2009-08-25

LIZARRAGA-SAN ADRIAN-MAIZA


Ate atzean ezkutatu eta kanpoan zer dagoen begiratu nahi denean kopeta estu bat azaltzen da
ez nago hemen! oihukatu nahiko balu bezala. Hantxe dago kopeta estua, harkaitzen puntan, puntaren puntan, begira dagoenari mingaina ateraz. San Adrian ermita da, Lizarraga gainean San Adrian tontorrean (1113 m) dagoena.

Handik aurrera, Urbasako bizkarraldeetako batean ibili ginen Maiza gaineraino.

Haizearen orrazia
eguzkiaren kantuari tiraka,

adats luzea da mendiarena,

adats hautsia harkaitzarena,
tiraka,
eguzkiaren kantuari
haizearen orrazia.
San Adrianek

mingaina ateratzen dio Lizarragari
eta guk bidea egiten dugu,
mingainean ez baina, eztarrian gora.

Maizaren iturburuak
aseko dizkigulako,
bustiko dizkigulako,
haizearen orraziak nahastutako adatsak
jolasean korapilatzen zaizkigunak.

Eguzkiak kantari jarraitzen du.

Beherakoan Lizarragako labadero berrituari egin genion bisita, emakume langileen oroimenez 2003an berritu zuten labaderoari, eta une batez nire burua imajinatu nuen, hizketan eta kantari, kontu jaten. Idatzi eder bi eta bertso sorta polit bat daude zintzilik labaderoko horman, bertako euskara oso aberatsean idatziak.

"Gure amak eta amen amak argittu baino len txanda ezin harrapatu lixube jotzen ibiltzen zian, uda eta negu labadorien..."

IRURTZUN-TRINITATE-ERGA

Irurtzundik Ergara
emandako bira,
Basaburua, Goñi,
Saioa hori da,
Aralar, San Donato,
Aizkorriri tira,
Pirinioen eta
herrixken segida,
begiak luzatuta
jartzean begira,
munduaren zokoak
hemen biltzen dira.

Erga (1088 m), leiho zabal bat. Koadro erraldoi bat. Abuztuaren 20an izan ginen, Irurtzundik abiatu, Trinitateko ermita igaro eta Ergatik bueltan Aizkorbe herrixkara jaitsi ginen.

Eskua luzatu eta hatz puntekin mendi tontorrak ukitzea erraza suertatzen da horrelakoetan.

AMEZKETAKO MINAK-IRUMUGARRIETA



Edo Intzeko Dorrea (1427 m). Araitz bailararen zaindaria. Oso maiteko dudan tontorra da Irumugarrieta, lehen ere askotan egin izan diogu bisita, Lizarraustitik, Guardaetxetik eta baita Intze bertatik ere. Oraingo honetan, ordea, Amezketako Minetan gora egin genuen bidea abuztuaren 16an; zirraragarria da inguru hau, majikoa.

Arrazoi askorengatik da ederra Irumugarrietara igotzea, baina, batez ere aitona Patxi gertuago sentitzen dudalako gustatzen zait bertaratzea. Tontorrera igo eta besoak zabaltzen ditudanean Aitona Patxik bere matraka besarkatzen duela sentitzen dut. Aitona jaiotzen ikusi zuten lurrak dira Araitz ingurukoak, Atalloko Mekola bordan jaio baitzen aitona. Hauxe azken igoerako besarkadak haizatu zuen bertsoa:

Amezketako minatan gora
Intzeko Dorrera garaiz,
Atallo, Intze, Uztegi, Gaintze...
zenbat belaze, zenbat haitz!
Dorre hontatik zure altxorrei
begira jartzen gara maiz,
paradisua beso zabalik
errotua duzu Araitz!
Aitona Patxi zugandik hemen
oso hurbil sentitzen naiz.

Aitona, askotan aritzen gara zuk utzitako oroitzapenekin jolasean. Eskuminak amona Prudentxiren partez. Muxu potolo bat, zure matraka.

2009-08-15

DULANTZ-IRANTZU-TRINITATE

ATEAREN BESTALDEAN ZER DAGOEN JAKIN NAHI BADUZU JO ALDABA LASAI.

