2016-04-11

ITAKA_Koldo Zubeldia_2016-4-2


Koldo Zubeldia

Hogeita batgarren tantoarekin txaloak jasotzen ditu pilotariak. Inork irrati bidezko txaloak merezi baditu, hori Koldo Zubeldia poeta zaldibiarra da, ekinean eginez hogeita batgarren saioa osatu baitu azken asteetan ondutako poemekin. Apirilaren 2ko saioan poemak entzuteko aukera izateaz gain, hainbat kontu ezberdinen inguruan solasean aritu ginen. Horrek aberasten du tertulia, eta patxadak eta jarioak eta esateak. Asturias eta Ibaiari begira Sariak eta gaintzurdea eta kukua eta denbora izan genituen besteak beste hizpide. Eskerrik asko, Koldo!





Ezkaratzetik Mikel Babiano aritu zen, gozo-gozo haurtzaroa hatz artera ekarriz. 


2016-04-05

EGUZKIZ TATUATU DITUGUN PARETAK

Beasaingo pareta batean idatzita dago Ekaitzek sortutako esaldia
Ederra da ezerezetik sortzea. Ederra da sortze prozesuak bere baitan ezkutatzen duen magia. Ederra da sortu duzun zerbait eder horrek ezer ez zuen hutsune eder hori edertzea. Ederra... izan daiteke emozionantea... edo mundiala... edo kristona. Batez ere da: sentitu beharrekoa. 

Abesti sortzaileak askotan topatuko du berak sortutako abestia ezpainartean kantari darabilen norbait. Zoragarria iruditzen zait hori. 

Oraindik urtebete ez da, Beasain herriak herri gisa 400 urte betetzen zituela eta,  herriaren inguruko bideo baten grabaketa prozesuarekin hasi zirela Eñaut, Odei, Garazi eta Ekaitz. Ekaitzek kantuaren hitza sortu du, Garazik musika konposatu du, Odei irudien grabaketan zentratu da eta Eñautek dena bildu eta bideoaren ekoizpen lana egin du. Emaitza oso ederra, lau sortzaile herritar handiren arteko sarea estutu duena. Zer ederragorik!

Martxoaren 28an mendi buelta bat eman behar genuela eta hara Beasaingo pareta batean zer topatu genuen! Ez bat eta ez bi, argazkia atera genion. Ekaitzek sortutako kantu letrako bigarren bertsoaren hasiera pareta batean iltzatua-tatuatua: "eguzkiz tatuatu ditugun paretak". Nork idatzi duen ez dakigu, zerk bultzatu duen hori idaztera ez dakigu, kantua entzun eta paretan idatzi arteko denbora tartean zenbatetan izan duen esaldia kantugai ez dakigu, esaldi hori bera zergatik aukeratu duen ez dakigu, pareta hori zergatik aukeratu duen ez dakigu, beste inon beste esaldirik idatzi ote duen ez dakigu, esaldia idazteko kolore urdina zergatik aukeratu duen ez dakigu, esaldi amaierako izarra eguzkia bera izan daitekeen ez dakigu. 

Ezjakintasunak zoriontsu egiten gaitu, ez baitago sormen lan bat bizirik dagoela sentitzea baino sentipen ederragorik (biziagorik?). 

Laukote bajondeizuela egindako lanagatik! Eta zuri, ezagutzen ez zaitugun tatuatzaile horri, eskerrik asko!













2016-04-04

BEGIRA



Orain dela bi aste bost ikasle inguratu zitzaizkidan errefuxiatuei buruzko lan bat egin behar zutela eta nire iritzi-ikuspegiaz galdezka. Zergatik ukatu, deseroso sentitu nintzen, ez gaude ohituta gai krudel honen aurrean – beste gai askoren aurrean bezalaxe – aurpegia ematera. Begiak bai, begiak guztiok jartzen ditugu telebista eta argazki morbosoen aurrean; belarria jartzea gehixeago kostatzen zaigu; baina, aurpegia, aurpegia inork gutxik ematen du. Baietz erantzun nien, nola ez, ziurtasun osoz, baietz, izango nuela solasaldia beraiekin; hausnarketarako tarte bat hartu eta iritzia beste edonorekin partekatzea beti dela aberasgarria; besteentzat batez ere, norberarentzat zer esanik  ez. 

Urteak eta urteak eta urteak daramatza gaiak gaiztotuta; egia esan, gaia bera da gaiztoa. Lehen, garai batean, ez ginen izaten mundu zabalean existitzen ziren egoera lotsagarrien jakitun; orain, nola-hala, baina, gure artera iristen den ezagutzari existentzia ezabatzen saiatzen gara.

Begira harrapatzen gaitu egunerokoak, aurpegirik eman gabe. Erromatarren garaian esklaboak hiltzen zituzten; herritarrak begira egoten ziren; txaloka asko. Inkisizio garaian elizaren agindupean sorginak eraman zituzten Logroñon epaitu eta sutara, eta herritarrak begira, txaloka asko. Zibilizazioak, gizakiak, humanoak azken urte eta hamarkadetan aurrera egin duela esango du askok, baina…

Mediterraneoa eta Egeo Itsasoa hilobi erraldoi bihurtzen ari diren honetan, Idomeniko kanpalekuan gaixotasun aspaldi desagertuak zabaltzen ari diren honetan, herritarrak, zu eta ni, bai, zu eta ni, begira gaude, interes ekonomikoak eta politikoak arrazoi, erantzule eta aitzakia bihurtuz. Bitartean, herritarrak, zu eta ni, bai zu eta ni begira gaude.


Ikasleek solasaldia mugikorrean grabatu nahi zutela eta nahi banuen bizkarrez hitz egin nezakeela esan zidaten. Ez nuen zalantzarik izan: aurpegia eman  nuen. 


Euskalerria irratiko irrintzia; martxoaren 15ekoa