baina, badu zerbait berezia. Zer esaten asmatuko ez nukeen zer berezi hori, bizkarrean behera zirrara sortzen didan zer hori bera, akaso. Badu zerbait berezia erakartzen nauena.





AFORISMOA:
"Izan ala ez izan... zalantza egiten dakienak izaten eta ez izaten daki."

Zalantza egiteak pauso bat atzera eta bi aurrera emanarazten dizkizu. Eta... ez pentsa pauso bat aurrera ematearen parekoa denik hori! Doala pikutara matematika! (ups!) Minus bat gehi bi beti ez baita beti plus bat izaten; bizitza hori baino konplexuagoa da!

Pauso bat atzera eta bi aurrera ematen dituenak bide oso bat trazatzen du nahigabean. Eta bide hori bera da izaten eta ez izaten irakasten dizuna.

Zalantza egitea zure buruaren istorioa antzezten jakitea da. Shakespeare on bati zure ahotsik onena jartzen asmatzea.



2011-05-31

GORRITASUN TXIRIKORDATUAK


HITZA: TXIRIKORDA


Haurtzaindegian Loinaz zaintzaileak jartzen zizkidan zaldiak ilean saltoka, mototsa zenbat eta altuago zaldiek orduan eta salto handiagoak egiten zituztela sinesten nuen nik. Beti gustatu izan zait zaldiak saltoka (ia hegan) ikustea, horregatik (tiradizoei mutu) ile artean lasai uzten nituen Loinazen eskuak jolasean.

Amak txirikordak egiten zizkidan, au! eta au! artean. Baina, ezin esan gabe utzi ile korapilo haien erdian artelan politak egiten zizkidala. Zorri txikientzako labirinto ederrak!


Orain nahigabe txirikordatzen zait ilea, ez dut umetan amak gauero-gauro orrazten ninduenean izaten zuen pazientziarik.

Lehen zaldiak eta orain zaldien oroitzapenak, lehen artelanak eta orain artelan haien oroitzapenak txirikordatzen zaizkit ile artean.

Aspaldian bizitza nire baitan nola txirikordatu asmatu nahian nabil, eta gehienetan ahaztu egiten zait bizitza bera dela bere baitan txirikordatzen nauena.







AFORISMOA: "Masail gorrituak lotsaren izerdi tantek bustitako putzuak dira"


Ez dakit masailak gorritzen zaizkigunoi begira daudenek zer pentsatzen ote duten. Ez dakit gure putzuan inork igeri egiten asmatzen ote duen.

Ez dakit, esango nuke lotsa flotagailu bihurtzen dugula masailak gorritzen zaizkigunok.

Ez dakit sendagileren batek masail gorrituentzako sendagairik asmatuko ote duen. Ez dakit masail gorrituentzako sendagairik nahiko nukeen ere.

Masailak gorritzen zaizkigunok (zaizkidan honek) ispiluak eramaten ditugu aurpegian.


2011-05-23

ESERI, GERO SALTO EGITEKO



HITZA:
TRANPAL

Gaur ausartu egingo naiz; beste behin. Ausartuko ez banintz, lerrook tinta zuriz idatziko nituzkeelako beti. Ausartu, Interneteko hiztegietan ezer garbirik aurkitu ez arren, baserriak dioenari entzuten ausartuko naiz gaur. Larunbatean baserritik bueltan hitza poltsikoratu eta gaur arte salto txikika izan dut. Tranpala.

Tranpala; ganbararen eta ukuiluaren arteko zuloa, garai batean ganbaratik behera ukuilura belarrak botatzeko erabiltzen zena.

Eta ausartzean gertatzen dena... gaztelaniazko itzulpena bilatzen hasi eta hirugarren adieran zer topatuko eta..."escaño". Tranpal -> escaño -> eserleku... Hauteskunde biharamunerako pare-parean erori zaidan hitza. Erori tranpalean behera eta eseri. Salto egin eta eseri. Edo eseri gero salto egiteko. Tranpal, zulo, salto, eserleku... hitzari nonahitik helduta ere pentsamendua Madrilen kateatzen zait hauteskunde biharamunean "Puerta del Sol" plazan. Nik ere eseri eta salto egin nahi dudalako... tranpalean behera, adibidez.




AFORISMOA:
"Politikariek eserlekua irabazten dute eta mugimendua galdu"

... eta nik ez dut bulegoetan sinesten...

... ez dut sarrailaz ixten diren ateetan sinesten...

... ez dut ahoskatu eta entzuten ez diren hitzetan sinesten...

