Elederren ahoa |
HAMASEIGARRENA: HOTS-HITZEN HILABETEA. IDENTIFIKAZIOA
Zer den hatza luzatu eta hitzak gerturatu nahi izatea. Zer den ahoa zabaldu eta ahots kordetan gora olatuak zipriztintzea. Zer den ezpainartean mundua harrapatzea. Aita, ama, titz, bat, eta han aitona eta han amona eta han leihoa, laranja, musika (ze ederra den musika ikusi egiten dela sinestea), txakurra, oilarra, liburua, ogia. Eta han zoriona; hor, ispiluaren bestaldean. Zure aurpegia du, txiki.
Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:
Identifikatzeko
aba eta abo,
hamasei hilabete
ditugu igaro,
ahoa belarri ta
belarria aho,
elkar ulertzen dugu
gero ta gehiago,
hotsa hitza hartzeko
desiratzen dago.