2010-08-18

URBASA-LEGUNBE-LEGAIRE


Hiru begik bik baino... gehiago ikusten dute? Hobeto ikusten dute? Garbiago ikusten dute? Ez dakit... hainbeste urtetan lau begirekin ikusten ohitu garenok... ez dakit zer esan beharko genukeen aurrean hiru begi jartzen dizkigutenean. Hiru begi, harkaitzean hiru zulo... eta ikuskizuna zirraragarria: Nafarroako Sakana eta Arabako Lautada. Han goitik... (ez, Julen, han goitik ez da itsasoa ikusten) han goitik... mundua ikusten da. Eta birekin ezin, eta mundua ikusteko hiru begi behar!

Urbasako Legunbe (1128 m) tontorraren ondoan dago bitxikeria eder hau, Gasteiztik Altsasura bidean Egino, Andoin, Ziordia... pare horretan gora aldera begiratuz gero antzeman daitekeena: hiru zulo, hiru begi harkaitzean. Guk gora ez, baina, behera begiratzeko aukera izan genuen. Eta ikusi genuena: lanbroa, behe lainoa, zuria eta grisa hegan. Hiru begi edo zazpi izan, miopea beti miope!

Egun osorako ibiliak, ordea, eman zigun eguzkiari errezelak zabaltzeko aukera, eta Urbasako baso amaigabeaz gain, Arabako Lautadaz eta Nafarroako Sakanaz ere gozatu genuen. Hiru begien majia izango zen, edo betaurrekoena, edo lentillena...

Laino artetik kukuka dator
eguzkiaren distira,
bagenuen bai, Legunbe gaina
besarkatzeko desira,
Araba aldeko lautada zabal
ta ederra ageri da,
Urbasako mendi jira,
ezin da hitzez deskriba,
harkaitz artetik ortzi mugara
jarri ezkero begira,
paisaia hontaz disfrutatzeko
hiru begi behar dira.


4 comentarios:

  1. Hirian hegan egiten duen txoria naiz ni. Saiatu naiz baten batean mendian hegan egiten baina miopea beti miope den bezala asma duenak mendian ezin arnasik hartu. Azken boladan ordea ibilaldi zoragarriak egin izan ditut mendian, zuk mendiari hitzak eta errimak jarri dizkiozulako. Mila esker, Irati. Gozatu mendiaz beste bi begi horiekin eta goraintziak Ekaitzi (noizbait izaten dira bereak begiak, ezta?).

    ResponderEliminar
  2. :·D Bai, bai, Ekaitzen begiekin beste lau begi ere kontatu! Baina, ez pentsa, nik uste mendiaren zabaltasunak bista ere berreskuratuarazi egiten digula. Aitak txikitan hala aholkatzen zigun mendian genbiltzanean: kendu, kendu betaurrekoak eta begiratu urrutira! Urrutiko distantziek gozarazten digute gertukoa! Muxu potolo bat!

    ResponderEliminar
  3. jo ze mendi falta zaizue erakusketa bat eiteko bikain, ni gaur noa irimo ta zazpi puntak eta facebook egin eeee

    ResponderEliminar
  4. Ze mendi falta? jejeje, bat egin orduko beste tontor bat ikusten da atzean, hara igo eta beste bat atzean... hau amaiezina da Gorka, eta hala izan dadila gainera! Muxu bat!

    ResponderEliminar