... eskubideen berdintasuna, solidaritatea, aurrerapena, kultura sortzailea, iraunkortasun ekologikoa eta pertsonen garapena, ongizatea, zoriontasuna... zergatik eta zertarako mugitu. Benetako demokraziak ibili egin nahi duelako...

2011-05-16

HERIOTZAREN ABARO


HITZA:
ABARO


Zuhaitz baten gerriaren neurria enborraren zirkunferentziaren luzera baino dezente handiagoa da, maite zaituenaren besarkada bi beso luzeen jirak neurtzen duena baino dezente handiagoa den bezalaxe.

Itzalaz ari naiz, babesaz, aterpeaz, abaroaz.

"Eguzkiak ere zuhaitzaren abaroan hartzen du atseden" entzun nion behin lagun bati. Eguzkiak ere itzalpean etzaten ikasi duela ulertu nion nik. Horrek esan nahi duen guztiarekin...



AFORISMOA: "Agure hortzak galtzen hasi berriak heriotzari hortzak erakutsi nahiko lizkioke."

Heriotzari hozka egiten dionak indarra beregain hartzen duelako.

Heriotzaren azken dardarak, hortzen dantzaldia eragiten duelako.

Heriotzak irribarrearen gozoa ulertzen jakin behar lukeelako.

2011-05-09

GAUTXORIAK IGERIAN BALEKI...



HITZA
:
UHARKA

Geldoa, gelditu dena, geldirik dagoena. Ibilian zetorrenaren atseden gunea. Lasaitasunaren pausaleku. Murmurio hotsaren isiltasuna. Olatuen azken arnasaldia.

Uraz ari naiz. Urtegia da uharka, ibaiaren gelditzea (edo ibaiaren abiapuntua).

Uharkak badu beste adiera bat, ordea. "Ura uharka dator" -> "Ura erauntsika dator". Bortitz, indartsu, asko datorrela, alegia. Bitxia iruditzen zait hitz berak bi sen (hitzen sena...) hain ezberdin izatea. Esan genezakeen... ura uharka iristen da uharkara. Akaso, horregatik atsedenarena, geldotasunarena, geldirik egon beharrarena.





AFORISMOA: "Gautxoria mutu egoten da goizean"


Argiak loa estutzen diolako, edo betzuloek kanturako eztarri kaskarra dutelako, edo gauaren itzalak goiza iluntzen duelako, edo izarapean ahots itoen balada dantzagarria ez delako, edo...


2011-05-02

OPORREI ZIRIA SARTU GENIENEKOA


HITZA: ZIRI

Egurrezko edo burdinazko makil txiki puntaduna.

Iturrietako ur-jarioa eteteko erabiltzen dena, adibidez. Gozoa da makilatxoari tira egin eta ura txorrotan datorrela ikustea.

Ziria sartu egiten da, ura dakarren iturburuan, adibidez. Edo urik ez dakarren iturririk gabeko buruan ere bai. Nirean eta zurean, adibidez. Hortik ziria sartu esapidea. Ziria sartzen duenak zirikatzea du helburu, zizta egitea punta zorrotzarekin. Mina egitea edo ez egitea, zuloaren araberakoa izango da. Ziriak irensten ohituta d(g)audenak zulo ibiltariak gara.




AFORISMOA: "Astegun buruzurian gorputza beltz"


Astegun buruzuri bat izan daiteke asteazken gordin bat.
Astegun buruzuri bat izan daiteke ostegun parrandazale bat.
Astegun buruzuri bat izan daiteke astearte bakarti bat.
Astegun buruzuri bat izan daiteke ostiral esnatzen hasia.

Astegun buruzuri-zuri-zuri bat izan daiteke oporren osteko astelehen gizajo bat.

Eta astegun buruzuri-zuri-zurietan eskuak beltz eta muturrak beltzago izaten dira. Edo ez...

2011-04-18

UBERA GOSE



HITZA: UBERA

Ubera da... kantu baten arrastoa, kantu baten esanahia,
pianoaren dantzaldia, Pello Irizarren hatzen itzala, Benito Lertxundiren diskoetako baten esentzia.

Ubera da begiak itxi eta sentitzea, sabel biluziaren gainean
itsasertz gaziaren laztana sentitzea. Ubera da igerian ikasi duen hari bat, uraren infinitu amaigabean nekatu gabe itotzen dena.

Ubera txalupa baten heriotza da, joanak
atzean uzten duen oroimena. Ubera gelditzen dena da.

