2014-06-16

Hi ta ni

Txindokira bidean hi eta ni_2014-6-15
- Ta hi zein haiz?

- Ni?

- Bai, hi! Ñoño irribarre horrekin... ematen din... ematen din... hotzez-minez-beldurrez hagola...

- Hotzez ni? Eguzkia bazatorrek eta pozik nagok...

- Ez hunan minik hartuko?

- Mina? Min-gozo-plazerezkoa izatekotan. Gainotan ezin minik sentitu...

- Ez haiz ba nire beldur izango?

- Ni beldur? Non nabari duk ba?

- Irribarrean, eta belaunetan, gerria ere ez dun oso lasai jarria hanka-zangoen gainean, eta ileak... tentetzen hasiak dauzkan... Ez haiz ba nire beldur izango? Etorri hadi hona eta egin iezadan laztan. Ni hotzez nagon eta!

- Hi polita, irribarrea nirea duk, belaunak eta gerria nik neurera itsatsiak eta ileak... ileak... zer nahi duk ba egitea hezetasun honekin, zer nahi duk ba ile zapookin egitea!

- Bai, bai, baina etorri hadi niregana, hotzez nagon eta!

- Itxaron ezak! Lehenengo argazkia aterako diagu eta gero-gerokoak. Geldi egoten bahaiz laztan egingo diat, lehentxo bezala korrika hasten bahaiz hor konpon! Baina, ez diagu fundamentua egingo argazkilaria mugitzen ez baduk...




2014-06-10

Datorren ikasturtera arte!!




Bi urtetako oroitzapenak
zuenak eta nireak,
urte askotan izango ditut
bihotz barnean gordeak, 
barre txikiak, negar malkoak,
emanaldiko loreak,
infinitura iritsi gara
elkar lotuz bektoreak,
ikasle gisa onak zarete
pertsona gisa hobeak.
Infinitura iritsi gara
elkar lotuz bektoreak,
segi margotzen matematikez
bizitzaren koloreak,
ikasle gisa onak zarete 
pertsona gisa hobeak.