2010-06-30

MATEMATIKA MINTEGIKIDEEI (2007-2010)



Gemari, Mireiari, Olatzi, Cristinari, Andreari, Asierri, Ixari, Lierniri, Oihanari, Silviari, Mertxeri, Loreari, Andreari, Javierri, Josebari, Josuri, Beñati eta Blancari,


Ez dakit horrelakoetan zer esaten den,

mila esker edo eskerrik asko,

agur edo aio,

gero arte edo hurrena arte.

Ez dakit horrelakoetan zer esaten den,

eskuartean problema bat dudala edo soluzioa bilatu ezinda nabilela,

mintegi honek xarma berezia duela edo xarmangarriak mintegikideak direla,

argazkia begietan edo argazkia bihotzean eramango dudala.

Ez dakit horrelakoetan zer esaten den,

Jabierren umorea edo Josebaren zuzentasuna eskertzekoak direla,

Andrearen eskuzabaltasuna edo Lorearen prestutasuna txalotzekoak direla,

Mertxeren ahalegina, Oihanaren inplikazioa edo Silviaren energia beharrezkoak direla,

Josuren zintzotasuna, antolaketa eta babesa ezinbestekoak ditudala,

Beñaten pikardia, goxotasuna eta konplizitatea eguneroko arnas bihurtu zaizkidala,

eta Blancaren…

ai Blancaren…

esango nuke Dantzalekun (Murumendipean) dantzan topatu genituen

sorginen kastakoa dela Blanca; duena baino askoz gehiago ematen duena.

Ez dakit horrelakoetan zer esaten den,

izugarri gozatu dudala edo plazer bat izan dela,

zuengandik asko ikasi dudala edo nire esperientziaren iturriak zaretela,

pertsona apartak ezagutu ditudala edo zoragarriak zaretela!

Ez dakit horrelakoetan zer esaten den,

eta zer esan erabakitzerako orrialdea bukatu zait.

Esandakoa esanda, horixe zen esan nahi nizuena,

aitak alaba ongi zaintzeko eskatu zizuela,

eta bikain zaindu nauzuela.


Mila esker; bihotzez hemezortzi muxu potolo,

Irati Goikoetxea


2010-06-29

MALKOAREN PISUA


Zenbat pisatzen du malko batek?

Kantu baten xuxurla, olerki zuri bat, ahots itoaren ezina, oroitzapenaren argazkia...

Zenbat ezkutatzen du malko batek?
Ekaineko azken egunen negualdiak erakutsi nahi duen guztia.

2010-06-26

ITAKA (KOLDO PLA_SAN CRISTOBAL_2010-6-12)





Betazalen atzean isildutako mina,
ahots itoen geltoki iluna,
esku zimurtuetan kateatzen da
masail bustien argazkia.


Azken hilabetean gizon-emakume ezberdinen bizipenak entzuteko aukera izan dut. Olga, Ernesto, Ana, Julieta, Willy, Hedy, Julia, Maria, Josefina, Mirentxu, Mikele... Izen abizenak dituztenen bizipenak. Eta konturatu naiz...


Ezagutzen ez dena ez dela existitzen,
eta ezagutzeko entzun egin behar dela,
eta entzuteko kontatzeko aukera eman behar zaiela
ausardiaren itsasoan ito gabe ibiltzeko indarra izan zutenei;
eta indarrik izan ez duenari
eskua luzatu behar zaiola eta igeri egiten lagundu.


Eta konturatu naiz...
iraganak urte gehiegi egin dituela mutu, gor eta itsu;
memoriak ere baduela hitz egiteko beharra,
entzuna izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea.


San Cristobalen egin diren azken indusketetan parte hartzeko aukera izan dut Txinparta eta Aranzadi elkarteko lagunekin, eta esperientzia aberasgarria eta oso hunkigarria izan da. Mila esker aukera hori eman didazuen guztioi!

2010-06-24

IKASTURTEARI AGUR


TALDEA


GERTUTASUNA


IRRIBARREA


ILUSIOA


JAKIN-MINA


Zoragarria izan da aurtengo urtea zuekin partekatzea; irakatsi adina gauza ikasi ditut esperientzia eder honetatik. Jakin badakizue, nire zatitxo bat zuekin gelditzen dela. Zuen etorkizuneko lanpostuetan nik zuekin gozatu dudan adina gozatzea, ez dizuet besterik opa. Zoriontsu izan zaiteztela!

