2010-12-22

NEGUA



Negua
izerdia izoztu zait betileetan,
elurrezko panpinak zain daude zinema-aretoetan.
Negua
isiltasuna haizearen soineko.


Negua
begirada elur-maluten argi,
behe-lainoak irentsi du pelikula.
Negua
pauso bat irrintzi arrasto.

Negua
zenbat aldiz mozorrotu da eguzkia...
zenbat aldiz itxaron dio erlojuari...
zenbat aldiz egin du korrika lainoen aurretik...



Negua
ogi-mamiak egun bustien ondoan,
gosea su garren bazkari,
sutondoan eseri da eguzkia.

Negua da... negua argia da, irria, esku baten berotasuna.
Negua hegan dabilen itsasoa da,
metafora baten irribarrea.
Negua gozoki bat da, bizitzari hozka egiten dion gozokia.

Negua da... negua txorien begirada da, etorkizuna ispiluan kateaturik.
Negua kanpaia-hotsen zirrara da,
hasperen baten ipuina.
Negua izozki bat da, bizitza urtzen duen izozkia.




2010-12-21

ITAKA (Joseba Tapia_2010-12-18)




Belarria atearen kontra jartzeko ohitura du mutikoak. Amak behin esan zion ohitura hori dutenei belarria atean itsatsita gelditzen zaiela azkenean. Baina, nutikoak ezin dio tentazioari eutsi. Etxean inoiz inork zabaldu ez duen ate bat dute. Mutikoak elefanteak irudikatu izan ditu atearen bestaldean eta inurriak dantzan eta ohe bat eta ohearen barruan txanogorritxoren amona. Irudimen handiko mutikoa da. Eta atea zergatik ezin den zabaldu ere pentsatu du. Denborak iltzeak dituela uste du. Eta atea oso-oso-oso-oso zaharra denez, ateak iltze asko dituela eta horregatik kateatuta dagoela atera du ondorio. Hartu du erabakia, aurten trikitixa jotzen ikasten ari denez, orduak eta orduak igaroko ditu atearen ondoan trikitixa jotzen. Iltzeak dantzan jartzea da bere asmoa. Dantzan dabilen gorputzak eskuak solte izaten dituelako eta eskuak solte dituenak... Atea zabaltzea da bere nahia, eta zabaldu bitartean, atearen bestaldean dagoena irudikatzen jarraitzea. Irudimen handiko mutikoa baita, trikiti doinuekin iluntasunaren sekretuei argi egiten diena.

Trikitixaz, irudimenaz, sekretu txikiez, pasarte handiez... hizketan aritu ginen larunbatean Joseba Tapiarekin. Hamahiru urteko mutil gazte beasaindarra, Asier Gorostegi, ere aldamenean izan nuen lagun, kazetari lanetan; mila esker Asier!

Joseba Tapia -> Urteak daramatza infernuko hauspoari putz eginarazten. Musikarako grima da berari putz egiten diona. Trikitiaren molde berriak sortzeko asmoz, emaitza zoragarriak lortu dituen trikitilaria, entzulearengana hurbildu eta distantzia zubi bihurtzen oso ongi dakiena. II. Karlistaldiko bertso eta kantuak musikatu ditu "Eta tira eta tunba" lan berrian. Artista.

Irratian bertan izan zen Joseba; ederra da elkarrizketatua parez pare izatea, ederra da ahots-konplizitateaz gain, begiradak korapilatzean sortzen den konplizitatea. Eta Josebarekin egindako kontuez gain,

Patxi Ezkiagak saioari lehen pausoa luzatu zion olerki eder batekin (... urratsen intziria entzutea...),
Joxe Goikoetxeak atea zabaldu zigun maratilari jolasgune hartuta,
Rufino Iraolak Xabier Lete ekarri zigun ezkaratzetik mahai ingurura,
Lurdes Intxaustik Mario Benedettiren "Primavera con una esquina rota" liburua aurkeztu eta irribarreari idatzitako olerki bat irakurri zigun ;-D
Lierni Garmendia Ordiziako Jakintza Ikastolako ikaslea errotari lanetan itzalari tiraka iritsi zitzaigun irratira,
eta Joseba Tapia irratian zela probestuz orain dela urte batzuk Joseba Tapia eta Koldo Izagirrek plazaratutako "Apoaren edertasuna" diskotik aukeratu zuen Ekaitzek goizari amaiera emateko kantua.

