2010-08-28

Itaka_Santiago bidea Gorkarekin-2010-8-14


Mendiak bezalaxe, irratsaio bakoitza ere berezia izaten da. Bera, bakarra eta ezberdina. Abuztuaren 14koa ere berezia izan zen. Santiago bideaz aritu ginen, abuztu hasieran bi astez bidea egiten aritu den Gorka Santestebanekin. Eta sentsazioa horixe: bera bideko arrastoak azaltzen ari zen bitartean gu ere bidea egiten ari ginela. Bidea egiten bere esanahirik zabalenean. Bidea egitea ez baita oinen joanean aurrera egitea bakarrik. Bidea egitea sentsazio, bizipen, eta gogoeten zurrunbiloan igerian (estilo guztietan) aritzea baita. Eta harreman sarean bizitza guztirako korapiloak harilkatzea.
Gorkak berak Santiago bidean egindako lagunekin (Murtzia, Castellon, Uruguai, Hungria, Italiako... lagunak) zuzenean hitz egiteko aukera izan genuen; Gorkak Burgoseraino egin zuen bidean aurrera jarraitzen baitzuten gainerakoek. Abuztuaren 14an munduaren muturrak lotu genituen Itakan eta bildutako hausnarketak entzun eta gozatzeko modukoak dira.
Besarkada estu bat Dani, Luis, Jose, Osvaldo, Ana eta kuadrila guztiari, elkar ezagutu gabe telefonoaren bestaldetik konfiantza osoz solasean aritzeagatik. Besarkada lindo bat.
Eta Gorkari... mila esker. Bizitako esperientziaren gozoa dastatzeko aukera emateagatik.



BIDEA

ARGIA

PAUSOA

ESKUA

2010-08-18

Beasain-Mandubi-Nuarbe...


... -Beizama-Santa Ageda-Bentaundi-Beasain. Aspaldian trazatua genuen bidea. Bizikleta gainean egiteko. Ez gara konturatzen, ordea, paper gainean bidea marrazteko arkatz txiki kaskar bat nahikoa den arren, bizikleta gainean jartzean arkatzari punta zorroztu egiten zaiola! Ai ama! Izterrak aldapan gora tente, izerdia aldapan behera hotz, arnasa estu, kilometroak luze.

Eta ahaleginaren gozoa? Bai, egia da, gorputza larri dabilenean, kontzientziak egiten du eraso. 60 bat kilometro, bi mendate, bost ordu, ahoa lehor, kopeta bustia, lepoa minbera, mila gogoeta, irribarreak erdizka, begiak urduri, haizea kantu hots... Bai, egia da, ahaleginaren gozoa ederra izan zen!

Argazki bilduma

URBASA-LEGUNBE-LEGAIRE


Hiru begik bik baino... gehiago ikusten dute? Hobeto ikusten dute? Garbiago ikusten dute? Ez dakit... hainbeste urtetan lau begirekin ikusten ohitu garenok... ez dakit zer esan beharko genukeen aurrean hiru begi jartzen dizkigutenean. Hiru begi, harkaitzean hiru zulo... eta ikuskizuna zirraragarria: Nafarroako Sakana eta Arabako Lautada. Han goitik... (ez, Julen, han goitik ez da itsasoa ikusten) han goitik... mundua ikusten da. Eta birekin ezin, eta mundua ikusteko hiru begi behar!

Urbasako Legunbe (1128 m) tontorraren ondoan dago bitxikeria eder hau, Gasteiztik Altsasura bidean Egino, Andoin, Ziordia... pare horretan gora aldera begiratuz gero antzeman daitekeena: hiru zulo, hiru begi harkaitzean. Guk gora ez, baina, behera begiratzeko aukera izan genuen. Eta ikusi genuena: lanbroa, behe lainoa, zuria eta grisa hegan. Hiru begi edo zazpi izan, miopea beti miope!

Egun osorako ibiliak, ordea, eman zigun eguzkiari errezelak zabaltzeko aukera, eta Urbasako baso amaigabeaz gain, Arabako Lautadaz eta Nafarroako Sakanaz ere gozatu genuen. Hiru begien majia izango zen, edo betaurrekoena, edo lentillena...

Laino artetik kukuka dator
eguzkiaren distira,
bagenuen bai, Legunbe gaina
besarkatzeko desira,
Araba aldeko lautada zabal
ta ederra ageri da,
Urbasako mendi jira,
ezin da hitzez deskriba,
harkaitz artetik ortzi mugara
jarri ezkero begira,
paisaia hontaz disfrutatzeko
hiru begi behar dira.