Begiak itxi eta
entzun bazoazela.

http://www.goear.com/listen/b58ead7/uhera-benito-lertxundi




AFORISMOA:
"Tripa-zorriak izan eta buruari hazka egin."


Goseari hazka egin zorriek sabela ase dezaten... Gosea... lau zomorro ttikiren jolasa; gosea... hazkura hazkagaitza; gosea ozpin txorroten azpian lasaitzen ez den mina; gosea zorri-festa.

Gosea pentsamendu kateatua da.



2011-04-11

ASPERDURA IDAURRAN KATEATUTA


HITZA: IDAUR

Izugarri gustatzen zaizkit ama-hizkuntzak poltsikoan ezkutatuta izaten dituen hitzak. Umetan ikasi ez, eta ustekabean ahoa gozatzen dizuten horiek. Amak gutxien uste duenean umeari poltsikotik gozoki bat ateratzen dionean, umeak sentitzen duenaren parekoa da hogeita sei urterekin zure barne-hiztegian zure ama-hizkuntzari toki txiki bat gehiago egitea.


Larunbatean izan nuen
idaur hitza ezagutzeko aukera. Irratian solaskide izan nuen Iñaki Murua bertsolaria eta hark Lazkao Txikiri entzun zion hitza ikasi nion larunbatean Iñakiri: idaur. Lazkao Txikik bera baino gazteagoak ziren bertsolari batzuei esan omen zien; "zuek euskerea asko bai, gora ta behera, baino idaurrea zer dan oaindio ez dezue jakingo." Aletzeko edo garai bateko artilezko koltxoiak jotzeko erabiltzen d(z)en tresna da idaurra, sokatxoz loturiko egurrezko bi makilek osatua.




AFORISMOA: "Asperdura bakardadearen lagunik onena, eta lagunartearen etsairik handiena da."


Bi begi aspertuk betaurrekoak jantzi ditzakete, baina, hogeita hamar begi aspertuk itsutasuna baino ez dute etorkizun.



Bi begi aspertuk zuritasun osoa dute margotzeko, baina, hogeita hamar begi aspertuk beltzez janzten dute beren ikusmena.


Bi begi aspertu elkarren maitale bihur daitezke, baina, hogeita hamar begiren maitasunak bihotz hrratuak baino ezin ditu taupatu.

2011-04-04

BURUA EDAN



HITZA: ANTOXIN

Sekula ez litzaidake antoxinetik txokolate beroa edatea otuko. Antoxinetik ur freskoa edaten da. Ur freskoa... eztarrian behera "zirriak eginez" igarotzen dena.

Antoxinetik ura edatea ezpainetan hotzikara gozoak sentitzea da... hortz-doinuekin kantuan aritzea... ahoari ahoa ematea. Aho zabaleko metalezko ontzia da antoxina, sarri mendi bideetako ezkutuko iturrietan kate bati lotuta topatzen duguna.

Antoxinetik edatea bizitza zurrupatzearen parekoa da.


AFORISMOA: "Burua galdu, gorputza aurkitzeko?"

Galdu eta aurkitzen saiatu... edo ezkutaketan jolastu... galdutako buruarekin.

Ona da tarteka-tarteka amets eroen itzalean buruari gal dadin agintzea.

Ona da tarteka-tarteka (edo maiz-maiz) nor bere buruaren bila aritzea... eta gorputza aurkitzea.

Galtzeko beldurra aurkitzeko beldurra baino txikiagoa denean... orduan izango da bilaketa arrakastatsua.


2011-03-28

KUKUA ITSUTZEN DUENA...



HITZA: KUKU

Entzun dutela, entzun dutela Kukua kukuka! Atzo bikote bati lapurtu nion elkarrizketan (zer egingo diogu ba, besteen elkarrizketak "lapurtzea" gustatzen zait... hitz egingo dugu noizbait horri buruz...) jaso nuen albistea. Bai, albiste ederra da Kukua inguruetan kantari hasi dela entzutea.

