2009-06-30

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (V)





Buruak ez duenez oporrik hartzen... hona hemen oporretan buruak lanean jarrai dezan proposatzen dizuedan problema.




ZEIN DA, ZEIN DA TXIN-TXIN EGIN ETA DISTIRARIK ATERATZEN EZ DUENA?


Laurak txanponen bilduma egiten du. 24 txanpon ditu, berdin-berdinak dirudite, baina, Xabik Laurari kontuz ibiltzeko esan dio, 24 horietako bat faltsua dela eta besteek baino pittin bat gehiago pisatzen duela. Bi beso dituen balantza bat hartu eta txanpon faltsua topatzea erabaki du Laurak. Ah! Baina, ez da hain erraza! Balantza hiru aldiz soilik erabil dezake. Nola moldatuko da txanpon faltsua topatzeko?

2009-06-26

TRUMOIA EDERRA DELAKO ZURE AHOTSEAN




" Ir y quedar, y con quedar partirse, partir sin alma, ir con alma ajena"

Bere garaian olerki-lan bat eskaini nizun, eta ordutik gogoan daramatzat zure kantu ederreko hitzok. Atzo bete ziren bost urte joan eta gelditu, gelditzearekin abiatu zinenetik. Larunbatero-larunbatero Itaka saioan izaten zaitut nirekin eta biharko Itakarako bidaia ere zurekin egin nahi nuke. Merezi duzulako. Zure kantek hezi eta hazi gintuztelako. Zure kantek hezi eta hazi egiten gaituztelako.

Trumoiak burrunba egiten duenean zurekin gogoratzen naiz. Eta beldurrak ihesi joaten zaizkit. Eskerrik asko Imanol!

2009-06-24

ARABA: BIZI, ZAINDU, MAITA!



Igande goizean La Lezen egon nintzen. Aizkorri eta Altzaniako mendikateen babesean dagoen leize ikusgarria da La Leze, toki majikoa, lasaia, gehiegi nekatu gabe, erreka izkina baten ondoan igande goiza igaro nahi duenarentzat aproposa. Eskalatzea gustuko duenak ere pareta ederrak ditu gora eta behera ibiltzeko, harrituta gelditu nintzen eskalatzen zenbat jende zebilen ikusita.

Nik ere gora egin nahi izan nuen, baina, pareta baino lurra zapalduz. Mendi ttonttorren bat muxukatu nahi genuela eta Olanoko gaineraino joan ginen. Galbiderik ez du eta gaina polita da. Ordubete inguruko igoera nekatzeko adinakoa ez, eta begiek jomuga hartutako punturaino egin genuen aurrera. Joanean-joanean nora iritsiko eta Albarrain gainera. Gipuzkoak, Nafarroak eta Arabak elkarri muxu ematen dioten puntura. Ez dakit, hantxe erdian sentitu nintzen. Zerbaiten erdian.

Goiz pasa ederra egin genuen, eta nola ez, beti bezala burua martxan dabilkigunez, han ere izan nuen ideia bat edo beste. Blogari zabaldu diot atal berri bat: MENDIA. Uda iritsi da eta hemendik aurrera egiten ditudan mendi irteerak bertan kokatuko ditut, argazki batekin eta mendiari eskainitako bertso edo olerki batekin. Bertso edo olerki bera mendi gaineko postontzian sartuko dut. Norbaitek arrastoari jarraitu nahi badio...

Zuen mendi irteera eta proposamenen berri ere gustura jasoko dut.

P.D. : La Lezeko txoko eder hau Etxegarate pasa eta Gasteiza bidean Egino herriaren aldamenean topatuko duzue. Natur gunearen sarreran egurrezko hitzek emango dizue ongietorria: ARABA; BIZI, ZAINDU, MAITA!

2009-06-23

SAN JOAN BEZPERAN


Ihintz artean erretako gorrotoak,

su artean itotako inbidiak;
San Joan bezperako egunak
motzak dira,
oso motzak,
egunotan.

Belar gainean oinutsik dabiltzan itzalak biluzik datoz,
ihintzaren gorria bustiko duten
suaren malkoez lotuak.

2009-06-18

IRRIBARREAK ETA MALKOAK


Bukatu da. Aurtengo ikasturtea. Beno, bukatu, aurtengo ikasturteko klase egunak bukatu dira. Bihar irteera. Eta irailean azterketak. Zintzilik gelditu direnentzat.

Tartean izan dira irribarreak. Tartean izan dira malkoak. Baina, bukatzen ere ikasi egin behar da. Barruan zerbaitek hozka egiten dizula sentitzen duzunean, adibidez. Eta agur esaten. Nik, halere, nahiago dut gero arte esan. Zure sentitzen dituzu. Ikasleak. Eta ikasturte osoan luzatu diezun eskua bat-batean kentzea... Nire eskua luzatua izango dute, nahi dutenerako, behar dutenerako. Nahi duten arte; behar duten arte.

