2010-11-29

ARGAZKIA HORMARI



HITZA:
HORMA

Irudikoa Beasaingo horma bat da, horma hotz bat artelan bero bihurtua. Dizebi graffitilari handia da bi haur horien aita punteko.

Horma traba, oztopo, bereizle izan daiteke. Horma bat hotza izan daiteke, bakardadeak hormatua (horma hormatua. Horma-> izotz, jela, karroin, lei). Edo horma bat beroa izan daiteke, eraikitzailea, elkarlanaren irudi, ibiltarien ikasgai.

Goizetako hormak (izotzak, jelak, karroinak, leiak) beldur gutxiago emango liguke zuri bihozgabe baino, koloretsu ikusiko bagenu. Ezin baina, graffitilari bikainari errepide bazterreko izotz zuri guztia margotzen hasteko eskatu. Akaso eguzkia jaioko balitz izotz ondoan... Bitartean, Letek jarrai dezala kantari...







AFORISMOA: "Argazkiak oroitzapen fosilizatuak dira."

Txarren, txarrenean... ezta? Baina, nik nahiago dinosaurio erraldoi bat begien aurrean ikusi, (ez, garrasirik ez nuke egingo) ur putzu bihurtutako oinatz arrastoa ikusi baino.

Nik nahiago oroitzapena nirekin eraman, oroitzapenaren bila ordenagailu edo armairu barreneko kaxoira joan beharra izatea baino.

Bai, badakit, batak ez du bestea kentzen. Edo bai? (Ilusioak garrasia desagerrarazten duen bezalaxe; edo ez?)


2010-11-26

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XI)



DENBORAK IHES EGITEN DUENEAN...

Trumoi hotsak esnatu du Santi. Gaurkoa udako eguraldi eguzkitsuetakoa izan balitz Santi ez litzateke esnatu ere egingo. Baina, negua da gaur; udazkeneko negua. Negu gorria (edo beltza, neguan bazterrak zuritu egiten diren arren). Iratzargailuak ez dio tirrinik egin, trumoiarengatik izan ez balitz... Geldirik dago iratzargailua (ekaitza izango zen). Iratzargailua madarikatu du Santik, eta bere burua, izan ere, atzo eskumuturreko erlojua zakarrontzira botatzea erabaki zuen, eskumuturreko erlojurik gabe bizitzeko gai dela erakutsi nahi dio, nonbait, bere buruari. Eta hara zer gertatu zaion! Iratzargailua geldirik dago eta eskumuturreko erlojurik ez du. Lanera joan behar du eta ez daki berandu edo garaiz ote dabilen. Kanpoan ilun dago oraindik, baina Santiren ustez neguko egun beltzak ez dira gaua iritsi bitartean argitzen. Laranja zukurik hartu gabe atera da kalera (ordularirik gabe ibiltzen direnek sekula ez dute astirik izaten), eta udaletxeko ordulari handiari begiratu nahi izan dionean... Nork kendu ote du udaletxeko balkoian zintzilik urteetan egon den erlojua?

Ia negarrez hasi da Santi. Mirari ikusi du aurrez aurre eta ziztu bizian hurbildu da harengana; izena jarri zionak ere asmatu zuen... pentsatu du Santik. Negar egiteko gogoa zuela ere ahaztu egin zaio. Bizilaguna du Mirari; Matematika irakaslea da.

- Egun on Mirari! Zer moduz egin dun lo?
- Egun on Santi! Primeran, primeran egin diat lo. Hi haizak, aurpegi txarra daukak. Ongi al hago?
- Bai... beno... e... zera... Esango al didan zer ordu den?
- Bai, noski! Gauerditik momentu honetara arte dagoen denboraren laurdenari batu iezaiozu momentu honetatik gauerdira arte dagoen denboraren erdia, eta zehatz jakingo duzu une honetan zer ordu den.
- Zer?

Baina, Mirarik ez dio erantzun. Urruti dago honezkero; denboraz larri ibiliko da...

