2017-12-28

HAMALAUGARREN HILABETEA

Eleder eta biok. 



HAMALAUGARRENA. HARRIAK HARRITZEN GAITU

Harrien azpian begiratu beharrik ez dago ikusten ez dena nolakoa den ezagutu nahi izateko. Jakin-minaren sekretuak ezkutuan egiten dizu atximur, agerian dagoena lotsatu egiten duzu eta zure jolasak poltsikoak betetzen dizkigu. Mundua zulo bihurtzen du zure irribarreak eta mundua zugan betetzen da. Muxu erraldoi bat da harriduraren irrika.

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Gaur hamalaugarrena
erdi inuxente,
heldu arren guk poza
dugu ospatzeke,
noiznahi zuei begira
harritu naiteke,
mundua eta biok
hustu eta bete,
elkar deskubritzera
jolasten zarete. 



2017-12-27

ZORIONAK, AMAMAMA!

Eleder eta Irati jolasean; zertan bestela!
- Zorionak, ama!
- Eskerrik asko, txiki!
- Urte askotarako, ama!
- Eskerrik asko, txiki!
- Zenbat urtetarako, ama?
- Ni zurekin biziko naiz.
- Zu jaio zinenean non nengoen ni?
- Nirekin batera jaio zinen zu ere.
- Hori ezinezkoa da.
- Nondik begiratzen zaion!
- Zure betaurrekoak bereziak dira?
- Nahi dituzu?
- Zorabiatu egingo naiz.
- Bizitzan tarteka zorabiatzen jakin behar da.
- Ni zurekin batera jaio nintzela sinesteko?
- Eta denbora ulertzeko.
- Ama, zer da denbora? Goiz bat zurekin edo goiz bat zu gabe?
- Denbora da elkarrizketa hauxe.
- Zu ez zaudenean ere hitz egiten dut zurekin.
- Horixe esan nahi nizun.
- Ez didazu hori esan.
- Halako zerbait.
- Ama, titi pixka bat gehiago?
- Hartu lasai!
- Zorionak, ama! Topa zure alde!
- Zu ere jaio zinen.
- Sorgin hutsa zara, ama!
- Betaurrekoduna.
- Utziko dizkidazu?
- Zorabiatu egingo zara.
- Eta zer?


2017-12-22

Loteriaren zigor beltza

Aba Taano boskotea, Ekaitz eta Irati_2017-12-10

Euskalerria irratirako hiruhileko honetan idatzi ditudan hiru gogoetak jartzen dizkizuet eskura, urriaren 10ekoa, azaroaren 7koa eta abenduaren 12koa. Irakurgai eta entzungai. 

QUÉ OS HEMOS HECHO LOS NEGROS? _ 2017-12-12
 
Begietara begira. Derrick-ek 440 pertsonari. Derricken bi begiek 880 begiri. Ordu eta erdian horixe izan zen isilune bakarra. Segundo erdiko zuloa. Segundo erdiko ezinegona. 440 pertsonari Derrickek begietara begira galdetu zigunean: ¿qué os hemos hecho los negros? Baluarteko oholtza gainetik. Eta gu azpian. Isilik. Zuriak azpian. Eta Derrick gazte beltza zurioi galdezka: ¿Qué os hemos hecho los negros? Begietara begira. Irmo. Tente. Lasai. Zain. Norbaitek erantzungo zain. ¿Qué os hemos hecho los negros? Segundo erdiko zuloa. Segundo erdiko ezinegona.  ¿Qué os hemos hecho los negros? Eta gu isilik. Koldarrak gu.

Aba Taano boskote ugandarrak Baluarten eskainitako kontzertuan izan nintzen  igandean. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatutako kontzertuan. Zortedun sentitzen naiz, antolaketa lanetan aritzeko aukera izan dudalako, eta boskotea eta proiektuak atzean duena eskenatokian eta eskenatokitik kanpo ezagutzeko aukera izan dudalako.

Ikaragarria da ordu eta erdian nola hustu zituzten ahots eta gorputzak. Ikaragarria da hustu ziren neurri berean nola bete gintuzten gu. Bitxia da. Beste behin, beltzak hustu, zuriak bete. Kontua ez da hain sinplea, ordea. Zerbait berezia gertatu baitzen igandean. Boskoteak berak saioaren bukaeran niri esana. Eta poz horrekin itzuli nintzen etxera. Eta segundo erdiko isiltasunak bere baitan duen pisuarekin ere bai. ¿Qué os hemos hecho los negros? Dena ez baita kantu, dantza, irrintzi eta festa. Dena ez baita igande eta jai. Astelehena horretarako asmatu baitzuten, zintzilik utzitako galderen erantzun bila lanean aritzeko.

