2009-12-29

ZERI BURUZ ARI DA OLERKI EDER HAU?



Lau hiru dira,
hiru lau diren neurri berean.
Egia da batek hiru dituela,
bik bi dituela bezain egia.
Benetan?
Ulertzen ez baduzue
pentsatu
zazpi bost direla
eta bederatzi bederatzi.
Nola? Sei eta sei sei direla?
Bai! Zortzi ematen badizkizut sei emango dizkizut!
Sei zer?
Aaaaaaaaaaaaaaaaaaa

Zeri buruz ari da olerki eder hau?

2009-12-21

ZORTE ON!!!




Zorte on bihar loteria bihotzaren parean estututa irratia entzunez, telebistari begira egongo zareten guztioi.

Azken hilabeteotan loteria izaten da hizpide nagusietako bat. Loteria erosten du bizilagunak, loteria erosten du lankideak, loteria erosten du lagunak... Eta nik ez dut ulertzen nork bere borondatez nola ematen dion dirua urte osoan zehar hainbeste kritikatzen duen monarkiari, hainbesteko mina eragiten dio ejerzitoari edo ikusi ere egin ezin duen elizari. Estatura baitoa loteria erostean gastatutako dirua, eta estatuak bideratzen baititu hainbesteko kexak eta burukominak eragiten dizkiguten erakundeetara. Nik halakoetan koherentzia pittin bat botatzen dut faltan. Monarkiari ez diot zentzurik topatzen, eta elizaren gezurretatik urruti egongo den armarik gabeko mundu bat ezagutu nahiko nuke. Ez, nik ez diet dirurik ematen; ez behintzat nire borondatez. Nik ez dut loteriarik erosten. Nire buruarekin fidel izaten saiatzen naiz. "Bai, baina, ilusioa egiten du..." esaten didate askok. Eta nik ilusioz begiratzen diet, ilusioak bizi nazan saiatzen naizelako, abenduaren 22ari begira egon beharrik gabe. Nor bere buruarekin koherente izatea, hori da aitak irakatsi didan irakasgairik aberatsena. Eta ni horrek egiten nau zoriontsu. Horrek bizi nau aberats. Gero eta gutxiago jasaten ditut kexa antzuak.


Sentimendu ederra da, aldamenekoaren pozagatik norberak sentitzen duen zoriona. Bihar, ordea, inor gutxi sentituko da pozik, inor gutxi poztuko du aldamenekoaren zorionak, norberak irabazi ez duen seinale izango baita.

Sentimendu ederra da, aldamenekoaren pozagatik norberak sentitzen duen zoriona. Nik, bihar ere, topatuko dut zoriontsu sentitzeko arrazoirik. Tokatzen zaionari tokatzen zaiola, ni bihar poztu egingo naiz beragatik. ZORTE ON DENOI!

2009-12-18

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(VI)


ZINTZILIK

Haizea zintzilik,

elurra zintzilik,
negua zintzilik.
Zintzilik,
begiak zintzilik,
arnasa zintzilik,

gogoa zintzilik.

Zintzilik. Edo...


Haizea airean,

elurra airean,
negua airean.

Airean,

begiak airean,
arnasa airean,
gogoa airean.

Airean. Edo...


Begiaren arabera, gogoaren arabera, haizearen arabera. Zintzilik, edo airean egotea. Guztia delako erlatiboa. Erlatiboa? Guztia?
... Einsteinek zer zion?


EINSTEINEN ZIRKULUKOA ZARA?

Zintzilik edo airean ez dakit nola, baina, Einsteinek ekarri digu seigarren problema. Opor tarte guztia daukazue berarekin jolasteko!

Einsteinek garatutako problema hau saiatzen diren %2k bakarrik lortzen du Einsteinek berak egin zuen moduan ebaztea. Zu ote zara %2 horietako bat? Heldu gogotsu!

Deskribapena:


1.- 5 kolore ezberdinetako 5 etxe ditugu.
2.- Etxe bakoitzean nazionalitate ezberdineko pertsona bat bizi da.
3.- Bost jabe horiek edari ezberdinak edaten dituzte, elikagai ezberdinak dituzte gustuko eta maskota ezberdinak dituzte.



Datuak:


1.- Ingelesa etxe gorrian bizi da.
2.- Suediarraren maskota txakurra da.
3.- Danimarkarrak tea edaten du.
4.- Etxe berdea etxe zuriaren ezkerraldean dagoen hurrengo etxea da.