Lehen erdi isurian utzi dituen malkoei tiraka negarrez ari da Santi. Matematika kontuetan larri ibili da beti. Eta ez daki problema ebazteko denborarik izango duen edo ez. Goizeko bederatzietarako lanean egon behar zuen (edo egon behar du) eta ez daki garaiz edo berandu ote dabilen! Lagunduko al diozu Santiri zein ordu den asmatzen? Laneko nagusia haserretu egingo al da?


2010-11-25

ISPILUA EZKUTALEKU


Haizeak masaila urratu dio;
euriak negarra busti.



Hatsak komuneko ispilua lausotu du,
intziri isila marrazki bihurtu da ispiluan.
Beldurraren irudia ezkerreko belarritakoan,
zain lehertuak begietan.


Komuna itsu dago,
argiak ihes egiten du atepetik.
Taupada bat iturrian behera,
arnas pinporta itoa dirudi itoginak.


Kixketak korapilo estuegia du,
bularralde puzturaino iristen dira korapiloaren hari solteak.
Bi metro koadro, zulo sakonegian.



Haizeak masaila urratu dio;
euriak negarra busti.
Eta ez du besterik desio,
babestokia ezkutaleku, eta ezkutalekua bizitoki ez bihurtzea.


2010eko azaroaren 25ean (atzo izan zitekeen baina...
ez nuke nahi biharko egunez idatzi...)

2010-11-24

ITAKA (Yurre Ugarte_2010-11-20)


Bizitza pelikula bat balitz... ni pelikula grabatuko lukeen kamera izango nintzateke esan dio umeak amari. Eta jarraian ea horretarako zer egin behar den galdetu dio. Zertarako ume? galdetu dio atzera amak. Umeak ez dio erantzun. Begiak zabal-zabalik ditu, begiak klixk eta begiak klaxk egin gabe zenbat minutu, zenbat ordu pasako lituzkeen pentsatzen ari da. Begiak zabalik izan nahi ditu. Umeak bizitza grabatuko duen kamera izan nahi du.

Eta ama begira dauka. Ama isilik dago. Pentsatzen ari da, ze pelikula izango ote den umeak grabatuko duena. Eta bere buruari galdetu dio bizitza pelikula bat balitz ea berak zer egingo lukeen. Eta beldur bakarra sortu zaio. Umeari azaldu nahiko lioke berak ez lukeela ikusle huts izan nahi. Bera ere begiak klixk eta begiak klaxk egin gabe begiak zabalik edukitzen saiatuko da; umea bezala.

Yurre Ugarte-> Guk zer ikusiko dugun... hura idazten du tolosarrak. Guk zer entzungo dugun... hura idazten du Irunen bizi denak. Gidoilaria da Yurre. Guk zer irakurriko dugun... hura idazten du. Idazlea da Yurre. Gasolindegian ipuinak idatz daitezkeela erakutsi digu, gasolindegietan ipuinak ere irakur daitezkeela. "Gasolindegian" ipuin-bilduma argitaratu du Alberdania argitaletxearekin.

Neska alai eta irribarretsu batekin hitz egiteko aukera izan nuen larunbatean. Kontuak nola diren! Telefonoz, batak bestearen aurpegia ikusi gabe... nik egin diot erretratua... aurpegi argia du Yurrek, algara txikiz betea.

Eta Yurrerekin solasean aritzeaz gain, betiko atalak betiko berrikuntzekin:

- Patxi Ezkiagak udazken amorratuari jarri dio ahotsa aste honetan.
- Joxe Goikoetxearekin zumezko saski artean hitzaren artisau bihurtzeko aukera izan dugu.
- Ezkaratzean merkatu txiki bat antolatu dugu. Salgaiak: heziketa, harremanak, baloreak...
- Aste honetako liburu gomendioa Yurrek berak egin zigun: Bernardo Atxagaren "Etiopia" poesia liburua.
- Errotari lanetan Ilargi Perez. Burlatako Askatasuna Institutuko ikaslea. Ilargiaren argitan testu bat entzuteak sortzen duen zirrara...
- Eta azken kantuarekin, haurtzarorako bidean, Ekaitz Goikoetxea izan genuen gidari. Halako egun batean xoxoak mokoa galdu zuelako, eta begiak eta sudurra eta buruak galdu zituelako xoxo gaixoak...