Urbasako gainik altuena: Dulantz (1239 m). Lizarragako mendatearen eta Abarzuza artean dagoen Zunbeltz gunetik gora heldu genion mendiari asteartean. Pago artean gora bide itzaltsua du gozagai. Bide erdi aldera Irantzutik gora doan bidearekin egiten du bat, eta hortik aurrera arrasto zuri-horiek eramaten zaituzte ttonttorreraino. Gainetik ikusteko asko: Urbasa, Lokiz, Andia, Deierri eta Gesalaz bailarak...



Dulantz, gaur besarkatu
dugu zure gaina,
Zunbeltz parean hartu
dizugu tamaina,
baso itzaltsuetan
freskura bikaina,
aurrez aurre Urbasa
duzu alajaina!
Gailurrean tontorrik
ez daukazu baina,
baduzu motiborik
harrotzeko aina!


Hirurak aldera Irantzuko monastegira jaitsi eta Irantzu errekan gora ibilbide labur, baina, plazerez betea egiteko aukera izan genuen. Paradisua bilatzen duenak aurkitzen du, eta guk aurkitu genuen ur putzu eder batean. Bi aldiz pentsatu gabe biluztu eta uretan barrura sartu ginen; bost izarreko jakuzzia, astearte eguerdian gozatu genuena.


Harri biluzia eta soineko urtsu bat,
tartean gu
biluzik, soinekorik gabe,
baina urtsu.



Begiak itxi eta koadro bat marraztearen parekoa da,
eta zure burua irudikatzea, biluzik
bainu-ontzi batean,
eta harriz zuriz margotzea
eta ura urdinez,
eta sinestea munduko margolaririk onena zarela;
begiak zabaltzean
bainu-ontzi bat ikusten duzulako
eta harria zuri
eta ura urdin, edo berde
eta bainu-ontzian zu, biluzik.

Eta konturatzen zara koadro perfektua dela marraztu duzuna.

Errealitatea bera delako koadro bihurtu duzuna.


Inguruak altxor asko zituela eta ostegunean berriro itzuli ginen Deierri eta Gesalaz bailaretara. Lezaun-Iturgoiengo Trinitate- Iturgoien ibilbidea egin eta eguerdian Allozko urtegira joan ginen bainutxo bat hartzera.


NATURAREN ALDABA BETI TOPATUKO DUZU ESKURA; ATEAREN BESTALDEAN ZER DAGOEN JAKIN NAHI BADUZU...

2009-08-08

MURUMENDI

Sorginek irrintzi egiten dutenean gu dantzan hasten gara.

Ostegunean Murumendin (868 m) izan ginen, beste askotan bezala. Gustura joaten gara Murumendira, eta oraingo honetarako bagenuen zeregin berri bat: bertso polit bat suziriaren erraietan uztea. Nork jakin! Beharbada suzko igitai bihurtu eta hegan ibiliko da gaur Mariren arrastoaren atzetik.
Horixe bururatu zaigu, egingo ditugun mendi guztietan (beraz, egin eta umezurtz utzi ditugunetara itzuli egin beharko dugu) bertso bat uztea, eta poliki-poliki bilduma polit bat osatzen joatea. Polita litzateke bertso horiek jasotzen dituzten lagunen berri izatea, zuk halakorik topatzen baduzu... jarri harremanetan beldurrik gabe!
Txindokitikan Anbotoraino
zabaldutako izara,
punta honetan lehertzen da Marin
irrintzia ta algara,
mendi gain hontan zer gozatua
ta zer sentitua bada,
Damazuloa, Atxipi eta
Dantzalekua bistara,
Murumendira igoz gu ere
sorgin bilakatzen gara.
Irrintzia dantzan hasten denean egiten dugu guk mendira.

ZUMAIA


Mohamedenak ere bi begi beltx dira, baina, batez ere bi begi jolasti. Aurreko batean Ouafa aurkeztu nizuen, Mohamed bere anaia da, hamaika urte ditu; laster egingo ditu hamabi. Abuztuaren 5ean gurekin egon zen Zumaia; olatuak harrapatzen bera txapeldun!
Hara! Eta aurpegi berri hori amarena, halako neska puska handia mundura ekarri zuen emakumearena. Eskerrik asko ama!

RECILLA ETA CERVERA


Besarkada baten beharrean bazaude, besarkatu zure haurtzaroa.

Abuztuaren 4ean Arabara egin genuen bidaia. Pipaon herrian hasi eta Biasteri-Laguardiaraino trazatutako bidea genuen aurretik, orain dela 50 urte Varela postariak egunero-egunero negu eta uda egiten zuen bidea.