Sekulako esperientzia izan zen igandekoa. Eskerrik asko Harriet, Louis, Patrick, Morris eta Derrick. Erantzun bat zor dizuet. Webalè. 

Entzungai: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1513093557244-que-os-hemos-hecho-los-negros

Harriet eta biok_2017-12-10

ZORIONTASUN HIPOTETIKOA_ 2017-11-7

Loteria tokatuko balitzait etxe handiagoa edo kotxe hobea erosiko nuke, edo munduari buelta emango nioke, edo zoriontsuagoa izango nintzateke. Baldintza azaltzeko irakasleak erabiltzen duen gaietako bat da loteriarena. Ea Ana… “Loteria tokatuko balitzaizu…” eta Anak begiak irten beharrean etorkizuna miazkatzen du esaldia nola bukatu asmatu nahian. Edo, ea Pello… “Santiri loteria tokatuko balitzaio…” eta Pello amorratu egiten da zoriak zergatik ez duen laguna beharrean bera aberasten irakasleari galdezka.

Okindegietan, jatetxeetan, ikastetxeetan eta lantokietan dagoeneko eskuragai daude abenduaren 22ko loteria sarirako papertxoak. Nafarroa zorteko dago, gainera, Sorteko urrezko sorginak hemen egin baitu alto aurten. Ni txundituta uzten nau loteriak inguruan sortzen duen gogo-nahi-miresmen-irrika-urduritasun eta diru mugimenduak. Inoiz ez dut loteriarik erosi; grazia-amorrua-tristura eragiten dit eta ingurukoei tokatuko balitzaie? tarteka-tarteka egiten didaten galderak. Ez da hain zaila esaldia osatzea… Ingurukoei loteria tokatuko balitzaie, eurek euren zoriontasuna loteriaren haize boladen arabera dantzatu nahi izan dutelako, ni izugarri poztuko nintzateke.

Egunotan sare sozialetan, Kataluniako afera tarteko, Espainiako loteriarik ez duela erosiko irakurri diot bakarren bati. Bitxia iruditzen zait erabaki hori politika jarrerek baldintzatuta hartzea. Nik beti lotu izan dut loteria eredu kapitalista eta ohitura kontsumistekin, eta horrek Kataluniarekin eta Espainiarekin eta gure inguru eder honekin ez duela zerikusirik uste izan dut. Edo badu?  Izan ere, ez dut ongi ulertzen… Espainia Kataluniarekin gaizki ari dela iritzita loteria nazionala erosteari utziko dionak Euskal loteria erosiko luke?

Balitzaizu, balitzaio, nuke, luke, lioke, litzateke… handiagoa, hobea, azkarragoa, ederragoa, altuagoa… koherentzia ezak eraginda zoriontasuna nola baldintzatu eta hipotekatzen dugun ikusita tristetu egiten naiz. Baldintza irakatsi eta ikasteko adibide berriak erabiltzen hasi beharko ginatekeela uste dut, zoriontasuna ez dadin beti hipotetikoa izan. 