Gozatu kantuarekin eta gozatu irratsaioarekin (egin koxk!)

Irratsaioa jaitsi nahi izanez gero: http://blip.tv/file/get/Irati-YurreUgarte719.mp3

2010-11-22

PENTSAMENDUA USTELTZEN OTE DA?


HITZA: MIZPIRA


Ez dakit usteldutako urrerik existitzen ote den. Usteldutako diru ugari badago bazterretan, baina, usteldutako urrerik... Urrezko bolatxo bat dirudi argazkiko fruituak. Mizpira da, udazkenak oparitzen digun fruitu ederra. Mizpira usteldu egiten da gainerako fruitu guztiak bezalaxe, baina, orduan hartzen du baliorik gehien; ustelduta dagoenean. Ustelduta jaten den fruitua da mizpira. Argazkiari begira, buruari bueltaka ari natzaio. Urrea ustelduko balitz...




AFORISMOA: "Pentsatu nahi ez zuenean, belarriak ixten zituen".

... pentsamendua gure buruaren hizketaldia delako.

Halere, horrek zentzu handirik ez duela otu zait oraintxe. Ez pentsatzeko... pentsamenduari ihes egiten uztea onena... Baina, ihesbidea itxi egiten badiogu...

Pentsatu nahi ez dugunean, gure buruari zergatik pentsatu nahi ez dugun galdetzea onena. Erantzunak erantzun asko argituko dizkigu.

2010-11-19

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (X)


- Zeruak ahoa zabaldu dezala; zeruaren bestaldean zer dagoen jakin nahi dut.

- Zuhaitzak oinez ibiltzen ikas dezatela, zuhaitz bat nahi dut nire ikasgelako mahaiaren ondoan. Zuhaitzek badakite matematikako problemak egiten?
- Nik altua izan nahi dut. Baina, altu-altua. Han goitik koloreak berdin ikusten dira?

Bost urteko neska-mutilen ikasgela batean eskatu desio bat, zuk nahi duzuna, esan die irakasleak, eta horiek dira ikasleek eman dituzten erantzunetako batzuk.

Bakarren batek niri galdetuko balit, erantzungo nioke... larrean etzanda dagoen behia zer pentsatzen ari den entzun nahi dut erantzungo nioke. Bai, horixe! Bat-batean otu zait (askotan pentsatu izan dut horretan).


ESKATU NAHI DUZUNA!

Sissak asmatu omen zuen xake jokoa, Pataliputa Inperioaren garaian. Indiako erregeri jokoaren nondik norakoak erakutsi zizkionean Indiako erregea erabat harrituta gelditu zen. Izugarri gustatu zitzaion jokoa eta bere asperraldietarako entretenimendua topatu zuela pentsatu zuen. Sissari ordainetan zerbait oparitu nahi eta... "nahi duzuna eskatu, nahi duzun hori emango dizut" esan zion erregek.

Sissak ez zuen zalantzarik egin: "xake taulako lehenengo laukitxoan bi gari ale nahi ditut, bigarren laukitxoan lau gari ale, hirugarrenean zortzi gari ale, laugarrenean hamasei gari ale...". "Hori besterik ez bada!" erantzun zion erregek irribarretsu, eskaintza merke aterako zitzaiolako pozik. Bere morroiei gari ale guztiak zaku batean bildu eta Sissari emateko agindu zien.

Morroiak zakuaren aurrean daude, zakua hutsik dago, errege haserre, eta Sissa bere opariaren zain. Zergatik?

