2010-12-20

ANTZIARRAK BADU ZULORIK?


HITZA: ANTZIGAR (antziarra)

Ama, ama, elurra egin du! Egin dio oihu umeak amari. Amak besoa luzatu dio sorbalden gainetik; leihoaren ondoan daude biak. Antziarra esan dio amak, antziarra da, maitita. Antziarrezko panpina egingo duela erantzun dio umeak. Amak baietz egin dio buruaz, egin ezazu ume, eta kalerako atea zabaldu dio.

Hizkuntza ukituz ikasten delako, panpinak eraikiz. Amak nahiago izan du ezer esan ez, eta umeari kalera irteten utzi. Ukitutako hitza entzundako hitza baino hobeto ulertuko duelakoan, ama gustura dago umeari leihotik begira. Sinonimoak bai, eskatuz gero, sinonimoak emango dizkio: izotz zuri, zurda, intzigar, antxurga, lantxurde. Antzigar-> ihintz izoztua.




AFORISMOA: "Hanka sartzeko non sartua izan behar da".

Zulo bat egitea arriskatzea da (ez zure burua arriskuan jartzea). Arriskatzea da... pauso bat eman-ez eman zalantzan egon eta pausoa ziurtasunez emateko ahalegina egitea da arriskatzea. Arriskatzea da... amets baten atzetik gaua korrika igarotzea eta goizean atseden hartuta esnatzea da arriskatzea. Arriskatzea da... begietara begiratu eta begirada lapurtu diozunari ikusmena oparitzea da arriskatzea. Arriskatzea da... izerditutako elastikoa soineko ibiltari bihurtzea da arriskatzea....

Eta zuloa non dagoen? Bere hanka ongi ezagutzen duenean, bakoitza ohartzen da hankaren aldamenean daraman zuloaz.

2 comentarios:

  1. Paraje polita, hitzek apaintzen duten hori. Niri ere gertatu zait, panpina egin nahi eta eskuak lokaztea besterik lortu ez. Orain ikasi dut, orain zalantzarik dudanean oihukatu egiten dut, "Ama, zer da...?" Eta beti erantzuten didanez...

    Hanka sartzeko non sartua izan behar da. Ez nuen inoiz pentsatu. Egia, bai, dudarik gabe. Ni kalean dauden eta ez dauden zuloetan hanka sartu eta estropozo egiten duen horietakoa naiz. Hala ere, eguna paseatzen emango nuke, eta gelditu ez.

    ResponderEliminar
  2. Eroriz ikasten dela oinez, baina hanka sartuz ere bai. Ederra aforismoa!

    ResponderEliminar