BIZITZA ZIGORTZEA_2017-10-10

Hamar, hamar. Tokatu zait. Urriak hamar. Hemendik hamalau urtera arratsaldeko bostak eta hogeian Euskalerria irratiko uhinetan irrintzia bota behar duenak akaso Kataluniaz hitz egingo du. Kontatuko du orain dela hamalau urte Kataluniako bla, bla, bla… Hamar, hamar. Tokatu zait. Urriak hamar. Hemendik hamalau urtera irrintzilariak atzera egingo duen bezala, nik ere atzera egin behar ditut hamalau urte. 2003an aldarrikatu zen Heriotza Zigorraren aurkako mundu mailako lehenengo eguna, urriaren hamarrean.  Aurtengoa, hamabosgarrena txirotasunaren gaiari lotuta iritsi da.  Bai, tamalez, halako egunak iritsi egiten dira. Urte osoko zurrunbilo zalapartatsuak irentsi eta dagozkien egunean txilipurdika nonbaitetik behera eroriko balira bezala. Datuak zirraragarriak dira; 2016an gutxienez 1032 pertsona exekutatu zituzten hogeita hiru herrialdetan; gutxienez diot Txinan ustez egiten diren milaka exekuzioak ez baitira ezagutzera ematen. Exekuzio gehienak Txina, Iran, Arabia Saudi, Irak eta Pakistanen egin ziren. Urrutiko kontuak pentsatzen dugu askotan; zer egingo dut nik nire arnasgune ttiki honetatik? Pablo Ibarren izena entzuten dugunean itotzen zaigu pixka bat gure arnasgune ttiki hori, baina, gainerakoan… munduaren beste arazo bat gehiago da heriotza zigorrarena eta mundu zabal handi erraldoi horretan gu txiki ñimiño eta ezdeus garenez, urrutikoak garenez, oso urrutikoak, nahikoa izaten dugu lo minutuak lapurtzen dizkiguten gure-gure-gure, barkatu nire-nire-nire arazoekin. Kontua da heriotza zigorraren aurkako mundu mailako aurtengo eguna txirotasunaren gaiari lotua dagoela. Mundutar txiroak, pobreak, baliabide urriak dituenak heriotza zigorrera kondenatua izateko aukera gehiago ditu. Beraz, eta mundu mailako ezberdintasunak bizilagunarengandik hasten direnez, ai amigo… eta amiga, kontua da arazoa gurea, barkatu,  nirea ere badela. Izan ere, gure bizi baldintza oparoen kontura zenbati zigortzen diogu bizitza?  


2017-12-05

ELURRA IKASTEN

Eleder eta Irati leihotik begira_2017-12-1

- Nondik?
- Goitik.
- Nondik goitik?
- Zerutik edo.
- Zerutik?
- Zerua baino goragotik.
- Zer dago zerua baino gorago?
- Lurra berriro.
- Mendiak?
- Eta ardiak.
- Ardien ilea da?
- Hala esaten dute.
- Nork botatzen du?
- Erori egiten da.
- Gainezka egiten du?
- Hori da. Udan ardiei moztutakoa da… gehiegi pilatzen denean, erori egiten da.
- Teilatu gaineetara?
- Teilatuetako hotza epeltzen du artileak.
- Eta…
- Bai. Teilatuetatik etxe barruetara pasatzen da barruak epeltzera.
- Horregatik hartzen dute berriro teilatuek gorri kolorea...
- Hori da.
- Eta ardiak eroriko balira?
- Guk leihoak zabalduko genizkieke…
- Ardi beltzei ere bai?
- Ardi beltzei batez ere...
- Elur beltza egingo luke orduan?
- Elur beltza egingo luke orduan...

Eleder elurra ikasten_2017-12-2


2017-11-30

HAMAHIRUGARREN HILABETEA

Eleder eta Irati udazkenarekin jolasten
HAMAHIRU. ZUTITZEN ZUTITZEN... 

Behatz punten gainean gerriak salto egiten duenean, badirudi mundua bera altxatzen duzula buruan gora. Belaunetan jositako orkatilekin ez pentsa erraza denik alehop! besoak eskuen gainetik luzatzea eta zu ari zara jolas eta dantza gorputza nahieran tentetzen. Askatasunaren irudia da zure itzala.

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Oinpean ezkutatu
ondoren beldurrak,
ausart egin dituzu
ahalegin apurrak
eskuz lagundutako
bidaia laburrak
laztandu nahi dituzu 
zeruko gailurrak
baina oraindik asko
maite zaitu lurrak.

2017-11-21

Itaka_Gurasoei gutuna_2017-11-11

Liburuaren azala


Barruko kobazuloak argitan itzaltzea, barruko labirintoetan hanka puntetan ibiltzea, barruko sareetako zuloak oihartzun isolatuez betetzea edo barruko ur parrastadetan suzko bolak marraztea. Emozioen bila aritzea ezer aurkituko ez duzun beldurrik ez izatea da. 

Behin esan nahi eta esan ez nizkizun haiek, behin esan eta ondo azaldu ez nizun hura, behin esan gabe utzi eta nola esan asmatu ezin dudan hori, behin esan behar nizula konturatu ez eta orain zentzurik ez duen hau... 

Lau edizio osatu ditu "Gurasoei gutuna" ekimen lehiaketak eta aurten bosgarren edizioko sari banaketa egingo den egunean orain arteko zenbait gutunen bilduma-gune bihurtu den liburu ederra aurkeztuko da. Itxaro Mendizabal da proiektuaren buru eta gidari; liburuaren jatorria, prozesua eta nondik norakoak kontatu zizkigun azaroaren 11n Itaka saioan. Lau edizioetan sarituak izan diren eta izan ez diren gutunak biltzen ditu liburuak, irakurketa soila eskaintzeaz harago, emozio eta gai ezberdinen lanketa egiteko proposamen bikaina da Josu Maroto marrazkilariaren irudiak ere biltzen dituen liburu hau. Liburuan jasota dauden gutunak audio modura entzuteko aukera ere izango da. Zorionak proiektu eder honen jiran emozioa azaleratzen asmatu duten guztiei!

Liburuaren aurkezpenak: 
Azaroaren 25ean 11:30ean Beasaingo Igartza Jauregian
Abenduaren 6an 15:00etan Durangoko Azokan


2017-10-30

URTE ASKOTARAKO, ELEDER!

 
Eleder eta Irati abuztu hasieran; majo hazi zaizkizu melenak ordutik, txiki!
Kaixo, maitte; urte askotarako, bihotza!

Hauxe bururatu zait, txiki, eta badakizu, amatxok bururatutakoa gauzatu arteko onik ez du izaten! Hauxe urtero urtebetetze egunean egingo dizudan oparia: urteko bion kontu txikiak bilduko dituen eskutitza. Neure buruari erosiko diot eta bihotz mintzetan bildua oparituko dizut. Elederren eta Iratiren liburutegian gordeko dugu eta hala momentua gozarazteko goxoki izateaz gain, oroitzapenen altxor gune ere bihurtuko da eskutitzen bilduma. 

Urtebete, Eleder! Nondik ote dator eta nora ote doa denbora? Handitzen zarenean galdetuko dizut. Handitzen zarenean... dagoeneko handitu zara eta! Gogoratzen zara beso arteko zirrikituetan ezkutatzen zineneko garaiaz, irribarre izatera ere iristen ez ziren eguzki haiek ezpainartetik erortzen zitzaizkizun garaiaz, muxurik eman gabe maitasuna jolasten zenidan garaiaz?Eleder, gogoratzen al zara, txiki, amaren besoartera munduratu zinen momentuaz? Hori belarrira kontatzeko ipuina da. Ez sinestekoa! Handitzen zarenean kontatuko dizut. Ea zuizango zara nire fedea, eta nire ipuina, eta esango dizut: zu sinesten zaitut! Zu sinesten zaitut! 

Ederra izan da urtea, maitia, oso ederra! Zenbat pauso joaneko, zenbat haize lapurtze, zenbat aldaketa saltarin, zenbat zu eta zu eta zu. Zenbat emozio. Eta zenbat ni eta ni eta ni zugan. Titiarena mundiala da! Zenbat gozatzen duzun eta zenbat gozarazten didazun. Lotsati-lotsati heltzen zenion lehenengo orduetan eta basati-basati heltzen diozu orain. Titi-buru bat ahoan, bestea hatz artean... eszena erotikoagorik! 

Izugarri gustatzen zait goizero zuri poema bat irakurtzea, zure azal leuna olioz laztantzea, zure oin txikiak nire izterren gainean sentitzea, izarape berean izarrak zenbatzea, barre eginarazi nahi didazula ulertzea, zoriontsu egiten zaitudala somatzea. Izugarri gustatzen zait zure ama izatea. 

Hamar hilabetez hogeita lau orduz bizitza irentsi diogu elkarri. Eta hamaikagarrenean abalndonatu egin zintudala sentitu nuen. Ai! Haur Eskolan zure ondoan pasa nituen lehenengo hamar minutuetan egin nituen barne negarrak! Abandonurik ez dagoela ulertu dut orain hamabigarrenean, ikasten ari naiz, ulertzen ari naiz, onartzen ari naiz ez zarela nirea. Hori bai, ez nuke nahi inorena izatea, zu zurea izan zaitezen nahi dut. Zu zurea. Eta besteentzat. 

Zutitzen ari zara poliki-poliki. Baina, lasai, pott, hemen goikoak hor behean du eta oinarria. Ez izan presarik, haurraren neurria erraldoia da eta!

Asko maite zaitut; asko baino gehiago!

 Amatxo




Osaba Ekaitzek ere bertso bikaina oparitu dizu: 

Mila zorion Eleder maite,
begira nola gauzkazun!
Zure ondoan guztia da poz,
izpi eta alaitasun. 
Guk zer moduz pott galdetzen dugu,
zuk apapapa erantzun,
dantzak buruan irudi dira
hotsak gogoan oihartzun,
gugandik beti jasoko duzu 
bihotza bete maitasun,
denbora eta espazioa
betetzen jarrai dezazun. 

2017-10-11

Itaka_Koldo Zubeldia_2017-10-7

Koldo Zubeldia



Hogeita bost aldiz eseri da Koldo Zubeldia Segura Irratiko mikrofonoen aurrean. Urriaren 7an zilarrezko bihurtu zen gure harremana. Hogeita hamar poema errezitatu eta Gabriel Korta lagun handiaren hitzaurrea irakurri zigun. Zaldibiko festak, HarriarenTasunak argia ikustera doan liburua, Erroma, ile mozketak, zoriontasuna, Athletic eta beste kontu asko izan genituen hizpide. Beste behin plazera, Koldo, zurekin irratiko tarteaz gozatzea! Eskerrik asko!



2017-10-03

HAMAIKA HILABETE

Atzoko bata (hamarrekoa)

Orain dela hamaika hilabateko bata (batekoa)

HAMAIKA. SUGEAREN HILABETEA.

Bazen behin neskatila bat erreka ertz batean tupustean aurkitutako (intentzio-nahirik gabe bilatutakoak aurkitu egiten dira?) suge baten sigi-saga mugimenduan eztarriko garrasia kateatu zitzaiona. Gaur sigi-saga mugimendu haren itzal eta eguzki semea bihurtu zaio. Etxeko hauts arrasto guztien doministuak biltzen dituzu sabelean eta zure atzetik, ipurdia dinbili-danbala, korrika txikian saiatzen naiz zure parera iristen. Beti irabazten didazu. Beti irabazten didazu bihotza. Eta bidea.


Zorionak, pottolo, osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:  

Ileak nahasian
eta irrifartsu,
gorputza narrastien 
gisan daramazu,
orain pilota bota
ta orain deskantsu,
hamaika hilabete 
beteak dauzkazu,
hamaika ikusteko
jaioa zara zu.    

 

2017-09-29

HAMAR HILABETE

Elederren hamar hatzak

Orain dela hilabete ezin eta... gaur oparia zuretzat!

HAMAR. BIHURRIKERIEN HILABETEA.

Bihurrikeriak begiradan saretzen dituen irribarrea baino keinu gozoagorik ez dago. Amatxok egiten dizkizun jolasen ispilu bihurtu zara, akelarre sorgindu bateko partaide bihurri. Begiak eskuen aurrean ezkutatzen saiatzen zara, zure eskuen atzetik amak ezustean harrapatuko zaituela jakitun. Bion barreek topo egiten duten tokian segundo luzeetan bizitzea zoragarria da. 

Zorionak, pottolo, osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:  

Hamar hilabeteko
ipuin-alegiak,
maite ditu otsoak
eta azeriak,
zure bilakaerak
ondo ageriak,
nahiz ezpainak zabaldu
ta itxi begiak,
zintzoak dira zure
bihurrikeriak.

2017-09-14

Itaka_Ekaitz Goikoetxea-Basarri_2017-9-9

Ekaitz Goikoetxea
Beti da plazera arrebak anaiari elkarrizketa egitea. Beti da plazera zure hitz joskeretan zorabiatu eta ia oreka galdu beharrean hurrengo galderaren eztena prestatzea. Beti da plazera zurekin eta zugandik (eta zugatik) ikastea eta ikustea iturriak nekez uzten diola  jarioari. Beti da plazera destinoaren eten puntuei lapurtutako bi horietatik bat behintzat oparitu nahi didazula sentitzea. Beti da plazera anaiaren arreba izatea. 

XXXIII.Basarri Bertsopaper Sariketako bi sariak irabazi ditu Ekaitz Goikoetxeak berriki. Hirugarren urtez jarraian epaimahaiaren iritziz bere bertso sortak izan dira onenak. "Azken puntua" eta "Zer egin dizu bizitzak?" lanak eta beste kontu batzuk izan genituen mintzagai pasa den larunbatean Itaka saioan. Zorionak, Ekaitz eta bejondeizula egiten ari zaren lanagatik!



2017-08-31

Itaka_Koldo Zubeldia_2017-7-1

Koldo Zubeldia Segura Irratian




Beti da gozoa, beti da goxoa Koldoren poemen ederra  belarri ondoan kilimaka sentitzea. Beti da gozoa, beti da goxoa begietara begiratu eta mikrofonoari hozkaka elkar biluztea. Beti da gozoa, beti da goxoa ahots zartatu horren arrakaletan saltoka ibiltzea. Eskerrik asko, Koldo, irratira egiten dizkiguzun bisita eder horiengatik!

2017-08-03

ITSASOA IKASTEN

Eleder eta Irati itsasoa ikasten Cobrecesen_2017-8-1

- Eta han?
- Han ere itsasoa.
- Noraino?
- Marraraino.
- Arkatzez egina?
- Punta finez.
- Eta gero?
- Gero ur jauzia.
- Ura erori egiten da?
- Zilipurdika. 
- Eta nor dago han?
- Itsasoa.
- Joango gara?
- Badakizu igerian?
- Lagunduko didazu?
- Zuk zer uste duzu?
- Eta ur jauzian?
- Ur jauzian salto.
- Arkatza hartuko dut?
- Punta finekoa.
- Bagoaz, ama?
- Goazen, pott!



2017-08-01

ITAKA_Alaitz Estonba eta Amaia Telleria_2017-7-8


Alaitz Estonba irratian_2017-7-8

Ilusioa. Gogoa. Jakin-mina. Konpromisoa. Distira. Arrastoa. 

Ilusioz heldu dio Alaitz Estonbak etapa berriari. 

Irakurtzeko eta idazteko gogoa du. Besteek irakurri eta idatzi dutena ezagutu eta eta bereak irakurgai  bihurtzeko gogoa.

Literatura ikasketek piztu diote jakin-mina. Bigarren Batxilergoa emaitza bikainekin bukatu ondoren, dagoeneko maleta prestatzen hasia da...

Bere buruarekin hartu duen konpromisoak bete dio maleta. Ez da zama; pisua da. Bizitzan pisuzko konpromisoak hartu behar baitira; batez ere nork bere buruarekin. 

Han goian eguzkia irribarrez ari zaio Alaitzi distira betean. Alaitz ez da ohartu, ilargia idazten ari da bere koadernoan... 

Arrastoa utzi nahi duela idatzi dio ilargiari eta ea jarraituko dion doan tokira... Alaitzek ez daki (oraindik) doan toki  horretan ilargi berriak aurkituko dituela...


Uztailaren 8an irratian izan genuen gurekin solasean. Ilusioaz, gogoaz, jakin-minaz, konpromisoaz, distiraz eta arrastoaz aritu zitzaigun besteak beste, bere gaztean heldutasunez. Urruzuno sariaz eta Zuzeu atariak saritutako artikuluaz. Jolaserako tartea ere hartu genuen. Mahai azpian idatzitakoak hor geldituko dira...

Saioaren bigarren zatian Bergarako Idazle Eskolatik bueltan dabilen Amaia Telleriarekin hizketan aritzeko aukera ere izan genuen. Gordexolako sariketa eta Bergarako Koldo Eleizalde lehiaketa izan genituen mintzagai. Zorionak bioi lortutako sari guztiengatik!


Alaitz Iratik agindutakoak egiten
Ederra izaten da saioaren amaieran Itakakideok elkarri ematen diogun besarkada... Eskerrik asko, Alaitz! Eta... bide on!


Alaitz eta Irati solasaldiaren ondoren_2017-7-8



2017-07-28

BEDERATZI HILABETE

Elederren eskutxoak siestatik jaiki berritan_2017-7-28

BEDERATZI. LEHEN HAURDUNALDIA SABELETIK KANPO. 

Barruak iraultzen direnean, kanpoak irrintzi egiten du. Orain dela bederatzi hilabete amatxo garrasika aritu zen ahots-hari beretik aritu zara gaur oihu eta intziri pozez gainezka. Handitzen ari zara, txiki! Eta nola gainera! Sabela puztu egiten zait behin eta berriro, besarkatuta, nire altzoan lokartzen zaren aldiro. Une bakoitza altxor bihurtzen duzu; pirata ederra egina zaude dagoeneko! Eskerrik asko gure baitako lurraldeak aberasteko nahi gabe (edo nahita?) egiten duzun guztiagatik. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Galtza motzak jantzita
guapo-guapo,
orain itzulipurdi
eta orain salto,
amatxoren titia
jaten dezu bapo,
zorionak maittea
bete dezulako,
lehen haurdunaldia
sabeletik kanpo.




2017-06-28

ZORTZI HILABETE

Amatxok nahi duen hura ez egiten ikasi du (hala behar du!) Elederrek eta irudimena erabili behar!

ZORTZI. ARI NAIZ ESERTZEN...ESERIALDIAREN HILABETEA.

Bularraldea zutitzen ikasi duzu eta bihotzak zintzilik egiten dizu jolas eztarrian gora egin nahian. Ai, polita! Dagoeneko hasi zaizu ipurdia zapaltzen eta zabaltzen. Ari zara ari munduaren horizontaltasuna ikuspegi bertikaletik ezagutzen; baina, ez ahaztu han goitik itsasoari bakarrik begiratu behar zaiola!  

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Ai, Eleder, ai gure
Domingo Kanpaina!
Zortzi hilabeteko
zara alajaina!
Pixkanaka askatzen 
ari da mingaina,
gorputzak ere hartu 
du bere tamaina;
zutitzeko lain indar
ez daukazu baina,
bai eserita jolas
egiteko aina. 

2017-06-19

ESKERRIK ASKO, JOAN MARI!


Gotzon Aranbururen argazkia
Omenaldiaren bukaeran Joan Marirengana hurbildu eta halaxe esan zigun “sarri adjektibo puztuak erabiltzen ditugu zerbait definitzeko, ez dut halakorik erabiliko. Gaurkoa bi hitzetan oso duina izan da; oso-oso duina”.

Atzo mezu bat idatzi eta zenbait hitz ederren artean eskaera bat egin zidan Joan Marik: “Irati, eman eskerrak nire partez hire blogean parte hartu zuten guztiei”.

ESKERRIK ASKO Nahia, Itziar, Karolina, Martin, Xabier, Jasone, Tere, Juan Kruz, Joxe, Ekaitz, Patxi, Iñaki, Gabino, Jon, Ixone, Izar, Pello, Mikel, Xanti, Arantxa, Alberto, Diego, Eleder eta Iratiri.

ESKERRIK ASKO Beasaingo eta Goierriko Irakurle Taldeei, Beasaingo Udalari eta Beasaingo Futbol Taldeari.

ESKERRIK ASKO Joxeri azken hiru hilabeteotan Beasain literaturaz udaberritzen buru-belarri aritzeagatik.

ESKERRIK ASKO Manuel eta Irigoien familia osoari.

ESKERRIK ASKO Goierriko Irakurle Taldeen I.Topaketan elkartu ginen guztioi.

ESKERRIK ASKO azken hilabetean “Consummatum est” liburua esku artean hartu duzuen ehun irakurleoi.

Horiek denak Joan Marik eskertzen ditu; eta horiek denak nik eskertzen ditut. Bidea luzea izan da eta oso ederra. Oso duina. Oso-oso duina.

Irati, Eleder, Joan Mari eta Ekaitz
Ekaitzek kantatu zizkion lau bertso ederrak jartzen dizkizuet irakurgai:

Matxinadak matxinada,
hamarkadaz hamarkada
findu duzu begirada;
sendagai dugu zure joskera,
sendagai zure euskara…
Norbait biziminez bada,
zurekin pasatzen gara
hutsetik esperantzara.


Pistolei epistolaz su,
arma, tiro, bam indartsu
egin diezu mehatxu…
Udazkenaren balkoitik zure
Printzei begira gauzkazu;
Zirigoien, distiratsu,
odolean daramazu,
jainko txiki bat zara zu.


Non dabiltza Orbetarrak?
Gure adiskide zaharrak?
Poliedroaren marrak?
Zure lumak zer oparituko
zain gaude goierritarrak;
badituzula oharrak
ta idazteko indarrak
promes egin dit oilarrak.


Letra txikien zintzela,
poesia ta nobela…
Hain duzu itzal itzela!
Badakigunez Babiloniaz
harago lur bat badela,
gozatuz zure epela
bizi nahi dugu horrela,
ipuin batean bezela.


Eta... omenaldian esan nian bezala, hiretzako nire oparia, Joan Mari, etorkizuneko hire irakurleen irudi bihurtu den argazkia. 


Eleder Consummatum est irakurtzen

Ekitaldiaren bi bideo ikusgai (eskerrik asko, Gotzon! Eta Goierriko Hitza):