Martxoan iristen da Kukua, zuhaitzak janzten hasten diren garaian; ezkutaleku bila ibiltzen da. Hamabi-hamahiru arrautza jartzen ditu Kuku emeak, habia bakoitzean arrautza bana. Hainbeste habia egiteko denbora noiz hartzen duen... Ni elkarrizketak "lapurtzen" bezain abila da Kukua besteen etxetxoak lapurtzen. Habian dagoen arrautzetatik bat kendu eta berea jartzen du, habiaren jabeak berea balitz bezala zaindu dezan. To! Kukuaren arrautza da hausten den lehenengoa, hamaika egun baino ez ditu behar ernaltzeko. Imajina dezakezue atzetik datorrena... gainerako arrautza txikien kaltetan, Kuku jaioberriak bultza egiten die habiatik kanpora... To! Kuku gaztetxoek beranduago egiten dute alde, abuztu- irailean (helduek... badakizue... San Juanetan kuku San Pedrotan mutu...) ezagutu ez dituzten beren gurasoen laguntzarik gabe... ... ... ... ... eta iristen dira, gauez egiten dute ibilia... eta iristen dira negua ongi igaroko duten tokira; Saharako basamortua igaro eta ekuatoreko basoetara iristen dira. Hurrengo udaberrira arte txoko gune izango duten tokira.

Bitxia Kukuarena... mendian gabiltzala gure elkarrizketak "lapurtuz" irudikatu izan dut sarri... eta nahikoa entzun duenean, nazkatu dugunean, isiltasuna behar duenean, kantari hasten dela ondorioztatu dut... Kukuarena dela isiltasunaren agintea...
Ixo-ixoka jartzen gaituela, noiz eta berak nahi duenean...




AFORISMOA: "Maitasuna okulistarenean"


Begiratu eta bereizten ez duelako
...

Sentitu eta ukitzera iristen ez delako...

Zirriborroak irribarre bihurtzen dituelako...

Begiek salto egiten diotelako...

Ikusi... begiak ixten dituenean ikusten duelako...




2011-03-21

TXOTXONGILOAREN LEKAIO MUTUA




HITZA: LEKAIO

Oihua izan daiteke mututasunaren izerdi-isuria; entzumenaren sua; iluntasun galduaren zurrunbiloa.

Oihua izan daiteke garrasiaren lehen nota; Eduard Munch-en azken pintzelkada; beldurraren begirada.

Oihua izan daiteke zoroaldi baten zorion kolorea; haizearen dantzaldia; urduri dagoen itsasoaren besarkada.

Oihuak lekaio egiten du; lekaioak oihua bezain ozen. Munch-ek bakarrik asmatuko luke lekaioa oihuaren kopia perfektua dela.





AFORISMOA: "Txotxongiloa nor da; ahotsa jarri eta gorputza ezkutatzen duena, edo ahotsa ezkutatu eta aurpegia ematen duena?"

... eta galdera hori egiten duena nor da, ikuslea edo entzulea?

... eta hariak nork mugitzen ditu, eskuak edo panpinak?

... eta irudimena non kateatzen da, muralaren aurrean edo atzean?

... eta zu txotxongiloa bazina... zer aukeratuko zenuke gorputzik gabeko ahotsa edo ahotsik gabeko gorputza?


2011-03-14

HIRU ZUATZ ETA HAMALAU GARO


HITZA: ZU(H)ATZ

Pilatu. Malkoak pilatu, ezpainarteko hortzak, lo hartu gabe pasatako orduak, urtebetean zaharkitu zaizkigun mugikorrak, maitasun aitortzak, sorbalda gainera eroritako ileak, galdutako begiradak, lapurtutako usainak, gizentzeko astirik gabe puztutako zakar poltsak, ohe azpira eroritako txanponak, eman gabeko besarkadak. Pilatu. Begietara sartzen diren hauts pinportak pilatu. Bizitza begietara sartzen diren hauts pinporten pilaketa da. Zu(h)atz (batzuetan h-z ikusi dute, beste batzuetan h-rik gabe; hiztegi batuak ez du jasotzen. Ataundar bati entzun nion lehenengoz irratian, izaldar batek proposatu zidan atzo gaur blogean jartzeko) bat da bizitza. Garoa pilatu ordez, hauts pinportak pilatzen dituena. Zu(h)tzak makila darama erdian (belar metak ez du makilarik izaten, horratx ezberdintasuna); norbera bihurtzen da bere bizitzaren makila. Bakoitzaren lana, horixe: bizitzak pilatutako hauts guztiei eustea.



AFORISMOA: "Poesia zientzia zehatza da, geometria bezalaxe." (Gustave Flaubert)


Gaur Pi-ren eguna da (martxoaren 14a --> 3/14). Pi-ri buruzko poesia baten bila hasi eta honako esaldi eder hau topatu dut. Olerkia ere topatu dut, baina, euskaratuz gero, bere xarma galduko luke, olerkiko hitzek Pi-ren lehenengo 63 zifren neurri (silaba kpurua) bera baitute eta itzultzen hasiz gero... silaba kopurua aldatuko litzatek! Itzultzen ibili beharrik gabe, ea egunen batean halako zerbait sortzeko burua estutzen dudan!