Gogoan dut lehenengo egunean irakurri nizuen olerkia...

BOSTEKOA ETORKIZUNARI
Etorkizuna esku zabal bat da,
zure pausoen bide,
zure ametsen marrazki;
etorkizuna beldurra da, zalantza, zoriona, ilusioa...
Etorkizuna ere ikasi egiten da, landu, hezi, bizi.
Etorkizuna bizi egin behar da.
Etorkizunak lagun bat behar du, esku bat.
Emaiozu bostekoa zure etorkizunari.

Poema hau irakurri nizueneko etorkizuna orainaldi bihurtu zaigu, iraganeko lazo. Ikasitako guztiaren kutxan oroitzapen ederrok gordetzeko txoko txiki bat egiten asmatzea izango da uda honetako erronka. Muxu potolo bat denoi!

2010-06-21

JOSE SARAMAGO


Badira irakurri eta irakurri dituzula ahazten ez dituzun liburuak. Badira ikusi eta ikusi dituzula ahazten ez dituzun aurpegiak. Badira zure egin eta zure egin dituzula ahazten ez dituzun esaldiak.
Badira entzun eta entzun dituzula ahazten ez dituzun ideiak.

"Ensayo sobre la ceguera" izan daiteke liburu hori; aurpegia Jose Saramagorena; esaldia denok itsu gaudela esango nuke. Ikus dezaketen eta begiratzen ez duten itsuak gara, eta ideia... gizon koherente eta konprometituarena.

Koherentzia da Saramagori buruz azken egunotan irakurri dudan hitzik errepikatuena. Begietan antzematen zaio bizitzarekin, gizartearekin eta bere buruarekin izan duen konpromisoa. Esana izanarengandik hain urrun bizi den garaiotan mirestekoak dira halako pertsonak.

2010-06-17

ZERGATIK AITONA...

Apirilaren 29an Askatasuna institutuko ikasle, irakasle, langile eta gurasoek eskainitako "Sutondoa iraganetik etorkizunerako zubi" emanaldiaren parte da Zergatik aitona ikuskizuna. Naiara Jimenez Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak editatu du egun zoragarri hartako irudi bihurtu den bideoetako bat.

Umeak galderak zor dizkio bizitzari, aitonak erantzunak. Juan Mari Lekuona olerkariaren "Zergatik aitona" olerkietan oinarrituta Ekaitz Goikoetxeak eginiko bertsoak dira musikaz jantzita ikasleek errezitatu zituztenak. "Zergatik aitona zaude okerturik, zergatik esan, buru zuriturik, umea naiz eta jakin nahi nuke nik..."

Aitona: Ekaitz Goikoetxea

Bilobak: Miren Yoldi, Maddi Zenotz, Mirari Narbarte, Leire Alonso, Ainhoa Ciriza, Josu Carte, Maite Zubillaga, Uxue Amatriain eta Nera Fernandez

Tronpetarekin: Claudia Rodriguez

Akordeoiarekin: Uxue Gartzia

Zeharkako txirularekin: Naiara Carrero eta Alazne Gonzalo

Biolontxelo eta biolinarekin: Leire eta Saioa Alonso ahizpak

Bideoa jaitsi nahi dutenentzat:

2010-06-15

ERREALAAAAAAAAA LARALARALARALALA


Saiatu naiz Álvaro, baina ezin! Ez zait ezer bururatzen; olerki bat Errealari? Ni lurtarra egin ninduten, gizaki arrunt. Zauriak egiten ditudanean odol gorria ikusten dut, odol gorria
arrasto zuri ttiki batzuekin jantzia. Bai, gipuzkoarra naiz, eta? Tolosako babarrunak eta Idiazabalgo gazta izugarri gustatzen zaizkit; horrekin ongi justifikatzen dut gipuzkoar identitatea, ezta? Gainerakoan ez naiz lekukotasun sustraituak itsututa bizi (ezin esan gabe utzi nire ingurua izugarri maite dudala), gerezi bila Extremadurara joaten naiz eta txokolate bila Suitzara.


