
Aitak galdetu zion semeari:
- Nora begira zaude?
- Ez dakit. Non jarri dizkidazu begiak?
“Ez dago enigmarik. Problema bat plantea badaiteke ebatzi ere egin daiteke.” Wittgenstein.
Astelehen gauean negarrez oheratu nintzen, triste, eta une batez malko gorriak isurtzen nituela egin nuen amets lo hartu aurretik. Hiru aldiz odola eman eta bost urtez odola eman gabe egon ondoren, berriro ematen hasteko garaia zela erabaki nuen.
Ilusio handiz hurbildu ginen odol-emaileen zentrora aita, Ekaitz eta hirurok. Astelehenekoa ez zen amaren txanda. Ilusio handiz hurbildu nintzen, batez ere Ekaitzengatik, halakorik egiten zuen lehenengo aldia zelako. Errenteriako Olatz, unibertsitateko ikaskidea, etortzen zitzaidan behin eta berriro burura, eta berarekin lehenengo aldiz odola ematera joan nintzen aldia.
Tentsioa ongi, burdin-maila zer esanik ez, eta medikuaren galdeketa ezezkoz beteta, bai, odola emateko prest nengoen.
Hotzarekin uzkurtu egiten omen dira zainak. Oso-oso zain finak dituzu, erizainak; eta nik irribarre. Oso-oso-oso finak, orratza bera baino finagoak, erizainak. Eta nik irribarre zabalagoa. Irribarreak ezkutatzen omen ditu urduritasuna, beldurra, mina eta tristura. Ezkutatu nahi direnean, noski! Bestela, negar egitea onena. Saiatu, saiatu zen erizaina, bi hoditxo odol ere atera zizkidan, baina, zaina bera ere beldurtu egin zen, nonbait, orratzaren dimentsioekin eta puskatu azkenean. Hurrengoan izango da erizainak, beharbada bero egiten duen egunen batean. Eta nik irribarre. Zer moduz zaude? galdetu zidan erizainak, zorabiatuta? Eta nik ezetz, triste nengoela; ezin izan nion ezkutatu triste nengoela. Aitak eta Ekaitzek nahi bezain azkar bete zituzten euren poltsak; hainbestean!
Zauri txikiak eraginda aterako zitzaidan ubeldua zaintze aldera erizainak ukendu bat eman bitartean, nire hariei lotuta egon zen odol-poltsa hutsa olerki hitzez betetzea izango zela onena otu zitzaidan.
Odolbideek hiru orratz dituzte;
nahiarena,
ezinarena, eta
nahi eta ezinarena.
Niri mingarrienak egin dit
zizt
baina, ez zait odolik atera.
Zer moduz zaude? erizainak berriro; eta nik, ongi. Oraingoan bera izan zen irribarre egin zidana. Odol-zainak hustu ez banituen ere, barrua behintzat hustu nuen, eta ikasi, olerkiak ez direla puskatzen. Asmoak ere ez.
Bi eta bi hitz bost problema edo hiru sentipen izan daitezke; zortzi amets edo hamaika ilusio; frustrazio bat eta bi ikasgai; sei begirada eta erdi. Matematika aitzakia izan daiteke, edo ondorio. Asmoa buruari bi buelta ematea. Eta ahal bada zorabiatu gabe ibiltzea! Asmoa ikastea, laguntzea, zirikatzea, aholkuak eman eta jasotzea. Asmoa pausoak ematea. Aurrera? Ahal bada bai!
Otsailak 28: Beasaingo Liburutegian solasgai Kattalin Minerren "Moio" liburua. 17:30ean.
Martxoak 6: Ordiziako Barrena Jauregian arratsaldeko seietan. Solasgai Garazi Goia eta Goizalde Landabasoren "1.362 km euri" liburua.