2010-11-17

NIKO IRAKASLE


Berrekizuna 10 eta 19 artean duten berretura karratuak egiten irakatsi digu Nikok matematika klasean. 10^2, 11^2, 12^2, 13^2... , 19^2. Berreturak berrekizuna bere buruarekin biderkatzera behartzen gaitu, 10 * 10, 11 * 11, 12 * 12, ... Nikok biderketa egin beharrik gabe (eta buruz ikasi behar genituen horiek ahaztuz gero) zer egin dezakegun irakatsi digu. Ea pausoz pauso Nikori irakatsi diodana zuei irakasteko gai naizen. Adibidea: 18^2, hau da, 18 * 18:

1.- 8 bider 2 = 16. Beraz, erantzunaren erdiko zifra 6 izango da eta hirugarren pausorako hamarrena gordeko du. ?6?

2.- 8 ber bi = 64. Erantzunaren azken zifran (lehen lortutako seiaren atzetik) lau jarriko dut eta eramaneko seiak lehen zenbakiaren erdian jarritako seiari batuko dizkiot. Beraz, 6 + 6 = 12 denez, 2 zenbakia da lehengo seiaren tokian (erdiko zifra) geldituko zaidana. ?24

3.- 18-aren 1-a + lehenengo pausoan gordetako eramana (1) + 2.pausoko hamabiaren eramana (1) = 1 + 1 + 1 = 3 . Hori izango da ehunekoen tokian jarriko dudan zifra.

Hortaz, 18^2 = 18 * 18 = 324 (Bai ezta, Niko? ;-D)

Prozedura ulertu baduzue... 10etik 19ra bitarteko berrekizunekin egin dezakezue froga.

Sorpresa zoragarria izan da, sorpresa bikoitza. Zerbait berria ikasi dudalako (sekula halakorik entzun gabea nintzen), eta batez ere, hamabi urteko ikasle batek bere borondatez 25 ikasleren (ni hogeitabosgarrena) aurrean (une batez bederen) irakasle izateko ilusioa azaldu duelako. Oso ederra iruditzen zait (eta ezinbestekoa) dakigun hori (izan asko edo izan gutxi) besteei irakastea. Oso ederra iruditzen zait (eta ezinbestekoa) dakien horri ez dakigun hori ikasteko ilusioa izatea. Ni zorioneko sentitu naiz, une horretan Nikoren ikasle izateko aukera izan dudalako. Eta uste dut gainerako ikasleak ere konturatu direla horretaz, nire jakin-minaz, nire pozaz... Uste dut matematikez gain, ikasgai bikoitza jaso dutela ikasleek: Nikori ikasi diotena, eta nire aurpegiak esan nahi izan diena.

2010-11-15

AMETSEN BESTALDEAN...


HITZA: MARATILA

"Amonaren etxeko ateak ez zuen giltza beharrik izaten..." behin ausartu nintzen ezagutu ez dudan argazki bati olerki bat idazten. "Amonaren etxeko ateak ez zuen giltza beharrik izaten..." ez dut oso ongi gogoan, baina, halako zerbait idatzi nuen. Konfiantzaz eta konpartitzeaz eta gertutasunaz eta... pentsa, maratila baten inguruan zenbat balore korapilatu daitezkeen.

Aiton-amonen garaian, gurasoenean ere bai, edonork egin ziezaiokeen tira maratilak zintzilik zuen hariari. Hariak lotu baino, askatu egiten zuen kanpotik barrurako pausoa.

Maratila itxiak ezagutu ditugu guk. Mesfidantzaren giltza herdoilak jan omen du; orain nahiko lan izaten du nork bere atea ere zabaltzen.






AFORISMOA:"Amesgaiztoa esnatzeak zigortzen du".

Beti pentsatu izan dut hiru iratxo direla gure pentsamenduaren hariak iluntasunean korapilatzen ibiltzen direnak.

Beti pentsatu izan dut beldurrak begiak zabalarazten dizkigunean iratxoak izoztu egiten direla argitasunarekin.

Beti pentsatu izan dut gure loak milaka iratxo izozturentzako tokia duela.

Beti pensatu izan ditudan kontuak dira; gaur, ordea, zer pentsatua eman dit gauak, eta galdera bati tiraka nabil, oraindik pixka bat lo, honezkero esnatu nahirik; eta ez dakit... ez dakit esnatzeak zigortzen duen amets gaizto hori esnatzeak zintzotzen ote duen. Amesgaiztoak (amets gaiztoak) esnatzeak zintzotzen ditu?