Goiz ederra igaro genuen larunbatean eta horren lekuko... irratsaioa da gelditzen zaiguna (eta irratian bertan atera genuen argazki parea). Argazkirik ez dut oraintxe eskura, irratsaioa, ordea, gozagai duzue hementxe bertan. Egin koxk!

Eta jaitsi nahi izanez gero: http://blip.tv/file/get/Irati-JosebaTapia_20101218720.mp3


2010-12-20

ANTZIARRAK BADU ZULORIK?


HITZA: ANTZIGAR (antziarra)

Ama, ama, elurra egin du! Egin dio oihu umeak amari. Amak besoa luzatu dio sorbalden gainetik; leihoaren ondoan daude biak. Antziarra esan dio amak, antziarra da, maitita. Antziarrezko panpina egingo duela erantzun dio umeak. Amak baietz egin dio buruaz, egin ezazu ume, eta kalerako atea zabaldu dio.

Hizkuntza ukituz ikasten delako, panpinak eraikiz. Amak nahiago izan du ezer esan ez, eta umeari kalera irteten utzi. Ukitutako hitza entzundako hitza baino hobeto ulertuko duelakoan, ama gustura dago umeari leihotik begira. Sinonimoak bai, eskatuz gero, sinonimoak emango dizkio: izotz zuri, zurda, intzigar, antxurga, lantxurde. Antzigar-> ihintz izoztua.




AFORISMOA: "Hanka sartzeko non sartua izan behar da".

Zulo bat egitea arriskatzea da (ez zure burua arriskuan jartzea). Arriskatzea da... pauso bat eman-ez eman zalantzan egon eta pausoa ziurtasunez emateko ahalegina egitea da arriskatzea. Arriskatzea da... amets baten atzetik gaua korrika igarotzea eta goizean atseden hartuta esnatzea da arriskatzea. Arriskatzea da... begietara begiratu eta begirada lapurtu diozunari ikusmena oparitzea da arriskatzea. Arriskatzea da... izerditutako elastikoa soineko ibiltari bihurtzea da arriskatzea....

Eta zuloa non dagoen? Bere hanka ongi ezagutzen duenean, bakoitza ohartzen da hankaren aldamenean daraman zuloaz.

2010-12-17

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XIII)


Ai! Soinketako irakasleak jakingo balu! Zenbat kozkorreko hartu ote nituen buruan ditxosozko pinoa egiten ikasi behar nuelako! Hormaren ondoan jarri, eskua lurrera eraman (bota?), hankei indar pixka bat egin eta aita izaten zen hankei hormaraino bultza egiten ziena. Segundu batez (bi segundu?) gorputza xuxen-xuxen (gutxi gorabehera) mantendu eta besoek huts egiten zidaten. Eta badakizue, besoek huts egiten duenean, buruak... bai, buruak lurraren kontra egiten du talka. Eskerrak burugogor sortu gintuzten! Borondatea + beldurra = kaka zaharra!

Orduan erabaki nuen, ez nuela mundua hankaz gora ikusteko inongo interes berezirik. Nahiko hankaz gora badago lehen ere...

Hori dena gaurko problemari heltzeko pista txiki bat da (batez ere marrazkia; aurreko asteko problema zintzilik gelditu da eta balantza orekatzeko gaur pista hori opari).

