2011-08-29

Patxintxi bustiak


Sarak sei urte ditu eta laranja koloreko soineko bat. Bular parean lore txiki bat dauka soinekoak. Titi txikiak ditu Sarak, oso txikiak, ikusi ere ez dira egiten ia. Alexenak ere izan zitezkeen Sararen titiak. Bi patxintxi esaten dio Alexek hondartzara joaten direnean. Eta Sarari ez zaio hori entzutea gustatzen; Sarari ez zaizkio patxintxiak gustatzen.

Alexek zazpi urte ditu eta izugarri maite duen kolore gorriko kamiseta bat. Hartz handi bat dauka kamisetak bizkarrean. Horregatik eramaten du Alexek bizkarra okertuta... berak dio hartzak asko pisatzen duela. Hamabost kilo. Eskolarako prestatzen duen motxilak baino dezente gehiago.




ALEX: Zergatik ari zara negarrez?
SARA: Edalontzia betetzeko gai naizen ikusi nahi nuen...
ALEX: Eta?
SARA: Begiak mindu zaizkit...
ALEX: Eta?
SARA: 1285 malko zenbatu ditut...
ALEX: Eta?
SARA: Edalontziaren hamarrena ere ez dut bete...
ALEX: Eta zenbat da hori?
SARA: Zortzi min eta erdiko zuloa...
ALEX: Eta zulo horrek egarririk asetzen du?
SARA: Zuloak gosearentzako izaten dira...
ALEX: Edan dezaket...
SARA: Zer?
ALEX: Zure min hamarrena...
SARA: ...
ALEX: Badakizu zer, Sara?
SARA: ...
ALEX: Edalontzia betetzeko gai zaren ikusi behar zenuke...
SARA: ...
ALEX: ... baina, irribarrez... irribarrez bete behar zenituzke edalontziak... edalontziek gainezka egin arte...
SARA: Patxintxirik nahi duzu?
ALEX: Hartzarentzako?


2011-08-22

PLAZERA...



Nekearen arrastoei begira egotea...
Infinituak zenbat neur dezakeen kalkulatzea...
Postontzian uzteko bertsoaren oinen bila harkaitz arte urrunetan ibiltzea...



Hodei zurixken artean lo kuluxka bat egin dezakezula sinestea...
Ipurdiaren pisuak non eseria topatzea...
Gainari gainetik begia luzatzea...
Borobildutako bertsoari ahotsa hegan jartzea...

CASTILLO DE ACHER (2390 m)

Infernurako ahoan barna
irrika ezin lasaitu,
basoan gora eguzki printzek
ahalegina dute blaitu,
borrokan gogor saiatu arren,
tontorrak gaitu epaitu,
bihotz begiak aske uzteak
ondorio hori baitu,
guk gaztelua konkistatu ordez,
berak konkistatu gaitu.




Argazkiari argazkia ateratzea...
Behi otzanekin jolasean aritzea...
Mendiaren baitan tximeleta bat bizi dela irudikatzea...
Gorriari berdea margotzea eta zuriari urdina marraztea...



Trikuharripean iratxoak aurkitzea...
Errekastoaren (Aguas Tuertas) bihurrikeriekin liluratuta gelditzea...



Kikerekin batera afaltzea...
Erbiaren begirada ehizatzea...
Izar artean lo egitea ("izar azpian mundua dago izarapean zerua..."Joxerra Gartzia-Imanol Larzabal)...
Gauaren iraupenari hozka egin eta goizak denbora geldiarazten duela sentitzea...



Aldaparen inklinazioa erregela zuzen batekin trazatzea...
Aldapan gora ondoan bultza egiten dizun indarra daramazula sumatzea...
Arnas hotsarekin ezkutaketetan jolastea...



Maitasunari idaztea...
Emakume frantsesak bertsoaren nondik norakoak ulertu dituela ikustea...
Postontzirik topatu ez eta papera harri bihurtzea...

BISAURIN (2670 m)

Gabarditotik gora
indarrei eragin,
higanako bidean
eginaz ahalegink,
harkaitz aldea zuri,
zeru gaina urdin,
behin hi ezagututa
ezer ez duk berdin,
bat-batean bihotzak
salto zidak egin,
seko maiteminduta
utzi nauk Bisaurin!




Pausoa arrastaka eramatea...
Jositako bideari tira egitea...
Bizkarrean bi begi eranstea...




Plazera... Hecho bailaran bi egun eta erdiko egonaldia Joxe eta Ikerrekin konpartitzea...
Plazera... ahaleginarena.


2011-08-07

GORBEA


Gontzal Mendibilen (Gorbeiako Haizea) kantu ederra entzun ondoren irakurtzeko.