2010-11-12

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (IX)


Maitasunaren sutegian trenak ibiltzen dira joan etorrian. Joandako bihotz taupaden irudiak egiten ditu sutegiak bere labean. Eta gero joan egiten dira (irudiak) eta beste taupada batzuk etortzen dira, horiek ere irudi bihurtzeko.

Maitasunaren sutegian ez dago geltokirik. Trenak maitasunaren irudimen besterik ez dira eta taupadak joandakoa ilusio galduak.

Maitasunaren sutegian, ordea, bihotzek dantzan jarraitzen dute.



AI MARIA, MARIA...

Mariak bi mutil-lagun ditu; Jon eta Mikel. Joni bisita egiteko iparraldera doan trena hartu beharra dauka, eta Mikeli bisita egiteko hegoaldera doana. Bi trenak hamar minutuka pasatzen dira. Mariari bi mutilak izugarri gustatzen zaizkio, biak neurri berean, eta horregatik ez da fijatu ere egiten zein den hartzen duen trena; berdin zaio iparraldera edo hegoaldera doan trena hartzea, parean pasatzen den lehenengoa hartzen du.

Baina, arrazoiren batengatik, Mariak %90 alditan Jon bisitatzen du, eta %10-etan Mikel. Zergatik gertatzen zaio hori?

2010-11-11

ITAKA (Juan Kruz Igerabide eta Iñaki Telleriarekin solasean_2010-11-6)



Poesiak isiltzen daki, emandako pausoen itzalari isiltasuna errezitatzen. Poetak lerro mutuak idazten ditu eta doinua begiek irensten dute. Begiak lehertzen direnean, orduan hasten da poesia oinez. Gaur begizuloak antzeman dizkiot poetari, izarrak idazten pasa du gaua. Ez da lan erraza gauari isiltasuna lokartzea. Argi gehiegi aukeran. Poetak begizuloak ditu eta poesiak oinez jarraitzen du izarren itzalari tiraka. Poetaren betzuloek izarren itzalaren antza dute.

Juan Kruz Igerabide-> Beltzez jantzita, musika soineko, ahotsa beroki. Musikari hizkuntza arrakalatzen dio. Ipuinak idazten dizkie umeei eta istorioak kontatzen helduei. Badaki patxadaz hitz egiten, badaki lasaitasunari aurpegia marrazten. Adunarra. Entzuleei begirada biluzten dakien poeta.

Iñaki Telleria -> Beltzez jantzita, musika ahots, hitza soineko. Hizkuntzari musika arrakalatzen dio. Musikarekin istorioak kontatzen ditu eta gorputzarekin ipuinak. Keinuekin errealitatea esnatzen asmatu du. Badaki irribarreak sabelean korapilatzen diren sentimenduetan kateatzen. Izaldarra. Entzuleei mugimendua biluzten dien musikaria.


Bi lagun... bai, bi lagun handi. Irratiak lagun handiak egiteko aukera ematen dit, ordubeteko konplizitateak lagun handiak eginarazten ditu. Urriaren 29an Zeraingo elizan izan ginen Ekaitz, aita eta hirurok. Poesia eta musika. Laukote bat eskenatoki gainean. Juan Kruz Igerabide poeta, Iñaki Telleria perkusio jolea, Oihane Igerabide harpa jolea eta kontra baxu jole venezolarra. "Txoria zaude isilik" emanaldia (bikaina!) . Eta horko hariei tiraka lotu genuen pasa den larunbateko irratsaioa. Onena entzutea (egin koxk!); Juan Kruzi egin nion azken galdera aurreratuko dizuet; horixe esan nahi dizuet..." adibidez, hau topatuko duzue!" : Juan Kruz, zenbat dezilitro ontasun esne behar ditu batez beste arimaren gau batek?


Irratsaioak, ordea, Juan Kruz eta Iñakiren solasaldiaz gain, goxoki gehiago ere izan zituen.

