2016-11-30

Elederrek amari

Eleder, osaba eta ama_aita argazkia ateratzen_2016-11-26

Bejondeizula Itxaro; zorionak, Ttiklik eta Irrien Lagunei egiten duzuen lanagatik. Eskerrik asko barne korapilo-emozio-sentimenduak askatu eta aurrez aurre dugun pertsona horri esatera animatzeagatik. 

Eta eskerrik asko hiri, ttiki, barruan idatzitakoak kanpoan egunero irakurtzeagatik! Eskerrik asko ni hire liburu bihurtzeagatik!




Gutuna irakurgai:

http://www.ttiklik.com/eu/blog/2016/11/27/iv-gurasoei-gutuna-idazlan-lehiaketa-helduen-kategorian-irabazlea/

http://goierri.hitza.eus/2016/11/26/irati-goikoetxeak-irabazi-du-ttikliken-gurasoen-gutuna-idazlan-labur-lehiaketa/

http://www.gitb.eus/azken-berriak/9063-irati-goikoetxeak-irabazi-du-iv-gurasoei-gutuna-idazlan-lehiaketa

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2016/11/30/vecinos/goierri/ttiklik-idazlan-lehiaketa

2016-11-28

Hilabete bat

Elederren hatz ttikia

BAT. BEGIEN HILABETEA.

Itsasoa uholdeka zabaldu zaizu begietan. Erreka hari zinen orain gutxi eta egunen joanean igerian harrapatu gaituzu zugan. Orain, jakin-mina bustitzen ikasten ari zaren honetan, itota gabiltza gu. Zure begi irekiei begira hilezkortzen zaigu arnasa. Denbora eternoa da zure begien jolasean. 


Zorionak, pottolo! Osabak bertso bikaina oparitu dizu:


Malkoz zabaldu genizunetik
bizitzarako atea,
dena izan da puzkarrak bota,
amets egin ta jatea
zure loari poza dario,
arnas-hotsari bakea...
Eleder maite hilgoran egin
duzu lehen hilabetea,
ilargiaren semea zara
borobila ta betea. 


2016-11-25

ISPILUA ZURETZAT


Batzuetan begiak itxita jartzen naiz ispiluaren aurrean.
Batzuetan ipuinak asmatzen dizkiot nire pentsamenduari.
Batzuetan nitaz erotzen naiz.
Eta orduan akabo,
hiru zentimetro gutxiago neurtzera iristen da nire itzala
eta nire izaera nanotu egiten da.

Ispiluaren aurrean jartzen naizenetan
begiak itxiko ez banitu,
desagertu egin naizela ikusiko nuke.
Eta orduan akabo.

Nire begiek ez dute ubeldura arrastorik,
nire hortz-arteak ez du odol arrastorik,
nire saihetsak osorik daude,
hankak ibilian dabiltza,
baina nire beldurra dardarka bizi da
iraintzen nauzun aldiro,
gutxietsi eta mehatxatzen nauzun aldiro.

Ispilu bat oparituko nizuke gustura
ikusten ez diren irain eta mehatxuen
oihartzun bihur dakizun.

Ispilu bat oparituko dizut.
Nire egin zenuen ispilua zuretzat.

Nik ez baitut desagerrarazten nauen ispilurik nahi. 

2016-11-09

Zer sentitzen da?

Eleder sei egunekin
Eta zer sentitzen da? Sentitzen da zirrara, edo zoriona edo negarraren aurpegirik ederrena bular artean estutzeko gogoa edo barre algaren leherketarik baketsuena, edo haize epela bihotzaren ur jauzietan edo sabela igerian-igerian, edo lautada infinitu bat korrika-korrika begien zurian. 

Gorputza garrasi entzungorren artean erdi bi egin eta burua laugarren dimentsioan nora gabetzean, ugaztun jaio gintuztela sinestean, haurrak jaio eta ordu erdia baino lehen mama gozoa zupatzean, elkarren larruak bi orduko besarkada luzean urtzean, nire bularrak zure egitean, keinu txiki bakoitza taupada saltariei oparitzean, denbora desagertu egin dela konturatzean...

... sentitzen da zirrara, eta zoriona eta negarraren aurpegirik ederrena bular artean estutzeko gogoa eta barre algaren leherketarik baketsuena, eta haize epela bihotzaren ur jauzietan eta sabela igerian-igerian, eta lautada infinitu bat korrika-korrika begien zurian. 

Sentitzen da horrek guztiak nahas-mahasean sortzen duen, sortzen duen, sortzen duen zera hori. Zera hori sentitu dugu Eleder sortu, munduratu eta segundo bakoitza magiko bihurtzen digunetik.

Bizitza arnas hartze bat zela sinetsita nengoen. 
Birikak zutaz erditu zaizkidanetik
bizitza arnas hustutze bat dela konturatu naiz. 


Eskerrik asko Ekaitz larunbateko irratsaioa Elederri eta erditze uneari eskaintzeagatik. Oso gustura aritu nintzen zurekin hizketan, osaba!