TIZAREKIN JOLASEAN

Gaur ikasleek barre egin didate. "Umeak galtza zuriak belztuta joaten dira etxera, helduok (zu! esan nahi zidan) galtza beltzak zurituta ibiltzen zarete!" bota du zapla ikasleak. Ikasleek barre egin didate (edo egin diote ikaskidearen ateraldiari) eta nik ere barre egin diot... ateraldiari... bai, neure buruari ere bai. Tiza kontua da; tiza da kontua. Eskuak tizaz zikindu, eskuak poltsikora eraman (aurpegira eramaten ditudanean... imajina dezakezue aurpegiaren itxura...)... Eta ni irakaskuntza lanbide garbia zelakoan!

Ikasleari zerbait erantzun behar niola eta joko-problema hauxe proposatu diet. Zortzi ikasle hartu eta bizkarrean zenbaki bat marraztu diot bakoitzari. Zortzi ikasle horiekin bi talde egin ditut, alde batean 1,2,3 eta 4 zenbakidun ikasleak kokatu ditut eta bestaldean 5,7,8 eta 9 zenbakidunak. Garbi dago lehenengo taldeko zenbakien baturaren emaitza 10 dela eta bigarren taldeko zenbakien batura 29. Bi talde berri sortu behar zituztela esan diet. Baldintza bi taldeetako zenbakien batura berdina izatea. Ikasle batek berehala galdetu dit, "baina, Irati, 5 zenbakiak ez luke 6 izan behar?". Eta ezetz erantzun diot, zenbakiak ongi daudela; zenbakiei modu egokian begiratzen asmatu behar dutela. Galdera horixe da, ea ikasleak nola taldekatu behar ditugun bi taldeetako zenbakien batura berdina izan dadin.

Ah! Eta ez ahaztu goiko irudia! Badakizue, irudi batek mila hitzek baino...

(Aurreko asteko problemari pista txiki bat jarriko diot bihar goizean)

2010-12-16

ITAKA (Igor eta Fran bidaiari_2010-12-11)



Negua da udazken egunetan. Kanpoan euria ari du eta barruan hotz egiten du. Baina, umea gaztea da, gazteegia, neguko izotzak ez dizkio esku-oinak gorritzen. Jolasten ari da umea hotzak harrapatu duen etxean; ispiluari egindako irribarreak izoztu egiten dira. Irribarrearen etxea dirudi. Umearenak dira irribarre guztiak. Pozik dago, negu itxurako udazken egunek aspertu egiten duten arren, pozik dago paperezko hegazkinak egiten. Bat gustatu zaio bereziki, egin duen handiena. Bere burua marraztu du hegazkinaren barruan eta ondoan lagunik onenaren irudia ere kabitu zaio. Beste irribarre bat izoztu dio logelako ispiluak eta leihora joan da hegazkina hartuta. Hegazkina noraino irits daitekeen galdetu dio bere buruari. Eta erantzunik aurkitzerako hegazkinak ihes egin dio leihoan kanpora. Aurrera doa, eta gora eta gora. Eta barruan doa bera eta ondoan laguna. Euri artean elur maluta dirudi paperezko hegazkinak. Negua da udazken egunetan eta hegazkina badoa irribarre izoztu bihurtuta. Elur maluta dirudi batzuetan, baina, eguzki itxura hartzen ari da poliki-poliki, umearen irribarrea izango da urrutian argi egiten.

Igor Bueno da mutikoa eta Fran Carmona bere laguna. Edo Fran da mutikoa eta Igor bere laguna. Kanbodia, Laos eta Tailandia bi hilabete igaro dituzte, eta ikusi, bizi eta sentitu duten guztia irratian ahots bihurtu nahi izan dute. Igor Tailandia inguruko itsasoen urdina begietan hartuta etorri da, Franek igerian jarraitzen du itsaso basati bihurtu dituen igerilekuetan, marrazo balearen bila dabil.