- Joxe Goikoetxearen asteko hitza: orbel
- Ezkaratzetik Doltza Barandiaran memoriaz, gerra zibilaz, Saturrarango emakumeez, Izarren argiaz...
- Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak "Mirari galduaren bila" gomendatu zigun.
- Ainhoa Miguel Lazkaoko San Benitoko ikasle gaztea izan zen larunbateko errotaria.
- Saioari hasiera Patxi Ezkiagaren olerki eder batekin emango genion, eta amaiera Ekaitzek aurkeztutako kantuarekin: Gariren (hitza Jose Luis Padronena) "Esperantzara kondenatua".

Hori guztia larunbatean izan genuen, baina, blogean larunbatak astearte edo ostegun ere izan daitezkeenez... gozatu!

Irratsaioa jaitsi nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-a781.mp3


2010-11-10

MEMORIAREN EGUNA


Sufrimenduaren arrastoak etxe, kale, txoko, bihotz, sentimendu, pentsaera... asko urratu dituelako. Nire eskuak lazo bat behar du zurearen ondoan. Nire lazoa itzala da, zurearen ondoan. Zure ondoan egon nahi (behar) dut, biharko memoriak gaurko sufrimenduaren oroitzapenik izan ez dezan.


OLERKI BIHURTU NAHI DUT


Tarteka iristen da haizea itsasertzera,

tarteka iristen da ura hondar gaineko zure pausoetara.

Zure begiak marraztu nahi ditut eguzkiak gaua irensten duen momentuan.

Ez izan olatuak itoko zaituen beldurrik,

ez izan ilargi beteak biluzik, babes gabe harrapatuko zaituen beldurrik.

Zure indarra idatzi nahi dut eskuaren sabelean.

Zergatik saiatzen zara zure itzalaren argia isiltzen?

Zergatik ezkutatzen duzu zure masailen gorria?

Iraganaren koadroak zintzilikatu eta aurrera egin,

zure bidearen arrastoa olerki bihurtu nahi dut.



ITXAROPEN JARRI ZIZUTEN IZENA


Itxaropen jarri zizuten izena,

soineko berde argia, bularraldean bi lazo.

Ez dakit zer ikusten duten zure begiek,

ez dakit zenbatekoa den zure kemenaren indarra.

Memoria lagun, etorkizuna zubi,

euriak ez du ekaitzik lehertzen.

Errekasto bihurri, mendi malkartsu,

haizea hegan-hegan.

Zergatik ez? Oihartzunaren kantua,

oihartzunaren soka ikusi dut etorkizunari tira egiten,

eta erdian zu;

sokaren korapiloak zure eguzkia behar du,

berde eta argi, bularraldean bi lazo.

Itxaropen jarri zizuten izena.



2010-11-08

ZUMEZKO HERIOTZA


HITZA: ZUMITZ (hau da, ZUME)

Zumitzezko, zera, esan nahi dut zumezko... Zumezko, zera, nik esaten dut (oraintxe konturatu naiz ) zumitzezko... Bai, garbi neukan zumitz (zumitza, zumitzezko) zela aste honetan aurkeztu nahi nizuen hitza. Baina, kontuak nola diren! Zumitzarekin saskia egiten hasi eta... artisau kaskarra naizela konturatu naiz! Ez omen da zumitza nik zumitz izenez ezagutzen dudana. Zume omen du izen... Matximentara zumezko saskiak nola egiten zituzten ikustera joaten omen ginen umetan, tia Kaxinta zumezko aulkian egoten omen zen eserita... eta ni saskiak eta aulkia zumitzezkoak zirelakoan! Zumea landare-zutza da, Salix familiatik lortzen dena. "Egur finezko hariak", "josi" egiten direnak. Krik egiten dute zumezko aukiek gainean esertzen zarenean. Amaren baserrian beti egon da zumitzezko aulkia (bai, amaren baserrikoa beti izango da zumitzezkoa niretzat), tia Kaxinta hil eta gero bertan ipurdi asko eseri diren arren, niretzat auki hura beti izango da tia Kaxintarena, tia Kaxintaren zumitzezko aulkia.