Ikasturte amaieran barruan zerbaitek hozka egiten dizu. Egia da. Eta gozoa da faltan sumatzen duzun pusketa hori eman duzulako falta zaizula sentitzea Eman egin dut. Baina, jaso ere bai. Asko. Eskerrik asko!

Uda on!

2009-06-16

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (IV)


Ez dira gutxi zakurren aurretik egin izan ditudan korrikaldiak. Inuzentea ni! Zenbat eta korrika gehiago egin nik, orduan eta korrika gehiago egiten zuen zakurrak. Bai, zakurrak! Ez baita gauza bera zakurra izatea edo txakurra izatea. Aspaldian ikasi dut txakurrak inguruan baditut nire burua kontrolatzen. Eta ez pentsa, biziki eskertzen diot nire buruari! Ez baita itxura batetik bestera garrasika ibiltzea! Ea katuak nahiago ditudan? Buf! Katuak ere nahiago urruti!

Korrika egitea, hori bai, hori gustuko dut. Halere, sekula ez naiz jarri nire zangokada neurtzen... Beraz, zangokada neurtu bitarteko denbora tartea uzten dizuet ondoko problemari buelta bat eta bi emateko. Ez nekatu gehiegi!




TXAKURRA ETA KATUA

Txakurrak eta katuak 100 m-ko pista batean joan-etorriko lasterketa egin dute. Txakurrak zangokada bakoitzean (eta guztietan) 3 m aurreratzen ditu, eta katuak 2 m bakarrik; baina, txakurrak eginiko bi zangokadako katuak hiru egiten ditu.

Bietatik zeinek irabazio du 200 m-ko lasterketa hau?

2009-06-15

EO-EOOOOOOOOOOO........OOOOOOE!!!


Horratx Hondarribiko begiraleen deia. Eta DBHko lehenengo mailakoen erantzuna. Harrigarria da oihu-jolas batek ikasleen arreta erakartzeko duen indarra. Ikasturte amaiera honetan inork bere taldea baretzeko zailtasunak baldin baditu... badaki, has dadila EO-EOka.


Ongi, primeran pasa ditugu hiru egun Hondarribin; eguraldia portatu da, ez da istripurik gertatu, lo tamainan egin dugu, harremanak estutu ditugu...

Eta gainera, blogean idazteko hiru aitzakia ekarri ditut. Horietako bat mintzagai izan genuen bertan izan ginen lau irakasleok eta asteburuan zer pentsatua eman dit. Begiak zabaldu bakarrik ez, ikusi nahi duenak sentitu egiten du: tripetako mina. Albergeak, aterpetxeak, jantokiak, eskoletako jangelak... lotsagarria da zakarrontzira zenbat janari botatzen den! Lotsagarria zakarrontzi horietatik gertu zenbat familiek pasatzen duten gosea. Eta lotsagarria botatzen den janari hori behar duten familietara bideratzeko nola ez den ahaleginik egiten. Hain dirudi erraza... Tripetako minak ordea, ez du ezer ikusten, ez du ezer sentitzen gosea aldamenekoarenean dagoenean.

P.D. Ea laster argazkiren bat zintzilikatzen dudan.

2009-06-09

2 cm? 3 cm? 15 cm? ZENBAT?


Zenbateko distantzia dago zenbakien eta hizkien artean? Batxilergoa ikasi behar duen ikaslean bidea aukeratu behar izaten du. Eta hamaika burukomin izaten du askok. Gurutzatu ezin daitezkeen bi bide paralelo irudikatzen ditugu: zientzietakoa eta letretakoa.


Orain gutxi Bernardo Atxagari irakurri diot elkarrizketa batean: " bien arteko distantzia ez da hain handia. Nobela batean oinarrizkoa da zehaztasuna, nobelak erritmoa behar du, geldoa edo azkarra, baina, erritmoa. Eta horretarako oinarri matematiko bat behar da. Matematika oinarrizko egitura baten parekoa da; nobela bakoitzean egia matematiko bat dago."

Oraintxe Josu Penadesen Jantzi beltz bi eleberria irakurtzen ari naiz. Atzo erregela hartu eta neurtzen aritu nintzen. Eta ez, distantzia ez da horrenbestekoa. Eleberriak badu bere erritmoa, badu bere egitura. Eta topatu ere topatuko diot bere egia matematikoa, jantzi beltz biren azpian gezur gutxi ezkuta daitezkeelako.

2009-06-05

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (III)


Gaueko ekaitzak barealdia ekarri zuen goizean... Emankor datoz urak errekan behera. Zorionak irabazi ez arren, zuen buruari apustu egiten ausartzen zareten guztioi! Itsasora iristen ez den errekak ere egiten du bere bidea!