Saio zoragarria izan zen larunbatekoa, sentimendu eta hausnarketak umore artean urtu zitzaizkigun. Ordubete pasatxoko solasaldi-elkarrizketak gogoa hegan jarri zigun.

Baina, solasaldiaz gain, beste kontu eder asko ere izan genituen,

Patxi Ezkiagaren olerkia Belaguatik negu gorriari,
Joxe Goikoetxeak pottoka gainean Santa Lutzi ferira egindako bidaia,
Ekaitz Goikoetxeak Durangotik bueltan ekarritako bi liburuen aurkezpena (Jon Sarasuaren "Ertzeko zatiak" eta hamaika idazlek idatziriko ipuinekin osaturiko "Orgasmus" liburua).
eta azken kantaldia: Leteren heriotzean

Saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk! Eta saioa jaitsi nahi duenak egin dezala klik:

http://blip.tv/file/get/Irati-IgorEtaFranBidaiari_20101211691.mp3

Frani lapurtu (bere baimenarekin noski! Baimenarekin lapurtzen diren gauzek xarma berezia izaten dute...) diodan argazkia. Paradisua ordenagailuan kateatua?

¡¡¡¡¡Alguien sabe donde esta el paraiso!!!! on Twitpic




2010-12-15

ITAKA (Manu Marañon_2010-12-4)

Video thumbnail. Click to play
Egin koxk



Kuxkuxean ibiltzea gustatu izan zait beti, anaiaren, Ekaitzen, liburu artean kuxkuxean ibiltzea. Artean irakurtzen ez nekienean, ohe azpian gordetako Teoren liburu artean ibiltzen nintzen zer topatuko, orriak pasa eta marrazkiak irakurtzen. Eta gero galdetu egiten nion ea zer zen Teok baserrian egiten zuena, eta berak Teo oporretan aiton-amonen baserrira joaten zela kontatzen zidan eta animaliak izugarri gustatzen zitzaizkiola. Urte batzuen ondoren, Babilonia, Obabakoak eta Gorde nazazu lurpean irakurtzen ikusi nuenean, berriro piztu zitzaidan jakin-mina, liburu potolo haietan Ekaitzek zer irakurtzen zuen jakiteko gogoa. Eta hala, begiak nekatu artean irakurtzen egon eta liburuak apalean uzten zituenean, korrika apalera inguratu eta kuxkuxean aztertzen nizkien atze-aurreak liburuei. Halaxe, irakurri nituen liburuok, kuxkuxean. Beti "behar baino" lau urte lehenago.

Aste honetan Ekaitzen mahaiaren inguruan ibili naiz, begia luze, eskua jostari. Libururik ez, orri txuriz osaturiko koadernotxo-liburuxka bat topatu dut. Jendaurrean modu eraginkorrean berba egitea du liburuxkak izenburu. Eta tituluaren azpian Manu Marañon jartzen du. Kuxkuxean pasa dut astea, aholkuak, jarraibideak, prozedurak... Guztiak ongi aztertu ondoren, irratira koadernotxoa ekarri ordez, koadernotxoaren bukaeran dagoen telefono-zenbakia ekartzea otu zait, eraginkorragoa delako liburuxkak dakarrena nik zuei irakurtzea baino, liburuxkan idatzia dagoena idatzi duenak berak zergatik eta zertarako idatzi duen kontatzea.


Manu Marañon-> Zuzenbidean lizentziatua; Bizkaiko EHNE Sindikatuko arduradun teknikoa izana da. Baita Euskadiko EHNE-ko koordintzatzailea eta bozeramailea ere. 2004.urtetik ahozko komunikazioari buruzko eta jendaurrean hitz egiteko tekniken inguruko hitzaldiak ematen ditu. Ikastaroak ikasleak harrapatu egiten ditu eta gehienetan ikastaroaren bigarren atal bat prestatzeko eskatzen diote.

