2010-11-02

ORBEL ARTEAN GALTZERDIRIK GABE



HITZA:
ORBEL

Or-bel
. Orri beltz. Berdea horitu egiten delako eta horia marroitu eta marroia... pittinka-pittinka belztu, lurraren barrunbeetan desegiten den arte; hurrengo urteko orbelak ere bere tokia behar duelako. Hori da naturaren legea, sortu eta desegitea, sortuko direnek lekua izan dezaten. Izugarri gustatzen zait, hankapean kris-kras, musika doinuekin basoan dantzan aritzea.





AFORISMOA: "Galtzerdian zuloa, behatzek arnasa har dezaten. "

Bazen behin galtzerdiaren barruan putz egiten zuen gizon bat. Putz egin eta eskuarekin galtzerdia estutzen zuen orkatilaren parean, galtzerdipean sartutako aireak kanpora ihes egin ez zezan.

Aspaldi honetan gizon hari egiten ikusi niona egiten dut nik ere. Galtzerdiaren barruan putz egin. Aspaldian oso erraz zulatzen zaizkidalako galtzerdi puntak. Eta horixe pentsatu dut; airerik gabe ito egiten direla behatzak eta arnas-bide bila hozka egiten diotela galtzerdiari.

6 comentarios:

  1. Orbelari buruz hizketan "Zurtz eta lur" ekarri didazu gogora, "jaioberri bat naiz hildako baten izenarekin" edo antzeko zerbait esaten duen poemaren zati hori.

    Galtzerdian zulorik ez balego, nondik sartuko zenuke oina? Nik uste oinek korrika egin nahi dutela, eta gu nahi duten bezain azkar ibiltzen ez garenean, ihes egiteko ahaleginean, zuloa egiten diotela galtzerdiari.

    Edo, agian ez.

    Ongi izan

    ResponderEliminar
  2. Erreparatu al diozue orbel hitzaren osaketari? Hitz elkartua da: Orri + beltz--> orbel.
    Maiz oharkabean pasatzen zaigu, baina beltz hitza maiz agertzen zaigu hitz elkartuen bigarren elementu bezala ezkutaturik. Adibidez:

    Harri + beltz--> Arbel
    Ur + beltz--> Ubel.
    Goi + beltz--> Goibel.

    ResponderEliminar
  3. Leireren komentarioekin harrituta eta txundituta gelditzen naiz, are gehiago gaztetxo baten hitzak direla ikusten dudanean, segi horrela neska!gure hizkuntzaz gozatzen eta ingurua aberasten.

    ResponderEliminar
  4. Niri bizi-herio muga hori datorkit burura; bizi hiltzeko edo bizi berritzeko, eta, hil bizitzeko. Aldi berean, esan: Izugarria maitte dudala orbelaldia, orbela pilatzen den toki hori.

    ResponderEliminar
  5. Nahiz eta xorro polita eta koloretsua izan, nik, hatzak, ihesi nahiean ikusten ditut.

    ResponderEliminar
  6. Orbelaldia eta orbeltegia oso gustuko ditut, seinale udazkena dantzari dabilela, eta niri dantza egitea asko gustatzen zait.

    ResponderEliminar