Beasaindik Gasteiza

handik Barazarra,

Saltropolen utzita

gure kotxe zaharra,

pinupean jo dugu

Atxuri bizkarra,

Gorbeara bidean

gora ttirri-ttarra,

azkenean loratu

zaigu irriparra,

aukeran handi eta

nabarmen samarra,

zu zara maite dugun

gurutze bakarra.








Bazen behin behor bat lotsaren lotsaz azal sendo marronkaren katamalo masail gorri amapolaz beteak loratzen zitzaizkiona. Gorbeialdeko bizkar belartsuetan bizi zen bi hankako animalia lotsagabeen esku arteko makina dirdaitsuetatik ihesi. Moxal txiki polit batez erditu da aurtengo udan. Eta esnea edaten du ugari moxalak. Esne zuriari tira egiten dio, eta zupa, eta... gorriari ere barrura egiten dio bultza. Konturatu ere egin gabe amaren lotsaz elkatzen ari dela. Dena irristan dator amapolen petalo bustietan behera. Eta ze arraio! Handi eta eder egingo bada lotsatzen ere ikasi egin nahi du. Orain moxala da masailak gorritzen zaizkiona. Eta bi hankako animalia lotsagabe hau hurbildu zaienean horixe da to! oparitu didatena: aurpegi-muturrak ezkutatu eta bi ipur-masail tente, sendo. To, lotsagabeari lotsagabekeriak!


URDABURU



Tentazioak. Eskua luzatu eta ukitzen ez direnak. Begiz jo eta erakarri ezin dituzunak. Hurbildu eta urruti ihes egiten dutenak. Tentazioak; irudimen amaraunak.

Mendira igo eta itsasora salto egiteko tentazioa. Horixe Urdaburuk (urdearen buruak) eskaintzen duena. Ugaldetxotik gora Hernani eta Goizueta arteko baso lehertu ederretan barrena tontorrak (595 m) itsasaldea da esku ahurrean jartzen diguna. Tentazioa... gorputza esku ahurrean murgiltzekoa.



Urumeako uretan gora
Añarbe abiaburu,
pinu, pago ta haritz artean
ordu ta erdi inguru,
Astigarraga, Hondarribi ta
Donostia buruz buru,
ia seiehun metroko mugan
eder zaude Urdaburu,
zure gainetik itsasoaz ta
mendiaz gozatzen dugu.

2011-08-02

IZPIZTE-ORIXOL



Lehenengo deskribapena zazpi urterekin idatzi nuen. Ganbara batean aurkitutako trapuzko panpinari bi begi eta irribarre bat marraztu nizkion. Hautsak fosilizatutako irribarrea; panpina triste baitzegoen aspaldian. Bakarrik. Jolas artera eramango zuen ume baten esperoan. Ez dut gogoan panpinaren soinekoari eman nion kolorea... izan zitekeen arrosa edo izan zitekeen horia. Sagu txiki bat. Panpinari ondoan jarri nion laguna.



Hogei urteren bueltan, hiztegiari tiraka nabil. "Deskribatu: Hizkuntza edo irudien bidez pertsonak, gauzak tokiak, etab. nolakoak diren adierazi." . Hiztegia hartu eta hitzei tiraka nabil, igandeko sentsazioak deskribatzeko hitz-harien bila. Hitzak pilatu ditzaket: baso, itzal, harkaitz, magia, Iker, sorpresa, begirada, ikuspegi, orbel, zulo, esku, arrasto, ikusgarri... Hariak korapilatzen ez naiz ausartzen. Deskribapen batzuk ez dira paper gainean hilezkortzekoak. Deskribapen batzuk ikusi, bizi eta barru-barruan eramatekoak dira.

Aramaioko Etxaguen auzotik gora Anbotopetik Izpiztera (1057 m) egin genuen bidea. Bertsoa pentsatu eta postontzian sartzeko tartea hartu genuen:


Aramaiotik Etxaguenera
zentzumenak bide eske,
Anboto, Alluitz ta Tellamendi,
Orixol besteak beste,
harkaitz zorrotzak makulu sendo,
pago itzalak gerizpe,
ama lurraren mirakulua
horixe dugu Izpizte,
zerura hurbildu nahi baduzue
hona etorri zaitezte.



Izpiztetik Apaizaren Kobara. 1872. urte inguruan Santa Kruz apaiza ezkutatuta egon zen harkaitz arteko zuloa. Infiniturako balkoia.


Eta handik Orixolera (1127 m). Tontor-gaina ederra, bidea zoragarria.


"Anboto ta Orixol
biak parez pare..."






Zer da, zer da... halako egunetan hasi eta bukatzea nahi izaten ez dena? Ba horixe, zazpi urterekin topatutako trapuzko panpinari kontatu diot igandean bizitakoa. Beregan fosilizatu ditut igandeko sentipenak. Hauts artetik irribarrea sumatu diot panpinari. Benetako irribarrea. Sagurik ez dut ikusi.