AFORISMOA: "Gauzak asko aldatzen ez badira, ni ere egunen batean hil egingo naiz." (Karlos Linazasoro)

Bai, Karlos Linazasororen aforismoa da, larunbatean Juan Kruz Igerabidek irratsaioan oparitu ziguna. Ekaitzek Juan Kruzi aforismo bat eskatu zion eta Juan Kruzek bere lagun handiaren aforismoa ekarri zuen gure artera. Bi arrazoiengatik zintzilikatu dut gaur aforismo hau. Batetik, gustatzen zaidalako; eta bestetik, gustatzen zaidalako lagun handien opariak hor nonbait gordeta izatea, noizbait norbaiti zerbait oparitu behar eta opari hori partekatu ahal izateko. Askotan entzuten dugun kontua da; itsusia da egiten dizuten oparia beste norbaiti oparitzea! Bistan da ezetz! Konpartitzea... niri egin daitekeen gauzari kederrena iruditzen zait! Mila esker Juan Kruz; mila esker Karlos!

Eta heriotzari dagokionez... ez bizi ez dakit nork, ez dakit noiz, ez dakit non, ez dakit zer aldatuko duen esperoan. Zain pasatako uneak egutegiak binaka irensten omen ditu.



2010-11-05

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (VIII)

Egiari gezurrak hozka egiten dionean, bi egia sortzen dira. Eta alderantziz, gezurrari egiak hozka egiten dionean, gezurra erdira murrizten da. Sekula ez aritu egiarekin gezurretan! esan zien behin irakasleak ikasleei. Eta noiz esango diogu gezurrari egia? erantzun zion ikasgelako ttikienak. Irakasleak honako problema hau jarri zien arbelean:

3 +3 = 8

2 + 5 = 6

3 + 5 = 8

1 + 0 = 7

6 + 4 = 6

Eta noski! Ez egin zalantzarik… 2 + 2 = 4

Eta matematika = literatura

Beraz, zenbat da…

4 + 8 = ?


2010-11-04

KONTALARIA


Kontalari bikaina dut aita. Gau batean bai, eta hurrengoan ere bai; argia itzali, ohe ertzean eseri eta egun batean sorginen akelarreetara eta hurrengoan iratxoen artera eramaten ninduen. Basoan barna ibiltzen ginen gehienetan. Ostadarraren gainean ibiltzen ikasi nuen, eta hodeien gainean salto egiten, eta txorien atzetik hegan egiten, eta natura maitatzen, eta aldamenekoari laguntzen, eta... gaurik ilunenetan eguzkia poltsikoratutakoa ere banaiz. Sekula ez dut ipuina bukatu aurretik lo hartu. Ipuina bukatu ostean argia piztuta uzteko eskatzen nion aitari. Irudimenaren argia jarri nion izena ipuina entzun ondorengo tarteari. Argiari zintzilikatzen nizkion aitak kontatutako guztiak; irudimenaren argia inoiz ez dela itzaltzen sinestarazi nion umetan neure buruari.

Aspaldian ez dit ipuinik kontatu aitak. Ipuin kontalari bikaina izaten jarraitzen du eta niri ere oraindik gustatzen zait ipuinak entzutea (hori uste dut behintzat), baina, ez dakit aspaldian zergatik ez didan ipuinik kontatu. Helduoi erantzutea zaila egiten zaizkigun galderetako bat da hori. Hizkuntza, ahozkotasuna, irudimena, gorputzaren mugimendua, begien keinua... aberastasun handia dago ipuin kontaketa baten atzean.

Kontalaria proiektu berria jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Autobus bat herriz herri dabil ipuinak osatu nahian. Helburuak... hizkuntzarekin jolas egitea, sormena lantzea, belaunaldien arteko harremanak estutzea... Urriaren 23an Beasaina iritsi zen autobusa. Autobusean barrura pausoa ematen ausartu ginen Ekaitz eta biok. Egin beharrekoa ume koxkor batzuk hasitako ipuinari jarraipena eta bukaera ematea. Kattagorriak, ezkur magikoak, Eneko, Xabi... emaitza: www.kontalaria.net.