5.- Etxe berdeko jabeak kafea edaten du.

6.- Ogia gustuko duenak txoriak hazten ditu.
7.- Etxe horiko jabeak marrubiak ditu gustuko.
8.- Erdiko etxean bizi denak esnea edaten du.
9.- Norbegiarra lehenengo etxean bizi da.
10.-Txokolatea gustuko duen pertsona katuak dituenaren ondoan bizi da.

11.-Zaldiak dituen pertsona marrubiak gustuko dituenaren ondoan bizi da.
12.-Makarroiak gustuko dituenak laranja zukua edaten du.
13.-Alemaniarrak arraina du gustuko.
14.-Norbegiarra etxe urdinaren ondoan bizi da.

15.-Txokolatea gustuko duenak ura edaten duen bizilaguna dauka.


Galdera: Zeinek ditu arrainak etxean?







2009-12-14

ORITZA


HOR-HITZA, ORITZA.

Hizkuntza jolas, hizkuntza gose, hizkuntza mami bihurtzen denean gozotasuna dastatu egiten du mingainak, ikasitako hitz berriaren esentziak ikas-egarria asetzen duen neurrian. ORITZA. Amak lehen bi-hiru egunetan haurrari ematen dion esnea. Horixka eta lodia. Esneak baino proteina gehiago eta koipe gutxiago ditu. Gainera, hesteetako bakterien oreka iraunkortzeko prozesuan parte hartzen du, antigorputzetan aberatsa da eta haurra babesten du infekzioetatik. Noski, amak haurrari ematen dion berdina da, behiak txahalari ematen diona.

Larunbaterako behien inguruko saioa prestatu nuen irratsaiorako. Lazkaomendiko Iztueta Azpiko Maixux eta Ainitze izan ziren irratian. 45 esne-behik ekoizten du esnea egunero beraien baserrian. Aurretik Manexek lagundu zidan saioa janzten eta hari ikasi nion oritza hitza. Gero, Ainitzeren hitzetan entzun nuenean paper gainean baino goxoagoa, beteagoa iruditu zitzaidan. Oso irratsaio ederra izan zen Santa Lutzi bezperakoa. Hitz berri bat ikasita joan nintzen gainera etxera. ORITZA, bizitzarako indar, bizitzarako babes. Lehen ahokadan hor hitza, oritza, amak alabari ematen diona.

Hortik aurrera, hor hitza, hizkuntza jolas, hizkuntza gose, hizkuntza mami bihurtzeko.

Ah! Bejondeizula Maialen! Ahokada hitz oparitzeagatik, bertsoaren damak oritza ematen jarrai dezala bi-hiru egunetik harago.



2009-12-11

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (V)



Ea kandelen argizaria bukatu aurretik aste honetako problema ebazteko gai zaren! Ordubete daukazu!

ILUNTASUNARI BELDURRA DIOZU?

Bi kandela ditugu. Badakigu kandelek ordubeteko iraupena dutela (argizaria ordubetean ezerezean gelditzen da) eta biei aldi berean amaitzen zaiela argizaria. Nola neurtuko ditugu 15 minutu?


tik, tak, tik, tak, tik, tak... denbora bukatzen ari zaizu! Animo! Eta erre gabe ibili!

2009-12-09

24 EGUN


Basamortua hotz dago,
hondar ale gorrizten itsasoan mutu.


200 000 saharar errefuxiatu-kanpamendutan bizi dira azken 30 urtean. Dena da harri, dena da hauts, haizea ufaka hasten denean hondarra bihotzeraino sartu behar zaion irudipena izaten du batek. Saharar herria Marruekosen menpe bizi da, zapaldua, eskubiderik gabe, duintasunik gabe, ezerezaren erdian, nazioarteko komunitateak axolagabeki bestaldera begiratzen duen bitartean.

Azken egunotan Aminatu Haidar-ek jarri dio borrokari ahotsa. Bere herriak bizi duen borroka mundu guztira zabaltzea eta entzuna izatea nahi du. Indarkeriarik gabe, modu baketsuan, oihartzun bihurtu du beren askatasun eza. Eredugarria da Aminatu azaltzen ari den kemena eta adorea, eta lotsagarria aurrerapausorik eman nahi ez dutenen jarrera.

Jateari utzi dio Aminatuk. Askatasun gosez bizi den herriaren irudi bihurtu da.

Basamortua hotz dago,
hondar ale gorrizten itsasoan mutu.