"Poesia zientzia zehatza da, geometria bezalaxe."

Metafora baten irudiak bi zirkulu ditu eta zirkunferentzia bakarra. Errima bi zuzenkiren arteko angeluaren neurriaren parekoa izan daiteke; errimaren zikloek 435º-ko angelua dute. Zer egingo diogu... zikloa ez da beti hasierako puntu berera heltzen... Eta ezin zitekeen bestela izan, hiperbolek hiperbola erraldoien itxura dute. Anaforak zuzen paraleloen artean ezkutatzen dira; nork esan ote die geometria poesiarekin maitemindu dela... Gehiegizko zehaztasunak mundua hankaz gora jarriko duen beldur dira oraindik silabak kontatzen ikasi ez duten puntu ttikiak...


2011-03-07

MOZORROPEAN... BERDEA


HITZA: ZOPIZARTU

Goizean aurpegia garbitzearen parekoa. Begi arrasto berriak margotzeko, makarrak ongi garbitzea onena.

Aitzurra behar da lurra zopizartzeko, lurra erein, ondu edota landatu aurretik belarrak kentzeko.

Belarrak kentzea (makarrak garbitzea) erraza da, belarpean zer azalduko den asmatzea... lurra entzuten jakin behar!







AFORISMOA: "Mozorrotu... nork bere burua aurkitzeko"


Begi atzeko ilunduren garrasia egiaren erretratua da. Ahotsa mozorrotzen denean, barruak hitz egiten du... isiltasun hautsiaren izerdi nekatua. Hori baino ez da nork bere buruari egiten dion aitortza.

Aurpegi estaliak hiru begi ditu, bi ezpain pare... aurpegi estaliak berriro ikasi behar izaten du hitz egiten.

2011-02-28

Zilaren zirrara



HITZA:
ZILA


Zilborra; txirriñe. Bai, txirriñe, umetan (eta umeagotu nahi izaten denean ere bai) norabaiterako ate bihurtzen zaigu zila. Eta norabait horretara pausoa luzatu baino lehen, norabait hori ilun badago batez ere, txirrina jotzea izaten da onena.

Askotan pentsatu izan dut nor ote dagoen txirrina jo arren, zabaltzen ez den atearen bestaldean. Askotan pentsatu izan dut bizitzaren orbainak zergatik duen korapilo itxura. Askotan pentsatu izan dut bizitza jaiotzen garen unean itotzen ote zaigun.

Txirriñe; jaio ginen uneko oroitzapen ahaztuen melodia isila.






AFORISMOA: "Ausarta zela baina, hark ere hotzikarak!"


Bai, hotzIKARAK. Bularraren eta bizkarraren arteko irristaldiak. Aldapa izoztuetan behera hankaz gora eroritako sentimenduen jolasa.

Sukar erreen hotzaldia, maitasun aitortza beroen dantzaldia. Hotzikarak badaki beldurra zirikatzen.


2011-02-21

PATATA ARMIARMA BALITZ...


HITZA: AMARAUN

Harrapatzearen xarma; edo harrapatu nahi izatearena; edo harrapatua izatearena. Armiarmak egiten duen sarea (amarauna) proteinez osatua dago. Munduan ezagutzen den elementurik gogorrenetakoa omen da.

Amaraunik handiena Madagaskarren omen dago, 25 metro omen ditu luze. Amaraun berezi hauek eraikitzen dituzten armiarmek ibaiak alderik alde zeharkatzeko eraikitzen dituzte. Nola egiten duten? Bertaratu eta zuzenean eurei (armiarmei) galdetzea onena...

Amaraunak isiltasuna harrapatzen du; isiltasunaren xuxurla. Amaraunak ametsen logune dira. Logeletako hormetan amaraunak dituztenek (zuk garbitu egiten dituzula... zuretzat kalte!) goizean ere ametsetan jarraitzen dute. Amets isilen xuxurla da zuk, bai zuk, horma ertzak garbitzeko ohiturarik ez duzun horrek, goizetan entzuten duzuna.






AFORISMOA: "Zakua patata baten barruan."


Ezinezkoa ere posible egiten dugu matematika azterketa batean. Horixe gaurko aforismoaren esanahia.