Ezpel eta pago artean laster heldu genion Recillako portuari; puntu honetan bitan banatzen da bidea, bi mendi tontor elkarren parean: Recilla (1381 m) eta Cervera (1384 m). Lehenengo Recilla gaina zapaldu genuen, eta Cervera gaina gero. Harro nago, elkarri desafio egiten dioten bi mendiri elkarrekin kantatzeko bertsoa utzi diedalako.


Cervera eta Recilla daude

eskuz ezku buruz buru,

beste behin ere paraje honek

guregan poza sortu du,

Pipaonetik Biasterira

zeharkaldia helburu,

soka berean korapiloak

hementxe lotu ditugu.

Lehenengo argazkia Recillan ateratako da, bigarrena Cervera, azken honetan Palomares gaina ikusten da.

Eguerdian Laguardiari besarkada eman nionean haurtzaroa gertuago sentitu nuen.

2009-08-03

AIZKORRI

Abuztuari kendu diogun lehenengo irteera, gaur goizean Aizkorrira egin duguna. Pozik nago, aita indartsu ikusi dut! Korrikalariek maratoiko egunean erabiltzen duten bidean gora egin dugu.


Aspaldi lotu genuelako

zurekiko maitasuna,

Aizkorri maite alderik alde

jada zara ezaguna,

zugana heltzen garen denetan

alaitzen zaigu eguna,

zu zarelako beso zabalik

hartzen gaituen laguna.

Lainoz inguraturik egon gara, baina, halere oso pozik, izerdiaren gazia gozoa somatu dugulako.

Bertsoa hor dago postontziaren barruan, ea aizkorak urratu baino lehen hartzeko gai zaren!

ARNO (MUTRIKU-KALBAIXO)

Mutil bati begia bota eta gero eskua luzatzearen parekoa izan da. Andutzetik bota genion begia, eta San Inazio egunean bikote egin genuen, edo hirugarren lagun. ARNO, Mutriku gaineko tontorra. Kalbaixotik heldu genion, igoera erraz eta polita duen mendiari. Handik behera Olatz auzora jaitsi ginen. Goizetan esnea hartzeko erabiltzen duzun katiluaren ipurdiaren parekoa da Olatz, mendi arteko sakonunean zabaltzen den bailara ttikia (eta ederra!). Azken zurrutada izaten da ederrena, ezta?

Arno ttonttorrak eman dizkigu

Ai! Zein momentu eztiak,

putreak hegan, arteak dantzan,


nonahi xomorra ttikiak,


koadro eder bat argiztatzen du

gaur goizeko eguzkiak,


suge bihurri baten antza du

kostaldeko marrazkiak.

Hortxe-hortxe itsasoaren eta zeruaren arteko marra, aitaren burusoiletik bi zentimetrora!

BEASAIN-MURUMENDI-ZUMAIA


Arrasto zuri-gorriak lagun hartuta egun osoa pasa genuen ibilian uztailaren 28an. Goizeko bederatzietan Larrartetik (Murumendi magaleko zelaiak) abiatu eta arratsaldeko zazpietan (korrika, autobusak alde egingo zigun bestela) iritsi ginen Zumaiara. Tartean Zelatun, Aizarna (argazkian Santa Engraziko ermita aurrea), Aizarnazabal, Oikia... pasa genituen. Uff, 38-40 kilometro. Luze bai, baina, merezi izan zuen mendiak eta itsasoak elkarri paaaaa ematen dioten arrastora iristea. Nekeak bi zapore ditu, eta biak dira gozoak! Ba al zenekiten nekea belaun atzeko zokoetan ezkutatzen dela?

2009-08-01

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (VIII)


Gaur, abuztuaren 1. Dagoeneko egutegiko orriari egin diogu tira! Egunak banaka ibiltzen dira saltoka, baina... Eta urteak?



SARTU ZIRIA EGUTEGIARI!


Julenek Uxue ilobari galdetu dio:

- Zein egunetan betetzen dituzu urteak?

Eta Uxuek erantzun du:

- Herenegun 19 urte nituen eta hurrengo urtean 22 beteko ditut.

Noiz egin zuen galdera Julenek? Eta Uxuek zein egunetan betetzen ditu urteak?