Futbola? Hain urrutira joan gabe aspaldi topatu nuen nire lehoiaren
orroa Bizkaia aldean. Javi Martinez-ekin amets egiten duenari ezin eskatu kolore txuri-urdinei maitasun aitortza egiteko.


Poztu ere ez? Bai, motel, poztu, poztu naiz, besteen zorionak pozten duten horietakoa naiz. Errealzaleak pozik badaude, ni ere bai! Aupa Athletic! (;·P) Datorren urtean txuri-gorri/txuri-urdin derbien zirrara berreskuratuko dugu berriro! Ez da gutxi!

2010-06-14

ITAKA (Barriola/Urruzuno_2010-6-5)


Antton Ibarguren, Beñat Irastorza eta Lierni Garmendia izan ziren lehengo astean irratian. Ordiziako Jakintza Ikastolako irakasle eta ikasleak dira, berriki sari ezberdinak jaso dituztenak. Antton Ibargurenek hirugarrenez irabazi du Barriola Deklamazio Lehiaketa DBH 2.mailako bere ikasleekin. Ilusioz lantzen dute ahozkotasuna; hizkuntzaren alderdirik ederrenetariko bat bidelagun hartu eta ongi egindako lanaren ordainetan (7 minutuko grabaketa ederra egin dute, irratsaioan entzungai duzue) saria irabazi dute gainera!

Beñat eta Lierniren begietara begiratzea nahikoa da etorkizunari ilusioz begiratzen diotela konturatzeko. Aurtengo Urruzuno lehiaketako sarietako bi beraientzat izango dira. Zergatik ez? Beraiek ere idazle izan nahi dute! Irabazi duten Galiziarako bidaiaren kronika idaztea izango dute hurrengo erronka. Heldu gogotsu literaturari bikote, zuen emariak ere literatur iturria aberastu dezan!

Gogoan ditut 1999ko eta 2000. urteko Urruzuno sariak... gogoan ditut Suitza, Austria, Eslovenia eta Venezia... gogoan ditut Xabi, Kristina, Idoia, Gaizka...

Saioa jaitsi nahi baduzue:

http://blip.tv/file/get/Irati-urruzuno728.mp3

2010-06-11

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XIX)


Zenbat pisatzen du problema batek soluzioa balantzaren gainean jartzen badugu? Zenbat pisatzen dute lau pentsamenduk igogailu batean ilargira bidaltzen baditugu? Zenbat pisatzen du problema bat ebazteak ematen duen zorionak? Gaurko erronka igogailuaren barrura sartu nork bere burua pisatzea!




IGOGAILUAN

Lau errugbi jokalari igogailu batean sartu dira. Igogailuak gehienez ere 380 kg-ko pisua onartzen du. Gehiegizko pisuagatik alarma garrasika hasi ez dadin lau jokalarien pisua kalkulatu behar duzu lehenbailehen. Hona hemen zenbait datu:

· Pablo da gehien pisatzen duena. Beste laurek berak adina pisatuko balute alarmak igogailua geldiaraziko luke.

· Mikel da gutxien pisatzen duena. Igogailuak bera bezalako bost onartuko lituzke!

· Xabik Pablok baino 14 kilo gutxiago pisatzen ditu, eta Jonek baino sei kilo gutxiago.

· Jonek Mikelek baino 17 kilo gehiago pisatzen ditu.

· Pablo eta Mikelen pisuak bosten multiploak dira.

Zenbat pisatzen du jokalari bakoitzak?


2010-06-09

ISILTASUNA


Bazen behin isiltasunari muxu txikiak ematen zizkion neskatila bat. Emandako muxu bakoitzeko pittin bat gehiago maitemintzen zen isiltasunaz, eta eman gabe utzitako muxu bakoitzeko isilik gelditzeko arrazoi bat gehiago topatzen zuen.
"Baina, isiltasuna zer da?" galdetzen zioten inguruan biltzen zitzaizkion lagunek. Eta berak orri zuri bat erakusten zien. "Isiltasuna biluztasunaren ispilua da" erantzun eta korrika ihes egiten zuen. Auskalo zergatik! Akaso oinez emandako pausoetan isiltasunak errazago egiten duelako irrist.