Aritz Gorrotxategi "Koldar hutsa zara" liburuaren aurkezpenean |
Izan daiteke beldurragatik, lotsagatik beharbada, minak ere izan dezake zerikusirik, edo nekeak, edo asperdurak. Batzuetan lo harrapatzen gaitu ezusteak, espero gabe esnatzen den egunak. "Itsasoa handiegia da" entzun nion behin bati ura poltsikoan sartzen zuen bitartean, ez nion galdetu ea zertan ari zen; ez nintzen ausartu.
Izan daiteke ezjakintasunagatik, desorekengatik akaso, bustitzen ez duten izerdiek izan dezakete zerikusirik, edo nazka sentipenek, edo biluzik irudikatutako sabelek. "Egarria handiegia da" entzun nion behin bati pixa egiten zuen bitartean. Ez nion iradokitu bere pixa edan zezakeela... Zertarako, itsaso handi horretan dena bada pixaontzi?
Izan daiteke auskalo zergatik, ez naiz esatera ausartzen. Koldarra naiz, edo ez. Ez naiz esatera ausartzen eta kitto. Koldarra naiz?
Aritz Gorrotxategirekin solasean aritu ginen urriaren 10ean Itaka saioan. "Koldar hutsa zara" (Erein) liburua aurkeztera etorri eta liburuaren aurkezpenaz harago asko da Aritzek oparitu ziguna. Begirada oparitu zigun eta biluztu egin zen. Biluztu egin gintuen. Ez dago gehiago ematerik. Ez dago gehiago eskatzerik. Eskerrik asko!