Batxilergoko lehenengo mailakoekin azterketa izan berri dut. Ikasle batek (demagun Arantxa duela ikasleak izena, ;-)) horixe da idatzi duena (ez zuen hori idatzi nahi (edo bai? Ez nago oso ziur), baina, horixe da idatzi duena), zakua patata baten barruan. Inguratu eta irakurri diodan arte ez da ohartu, ordea, idatzi duenaz. Gero barre egin du... zakua patata baten barruan... zergatik ez galdetzea falta izan zaio.

Eta orain ni naiz esaldiari bueltaka dabilena... zakua patata baten barruan... zergatik ez? Zer da azterketa bukatzen denean patatarekin eta zakuarekin gertatzen dena?

2011-02-14

LARATZEAN GALDUTA


HITZA: LARATZ

Laratzean behera jaitsi zen, adibidez... otsoa, hirugarren txerritxoaren etxean. Ipurdia galdarako ur berotan erre zitzaion otso gizajoari...

Laratzean behera jaisten da, adibidez... sorgina, ilargi-berri den gau ilunetan, su artean erdi-itzalian gelditu diren txinparten argitan egunsenti aurreko azken dantza dantzatzera.

Laratzean behera jaisten dira, adibidez... izarrak, tximiniko zuloa gauari muxuka dagoen uneetan.

Laratzean behera ausartu ez, eta laratzean gora egiten saiatu nintzen behin baserrian. Oinak eltze handiaren gainean jarri, eta kate gakodunean (horixe da laratza, tximiniatik behera zintzilik dagoen kate gakoduna, beheko suan dagoen eltzea eusten duena) gora luzatu nituen besoak. Ez dakit nora joan nahi nuen, sorginen, izarren edo ipurdia erreta ihesi joan zen otsoaren bila. Irudimena baino ez zen iritsi tximiniaren puntara. Ezkutaketan jolasteko ezkutaleku bikaina, horixe arratsalde hartan topatu nuena.

Beltz-beltz (bai, zerri-zerri) eginda atera nintzen zulo ilun hautsez beteriko hartatik (bururatzea ere, ezta?), beltz-beltz eginda eta poltsikoan esaera zahar-sineskeria bat hartuta:
umeek ez omen diote laratzari eragin behar, bestela ohean pixa egiten omen dute.

Imajina dezakezue bai, gau hartan egunsentiak nola harrapatu ninduen: blai eginda!




AFORISMOA: "Bilatzen duenak aurki dezake; aurkitzen duenak ez du bilatzen"

Eta bilatzen ez duenez, aurkitu gabe egiten du bidean aurrera.

Bila aritzearen nekea, gozoa da, oso gozoa.

Bila aritzearen nora eza, zora-garria da, zoragarria.

Bila aritzearen denbora opari bat da, bigarren ordulari bat.

Aurkitu izanaren plazera bila aritzearen ispilu da, ez besterik.


2011-02-07

HAIZEA JO



HITZA: ADAR

Herriko adarjotzailerik trebeenak adarra joz pasa du goiz osoa; sekulako adar-hotsa entzun da herrian. Akerraren adar okerrak aztoratu eta pagoko adarretan gelditu dira kateatuta.


Adar-jotzea (bata eta bestea) zientziaren adartzat har daitezen aldarrikatu nahi izan du adarjotzaile halakoak!

Bai, hori ere esan du, larunbatean Adarra mendian (Urnietatik gora) izan zela, arratsalde zoragarria izan zela; bertso bat idatzi eta argazki politak atera zituela. Iluntzean etxeratu zenean, aulkiaren adarraren kontra erosotu zuela bizkarra eta mendiko botak kendu eta kaleko zapatak adarraren laguntzaz jantzi behar izan zituela, hori ere entzun diogu goizean adarra jotzen aritu den adarjotzaileari.




ADARRA (811 m)

Itsasertzaren begiratoki
zoragarri ta edarra,
Gipuzkoako barnealdea
ta mendialde naparra,
harri artean iraganeko
aztarnek duten indarra!
pausoa erraz onartzen duen
zelai arteko bizkarra,
sarri bisitan inguratzeko
lagun ona da Adarra.





AFORISMOA: "
Hitz potoloak erabiltzen saiatzen gara, esandakoa haizeak eraman ez dezan."


Eta ez da erraza, lau kiloko hitza lau hitzen tokian egoki erabiltzea. Ai asmatuko bagenu!

Erraza ez den bezalaxe, kiloko lau hitzekin esaldi pisutsu bat egitea. Ai asmatuko bagenu!

Haizearen lagun egitea onena, hitzak eraman ordez, hitzak ekartzen has dadin. Ai lagunduko baligu!