Solasaldi lasaia, polita, esanguratsua, kolorez betea... abenduaren 4an Manu Marañonekin izan genuena. Jendaurrean nola hitz egin... badugu bai, zer ikasia! Urduritasuna? Beharrezkoa; patxada? Neurrian.

Eta horretaz gain,

Patxi Ezkiagak Etty Hillesun gogoan idatzitako poemaz,
Joxe Goikoetxeak izotz gainean egindako hizkuntz dantzaldiez,
Joxe Bikuñak ezkaratzean egindako hausanrketaz (elkarren beharrik izan gabe aberats garela sinesten dugu...)
Sara Insaustik errotari lanean ehotutako idatzi ederraz,
Josu Penadesek aurkeztutako bi liburu mundialez,
eta Ekaitz Goikoetxeak eskura ekarritako Xabier Leteren Izotz ondoko eguzki kantuaz
gozatzeko aukera izan genuen.

Zer? Ez zenuela entzun? Ba... egin koxk! Unea asetzeko adina gozagai topatuko duzu!

Irratsaioa jaitsi nahi izanez gero,

http://blip.tv/file/get/Irati-ManuMaraon_2010124210.mp3

2010-12-14

ITAKA (Durangoko azoka editoreekin_2010-11-27)


Beasainen asteartea izaten da azoka eguna. Ostiraletan ere izaten dira salgaiak kalean, baina, asteartea da azoka egun nagusia. Gustatzen zait saltokien artean nahigabean osatzen diren kale estuetan gora eta behera ibiltzea. Inoiz ibili izan naiz bila arropa eta barazki artean, inoiz ibili izan naiz bila zapata eta landare artean, baina, ez dut sekula libururik topatu. Kartoizko kaxak bai, kartoizko kaxak baratzatik zuzenean iritsitako tomateen ondoan, kartoizko kaxak metro eta erdira ozta-ozta iristen den saltzailearen hankapean, kartoizko kaxak zakarrontzi berdera bota ezin eta ontzi urdinik ezean, kale bazterretan ahazten ditugun txokoetan. Azokako kale estu horietako batean gora eta behera nenbilela otu zitzaidan kartoizko kaxa horien barnean kanpoan ikusten ez nituen liburuak egon zitezkeela. Tomate saltzaileari eskatu nion, "kilo bat tomate eta kartoizko kaxa bat". Gaur arte etxean izan dut kaxa; irratira ekarri dut gaur. Barruan liburu bat dagoen susmoa dut. Eta nire buruari errepikatu diot bi aldiz, gure herrietako azokak kartoizko kaxaz beteta badaude, liburuz beteta ere badaudela.

Herrietako azoketako kaxak zabaldu bitartean, Durangora begira jarri nintzen azaroaren 27ko irratsaioan. Durango pasa da, eta herrietako azoketako kaxa gehienak zabalik daude honezkero. Gaur azoka eguna da Beasainen, asteburu honetan, ordea, kaxa barruetako sekretu guztiak agerian utziko dituen azoka egingo da (baita Segura, Ordizia, Lazkao eta Ataunen ere); euskal disko eta liburuena.


Azaroaren 27ko irratsaioan Alberdania, Gero (Mezularia), Erein eta Elkarreko editoreekin aritu nintzen hizketan; Inazio Mujika Iraola, Mari Eli Ituarte, Iñaki Aldekoa eta Xabier Mendiguren izan nituen solaskide. Eskaintza zabala mahiagaineratu ziguten eta liburuek iraungitze-datarik ez dutenez...

Horretaz gain,

Patxi Ezkiagaren ukitu goxoarekin eman genion hasiera saioari.
Joxe Goikoetxeak mizpirari hozkaka aurkeztu zigun asteroko hitza.
Ezkaratzetik Gabino Murua aritu zitzaigun hizketan ahozkotasunaz.
Paper artetik Lierni Galarragak gomendatu zigun asteroko liburua.
Beasaingo Txindoki Alkartasuna Institutuan ikasten ari den Xabier Insausti izaldarra aritu zen errotari lanetan.
Eta Ekaitzek Txomin Artola eta Amaia Zubiriak abesten duten "Anderea Gorarik" kantu ederrarekin eman zion amaiera saioari.