Egitasmo polita iruditzen zait. Bidean aurrera egiteko pauso baliagarria. Pauso batek, ordea, badakizue! Atzetik beste bat eskatzen du.

Ba horixe, nik ere handitzean nire seme-alaben ipuin kontalari izan nahi dudala.

2010-11-03

ITAKA (Koldo Zubeldia, Koldo Goitia eta Gabriel Korta_2010-10-30)


"Poesiak hiru ezpain ditu. Poesiak hitz egiten duenean txoriek natura entzuten dute. Korrika egiten daki poesiak eta helmugara azkena iristen. Helmugara azkena iristea gustatzen zaio poesiari. Bizkarrei hitza jartzen die poesiak. Aurpegiak marrazten ditu bizkarretan eta hitz egiten du, bizkarrekin ere bai. Poesiak hiru ezpain ditu. Poesiak bizkarrekin hitz egiten daki, horregatik ditu hiru ezpain. "


Koldo Zubeldia poeta zaldibiarrarekin irratian egiten dudan hirugarren hitzordua. Hirukote zoragarri honekin egiten dudan bigarrena. Poesiaz hitz egitera joan eta bizitza bera da, luze eta zabalean, entzuleoi eskaintzen digutena. Bizitza luze zabalean. Sakontasuna poesiaren hirugarren ezpainak ematen dio bizitzari. Horregatik ere hiru ezpain ditu poesiak.

Zaldibiarra da Koldo Zubeldia, beasaindarra Koldo Goitia eta errenteriarra Gabriel Korta. Hiru begirada bizitzaren begiei tiraka. Poesiaz, eta bizitzaz, eta gaixotasunaz, eta bakardadeaz, eta... horretaz guztiaz gain, larunbateko irratsaioan...

Patxi Ezkiagak udazken usaindun olerki bat ekarri zigun: gure baratzeko loreen petaloak beti berdinak izango zirela uste nuen...
Titareaz aritu zitzaigun Joxe Goikoetxea, hizkuntzaren hari solteak josten...
Ezkaratzetik Segura herriari atera zion argazkia Elizabete Garmendiak.
Paper artetik El arte de la resurrección liburua gomendatu zigun Mari Karmen Urteagak.
Beñat Irastorzak testu tetriko bat ehotu zuen,
eta Ekaitzek maiteaz galdezka borobildu zuen saioa. Kepa Junkeraren Etxea diskoko Maitia nun zira kantua aurkeztu zigun.

Larunbatekoak zapore... eztia izan zuen. Egin koxk!

Jaitsi nahi izanez gero... http://blip.tv/file/get/Irati-KoldoZubeldia735.mp3

2010-11-02

ORBEL ARTEAN GALTZERDIRIK GABE



HITZA:
ORBEL

Or-bel
. Orri beltz. Berdea horitu egiten delako eta horia marroitu eta marroia... pittinka-pittinka belztu, lurraren barrunbeetan desegiten den arte; hurrengo urteko orbelak ere bere tokia behar duelako. Hori da naturaren legea, sortu eta desegitea, sortuko direnek lekua izan dezaten. Izugarri gustatzen zait, hankapean kris-kras, musika doinuekin basoan dantzan aritzea.





AFORISMOA: "Galtzerdian zuloa, behatzek arnasa har dezaten. "

Bazen behin galtzerdiaren barruan putz egiten zuen gizon bat. Putz egin eta eskuarekin galtzerdia estutzen zuen orkatilaren parean, galtzerdipean sartutako aireak kanpora ihes egin ez zezan.

Aspaldi honetan gizon hari egiten ikusi niona egiten dut nik ere. Galtzerdiaren barruan putz egin. Aspaldian oso erraz zulatzen zaizkidalako galtzerdi puntak. Eta horixe pentsatu dut; airerik gabe ito egiten direla behatzak eta arnas-bide bila hozka egiten diotela galtzerdiari.