2014-11-28

ITAKA_Josu Martinez_2014-11-8




Milimetroka-milimetroka egiten dira zuloak, azkaka-azkaka zulatzen iluntasunak. Mozorropean ezkutatzen diren begiradek saltoka egiten dute urrutira bidea eta isil-isilik izara arteko mamue irudimena marrazten dute harrizko mapetan. Tuneletan ez da oihartzunik sartzen, lanbrotutako giroan uretan itotzen da beldurra eta pauzoak ausardiak fosilizatzen ditu. Entzun. Entzun korapiloak bafleetan. Entzun melodia iheskorrak, ziztu bizian denboraren kontzientzia izozten dutenak. Ihes hanka puntetan egiten da, baina, isildu beharrik gabe. 





Azaroaren 8an aritu ginen Josurekin solasean argitaratu duen "Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak" liburuaz. 


2014-11-25

NIRE DISTANTZIA




Zure begiek ez didate begiratzen uzten,
zure ahotsak ezpainartea zulatzen dit,
eta belarriak,
belarriak zure eskuek gortu dizkidate,
belarriak zure eskuek gortu zizkidaten,
eta bizitza entzun ezinda nabil aspaldian.
Zure itzala itsatsi zenidan bizkarraldean,
eta ordutik
pausoak kateatu egiten zaizkit zure hankapean.
Zangotrabaka egiten dut aurrera,
bultzaka-bultzaka,
maite nauzula esaten didazun aldiro.
Zure
(txotxongilo?)
zure bihurtu nauzu,
eta isiltasun hauskor batek irentsita bizi naiz,

zure bakardadean.



Aurpegia hitz , maitemina hits
betileak lo, hatz ziztadak su.

Aurpegia hits, maitemina su,
betileak hitz, hatz ziztadak lo.

Betileak su, aurpegia lo,
hatz ziztadak hitz, maitemina hits.




Zure
(txotxongilo?)
zure bihurtu nauzu,
eta isiltasun hauskor batek irentsita bizi naiz,
zure bakardadean.

Baina, ez,
zu hor zauden distantzia berean egon nahi dut nik hemen. 


2014-11-19

ESKERRIK ASKO!

Inazio Mujika Iraolarekin Donostiako Udal Liburutegian_2014-11-18

Atzo ondoan izan zintuztedan guztioi eskerrik asko! Atzokoaren zoroaldikide izan zintuztedalako mila esker!





Aurkezpen osoa hementxe ikusgai eta entzungai: http://www.erein.eus/



2014-11-14

ZORIONAK, IRATI!


- Eskerrik asko, Irati´!
- Gogoratzen al haiz 18 urterekin Beasaingo aldizkari batean argitaratutako elkarrizketan zer zioen titulurrak? Nire ametsa egunen batean liburu bat argitaratzea da. Hire hitzak hitunan. 
- Bai, gogoratzen naun. Eta orain aurrean zaukanat liburua. 
- Aizan, eta... zer dun Andraizearen kontu hori?
- Zorakeria eder bat. Badakin, haizeak nondik jotzen duen hara joaten zaidan burua.
- Bai, bazakinat. Orain arte joandako burua bueltan ekartzea lortu dun eta, gaitzerdi! Baina, zer idatzi dun, eromenaz?
- Ez, ez.
- Emakumetasunaz?
- Ez, ez.
- Haizeaz?
- Ez, ez. 
- Zertaz idatzi dun ba?
- Irakurtzea izango dun onena. Halere, opari txiki bat egingo dinat. Hauxe da liburuaren atzean jartzen duena. Hik atera ondorioak:



"Haizea nora, burua hara. Haizeak nondik jotzen duen, hara joaten zaigu sarri burua. Nora doanik gabe gehienetan, mahai gainean oharrik utzi gabe. Izan daiteke lepo gainean egoteaz aspertu delako; izan daiteke lepoaz haragoko lurretan zer dagoen jakiteko irrikagatik. Gozoa da buruari joaten uztea, burua joan zaigula besteei sinetsaraztea, geure erokeria propioaren protagonista komiko bihurtzea. Dramari adarra jotzea. Eta barre egitea; joandako buruaz, eta lepo gainean irudimenak hutsuneari emandako zaplaztekoez. Gozoa da ni ez naizen hori izatera jolastea, nireak ez diren galtzetan ipurdia sartzea, uste dudanaren, dakidanaren eta jakin nahi ez dudanaren artean oreka galtzea. Gozoa da aspertu nahi izatea, parekoa begiz jatea, izara-arteko pixoihalak mamu bihurtzea.

Gozoa da sinesten ez duzun hura sinetsaraztea. Eta gozoa da kontatzea, barka zenbatzea; bizitza kontatu bai, baina, bizitza ere zenbatu daitekeela ziurtatzea, bihotz erdika bihotz erdika. Dena ziurtatzea, ezer sinetsi ez arren. "



- Noiz izango dun aurkezpena?
- Asteartean, Donostian, eguerdiko hamabietan Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan, Konstituzio Plazan. 
- Aizan, Irati...
- Esan.
- Zorionak, benetan!
- Eskerrik asko, hik ere asko lagundu didan eta mila esker nire buruari bultzaka dabilen pentsamendua izateagatik. 



Ipuin liburuaren azala


2014-11-13

ITAKA_Urko Menaia eta Nagore Etxabe_2014-11-1


Urko eta Nagore Segura Irratian_2014-11-1

Entzun; entzun espazio infinituaren isiltasuna. Entzun kaleak korrika. Itxi begiak eta entzun. Badira pauso mutuak, badira erritmorik gabeko txaloak, ezpain isolatuak, izerdia tantaka-tantaka labirintoetan. Tantaka-tantaka; oholik gabeko txalapartak. Badira irrintziak urpean. Bada isiltasuna. Baina, entzun-entzun. Tantaka-tantaka.




