2010-11-08

ZUMEZKO HERIOTZA


HITZA: ZUMITZ (hau da, ZUME)

Zumitzezko, zera, esan nahi dut zumezko... Zumezko, zera, nik esaten dut (oraintxe konturatu naiz ) zumitzezko... Bai, garbi neukan zumitz (zumitza, zumitzezko) zela aste honetan aurkeztu nahi nizuen hitza. Baina, kontuak nola diren! Zumitzarekin saskia egiten hasi eta... artisau kaskarra naizela konturatu naiz! Ez omen da zumitza nik zumitz izenez ezagutzen dudana. Zume omen du izen... Matximentara zumezko saskiak nola egiten zituzten ikustera joaten omen ginen umetan, tia Kaxinta zumezko aulkian egoten omen zen eserita... eta ni saskiak eta aulkia zumitzezkoak zirelakoan! Zumea landare-zutza da, Salix familiatik lortzen dena. "Egur finezko hariak", "josi" egiten direnak. Krik egiten dute zumezko aukiek gainean esertzen zarenean. Amaren baserrian beti egon da zumitzezko aulkia (bai, amaren baserrikoa beti izango da zumitzezkoa niretzat), tia Kaxinta hil eta gero bertan ipurdi asko eseri diren arren, niretzat auki hura beti izango da tia Kaxintarena, tia Kaxintaren zumitzezko aulkia.



AFORISMOA: "Gauzak asko aldatzen ez badira, ni ere egunen batean hil egingo naiz." (Karlos Linazasoro)

Bai, Karlos Linazasororen aforismoa da, larunbatean Juan Kruz Igerabidek irratsaioan oparitu ziguna. Ekaitzek Juan Kruzi aforismo bat eskatu zion eta Juan Kruzek bere lagun handiaren aforismoa ekarri zuen gure artera. Bi arrazoiengatik zintzilikatu dut gaur aforismo hau. Batetik, gustatzen zaidalako; eta bestetik, gustatzen zaidalako lagun handien opariak hor nonbait gordeta izatea, noizbait norbaiti zerbait oparitu behar eta opari hori partekatu ahal izateko. Askotan entzuten dugun kontua da; itsusia da egiten dizuten oparia beste norbaiti oparitzea! Bistan da ezetz! Konpartitzea... niri egin daitekeen gauzari kederrena iruditzen zait! Mila esker Juan Kruz; mila esker Karlos!

Eta heriotzari dagokionez... ez bizi ez dakit nork, ez dakit noiz, ez dakit non, ez dakit zer aldatuko duen esperoan. Zain pasatako uneak egutegiak binaka irensten omen ditu.



5 comentarios:

  1. Zumitzezko makila eramateko eskatzen zigun irakasleak, gaizki portatzen zirenei jotzeko; urte asko pasatu dira eta hainbat gauza aldatu dira, hobera egin dute, zorionez.

    ResponderEliminar
  2. Bai, zalantzarik gabe, heriotza hor dago, bizitza dagoen tokian heriotza bide lagun, eta, sarri-sarri, bizitzea ahaztu egiten zaigu.Bizi momentua, bizi bizitza.

    ResponderEliminar
  3. Ni hiltzen naizenean gauzak asko aldatuko dira. Niretzat.

    ResponderEliminar
  4. Eskerrak Jexus, gauzak aldatu diren! "Irribarreekin jotzen" (irribarreekin jolasten... gogoratu larrua jo, larrua jolastu) saiatzen gara orain. Eta noski, irribarre eta guzti, bizi momentua!

    ResponderEliminar