LAGRAN-CRUZ DEL CASTILLO-BIASTERI


Eta buelta! Zoragarria! Hasierako asmoa ez zen hori, baina... ez dakit sekula etxetik abiatzean izaten dugun asmoari heltzen ote diogun! Bi pauso eman orduko ideiak eta nahiak eta gogoak nahas-mahasean korapilatzen zaizkigu eta bideari tira eginez ibilbide eta erronka berriak marrazten dizkiogu bideari. Mendian ibiltzea horixe delako, ilusioz eta jakin-minez, bihurgune bakoitzaren atzean zer topatuko, zure barruari hegan egiteko aukera ematea.

Lehen ere izanak ginen Cruz Del Castillo (1432 m) gainean, oraingoan, ordea, Kantabriako mendilerroak banatzen dituen bi Arabak hanka arrastoz lotu nahi izan genituen. Arrasto zuri-gorriak gidari, hamaika bat kilometro eder daude Lagrandik Laguardiara. Erdian Toro-ko mendatea, eta puntu horretatik gora, zazpiehun bat metrora Cruz Del Castilloko gain ikusgarria.

Lagran ta Biasteri
eskua emanez,
bi isuriek hemen
hartzen dute babes,
izenari izana
dagokio berez,
nahiz errege bidean
igo garen errez,
gurutzea aurkitu
ta gaztelurik ez.


Argazki bilduma


2010-08-09

KOSTALERA (1234 m)


Harkaitzaren indarra, isiltasunaren ziztada, itzalaren borroka eguzkiaren begien aurrean.
Ezpelaren muxua, pagoaren agurra, zer da bidean korrika dabilena?
Haizea kopetan behera irristari; tximeletaren ezkutaleku bihurtu zait besoa.

Kostalera; Kanpezu (Araba) eta Nazar (Nafarroa) herrien artean, Kodes mendikatean dagoen tontorra. Uztailaren 27an bertso bat lapurtu zidana. Sabelean gora harkaitz hotzaren ziztada eragin zidana. Begirada luze, ikusmena maitemindu zidana.


Ioar gainetik Kostalerari
luzatu diot begia,
jakin-minaren har jostariak
irentsi dit ausardia,
ezpela dauka soinean berde,
harri grisean argia,
harkaitz zorrotzen adrenalina,
haitz zorrotzen izerdia,
pauso bakoitza maitasun muxu
bihurtzen duen mendia.


BEASAIN-MANDUBI-LOIOLA-ZUMARRAGA-BEASAIN























Bizikleta gainean. Irudi batek mila hitzek baino... eta zertarako idatzi, argazkiek guztia esaten badute!

1.- Mandubiko gaina. Beasaindik atera eta berehala gora eta gora, ordubeteko igoera, txirrindulari zailduen bidean hasiberri baten arnas hots estu ilusioz betea. Goierri eta Urola bailarak bereizten dituen gaina, azpian Arriarango urtegia. Pittin bat sufritu arren, artean banuen bai, txantxarako gogoa; eta indarra. Aitari metro batzuk aurreratu eta argazkia (egin klik!) ateratzeko esan nion. Sufrimendu aurpegia jarri nahi izan nuen, baina, mendatea nire egitearen poza ezin izan nuen ezkutatu. Horixe, jolasa. Jolaserako gogoa nuela artean!

2.-Matxinbenta, Nuarbe, Urrestilla, Landeta eta Azpeitiko hirigunea zeharkatu ondoren: LOIOLA. Ordurako 25 bat kilometro eginak. Pittin bat argazkiei zorrotz begiratuz gero, lehenengoan bizikletari nik eusten diodala ikus daiteke, bigarrenean bizikleta da ni eusten nauena. Eta kaskoa kentzeko indarrik ez! Horra lehenengo argazkitik bigarrenerako ezberdintasunak. Bila hasiz gero, gehiago ere topatuko nituzke!

3.- Eta hirugarrenaz... ai, zer esan hirugarrenaz! Laugarren bat atera behar izanez gero, lurrean etzanda atera beharko nukeela! ;·) Tente egotetik, gorputz erorian egotera. Bai, bai, hatz potoloak garaipen itxura du, baina, itxurak itxura mozorroa agerian! Azkoiti pasa eta Azkoiti Zumarragarekin lotzen duen bidegorriaren hasieran nago hortxe. Aurretik 15 kilometro zain, garai bateko Urola trenaren bidean gora. Nekatuta? Bai, pixka bat... zain jarri eta trena azalduko balitz sikiera!

Zertarako idatzi, argazkiek guztia esaten badute? Adibidez, nekeak neke hurrengo astean ere bizikleta hartzeko irrikaz iritsi nintzela helmugara!