Ate bat zabaltzea ez da hain erraza, atearen bestaldean zer dagoen dakienak ateari bultza egiten dio. Atea zabaltzea beste kontu bat da; ez da bultza egitea bezain erraza. Atea zabaldu, pixkanaka zabaltzen da. Pixkanaka... begirada bat, esku bat, haize bultzadatxo bat, hitz bat soka muturrerako... Atearen bestaldean zer dagoen ez dakienak pausoak bi norabidetan ematen ditu. Horregatik sortzen dira bihurguneak. Horregatik da bizitza zorabio konstante bat, matxinsalto baten jauzi ikusezinaren jarraipena.
Bizitza zozketa infinitu bat da eta iheserako bidea topatzen ez duten zenbaki guztiak atepeko zuloan kateatzen ditugu. Bizitza atepeko zirrizkuetan hasi eta bukatzen da argi-ilunen bizitoki berean.
Ate bat zabaltzea ez da hain erraza, baina zorionez asmatzen dugu ateak zabaltzen, asmatzen dugu atepean kateatutako zenaki guztietatik behar dugun hura aukeratzen. Eta aukeratzen ditugu begirada eta eskuak eta haize bultzadatxoak eta hitzak soka muturrerako... Eta aukeratzen ditugu ateak zabaltzeko uneak eta batez ere guneak. Eta gune horietako bat izan daiteke, adibidez, institutu bateko pasabidea. Institutu bateko pasabidea bera, ate handi bat da. Eta lehendik zabalik egoten den arren, horretan ere asmatu egin behar da. Institutu bateko pasabideetako atea zabaltzen.
Leire Alonso -> Marcilla eta Asturiaseko urek Burlatan egin dezakete topo. Eta Burlatan elkartzen diren urek maite dute poesia eta prosa, maite dute musika, maite dute matematika, eta Burlatan elkartzen diren urek, bereziki eta batez ere maite dute bizitza; hori begietan nabari da. Eta begi horiek dira Leirerenak, ekainaren 9an hitz egitera etorri zen, eta batez ere ongi pasatzera. Poesiaz, prosaz, literaturaz, hezkuntzaz, matematikaz, musikaz... hitz egitera etorri zen, asko du kontatzeko 1994an jaio zen neskatoak.
Bizitzaren indeterminazioez eta bizitzaren limiteez aritu ginen... Zertaz? Ba, horretaz, begiradez, eskuez, haize bultzadatxoez eta hitzez... soka muturrerako hitzez...Barre eta negar egin genuen, eta batez ere ongi pasa genuen. Larunbat goizak, horretarako direlako, lagun on bati besotik heldu eta ongi pasatzeko.