|
Eleder eta Irati Etxauriko baso artean |
Gaur egin dute institutuko ikasleek urteroko literatur emanaldia; aurtengo gaia "Nire amaren etxea defendatuko dut". Ederra egin duzue, bejondeizuela egindako lanagatik! Aitzakia polita izan da institutura Elederrekin hurbildu eta urtero bezala nire hitzak zuekin partekatzeko. Hauxe Elederrek amari idatzitako beste eskutitz bat:
Kaixo, amatxo!
Kontatuko dizut sekretu bat? Sekretu txikia da,
txiki-txikia, baina, ez zait mingainaren aho korapiloan kabitzen eta norbaiti
kontatu behar diot. Lotsa pixka bat ematen dit jaio nintzenean pixka bat beldurtu
nintzela esateak, baina, badakit ez diozula inori kontatuko. Beldur pixka bat,
pixka-pixka bat bakarrik, horregatik zikindu nizun kakaz bulargaina. Kakari
eusten ere ez dut oraindik ikasi, eskua ez zait ipurdi parera iristen eta dena
braustakoan erortzen zait ez dakit nondik. Nondik erortzen da kaka, ama? Beldur
pixka bat sentitu nuen, bai. Eta ez dakit zergatik. Argitasunagatik, epeltasun
faltagatik, garrasiengatik… zergatik egiten zenuen horrela garrasi? Nora joan
behar nuen jakin nezan? Beldur pixka bat sentitu nuen, pixka-pixka bat, eta
horregatik egin nizun kaka pixka bat, pixka-pixka bat, bular gainean. Bitxia
da, baina, sentitu nuen beldurra segundo erdikoa edo izan zen. Ez dakit nola
azaldu; sentitu nuen eta aldi berean ez nuen sentitu. Hori zenbat denbora da,
ama? Segundo erdiko beldurrak existitzen dira?
Berehala, jaio eta oso-oso gutxira, zure bularrari
helduta nengoen eta hor beste argitasun bat, beste epeltasun bat eta beste
ahots batzuk topatu nituen. Ez dakit nik heldu nion zure titi-buruari edo zure
titi buruak heldu zion nire ahoari. Ze gozoa, ama! Bost hilabete pasa dira
ordutik eta zure bular arteko habia nire etxe bihurtu dut. Hor ez da sartzen ez
minik, ez goserik eta ezta beldurtuko nauen mamurik ere! Eta gainera, zure
bihotzaren erritmoan, taup-taup-taup, dantza egiten dit aurpegiak.
Eguna zoragarria izaten da zure ondoan, ama… baina,
gaua… Ai, gaua iristen denean… hori bion sekretua da. Ederrak dira gauak zure
bular artean, amatxo. Noiz arte, amatxo? Beti izango dira nire zure bularrak?
Noiz arte da beti? Zureen trukean nire bularrak zuretzako. Hartara etxe berean
biziko gara beti. Gustatuko zaizu nire esnea?
Asko-asko maite zaitut; asko baino gehiago. Zortzi
bihotz maite zaitut, ama. Zure txikia,
Eleder