HITZA: MARATILA
"Amonaren etxeko ateak ez zuen giltza beharrik izaten..." behin ausartu nintzen ezagutu ez dudan argazki bati olerki bat idazten. "Amonaren etxeko ateak ez zuen giltza beharrik izaten..." ez dut oso ongi gogoan, baina, halako zerbait idatzi nuen. Konfiantzaz eta konpartitzeaz eta gertutasunaz eta... pentsa, maratila baten inguruan zenbat balore korapilatu daitezkeen.
Aiton-amonen garaian, gurasoenean ere bai, edonork egin ziezaiokeen tira maratilak zintzilik zuen hariari. Hariak lotu baino, askatu egiten zuen kanpotik barrurako pausoa.
Maratila itxiak ezagutu ditugu guk. Mesfidantzaren giltza herdoilak jan omen du; orain nahiko lan izaten du nork bere atea ere zabaltzen.
AFORISMOA:"Amesgaiztoa esnatzeak zigortzen du".
Beti pentsatu izan dut hiru iratxo direla gure pentsamenduaren hariak iluntasunean korapilatzen ibiltzen direnak.
Beti pentsatu izan dut beldurrak begiak zabalarazten dizkigunean iratxoak izoztu egiten direla argitasunarekin.
Beti pentsatu izan dut gure loak milaka iratxo izozturentzako tokia duela.
Beti pensatu izan ditudan kontuak dira; gaur, ordea, zer pentsatua eman dit gauak, eta galdera bati tiraka nabil, oraindik pixka bat lo, honezkero esnatu nahirik; eta ez dakit... ez dakit esnatzeak zigortzen duen amets gaizto hori esnatzeak zintzotzen ote duen. Amesgaiztoak (amets gaiztoak) esnatzeak zintzotzen ditu?
Bai, atea edo leihoa zabaltzeko egurrezko kixketa. Gu, kalekoak izan eta etxean ez genuen horrelakorik ezagutu; aldiz, zerrailaren aldamenean zuloa eta kordela irteten zela , bai.Beste garai batzu ziren, eta, zuk, esan bezala, etxekoa izan gabe, nornahi eta noiznahi sartzen zen edozein momentutan: Rosario, Marijuana, Fermin... Beste garai batzu ziren, eta tamalez,orduko gertutasuna bizilagunen artean, ez zuen zer ikusirik egungo egoerarekin.
ResponderEliminarEta amesgaizto hitzaren ordez lokamuts erabiliko bagenu? Lo kamutsa. Hitz polita, osaera politekoa. Baina lokamutsa eta amesgaiztoa parekotzat har al ditzakegu? Hiztegi batzuek hala dakarte baina... Zer da loa kamusten duena?
ResponderEliminarAngelu kamutsa angelu zuzena baino zabalagoa da. Loa kamustea...loa zabaltzea izan daiteke? Eta loa zabaldu (kamustu) lasaitasunak egiten duela esango nuke. Zure eta nire loak "horratio" ongi kamustuta daude! Amesgaizto askorik gabeko lokamutsa.
ResponderEliminar