Tarte ederra pasa genuen goizean irratian eta arratsaldean Lizarraustiko gainean kontzertu goxo, hurbil eta zoragarriaz gozatzeko aukera ere izan genuen. Egun musikal borobila izan zen azaroaren 1ekoa. Mila esker bikote!


2014-11-12

LIMOSNA BAT


Orain astebete ezagutu nuen bideoa. Hunkitu egin ninduen. Akaso izango da saiakera, asmo, egitasmo berrien aurrean nire begiradak (bai, esango nuke begirada kontua dela) duen baikortasunagatik (ez inozentziagatik), ez dakit. Hunkitu egin ninduen eta irudiei (besterik ez baitakigu) nire mezu propioa sortzen saiatu naiz. Kontua da oraintxe bideoaren bila hasi naizenean, Youtuben iruzkin asko topatu ditudala, gehienek egitasmoa oso azaletik eta oso ezkor kritikatzen dute. Eta ez dakit... egia esan, egiten duen hura "ezer ez egiteko tronutik" kritikatze horrek beti sortu izan dit mesfidantza moduko bat... Hunkitu egin ninduen, baina, batez ere pentsarazi egin dit. 





En nuke esango karitatea dagoenik keinuaren atzean. Begiak zabaltze bat iruditu zait niri. Ikusezina ikusia izateko ahalegin bat. Irribarre serio bat iruditu zait; oihu kantari bat. "E!!! Txxxxit" moduko bat eskaleari. "E!!!! Txxxxxxit" kale ibiltariei. "E txxxxxxxxxit" bideoaren bestaldean gaudenoi. Eta "E!!! Txxxxxxit" euren buruei. Ez nuke esango euren kontzientziak lasaitze hutsagatik egin dutenik. Ez nuke esango ikasgairik eman nahi dutenik. Egin egin dute. Gerokoak z(g)ure kontu. 

2014-11-10

ITAKA_Unai Baztarrika_2014-10-25


Betaurreko pitzatuak jantzi ditu begirada isolatuak, arrakalez beterik ditu kristalak, eta begiradak ikusten duena puzzle hautsi bat baino ez da. Bi pieza eta erdikoa da puzzlea, eta denbora erdi horretan dago kateatua, beste bi piezen arteko amildegia bere sakonean zulatzen. Ezinbestean eroriko da, ezinbestean irentsiko ditu puzzleak erraz egiten dituztenen beldurrak. Ezinbestean galduko ditu erlojuak, eta noizbait minutuek euritan elurtzeari uzten diotenean, amildegia zulo bihurtuko da. Orduan ere, ezinbestean. Eraikin eroriak dira puzzleak berreraiki arren lurrari emanak jarraitzen dutenak; eraikin eroriak dira hitzak. Poesia beste zerbait da, ezinbestean. 


Unai Baztarrika Segura irratian_2014-10-25




Unai Baztarrika -> Beasaindar idazle gaztea. Blas de Otero 2013 sariketa irabazi eta  Erein argitaletxearekin argitaratu duen "Ezinbestean" poema liburua aurkeztera etorri zen urriaren 25ean Itaka saiora. 


2014-11-04

Berdintza


Zu eta ni berdinak ez bagara, ni eta zu berdinak izan gaitezke? Nekez. Nekez? Edo bai, edo ez! Baina, dena da zuria edo beltza? Tira, nondik begiratzen zaion! Nondik begiratzen zaion? Begiak ez ditugun tokiren batean jar ditzakegu ala? Nik sudurraren alde banatan ditut begiak, eta zuk? Eta berdinak dira? Sudurra izan daiteke bi begien arteko ispilu? Batek ikusten duena ikusten du besteak? Eskuineko nire begiak ezkerreko begiak ikusten duenaren erdia ere ez du ikusten! Baina, Irati, bene-benetan, serio-serio, bekoz beko jarrita (bekoz beko? :-D), zer da berdina izatea? 

Marratxo bat eta gainean beste marratxo bat. Neurri berekoa.  
Robert Recordek asmatu zuen 1557.urtean berdintza adierazteko erabiltzen dugun ikurra. Aspalditxo konturatu ziren matematikariak erabiltzen zuten aequalis hitzaren ordez ikur bat sortu beharraren premiaz. 
Bi biki baino gauza berdinagorik ez dagoela eta bi lerro biki aukeratu zituen Robertek. Ez pentsa, ordea, matematikarien berehalako onarpena lortu zuenik. Ez pentsa egun batetik bestera ohitura bihurtu zenik. Gaur egun, ordea, mundu zabalaren onarpena duen ikur matematiko bakanetakoa da. Matematika hizkuntzaren oinarrizko gakoetako bat da. 

Baina, zer da mundu zabalak onartzen duenaren noranzkoan igeri egite hori? Guri hankaz gora ibiltzea edo buruz gorakoak iraultzea gustatzen zaigu. Ez bat eta ez bi, Matematika Sakontzen ikasgaian geure berdintza ikurrak asmatu ditugu. Bakoitzak bat. Ea asmatzen duzuen zergatik aukeratu duen bakoitzak aukeratu duen ikurra! Eta noski, ez zaitez ikusitakoarekin konforma! Proposatu zure berdintza ikurra! Bizitza ikustea baino ederragoa baita bizitza proposatzea!