Goiz ederra azaroaren 27koa, hiru astera gozo oroitzen dudana.

Saioa entzun nahi izanez gero, egin koxk beldurrik gabe; eta jaitsi nahi baduzue...

http://blip.tv/file/get/Irati-f243.mp3

2010-12-13

ETA POTTOKAK ZENBATUKO BANITU?


HITZA: POTTOKA

Marrazten saiatu naiz. Ez pentsa erraza denik! Lau hanka (lau makil), lepoalde-mutur sendoa (abilagoak ikusi ditut, Irati!) eta bizkargain ez oso altua (ahalegin berezirik egin gabe ni gainean jartzeko modukoa). Begiak egin dizkiot ondoen; begirada. Zumarraga-Urretxura begira dago gaur pottokaren begirada. Santa Lutzi eguna, han, Gipuzkoa sakonean.

Euskal Herriko berezko zaldi txikia da pottoka. POTTOKA. Zerbait polita denean, zerbait goxoa denean, zerbait... besarkatzeko moduko hitza da pottoka. Ekaingo leizean pottokaren irudiak topa ditzakegu. Ordukoak bai marrazkilariak!



AFORISMOA: "Gauean zenbatutako ardiak otsoak jaten ditu goizean".

Pottokak zenbatuko bagenitu, akaso...

Ardi bat eta bi ardi... iluntasun bat eta bi iluntasun... Baina, iluntasuna zenbatu daiteke ala? galdetu dit goizean ikasle batek. Eta baietz erantzun diot (bai, noski! Irakasleok noskika aritu behar omen dugu...) askorik pentsatu gabe (askotan egiten dut (dugu?), lehenengo erantzun eta gero pentsatu. Gero, ordea, hutsik egin gabe pentsatzen duten horietakoa naiz). Bi ordu daramatzat pentsatzen... iluntasun bat, bi iluntasun... Eta bai! Uste dut erantzun egokia eman diodala! Ardiak zenbatu ustean, iluntasuna da zenbatzen duguna. Gauean iluntasun gehiegi pilatzen dugu gure baitan eta goizean ezin argirik ikusi. Alegia... gauean esna ibiltzen denari kosta egiten zaiola goizean esnatzea! Gauez ardiak zenbatzen ibiltzen denak ardiaren balaka otsoak irensten diola goizean!

2010-12-10

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XII)



MAHAI BOROBILA


Oporretan zazpi lagun Asturiasko mendialdera joango dira hamabost egun pasatzera; Santi, Mikel, Asier, Eneko, Laura, Ihintza eta Oihana. Mendi ibilaldi luzeak egin nahi dituzte eta horretarako ongi gosalduta atera nahi dute egunero hoteletik. Hoteleko arduradunak eskaintza berezi bat egin nahi izan die:

"Hoteleko jantokiko mahai guztiak borobilak dira. Hotelean egun guztiak ezberdinak izatea gustatzen zaigu eta horretarako zuen mahai inguruko antolaketa egunero ezberdina izatea gustatuko litzaiguke. Zazpi lagun zaudete eta hamabost egun pasako dituzue. Bi egunetan aldameneko bi lagun berdinekin ez esertzea lortzen baduzue (hau da, egunero zuen aldamenean esertzen den bikotea ezaberdina izan behar da; ezkerrekoa edo eskuinekoa errepika daiteke, baina, ez bikote berdinarekin), gosarien erdiak doan eskainiko dizkizuegu. Hamabost modu ezberdin daude antolaketa hori egiteko, beraz, primeran! Hamabost egun... hamabost modu ezberdin... Zuen esku, astebete duzue eskema batean hamabost eguneko antolaketa egiteko. Egiten baduzue... inoiz dastatu dituzuen gosaririk ederrenak dastatzeko aukera izango duzue! Zorte on! " .

