Letra
larriz idatzitako egutegiko egunak baino bezperak eta biharamunak maite eta
behar ditugula azpimarratzera mugatzen dugu sarri gure diskurtsoa. Egun
bakarrera mugatu gabe urte osoan egin behar dugu lan esaten dugu askotan;
sinetsi, esan eta zabaldu. Baina, asmoak diskurtso bihurtzen direnean, eta
diskurtsoak publikoaren onespen, nago egutegiak egun, bezpera eta biharamunik
gabe hustera kondenatzen ditugula.
Letra
larriz idatziriko egutegiko egunak beti dira aberats solaserako,
hausnarketarako eta eztabaidarako erabiltzen baditugu. Urte osoan horretarako
astirik hartu ez (zertan pasatzen dugu denbora?) eta urteko egun batean
horretarako astia hartzea ez da gutxi.
Otsailaren
14ak eskuetan bi liburu eder nituela harrapatu ninduen igandean; Miren Agur Meaberen
“Kristalezko begi bat” liburua irakurtzen ari gara Beasaingo Irakurle Taldean,
eta Laura Mintegiren “Sisifo maite minez” Ordiziakoan.
Maitasunaz,
maite suaz, maiteminaz eta maite minaz izango dugu zer biluztua bi literatur
saioetan. Maitasuna egin, eman, hartu, sentitu, agindu, eskatu bai, baina,
maitasuna hizketarako gai gutxitan hartzen dugula uste dut.
Horrela
hasten da Sisifo maite minez nobela: Maitasuna zer den jakin nahi duzu? Nik
esango dizut zer den: estraineko presioa bularrean, eztarria ihartuta eta
bihotza taupaka sentitzea; begirada galdua puntu batean tinkotzea; norberaren
bizitza hiru lerroko poema batek islatzen duela ikustea; bizirik zaudela jakin
eta bizi nahi ez izatea; barne-mina. Maitasuna malenkolia da, tristezia eta
algara batera, pasioa, ziurtasun-eza, sugarra, karentzia eta soberakina; inoiz
baino niago izan eta aldi berean norberaren buruarekiko arrotz sentitzea.
Irakurle
taldekideek maitasuna nola definituko duten jakiteko desiratzen nago. Bi egun
daramatzat buruari buelta eta buelta eta nola definitu asmatu ezinik nabil. Bueltak
buruari ez, baina, bihotzari eman beharko zenizkioke pentsatuko du bakarren
batek eta agian arrazoi du, baina, ez diot kasu handirik egingo.
Pozik
nago, ezer esaten ez duten ba hori, badakin ezta, bai, motel ulertzen didak ezdeus
horiez harago maite ditudan ingurukoekin maitasunaz hizketan aritzeko arrazoia
eman didalako aurten San Balentin egunak.
Euskalerria irratiko astearteko irrintzian entzungai: