2015-08-28

URA POESIA EGARRI

Lanjaronen (Alpujarrak-Granada) 2015-8-2

Poesia edaten saiatu naiz udan. Ez pentsa, kontua ez da batere erraza. Kontua ez da: bat lepoa bihurritu, bi ileak gobernatu, hiru ahoa zabaldu, lau mingaina kontrolatzen saiatu, bost datorren hori ahoratu eta sei eztarria txirrista bihurtu. Kontua ez da hustu, ase eta betetzea. Kontua ez da hartzea eta gero berriro hartzea. Gakoa emateko momentua ongi aukeratzean dago. Begiak iturriari eman. Ezinbestekoa da begiak iturriari ematea gero lepoa bihurritu, ileak gobernatu, ahoa zabaldu, mingaina kontrolatzen saiatu, datorren hori ahoratu eta eztarria txirrista bihurtu nahi bada. 

Poesia edaten saiatu naiz udan. Egia da betidanik izan dela ura baliabide poetiko literarioa. Baina, ez nuen ezagutzen, nik ez nuen ezagutzen Ura poeta. Ezinbestekoa da begiak iturriari noiz eman ongi aukeratzea. Orduan bakarrik lortuko baituzu urarekin batera poesia edatea. 


2015-08-25

KALABAZAK ORDAINETAN

2015-8-14 Lazkaon

Beste behin plazera izan da, kuadrila! 

Hirugarren udaz jarraian oporretako zenbait goiz tomate, baina, patata, piper, pipermin... artean gozatu eta goxatu ditut. Azazkalak zikintzeko beldurrik gabe hanka sartuz eskua sartzen ikasi dut. Eskua sartzen lurpean, mundua azaleratzeko. 

Mundua biltzen baita Lazkaoko baratzean; Pakistan, Senegal, Nepal, Errumania, Uruguai, Maroko, Euskal Herria eta mundua lan(da)tzen baita irribarre, azalore, solas, kalabaza, izerdi, letxuga, ahalegin, kalabazin, irrika, tipula, gogo, arrautza eta amets artean. 

Lazkaoko mojen lurretan Karitasek jarritako proiektua da: behar duenari irakatsi behar duena lortzen. Arraina eman beharrean irakatsi arrantza egiten. Arantxa, Juanma, Candi, Txomin, Joxe... bejondeizuelaegiten duzuen bolondres lanagatik. Khurram, Wakar, Shazed, Abo, Nenuta, Carlos, Gabi, Kashir, Ramses... bejondeizuela ikasi eta irakasteagatik. 

Beste behin plazera izan da udako asteazken-ostiral goizak zuekin partekatzea. Lurra pozik dago. Ez dago kalabazak ordainetan ematen dituen lur landuaren zoriontasuna bezalakorik. Eta hori zuek lortzen duzue. 


2015-08-18

ATHLEEEEEEEEEEEEEEEEEEEEEEEE

Apirilaren 7an Bilbon
Aupa zuek! 

Gordeta nuen apirilaren 7an goizean goiz ateratako argazki eder hau. Santio Bideko Bilbo-Pobeña etapa hasi berriaren irudi ederra da San Mames aurrealdean ateratakoa. Ospatzen ari ginen; zer ospatzen ari ginen oso garbi ez genuen arren: elkar besarkatuta egotearen zoriona, Santio Bidean aurrera egiteak sortzen duen ilusioaren zirrara, aitona Patxirengandik jasotako Athletic zaletasuna... 

Gordeta nuen apirilaren 7an goizean goiz ateratako argazki eder hau. Gaur bezalako egun bat behar nuen zuei erakusteko. Orduan ospatzen ari ginen; zer ospatzen ari ginen oso garbi ez genuen arren. Gaur ospatzen ari gara; zer ospatzen ari garen oso garbi ez dakigun arren. Hori da futbola. Hori da futbolak sortzen duena. Zerbait defini ezina, ulertezina. Pozik gaude. 

Aupa zuek eta aupa gu, telebistaren bestaldetik zuei aupaka jartzen garenok.