Zazpi lagunak buru-belarri ari dira eskema prestatzen, baina, badute nahiko lan! Lagunduko diezu? Lagunduz gero, akaso gosarien gozoa dastatzeko aukera izango duzu...

2010-12-05

ZURI, XABIER


Xabier,

sei urterekin aitak esnatzen ninduen igande goizetan, sukaldeko atea zabalik utzi eta logelako atea zabaltzen zidan; zure pauso isila ahots-doinu sarkor bihurtzen zitzaidan izaren azpian. Belarrira kantatzen zenidan, eta ulertzen ez nituen hitzak poltsikoan gordetzen nituen, bai bainekien ulertzeko gai izango nintzen egunean kantuan jarraituko zenuela. Hazten joan naizen heinean, zure poemak, zure liburuak eta zure errezitaldiak gozagai, ikasgai, eta hausnarketarako arrazoi bihurtu zaizkit.

Hemeretzi urte igaro dira; gaur ere igandea da, gaur ere aitak esnatu nau goizean goiz. Xabier Lete hil da, Irati esan dit triste. Isiltasunak zure pausoa luzatu dit ohean barrura, zure ahots-doinu sarkorra. Eskua poltsikora eraman dut eta bila aritu naiz, behinola gordetako hitzen bila. Ohean geratu naiz, eta aitari eskatu diot, mesedez, sukaldeko atea zabaltzeko eta Xabier kantari jartzeko.


Xabier,

negar egin dezaket? Egin dezaket negar Ataungo errezitaldiaren amaieran zurekin egon eta bi muxu eman zenizkidanean egin nuen bezalaxe? Badakit ulertu zenuela; zure ondoan egoteak sortzen zidan zorionak jarri zizkidan begiak igerian. Negar egin dezaket orduan bezala?


Xabier,

Askotan entzun diot amari Garingo eliza ttikian ezagutu zintuela kantari. Zirrara sentiarazten omen zenion, barrua dantzan jartzen. Askotan entzun diot aitari ezagutu gabe edonor zure adiskide eta lagun sentiarazteko gaitasuna zenuela. Askotan ikusi dut Ekaitz zure kantu eta hitzek miretsita, zure poemen errezitaldia kantu bihurtzen. Gaur, beste askotan bezalaxe, mintzagai izan zaitugu bazkalorduan. Polita izan da nire aulkiaren ondoan txokotxo bat zuri egitea.


Xabier,

negar egin dezaket? Egin dezaket negar Ataungo errezitaldiaren amaieran zurekin egon eta bi muxu eman zenizkidanean egin nuen bezalaxe? Badakit ulertu zenuela; zure ondoan egoteak sortzen zidan zorionak jarri zizkidan begiak igerian. Negar egin dezaket orduan bezala?

Gaur putz egin nahi diet poltsikoan gordeta eraman ditudan zure hitzei. Gaur zure ibilian bidaide izan nahi dut. Gaur zure kantuak ezpainetaratuz oheratuko naiz, eta egunen batean nire seme-alabei igande goizetan sukaldeko atea zabalduko diedala egingo dut amets, zure kantuak entzunez, egunari ilusioz hel diezaioten.

Muxu potolo bi,

Irati



A! Ia ahaztu dut! Ekaitzen poltsikoari tiraka topatu dut. Bertso bat idatzi dizu; gustatuko zaizu:

Ez nau izutzen hil kanpai hotsak
nahiz begiak malkoz busti,
azken hatsari arnas berri bat
biltzen baitzaio komunzki,
Lurdes ta biok hainbat sehaska
ume zenuten edoski,
zure poemek beti hilezkor
jarraituko dute noski;
azken kantuan barrendu zara
zure gitarra ta guzti,
segi neguak udaberritzen
izotz ondoko eguzki.

Ekaitz