Bigarren problema ebatzia dago. Ebazpena ezagutzeko jakinminik baduzu, egin koxk problemaren ondorengo iruzkinen gainean. Datorren hau egiteko bultzada izan daiteke...



EZKONDUEI GUSTATZEN AL ZAIE FUTBOLA ? ETA EZKONGABEEI?

Inkesta egin dute 50 langileko enpresa batean, eta honako datu hauek lortu dituzte:

· 22k kinielak egiten ditu; 25i futbola gustatzen zaio, eta 28 ezkonduak dira.

· 11ri futbola gustatzen zaio, eta, gainera, kinielak egiten ditu; 12 ezkonduak dira eta kinielak egiten dituzte; eta 14 ezkonduak dira eta futbola gustatzen zaie.

· 7 ezkonduak dira, futbola gustatzen zaie, eta kinielak egiten dituzte. Zenbat dira ezkongabeak, eta gainera, futbola gustatu ez eta kinielarik egiten ez dutenak?

Eta zuk zein
zakutan sartzen duzu zure burua? Hortxe laguntza: hasi ZAKUAK marrazten. Hori bai zulorik gabeak marraztu, langile bakar batek ere ez du eta ihes egin behar!

Ea nork asmatzen duen 15eko kiniela!

Animo lagunak!

2009-06-04

ZAIN NAGOOOOOOOOOOO UOOOOOOO...


Denbora izoztuak eguzkia du maite.


Zain nago, hirugarren problema jarri aurretik bigarrena ebatzita ikusi nahi dut. Eguzki egunak joan dira eta nik uste badatorrela errekan behera izotz urtua... Ez dakit, badatorren susmoa hartzen diot. Ea bihar uretan plisti-plasta freskatzerik badugun!

2009-06-03

ZER IKUSI HURA IKASI

Larunbata, goizeko zazpi eta erdiak. Festa gau baten ondorengo argazkia. Kaleak eta lorategiak zikin: plastikozko ontziak, kristalezko botilak, pixa errekak... Zorionaren arrastoak? Plazerraren arrastoak? Utzikeriaren arrastoak?

Ostiralean Oteiza museoan izan nintzen DBHko 3.mailako ikasleekin. Inguru garbi zoragarrian kokatua dago. Eta ni beldurrez. Garbitasuna zikinduko zuten beldurrez. "Izan ere...", "gazteok...", "guztia lurrera botatzen du eta..."... baina, zer da guri begira ikusten dutena? Zer, ikasten dutena? Askori entzun izan diot, garbitzaileek euren soldata justifikatu behar dutela. Hori da 14 urteko ikasleek ere esaten dutena. Hortarako daudela garbitzaileak. Garbitzeko.

Eta? Zer espero dugu? Azken batean hori da ikasten dutena. Ikusten dutena.

2009-06-02

ZORIONAK, AMA!

Eskerrik asko egiten ari zaren bidea egitea aukeratu zenuelako,
eskerrik asko zure bidera ekarri ninduzulako.

Haserretzen garen neurrian maite zaitut;
eta badakizu zenbat haserretzen garen...
badakizu zenbat maite zaitudan.

Zorionak ama!

Bideak luze jarrai dezala aurrera, nik zurekin ibili nahi dudalako.

2009-06-01

GOIZEGI AUKERAN ¿¿¿???

Afaria prestatu bitartean Euskadi Irratia piztu nuen atzo iluntzean. Osasunaren partidua eskaintzen ari ziren.

59 . minutuan gola, Juanfranek. Sekulakoa, gero telebistan ikusi nuena. Kontua da 59.minutuan sartu zuela gola. Eta kontua da Euskadi Irratiko esatariak erakarri zidala arreta. Emozioz beteriko GOOOOOOOOOOOOOOOOLLLLLLL sutsua bota ondoren, zapla erantsi zuen gainean: goizegi aukeran. GOIZEGI AUKERAN ???!!! Ez buru eta ez hanka, ez nion zentzurik hartu iruzkin hari.Kalkulatzen hasi nintzen, zenbat izan daitekeen goizegi eta zenbat beranduegi. Eta goizegiri marrazki bat egin nion eta beranduegiri beste bat. Kontua da goizegi irribarretsu ageri dela eta beranduegi negarrez eta haserre. Denbora erlatiboa izan daiteke, baina, futbola? Sartutakoa sartuta dago; egiteko lan bat gutxiago. Nork ziurtatu goizegi egin ez duzuna inoiz egitera iritsiko zarela? Ez dakit; aukeran jarriz gero nik nahiago goizegi sartu. Badaezpada ere. Eta zuk?


Ez zazu geroako utzi oain in daikezuna!


Zorionak gorritxoei!